Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2020-06-22)

Prentsaurrekoa. Zerbitzu berriak irekitzea gizarte etxeetan

Parte hartzaileak. Herritarren Partaidetza, Gardentasun eta Gizarte Etxe Saileko zinegotzi Borja Rodriguez

Eguna. Astelehena, maiatzak 22

Ordua. 10:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share

(audioz gaurkotuta) Pixkanaka zabalduko ditu Udalak haurren jolastokiak, 200dik gora hiri osoan, banan-banan desinfektatu ondoren

Amaia Barredo audioa

Gaur hasiko da Gasteizko Udala haurrentzako hiriko 220 inguru jolastokiak irekitzen, pixkanaka. Aldez aurretik, desinfektatu egingo dira. Hain zuzen ere, atzo hasi ziren garbiketa-lan bereziak, eta hurrengo egunetan burutuko dira.

Udalak gogorarazi du zigilatuta ez dauden parkeak bakarrik erabil daitezkeela, horiek baitira dagoeneko desinfektatu direnak, eta segurtasun-distantziak eta gehieneko edukierak direla eta Eusko Jaurlaritzak argitaratutako gomendio sanitarioak bete behar direla.

Gainera, kartelak jarriko ditu Udalak haurren jolastokietan, bakoitzaren gehieneko edukiera zein den adierazteko eta segurtasun-distantzia mantendu behar dela gogorarazteko.

Parkeez gain, aire zabaleko kirol-eremuak ere irekiko dira, eta skate-parkeak, baldintza eta gomendio berberekin. Udalerriko nekazaritza-eremuko haurren jolastokietan ere protokolo bera baliatuko da.

Share

Urtaranen gobernuak osasunaren arloko hamabi hitzarmen onetsi ditu

Hamabi hitzarmen onetsi ditu gaur goizean Tokiko Gobernu Batzarrak, osasun- eta gizarte-alorretako hainbat erakunderekin sinatzeko. Guztira 185.640 euro bideratuko dira hitzarmen horietara, hartara jarduera sorta eder bat garatu ahal izateko, zenbait gaixotasunek jotako pertsonei eta horien senideei laguntza emateko, bai eta desgaitasun fisiko eta intelektualen alorrean zenbait laguntza-programa sustatzeko ere.

Gaixo Neuromuskularren Arabako Elkarteak (ARENE) 27.968 euroko laguntza jasoko du Udaletik, zeinaren bitartez gaixoen bizi-kalitatea eusteko balio handiko programa bati ekin ahalko dion. Fisioterapiako errehabilitazio-tratamendu batzuen bitartez, gaixotasun neuromuskularrak dituzten pertsonen narriadura fisiko, psikologiko eta soziala arintzen da.

Beste hitzarmen bat Buruko gaixotasuna duten pertsonen eta horien familien elkartea (ASAFES) erakundearekin sinatu da, 24.480 euroan, buruko gaixotasunen inguruko sentsibilizazio eta prebentzio programa zabal bat garatzeko. Hamaika lan-ildo bitarte, hitzarmen honek aukera emango du gaixotasunari buruz kontzienteago izateko, eta gaixotasunak jotakoei beren inguru sozial eta familiakoan ahalik eta bizi-kalitate handienarekin egotea ahalbidetzen diete.

Alzheimer eta bestelako buruko gaitzak dituztenen senitartekoen eta lagunen Arabako elkarteak (AFA-ARABA) 32.629 euro jasoko ditu, pertsona zaintzaileei hezkuntza eta psikologia arloetako aholkuak emateko programa gauzatzeko. Era honetako programen xedea Alzheimerra eta buruko beste gaitz batzuk dituzten pertsonak zaintzen dituztenen ondorio familiar, emozional eta sozialei aurre egiten laguntzea da.

Fibromialgia eta neke kronikoaren Arabako elkartearentzako (ASAFIMA) lankidetza-hitzarmena, 24.235 eurokoa, gaixoentzat arreta, aholku eta esku-hartze arloko programa garatzeko bideratuko da. Ekarpen ekonomiko horri esker lantegi neurokognitibo bat eta Mindfulness teknikan oinarritutako zenbait terapia garatu nahi dira.

Anorexia eta Bulimiaren Aurkako Arabako Elkarteak (ACABE) jateko jokabidearekin zerikusia duen nahasmenduak eragindakoei eta horien familiei laguntzeko lantegiak egiteko baliatuko du udal-laguntza. Udalak 16.779 euro jarriko ditu ekimen hori garatzen laguntzeko.

Garun paralisia dutenen Arabako elkarteak (ASPACE) ere jasoko du laguntza ekonomikorik, kaltetuei esku-hartze fisioterapeutikoa eskaintzeko. Kasu honetan 11.454,60 eurokoa izango da ekarpena, postura hobetzera, gorputz-adarren tratamenduak eta bihotz eta arnasketaren tratamenduak eskaintzera bideratuko direnak.

Adimen Ezintasuna duten Pertsonen Arabako Elkarteak (APDEMA) sustatzen duen “Familia, muinean” programak ere izango du Udalaren laguntza, 11.454,60 eurokoa, besteak beste familiei laguntza emateko, eta prestakuntza, hezkuntza, jarraipen eta dibulgazio zerbitzuak eskaintzeko.

Gizarte Laneko Arabako elkarte (AGLE) ere gaur Gobernu taldeak onetsitako dirulaguntzak jasoko dituztenen artean dago, kasu honetan gaixotasun kronikoak, degeneratiboak, tumoreak eta gaixotasun terminalak dituztenen familiei laguntzeko programa egiteko. Udalak 11.189,40 euro emango ditu ekimen bikoitz baterako: batetik dibulgazioa, eta bestetik familia kaltetuei laguntzea.

Down Araba-Isabel Orbe elkarteak 10.200 euroko dirulaguntza jasoko du, Down sindromea dutenen zahartze osasuntsurako programarako. Lau arlotan esku hartuko da proiektuaren bidez: kognitiboa, emozionala, psikologikoa eta jokabidearen arloa.

Zeliakoen eta horien Senitartekoen Arabako Elkartearekin (EZEBA) sinatutako lankidetza-hitzarmena, 8.568,00 eurokoa, zeliakoei eta horien senitartekoei arreta integrala emateko programa bat garatzeko izango da.

Lupus gaixoen Arabako elkartearekiko (ADELES) lankidetza-hitzarmena, gaixotasun horrek jotakoei laguntza fisioterapeutikoa emateko programarako erabiliko da. Udalak 3.825,00 euro emango dizkio elkarteari, informazioa eta fisioterapia bidez lupusak jotako gaixoen bizi-kalitatea hobetuko duen programa baterako.

Azkenik, Bularretako minbizia edo ginekologikoa duten emakumeen Arabako elkartearekiko (ASAMMA) hitzarmena, gaixoak eta horien senitartekoen alde emozionala berreskuratzeko programa garatzeko. Horretarako udal-laguntza 2.856,00 eurokoa izango da.

“Elkarteei laguntzeko hitzarmen hauek, hain zuzen ere soziosanitarioa bezain alor garrantzitsu batean, erakusten dute beste ezerk baino hobeto osasun publikoarekin konprometitutako hiri batean bizi garela, are gehiago egunotan bizi dugun egoera batean gaudelarik. Son convenios que miran a las personas afectadas por diversas enfermedades, que miran a sus familias y que velan por algo tan fundamental como la calidad de vida”, esan du Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lópezek.

 

 

 

 

 

Share

Gasteizen ingurumen-jardunbiderik onenak dituzten enpresentzako “Itun Berdea” VI. sarietarako deialdia egin da

Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Sailak eskaturik —Maider Etxebarria zinegotziak gidatzen du hori—, Tokiko Gobernu Batzarrak Gasteizko enpresek ingurumen alorrean abian jarritako hobekuntza-proiekturik onenentzako “Itun Berdea” VI. sarietarako deialdiaren oinarriak onetsi ditu. Guztira 6.000 euro emango dira sarietan. Urtero bezala, tokiko enpresek kudeaketa iraunkorrarekin lotuta hainbat arlotan hartu dituzten neurriak aitortuko dira: energia-kontsumoa, ur aurrezpena, hondakinen kopurua gutxitzea, kutsadura kontrolatzea edo lehengaien kontsumoa.

‘Itun Berdea’ sarien barruan hiru kategoria daude: mikroenpresak (1-9 langile dituzten enpresak), enpresa txikiak (10-49 langile) eta enpresa ertain eta handiak (50 langiletik gora). Saria irabazten duten hiru enpresek 2.000 euroko sari bana jasoko dute. Azken edizioan Goxaki, Luznor eta Exercycle (BH) enpresek lortu zuten saria beren proiektu berritzaileengatik.

Hiru baldintza hauek bete behar dira ‘Itun Berdea’ sarietan parte hartzeko: Arabako hiriburuan kokatuta egotea, 2019-2020 aldian beren prozesu, produktu edo zerbitzuen ingurumen-inpaktu negatiboa modu aktiboan murrizteko jardunbide onen bat ezarri izana, eta Itun Berdeari atxikita egotea. Alkateorde eta Ekonomia Sustapenaren zinegotzi Maider Etxebarriak gogorarazi duenez, “azken eskakizun hori betetzen ez duten enpresa gasteiztarrak garaiz daude oraindik komunitate horretako kide izan eta ekimenarekin bat egiteko. Gasteizko produkzio ehunak bere egin du espiritu berdea, entitateek eta enpresek propiotzat jotzen baitute iraunkortasunarekiko lotura. Sariaren deialdia da konpromiso horren isla”.

Covid-19aren krisialdian izandako atxikipenak

Itun Berdearen komunitatea handitzen joan da hilabete hauetan. Izan ere, gero eta enpresa gehiagok egiten dute apustu baliabide naturaletan eragin txikiagoa duten negozio ereduen alde, ingurune aldakorren aurrean erresilienteago izaten laguntzen baitiete, COVID-19aren pandemian erakutsi ahal izan duten bezala. Martxoaz geroztik enpresa hauek sartu  dira komunitatean: Merkatu Interactiva, EPS Comunicación-Eusko Printing Service, Recyycle, Shuton, ISATI Engineering Solutions, José Ignacio Plata Orte, Patrimonio Virtual eta La Puri.

Orobat, eta berrikuntza gisa, COVID-19a dela eta abiarazi dituzten ekimenak partekatu nahi  izan dituzten 31 enpresaren zerrenda sortu da.

Itun Berdeari atxikitzeko formularioa

Informazio gehiago:

010 eta 945 16 11 00 informazio telefonoak| pactoverde@vitoria-gasteiz.org

 

Share

Udaltzaingoak 2.639 salaketa jarri ditu alarma-egoeran

Udaltzaingoak 2.639 salaketa jarri ditu alarma-egoera aktibo egon den hiru hilabete pasatxo hauetan.

Denbora-tarte honetan, udaltzainek 30 lagun atxilotu, 20.716 pertsona identifikatu eta 17.314 ibilgailu kontrolatu dituzte. Erresistentzia eta desobedientziagatik 65 eginbide ere prestatu zituen Udaltzaingoak.

Beste jarduera batzuk

Azken 24 orduotan, Udaltzaingoak 10 zirkulazio-istriputan lagundu behar izan du eta bi pertsona zauritu dira.

Bestalde, suhiltzaileek Loma Jeneralaren plazan bizikletak uzteko tokian aparkatuta zeuden bizikleta batzuen gainera erori zen zuhaitz-adar bat kendu eta zatitu behar izan zuten.

Share

Urtaranen gobernuak Olarizun legez kanpo okupatuta dauden etxebizitzak berreskuratzeko izapidea onetsi du

Urtaranen gobernuak abiarazitako prozesuaren barruan, Tokiko Gobernu Batzarrak beste urrats bat egin du Olarizun legez kanpo okupatuta dauden etxebizitzak berreskuratzeko.

Udal gobernuak duela hiru hilabete 21 Zabalgunearen kontseiluak EAJ-PNV, PSE-EE eta PPren botoekin hartutako erabakia berretsi du gaur: sozietatearen etxebizitzen titularitatea Udalari —sozietatearen bazkide bakarra baita— eskualdatzea, kapital soziala murriztuz. Horretarako, 6484 akzio propio erosiko dira, horiek amortizatzearren, eta Udalari gauzatan ordainduko, etxebizitzak emanez haiek erosteko balioan (19.452.000 euro).

21 Zabalguneko lehendakari Ana Oregik urte hasieran proposatu zion udal sozietatearen kontseiluari prozedura hori erabiltzea Olarizuko etxebizitzetan identifikazio, hustuketa eta eraisteko prozesuari ekiteko.  Eraisketa proiektua ere aurkeztu zion kontseiluari. Bestetik, legez kanpo okupatutako etxebizitzak hustu eta eraitsi ondoren libre geratzen den orubean etxebizitzak eraikitzeko zenbait proposamen ere ezagutarazi zizkieten Udal sozietateko kontseilukideei.

Inguruko auzoko legitimoek zein udal talde gehienok planteatzen genuen irtenbidea argitzen ari da, azken urteetan ahalegin berezia egin baitugu kroniko bihurtzeko arriskua zuen egoera bat desblokeatzeko“, nabarmendu du Ana Oregik.

 

Share

Udalak 10.000 euro jarriko ditu datorren ikasturtean gazte informatzaileen sarea sortzeko

Gobernu Batzarrak ikastetxeetako gazte informatzaileen sarearen programarako deialdia onetsi du gaur goizean, zeina Gazteen Argibideetarako Udal Bulegoak koordinatzen baitu. Honen bidez ongi informatutako gero eta gazte gehiago egotea sustatzen da, hartara jarrera arduratsu eta kritikoa gara dezaten eta gizartean parte har dezaten. Ikastetxeetako ikasleek berek eramaten dute aurrera ekimen parte-hartzaile hau, eta ikaskideen informazio-bitartekari izateko beharrezko prestakuntza eta konpromisoa hartzen dute.

Udalak 10.000 euro bideratuko ditu hurrengo ikasturtean programa honen deialdirako.

Gazte Informatzaileen Sarea ikasleek osatzen dute eta ikastetxeetan beren eguneroko eta etorkizuneko jardunerako informazio garrantzitsua jaso eta zabaltzeaz arduratzen dira: hirian gazteentzat dauden zerbitzu eta baliabideak, prestakuntza, beka eta diru-laguntzak, lehiaketa eta deialdiak, enplegua, aisialdia eta beste. 

Gazteen Argibideetarako Udal Bulegoak koordinatzen du Gazte Informatzaileen Sarea, prestakuntza emanez, haien interesei erantzuten dien informazioa bilduz eta horren transmisioan lagunduz.

Gazte informatzaileek diru-ekarpena jasotzen dute ikasturtean egindako lanaren truke.

Gazteentzat interesgarria izan daitekeen informazioa ahalik eta gehien zabaltzeko, hainbat udal ekipamendutan (gizarte etxeak, kiroldegiak…) informazio-taulak jarri dira, leku horietan gazte ugari bildu ohi baita.

 

Share

Gurutze Gorriarekiko eta Elikagaien Bankuarekiko hitzarmenak onetsi dira

Tokiko Gobernu Batzarrak Gurutze Gorriarekin eta Elikagaien Bankuarekin hitzarmen bana sinatzea onetsi du gaur, batetik, adineko pertsonei lagun egiteko programa bat garatzeko eta, bestetik, ahuldade egoeran dauden pertsonen elikadura beharrei erantzuteko.

Lehenengoak 77.500 euroko zuzkidura du, eta duela urte batzuk sortu zen, bakarrik bizi diren 75 urteko edo gehiagoko pertsonei laguntzeko. Horren helburua da autonomia zailtasunak eta familiaren laguntzarik ez duten adinekoei lagun egitea, eguneroko bizitzan nahitaezko jarduerak egin ditzaten, esate baterako administrazio-kudeaketa puntualak edo medikuarengana joatea. Zeregin horietan laguntzeko eta bakartze soziala ekiditeko, egoera puntualetan lagun egingo zaie beren etxeetan, eta telefonoz ere egingo du jarraipena Gurutze Gorriak.

“Gertutik lagun egiten” izeneko programa Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Saila bakardade-arazoak dituzten adinekoak antzemateko eta haien egoerari erantzun sozial hobea emateko egiten eta bultzatzen ari den ekintza ugarietako bat da.

Elikagaiak

Bestetik, Arabako Elikagaien Bankuarekiko hitzarmena onetsi du Udalak, duela urte batzuetatik hona laguntzen baitio ahuldade bereziko egoeran dauden pertsonen elikadura-beharrei erantzuteko lanean.

Udalaren ekarpena 12.000 euro izango da. Horren truke, Elikagaien Bankua elikagai soberakinak eta premia-premiazko gaiak bildu eta horiek asistentzia-zentroetan eta beharra duten pertsonen artean banatzeaz arduratuko da.

Share

Udalak irisgarri bihurtuko ditu oinezkoentzako sei pasabide, eta beste bat sortuko du Burgos kalean

Amaia Barredo audioa

 

Urtaranen gobernuak oinezkoentzako sei pasabide berrituko ditu, irisgarritasun araudira egokitzearren. Orobat, beste pasabide bat jarriko du Burgos kalean, Jose Paulo Ulibarri zidorraren 1. zenbakiaren ondoan. Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak 150.000 eurotik gora bideratuko ditu Tokiko Gobernu Batzarrak gaur esleitu duen proiektu horretara. Balgorza enprseak egingo du proiektua, %19,44eko beherapena eskaini baitu.

Ariznabarrean eta Arantzabalen daude berritu nahi diren pasabideak, eta Irisgarritasun Planaren barruko trabak kentzeko planean jasota daude. Funtsean, zintarriak beheratu eta zoladura egokia jarriko dira. Zehazki, honako leku hauetan jardungo du Udalak:

Louis Heintz eta Micaela Portilla kaleen arteko bidegurutzea.

Micaela Portilla eta Vicenta Mogel kaleen arteko bidegurutzea.

Micaela Portilla kalea, Gaztelako ateko 10.eko zerbitzugunearen ondoan.

Etxezarra kalearen eta Gaztelako atearen arteko bidegurutzea.

Etxezarra kalearen eta Kexaako Gazteluaren kalearen arteko bidegurutzea.

Etxezarra kalea, trenbidearen azpiko pasabidearen ondoan.

Orobat, Udalak pasabide berria jarriko du Burgos kalean, Jose Paulo Ulibarri zidorraren 1. zenbakiaren ondoan.

“Bide segurtasuna eta pertsona orori oinez ibili ahal izatea bermatzea funtsezkoak dira Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailaren bide-orrian. Gasteizko auzoak hobetu eta modernizatzeko lanean ari gara,batez ere koronabirusak eragin duen osasun krisia eta gero”, azaldu du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Amaia Barredok.

 

Share

(Zuzenduta) Kaleko argiak mantentzeko kontratua esleitu dute

Udalerriko argiteria publikoa mantendu, onik zaindu, konpondu eta hobetzeko zerbitzua kontratatzeko dosierraren esleipena onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak. 832.000 euroko kontratua da, bi multzotan banatuta eta bi urterako. Enpresa adjudikaziodunak, Ekoargi eta Tecuni, argiteria publikoa mantendu, onik zaindu eta konpondu beharko du, eteten ez dela zainduz, matxurei aurrea hartuz eta behar diren konponketak eginez. Orobat, berehala erantzun beharko die gerta daitezkeen larrialdiei.

 

Share