Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2020-06-29)

Prentsaurrekoa. Arabako Larrialdietarako Funtsaren hitzarmena berritzea eta Lankidetzako Covid-19 laguntzak onartzea

Parte hartzaileak. Gizarte Politiken zinegotzi Jon Armentia; eta Berdintasun eta Giza Eskubideen foru zuzendari Nerea Melgosa

Eguna: Astelehena, ekainak 29

Ordua: 10:30

Tokia: Udaletxeko prentsa aretoa

Share

Zoladura sendotu eta zuloak betetzeko udako kanpainan 180.000 eurotik gorako inbertsioa egingo da, eta Gasteizko kale erabilienetako batzuk hobetuko dira horri esker

 

Abuztuan egingo dira lanak, 5.800 metro koadroko azaleran

Besteak beste, Forondako atea, Arriagako atea, Olagibel kalea, Done Jakue hiribidea, Frantzia kalea eta Bake kalea konponduko dira 

Gasteizko Udalak 182.274,12 euro inbertituko ditu hiriko kaleetako zoladura sendotu eta zuloak betetzeko ohiko kanpainan. Gaur goizeko bileran onetsi du Gobernu Batzarrak lan horietarako kontratazio-dosierra, zeinak abuztuan egingo baitira, trafikoa eta jarduera gutxitzen direla baliatuz. Oraingo honetan, hiriko kale nagusietako batzuk konponduko dira, Forondako atea, Arriagako atea, Olagibel kalea, Done Jakue hiribidea, Frantzia kalea eta Bake kalea, batzuk aipatzearren. Kale horiek nahiko hondatuta daude, urteen eta erabilera handiaren poderioz.

Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailaren proiektuak orotara 5.800 metro koadroko azaleran esku hartzea aurreikusten du, eta lanek hiru aste irautea. Zoladurak fresatuko dira, bigunguneak eta beste akats batzuk konponduko eta, azkenik, asfaltozko aglomeratu beroa botako.

Enpresa kontratistak kale hauetan lan egingo du:

-Forondako atea

-Honduras

-Gorbeia

-Arriagako atea

-Frantzia kalea

-Bake kalea

-Becerro de Bengoa kalea

-Olagibel kalea

-Done Jakue hiribidea

-Astronomo kalea

“Gure hiria hobetzeko lan egien dugu. Gure galtzadak hobetu nahi ditugu, erosoagoak izan daitezen bertatik zirkulatzen dutenentzat, bai ibilgailu motordunez bai bestelako garraiobidez“, azaldu du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Amaia Barredok. “Aurten ahalegin berezia egingo dugu hirira sartzeko kale nagusietan, hala nola Forondako atean eta Arriagako atean, baita gehien erabiltzen diren kaleetako batzuetan ere, Frantzia eta Bake kaleetan, Olagibel kalean eta Done Jakue hiribidea, esate baterako“.

 

Share

Tokiko merkataritza ezartzen laguntzeko programa batek Erdi Aroko hirigunean, Salburuan eta Zabalganean erabiltzen ez diren 100 areto biziberritzen ahalbidetuko du

 

  • Alkateak iragarri du alderdi horietan negozio berriak sortzeko neurria, zeina baldintza onuragarrietan erosteko aukera ematen duten alokairuetan baitatza

 

Udalak tokiko merkataritza ezartzen laguntzeko programa bat sustatuko du, Erdi Aroko hirigunean, Salburuan eta Zabalganean erabiltzen ez diren 100 areto biziberritzea ahalbidetuko duena. Erosteko eskubidea ematen duten alokairuak eskainiko zaizkie merkataritza- eta zerbitzu-jarduera berriak martxan jarri nahi dituzten ekintzaileei. Horixe iragarri du Gasteizko alkate Gorka Urtaranek udal politikari buruzko eztabaida orokorraren bigarren saioan.

21 Zabalgunearen eta Merkataritza Zerbitzuaren arteko lankidetzaren emaitza da ekimena, eta horren bidez tokiko merkataritza ehun berria sortu nahi da auzo berrietan eta Erdi Aroko hirigunean, birgaitze eta lurzoru udal sozietateak hutsik dituen lonjak baliatuz. Gutxi gorabehera, 60 areto dira Zabalganean, 20 Salburuan eta 20 Erdi Aroko hirigunean.

Alkateak adierazi duenez, “oso baldintza onuragarriak eskaintzen dituen alokairu programa izango da, enpresa-proiektu bat abian jarri nahi duten ekintzaileei arrisku ekonomikoa gutxitzea ahalbidetuko dien sistema batez, eta negozio berriaren bideragarritasuna gehiago bermatuz“.

Horretarako, aretoak gehienez zazpi urtez alokatzeko aukera emango da, gabealdi batekin (lehenengo kuotak ez lirateke ordainduko, egin beharreko inbertsioak berdintzeko) edo errenta-hobari batez, urtez urte pixkanaka gutxituko dena. Aretoa egokitzeko eta jarduera martxan jartzeko egin beharreko gastu handia berdinduko litzateke hartara.

Zazpi urteko epea amaitu ondoren, jardueraren titularra den ekintzaileak aretoa utzi edo jabetzan erosteko aukera izango luke. Salmenta-prezioan ere hobaria ezar liteke tasazio ofizialaren ehuneko zehatz baten arabera.

Tokiko merkataritza ezartzen laguntzeko programa 21 Zabalgunearen Administrazio Kontseiluari aurkeztuko zaio laster.

 

Share

Etxebarriak “indarrak batzea eta akordioak lortzea” eskatu du, tokiko ekonomia suspertzeko eta Gasteizko zerbitzu publikoak babesteko

Lehen alkateordeak “erantzukizuna” eskatu die gainerako talde politikoei, susperraldian “inor atzean ez uzteko”

Alkateorde eta Ekonomia Sustapenaren zinegotzi Maider Etxebarriak “indarrak batzea eta akordioak lortzea” eskatu die udal taldeei, Arabako hiriburuak etorkizunari bermeekin begira diezaion, “covid-19aren krisiaren ostean gihar ekonomiko eta soziala berreskuratuz”. Hiriaren egoerari buruzko eztabaidaren bigarren saioan bozeramaile sozialistak aldarrikatu duenez, “orain lehentasuna ekonomia suspertzea eta zerbitzu publikoak mantentzea eta hobetzea izan behar da, eta ez eraikuntza nazionaleko agendak eta banderak”.

Etxebarriak gaur egindako hiriaren egoerari buruzko eztabaidan adierazi duenez, Udalak “une erabakigarri batean inor atzean ez uzteko” lan egin behar du, eta agenda sozialean zentratutako udal bat gobernatzen jarraitu behar du, herritarren zehazten duten agendari jarraituz, “liskarrik gabe, erakundeari ospea kendu besterik ez baitute lortzen, eta kosta ahala kosta kalean lekua irabazten saiatzen diren muturreko jarrerak bultzatzen”.

Alkateordeak gizarte zibilaren adibidea jarri du: “Gasteizek elkartasun eta konplizitate handia erakutsi du kolektibo ahulenekin eta aktibo jarraitzen duen birus baten aurka borrokan ari zirenekin, eta orain ere ari direnekin”. Ildo horretan, “zerbitzu publikoak mantentzeko eta hobetzeko” beharra azpimarratu du Etxebarriak.

Gasteizko komunitateak sare solidario bat eratu duen bezala, Etxebarriaren ustez, EAJ-PSE gobernua gizartearen “isla” bihurtu da. “Ezberdinen arteko gure ituna duela urtebete eskas berretsi zuten hautestontzietan, eta osasun-krisia iritsi denean koordinatzen jakin dugu, pertsonak udal ekintzaren erdigunean jartzeko. Une erabakigarrian, osasun krisiari aurre egiteko ezkutu sozial eta ekonomiko bat eraiki dugu. Behar handiena dutenei laguntzeko. Inor ez delako horrelako egoera batetik bakarrik ateratzen “.

Horren haritik, lehen alkateorde eta Ekonomia Sustapenaren zinegotziak ekonomia suspertzeko plana defendatu du, zeinak 2,7 milioi euroko zuzkidura baitu, eta iragarri du multinazional batek ia 57.000 metro karratu lur erosi dituela Jundizen, proiektu logistiko baten buru izateko. “Mercadona iritsi zenetik egindako operaziorik onena da, pandemiaren erdian kudeatu den negoziazio mugarria. Gasteizko kokalekua eta industrialdeen aukerak aprobetxatuz inbertsioak erakartzeko eta enplegua sortzeko estrategia funtzionatzen ari da”, azpimarratu du.

Halaber, Gizarte Zerbitzuen Sailak udal laguntzetara eta gizarte larrialdietara bideratu dituen 2 milioi euroak nabarmendu ditu Etxebarriak. Bestetik, suhiltzaileek eta Udaltzaingoak alarma-egoeran egindako lana goraipatu du, “hiriarekin aparteko konpromisoa” erakutsi baitute, eta gogorarazi du, ohiko larrialdiei erantzuteaz gain, suhiltzaileek 521 desinfekzio egin dituztela egoitzetan eta adinekoentzako zentroetan. Herritarren Segurtasunerako Sailaren planei dagokienez, lehen alkateordeak iragarri du “irailetik urrira bitartean abian jarriko direla LGTBI+ arloko prestakuntza-ikastaroak”, eta derrigorrezkoak izango direla kidegoko agente guztientzat; guztira, 413 agente dira. “Inoiz ez dugu hainbeste agente izan”, adierazi du.

Discurso Maider Etxebarria_Debate General Política Municipal 26-06-2020. pdf

Share

Gasteizko Green Deal-en aholku-batzorde zientifikoaren sorrera iragarri du alkateak

 

Gasteizko alkateak udal politikari buruzko eztabaida orokorraren bigarren saioan iragarri duenez, batzorde zientifiko bat sortuko da Gasteizko Green Deal-en jarduerak gidatzeko. Hiriaren etorkizunaren aldeko ituna da hori, eta ekonomia berdean, kohesio sozialean eta ingurune naturalaren babesean oinarritzen da. Esparru akademikoan ospe handia duten bost pertsonak osatuko dute aholkularitza zientifikorako batzordea, eta ekimen pilotu berritzaileak garatzea planteatuko dute Gasteiz Green Deal osatzen duten ekonomia berderanzko eraldaketa-eremuetan.

Gasteizko Green Deal-en aholku-batzorde zientifikoa uztailean hasiko da lanean, eta honako hauek osatuko dute:

  • Miren Artaraz. Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendaria da egun. Ekonomian doktore da EHUn, eta hainbat ardura-postu bete ditu Gasteizko Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskolan, non irakasle eta ikertzaile aritu baitzen 1997tik 2017ra bitartean. 2011n Emakume Zuzendariaren saria jaso zuen, AMPEA Arabako emakume profesional eta enpresarien elkarteak ematen duena.
  • Gorka Orive. EHUko Farmazia Fakultateko irakaslea da. Botiken jariatzean eta medikuntza birsortzailean aditua, Geroa Diagnostics bioteknologia-konpainiaren sortzailea da, zeina Alzheimerraren tratamenduan espezializatuta baitago CIBER-BBN Espainiako Ikerketa Sarean zientzialari aktibo gisa parte hartzen du, eta Singapore Eye Research Institute-ko irakasle adjuntua. 64ko H indizea dauka, nazioarteko 300 argitalpen zientifiko eta 16000 aipamen. Lau liburu argitaratu ditu, beste lau patente, eta nazioarteko 500 konferentziatan baino gehiagotan parte hartu du.
  • . Nuria Gisbert. CIC Energiguneko manager orokorra da; energiaren biltegiratzea ikertzeko Europako erreferentzia-zentroa da hori. EHUko doktoregoa du Enpresa Zuzendaritzan, Ezagutza eta Berrikuntzan (2018). Industria Ingeniaritzan lizentziaduna da (2000). Innobasqueko Zuzendaritza Batzordean eta Zientzia eta Teknologiako Euskal Kontseiluko Aholkularitza Batzorde Zientifikoan parte hartzen du. 20 urtetik gorako esperientzia du, batez ere energiaren sektoreari lotuta, enpresa pribatuetan eta ikerketa-zentroetan.
  • Mª Ángeles García Fidalgo. Bioaraba Osasun Ikerketako Institutuko zuzendari zientifikoa da. Osakidetzari estuki lotutako ibilbide profesional luzea du, 1994tik. Ikertzaile gisa, nabarmendu behar da hainbat proiektutan parte hartu duela, esaterako, irudi bidez gidatutako biopsian, zeinari esker Massachussetseko MITen saria jaso baitzuen 2017an, besteak beste.
  • Unai Pascual. Ikerbasque BC3 Klima Aldaketarako Euskal Zentroko ikerketa-irakaslea da. Yorkeko Unibertsitateko (Erresuma Batua) Ingurumen Ekonomiako doktoregoa du. 2001 eta 2013 artean irakasle izan zen Cambridge eta Manchesterreko unibertsitateetan. NBEk babestutako IPBES plataformaren aditu-taldeko kidea da; giza garapenean, biodibertsitatean eta garapen jasangarrian lan egiten du plataforma horrek. Future Earth-eko zuzendaritza zientifikoko hainbat batzordetako kide ere bada, hala nola Lurren eta Ekozerbitzuen Programa Globaleko kide.

“Azken hilabeteetan agerian geratu da zientziak gure bizitzan duen garrantzia. Ikerketa eta ezagutzaren sorrera funtsezkoak dira gure osasunerako, baina baita gure etorkizunerako ere. Gure hiriaren etorkizunaren aldeko apustu hori arlo zientifikoan ospe ukaezina duten emakume eta gizon gasteiztarrek gidatutako apustu bat izatea nahi dugu. Ekonomiaren, osasunaren, ingurumenaren edo energiaren alorreko pertsona horiek gure hiria nazioarteko beste proiektu batzuekin lotuko duen aholku-batzordea osatuko dute, ideiak eta ezagutza Gasteizera erakartzeko “, adierazi du Gorka Urtaran alkateak.

Alkateak ekimen hori Gasteizen inoiz ikusi gabea dela azpimarratu du, kudeaketa publikoak eta ikerketa zientifikoak bat egiten duten gune bat eratuko baita helburu partekatu batekin: etorkizuneko hiriaren zumeak jartzea.

2019ko abenduan, Gorka Urtaranek Green Deal aurkezteko aukera izan zuen COP25en, Nazio Batuen Erakundeak antolatutako Klimaren Goi Bileran, eta proposamen hori AEBetako presidenteorde ohi Al Gorerekin partekatu zuen.

Share

Merkataritza-establezimendu batean indarkeria erabilita lapurreta egiteagatik atxilotuta

Udaltzainek atzo 43 urteko gizonezkoa atxilotu zuten indarkeria erabilita lapurreta eta agintaritza-agenteen aurkako atentatua delituen ustezko egilea izateagatik.

Gizonezkoa Arana kaleko establezimendu komertzial bateko segurtasuneko zaindariak poltsa batean artikulu  bat zeramala atzeman zuen. Atxiki zuenean, aurka egin zion.  Patruilak gertatutakoa egiaztatu eta atxilotu egin behar zutela jakinarazi zionean, udaltzain bati eraso egiten saiatu zen. Polizia-etxera zeramaten bitartean eta han egindako egonaldian, behin eta berriro iraindu eta mehatxatu zituen udaltzainak. Aske utzi zuten epaitegira joateko betebeharrarekin.

Share

Vitoria-Gasteiz, Euskadiko Zurrumurruen Aurkako Estrategiaren alde, 5.000 eurorekin

Tokiko Gobernu Batzarrak ZAS! elkartearekin hitzarmena onartu du gaur. Gasteizko Udalak bere gain hartzen du ZAS! elkarteari 5.000 €-ko dirulaguntza emateko konpromisoa, proiektua antolatu eta garatzearekin zuzenean loturiko gastuak finantzatzeko.

Gasteizko Udalak 2018-2020 aldirako Bizikidetza eta Aniztasun Planaren bitartez garatzen du kulturartekotasunaren alorreko politika, eta plan horren helburuen artean Aniztasunean bizikidetzeko baliabideak sortzea eta Zurrumurruan kontrako estrategia abiaraztea daude.

ZAS! Elkartea irabazi-asmorik gabeko gabeko erakundea da, euskal lurralde-eremuan diharduena, eta helburu hauek dituena:

 

  • Sentsibilizazio sozialeko estrategia global bat garatzea, bazterkeria eta xenofobia saihesteko, bizikidetza hobetzeko eta kultur aniztasunaren gaitasunak aprobetxatu ahal izateko.
  • Kulturartekotasunaren eta arrazakeriaren aurkako joeraren balioak eta berezko balioak sustatu eta hedatzea.
  • Agenda politikoan eta sozialean eragite, aurreiritziak murriztea eta diskriminazioari aurre hartzea gizartearen helburu kolektibo oso garrantzitsua dela onartu dadin.
  • Pentsamolde kritikoa sustatzea gure testuinguru sozioekonomikoa eta soziala baldintzatzen dituzten egiturazko eta boterezko faktoreei buruz.
  • Euskal Autonomia Erkidegoko zurrumurruen kontrako esperientzien eragin soziala hedatu eta biderkatzeko bide bat sustatzea.
  • Lan-esperientzia konpartitu eta koordinatu sortzea, berebiziko garrantzia emanez prestakuntza-prozesuen, dokumentazioaren eta ezagutzarako materialen diseinuari, eta aurreiritzi eta estereotipoen aurkako egintza-katalogo bat garatzea sarearen esparruan, gero interesa luketen entitate eta erakunde guztiei eskaini ahal izateko.
  • Entitate, erakunde eta banakako pertsona ugariren ahalduntzea sustatzea, lurraldearekiko lotutako politika publiko bat garatuaz eta zenbait mailatako plataforma sozial kooperatibo bat eraikiaz.
  • Bazterkeriaren eta xenofobiaren prebentzioko eta horien kontrako borrokako praktika egokien topagunea izatea, praktika egoki horien ezagutarazi, aztertu eta trukatu daitezen.

 

 

Share

Gasteizko katu-koloniak kudeatzeko hitzarmena onetsi da

  • Katuen errolda sakona egingo da

 

Tokiko Gobernu Batzarrak Gasteizko Udalaren eta GADEN Natura Defendatu eta Ikertzeko Arabako Taldearen arteko hitzarmena onetsi du gaur, hiriko kaleko katu-koloniak kudeatzeko. Animaliak babesten dituzten  Irabazi asmorik gabeko beste elkarte batzuk ere laguntzen dute ekimen honetan: GACA -Asociación de gatos abandonados y callejeros de Álava elkartea, APASOS VItoria eta Esperanza Felina.

Ekimen honen bidez Udalak 30.000 euroko laguntza bideratzen du koloniak kudeatzeko programara. Igoera nabarmena izan da iazkoarekin alderatuta (18.500 euro), Elkarrekin taldearen lortutako aurrekontu-akordioari esker. Hobekuntza honek kolonien jarraipen- eta kontrol- ekintza gehiago ahalbidetuko ditu, animalien ongizatea lortzeko, eta hori herritarren ongizatearekin bateragarri izateko”.

“Kaleko katuen kopurua neurri gabe igotzeak areagotu egiten du osasun-arriskua, eta bizikidetza arazoak sortzen dizkie bizilagunei. Honelako hitzarmenak tarteko  hobetu egiten da animalien ongizatea eta beraiek bizi diren ingurunea” adierazi du Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lopezek.

Elkarrekin taldeko Oscar Fernandez zinegotziak azpimarratu duenez, “aurrekontu-akordioari esker Gasteizek animalien eskubideen arloan aurrera egiten jarraitzen du. Udalaren eta animalien elkarteen arteko lankidetza funtsezkoa da katu-koloniak behar bezala kudeatzen direla bermatzeko, hau da irizpide ekologiko eta etikoekin”.

Hitzarmen horren baitan, aurten hiriko katu-kolonien errolda sakona egitea aurreikusita dago eta bolumen eta kokalekuari buruzko datuak jasoko dira. Kolonia bakoitzaren osasun-egoera ere aztertuko da, eta egoera hobetzeko neurriak hartuko dira. Ugalketa-kontrola ere egingo da, animaliak harrapatu, antzutu eta askatzeko programen bidez, katuen populazioa kontrolatzeko osasun publikoaren eta animaliaren ongizatearen ikuspegitik.  Animaliek ez dute minik hartzen harrapatzen dituztenean. Bermatu egiten da horien segurtasuna, albaitaritza klinika bat arduratzen baita antzutzeaz eta ondoren koloniara itzultzeaz (edo adopzioan emateaz).

85 pertsona inguruk osatutako boluntario-sare bat arduratzen da animaliak elikatzeaz, hareatzak garbitzeaz, katuek erabiltzen dituzten eremuak garbitzeaz, eta animaliak erosoago egoteko altzariak jartzeaz (etxola, janleku eta hareatzak).

2016an hasi zen elkarteekiko lankidetza animalia hauen populazioa kudeatzeko, eta ordutik 732 katu antzutu dira, guztira, Gasteizko udalerriko 42 gunetan.

Gaur egun 49 katu-kolonia daude Gasteizen, eta horietako bakoitzak katu-kopuru aldakorra du, 4 eta 35 artekoa, eta gutxi gorabehera 453 katu guztira.

Share

Gamarra Nagusiko zenbait espazio berritzeko lanak esleitu dira

Udal Gobernuak Gamarra Nagusiko zenbait gune eraberritzeko kontratua Construcciones Arana enpresari esleitzea onartu du gaur, 93.249,13 euroko zenbatekoan, BEZa barne, eta 2 hilabeteko egikaritze-epearekin.

Herriaren sarrerako espaloia zabalduko da, Bastobi kalean, eta oinezkoentzako bidea hobetuko, espaloietan beheraguneak jarri eta zebra-bideak pintatuz, haurrentzako jolaslekua dagoen plazako espaloiraino. Herrira sartzeko bide hori da ibilgailuentzat egokitutako sarbide bakarra, eta 3,8 metroko zabalera du lekurik estuenean. Horrez gain, haurrentzako jolaslekua dagoen plaza eraberrituko da; zoladura elastikoa jarriko da hormigoizkoaren ordez,  bankuak ordeztuko eta haur-jolas berriak jarriko. Zoladura elastikoaren azpian bi hustubide jarriko dira, euri-uren sareari lotuta.

Plaza inguratzen duen horma ere eraberrituko da, oso hondatuta baitago hainbat lekutan, sarrera lekuz aldatuko da, zebra-bidearen parean gera dadin, eta estalkia jarriko zaio, urak eragiten duen narriadura saihesteko.

Artandi kalean, lotu egingo dira bi espaloi, galtzadaren tarte bat oinezkoei lehentasuna emateko moldatuz, zebra-bide bat pintatuz eta espaloietan beheraguneak jarriz, irrisgarritasuna ahalbidetzeko.

Share

LGTBI pertsonen eskubideen defentsan erne jarraitzeko eskatu du Udalak

Sexu Askatasunaren aldeko Nazioarteko Egunean, aurten,  New Corkeko Stonewallen matxinaden ondoren egin ziren LGTBI harrotasunaren lehen manifestazioen 50. urteurrena ospatzen da; gainera, duela 26 urte sortu zuen Gasteizek elkartze zibilen erregistroa, sexu berekoen artekoak barne, eta Estatuko lehen hiria izan zen horretan; azkenik, 15 urte bete dira berdinen arteko ezkontza onartu zenetik.

Ekainaren 28a honetan, Udalak herritarrei eskatu die “erne jarraitzekoLGTBI pertsonen eskubideen defentsan eta agerian jartzeko pertsona ororen izateko eta desiratzeko harrotasuna, nork bere erara, aniztasunean oinarritutako bizikidetzan.

Ostadar-fatxada

Urtero bezala, udaletxearen fatxada eta Arkupeak ostadarraren koloreez argiztatuko dira, gizarte inklusibo eta berdinzalearen aldeko ikusgarritasun eta sentsibilizazio ekimen guztiak babesteko.

Gainera, ekainaren 28a dela eta, EAJ-PNV, PSE-EE, PP eta Elkarrekin udal talde politikoek bat egin dute Berdindu Eusko Jaurlaritzako LGTBI kolektiboari Informazioa eta Laguntza emateko Zerbitzuak proposatutako adierazpenarekin. Agirian, eskerrak ematen zaizkie “sexu-askapenaren aldeko borrokaren alde beren bizitza eta ahaleginak eman dituzten pertsona guztiei, gaur egun ere antolatzen eta gizartea sentsibilizatzeko, kontzientziatzeko eta eraldatzeko lana egiten jarraitzen baitute“.

Idazki horren bidez, Udalak aitorpen berezia egiten die “hemen eta gure mugetatik kanpo isilik erresistitzen duten pertsona guztiei. Eta bereziki aurten, 2020an, egin nahi du, aparteko egoera bizi behar dugun honetan. Pandemiak mundu osoan oro har etxeratzera behartu gaitu, eta kolektiboko pertsona asko erabateko babesgabezian eta ikusezintasunean utzi. Gertatu diren egoera askoren artean, bereziki aipatu nahi genituzke beren bizikidetza-ingurunean berriro armairuan sartu behar izan duten pertsona guztiak, baita hurbileko pertsonen zaintzaren zama beren gain hartzen duten eta, horregatik, aldi horretan bakardadea eta urruntzea bereziki pairatu duten LGTBI pertsona guztiak ere “, jasotzen du idazkiak.

Gainera, nabarmentzen du azken urteetan agerikoak direla “LGTBI kolektiboaren eskubideei eta pertsona guztien berdintasunari buruzko zalantza sortzeko ahaleginak, foro publiko jakin batzuetatik ere. Horregatik uste dugu oso garrantzitsua dela lege-arau berrituak izatea, LGTBI pertsonen bizitzak eta eskubideak babesteko. Halaber, oso garrantzitsua da LGTBI kolektiboaren egungo errealitatea ezagutzea, zurrumurru eta kondaira urbanoetatik harago, egiaztatutako eta kuantifikatutako datuekin “.

 

 

 

 

 

 

 

 

Share