Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2020-06-09)

Prentsaurrekoa. Etxerik gabeko pertsonei eta bizitegi bazterketa egoeran daudenei zuzenduriko laguntza aurkeztea

Parte hartzaileak. Gizarte Politikak, Adinekoak eta Haurrak Arloko zinegotzia; eta Euskadiko Gurutze Gorriko koordinatzaile Aitor Allende

Eguna. Asteartea, ekainak 9

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share

Udalak eta Aldundiak bertan kontsumitzera eta lurraldea ezagutzera animatzen dituzte herritarrak Araba suspertzeko

Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak lurraldeko ekonomia suspertzen laguntzeko eskatu diete arabarrei eta, horretarako, bertako saltokietan eta ostalaritza lokaletan kontsumitzera eta probintziako erakargarri turistikoak ezagutzera gonbidatu dituzte herritarrak. “Orain, irten zaitezkeenez, geratu” da Araban gozatzeko eta erosteko eta Araba ezagutzeko gonbita egiten duen kanpainaren goiburua.

Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Saileko diputatu Cristina Gonzálezek eta lehenengo alkateorde eta Ekonomia Sustapenaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Saileko zinegotzi Maider Etxebarriak azaldu dutenez, kanpaina honek dei egiten die herritarrei Gasteizko eta Arabako merkataritza, gastronomia eta aisia eskaintza kalitatezkoa ezagutu, aintzat hartu eta baliatzera, eta, era horretan, jarduera ekonomikoa bultzatzera. Eta bat datoz biak: orain, inoiz baino gehiago, hurbilen duguna estimatu eta zaindu behar dugu.

“Batzuetan, urrutira begiratzeko joera dugu oporrez edo aisialdiaz gozatzeko tokiak bilatzen ditugunean, eta ez gara konturatzen esku-eskura ditugula turismo esperientzia berezi eta erakargarriak. Horregatik, Arabako eskualdeetako txoko zoragarriak eta esperientzia paregabeak ezagutzeko gonbita egiten dizuet guztioi”, adierazi du Cristina Gonzálezek.

Maider Etxebarriak gogorarazi du saltoki txikiek, tabernek eta jatetxeek ateak ireki dituztela berriz egunotan, denon osasuna babesteko ia hiru hilabetez itxita egon ostean, eta honako hau nabarmendu du: “orain da garaia ekintzen bidez aitortzeko haien konpromisoa eta ahalegina; orain da gure auzoetako dendetan eta Gasteizko eta Arabako ostalaritza establezimenduetan kontsumitzeko garaia”.

Kanpaina integrala

Kanpaina duela bi aste jarri zuten abian: Gasteizko eta Arabako beste leku batzuetako kale eta plazetan (besteak beste, Laudion, Agurainen eta Guardian) tamaina handiko kartelak eta biniloak jarri zituzten hainbat euskarritan, eta horietan “Geratu” hitza agertzen zen. Lehen fase horren helburua zen harridura, interesa eta are nahasmena ere piztea; izan ere, une hartan hasi berria zen deseskalatzea.

Gaurtik aurrera, abian jarriko da kanpainaren bigarren fasea: kaleetako euskarri berberetan, hiriko autobusetan, sare sozialetan eta komunikabideetan kanpainaren mezu osoa agertuko da: “Orain, irten zaitezkeenez, geratu” Araban, erosi bertako saltokietan, gozatu bertako taberna eta jatetxeez, ezagutu bertako eskualdeetako erakargarri turistikoak eta, azken finean, suspertu ezazu lurraldea.

Mezu horiekin batera, argazkiak ere jarriko dituzte: saltokiak, bertako produktuak, jendea Andra Maria Zuriaren plazako kafetegi bateko terrazan aperitiboaz gozatzen eta txirrindulari bat Arabako Errioxako mahastien artean. Osagai horiek beraiek eta beste batzuk agertzen dira hurrengo asteetan sare sozialetan zabalduko duten sustapen bideoan, zeina #geratuaraban traolarekin batera zabalduko baita.

“Kontuan hartu behar dugu hartzen ditugun erabakien bitartez eragile aktiboak izan gaitezkeela eta Arabako ekonomia bultzatzen lagundu une zail hauetan. Gure saltokietan eta ostalaritza lokaletan kontsumitzeak eta Gasteizko eta Arabako baliabide turistikoez gozatzeak kalitatezko eskaintza eskuratzea bermatzen digu eta, gainera, gure familien, lagunen eta ezagunen lanean eta etorkizunean inbertituko dugu”, baieztatu du Cristina Gonzálezek.

Share

Udal liburutegiek ekainaren 10ean irekiko dituzte ateak

 

Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok Gasteizko kulturarako deskonfinamendu-plana aurkeztu du

 

 

 

 

 

Hiriko gizarte etxeetako liburutegiek ekainaren 10ean irekiko dituzte berriro ateak COVID-19aren osasun krisialdiak ekarritako geldialdiaren ondoren. Hala iragarri du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok gaur goizean egindako prentsaurrekoan. Gasteizko kulturarako deskonfinamendu-plana aurkeztu du zinegotzi sozialistak.

Lliburutegiek datorren asteazkenetik aurrera ekingo diote berriro  mailegu zerbitzuari, irakurketa onak eta gustu orotarako film eta musika mota ugari eskainiz. Ohiko ordutegian irekiko dira, baina astelehenetik ostiralera bakarrik, gizarte etxeak itxita egongo baitira asteburuetan.

“Gasteizko Udalaren Liburutegi Sarea Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarearen barruan dago, eta berriro irekitzeko proposatu diren neurriek Euskadiko liburutegi guztietarako landu den lan protokoloari jarraitzen diete. Liburutegiak, beraz, era seguru eta eraginkorrean irekiko dira“, azpimarratu du Estíbaliz Cantok.

Liburutegira joan aurretik eskatu beharko da mailegua, internetez (Liburutegien Sarearen katalogoa edo Liburubila erabiliz) nahiz telefonoz, astelehenetik ostiralera, 10:30etik 13:00etara eta 17:30etik 20:00etara, zenbaki hauetara deituta:

  • Helduentzako funtsa: 945 16 16 16; luzapenak: 4943 eta 3741.
  • Haur eta familientzako funtsa: 945 16 16 16; luzapena: 4944.

Gehienez hiru dokumentu (liburuak, CDak edo DVDak) eskatu ahalko dira, 21 egunerako. Liburutegitik jarriko dira harremanetan erabiltzailearekin, eskatutako dokumentuak jaso ditzakeela baieztatzeko.

Oraingoz, liburutegi bakoitzean dauden funtsak baino ezingo dira eskatu, liburutegien arteko mailegu zerbitzua etenda baitago.

Gerora, egoerak ahalbidetzen duen neurrian, liburutegietako gainerako zerbitzuak berreskuratzeko asmoa dugu, hala nola aretoan kontsultak eta fotokopiak egitea, ordenagailuak eta ikasteko gelak erabiltzea eta liburutegien arteko mailegua“, azaldu du Cantok.

 Maileguak itzultzea

Maiatzaren 25ean, Udal Liburutegien Sareak zerbitzu bat prestatu zuen koronabirusaren eraginez itxi behar izan aurretik mailegatutako materialak jasotzeko.

Ekainaren 5ean (ostirala) bukatzekoa zen lan hori, baina ekainaren 15era arte zabaldu da, erabiltzaileei zigorrik ezarri gabe. Hala ere, aldaketa bat egingo da prozeduran: aste honetan ez da aldez aurretik hitzordua eskatu beharko; nahikoa izango da gizarte etxera zuzenean joatea, markara jarrita, eta dokumentuak gizarte etxe bakoitzeko sarreran horretarako dauden kutxetan uztea. Mailegatu ziren gizarte etxe berean itzuli beharko dira materialak.

 Kultur deskonfinamendua

Liburutegiak berriro irekiko direla iragartzeaz gain, bere sailean normaltasun berriranzko bidean egindako urrats garrantzitsuenak aletu ditu Hezkuntza eta Kultura zinegotziak.

Joan den astelehenean, ekainak 1, Pilar Aróstegui udal artxiboa ireki zen berriro; bihar, berriz, Montehermoso kulturunea zabalduko da, eta pandemia hirira iritsi zenean itxi behar izan ziren hiru erakusketak ikusi ahalko dira bertan: ‘Exodoa, hondakinak aterpe’, ‘The sky is inside’ eta  ‘Felices’.

 “Laster, Javier Ozcoidiren ‘Walking the line’,  Irene Carmonaren ‘Cuerpo inefable’ eta Claudia Rebeca Lorenzoren ‘Achanta la mui’ erakusketak eskainiko ditu Montehermoso kulturuneak, eta udan zehar aurkeztuko ditugu horiek”, iragarri du zinegotziak.

Orobat gogoratu du ezen, administrazio-epeak berriro abiatu direlarik, Montehermoso kulturuneak ere berriro aktibatu duela 2021. urterako proiektu artistikoak aurkezteko prozesua; ekainaren 18an amaituko da lanak aurkezteko epea.

Sektorearekiko elkarlana

Gasteizko kultur deskonfinamenduan tokiko kultur sektoreari laguntzeko ekintzak (dirulaguntzak eta hitzarmenak) sendotu nahi dira. “Horrekin lotuta gogorarazi nahi dut gaur amaituko dela epea kulturarako dirulaguntzen deialdirako, zeina oso-osorik mantendu baitugu egoera honetan ere“, azpimarratu du zinegotzi sozialistak. Deialdiak 200.000 euroko zuzkidura du.

Kultur hitzarmenak ere osorik mantendu dira, jarduerak egokituta. Cantok adierazi du, halaber, ekainaren 16an Kultura Elkargunea bilduko dela, tokiko eragileekin batera Gasteizko kultura biziberritzeko planaren oinarriak zehazteko xedez.

Kultur programazioa

Datozen hilabeteetarako kultur programazioari dagokionez, Cantok nabarmendu du lanean ari direla “tokiko kultur sektorean zuzenean inbertitzeko, egoera gainditzen lagunduko dion segurtasun sare bat jartzeko. Gure lehentasuna da ahalik eta jarduera gehien atzeratzea, bertan behera utzi beharrik ez izateko eta artistek lana ziurtatua izan dezaten. Hartara, aukera ematen dugu herritarrek proposamen guztiez gozatzerik izan dezaten“, erantsi du.

Principal antzokiaren kasuan, martxoaren 12tik ekainaren 19ra arte 46 ikuskizun utzi behar izan dira bertan behera. Horietako 35 berriro programatu dira, 14 aurten eta 21 datorren urterako.

Cantok jakinarazi duenez, Antzoki Sareko langileek lanean jarraitu dute programazioa, egoitza eszenikoak eta jarduerara modu seguruan itzultzea bermatzeko.

Bertan behera utzi behar izan diren ekitaldiei dagokienez, zinegotziak ohartarazi du Udalak zenbait kalte-ordaini egin behar izan diela aurre: Kaldearteren kasuan, 18.954 euro izan dira. “Bide batez, iragartzen dizuet 2020ko edizioko talde oso indartsuak aldatu ahal izan ditugula datorren urteko ediziorako, zeina 2021eko ekainaren 11, 12 eta 13an egingo baita”, aurreratu du.

Andre Maria Zuriaren jaiak bertan behera utzi behar izateagatik 16.000 euro ordaindu dira kalte-ordainetan.

Etorkizunari begira, Cantok argitu du bihar bertan hasiko dela Udal Banda ohiko entseguak egiten bere egoitzan, eta espero du herritarrek laster entzun ahalko dituztela kontzertuak, osasun egoerak aukera eman bezain laster.

Folklore Akademiari dagokionez, Cantok aipatu du amaitu dela dagoeneko datorren ikasturterako izena aurretiaz emateko epea.

Hezkuntza eta Kultura zinegotziak kultura funtsezko ondasuna dela azpimarratu nahi izan du berriro ere. “Nire ustez, kultura funtsezkoa da Gasteizko gizartearentzat, eta horregatik, tokiko ehunaren laguntza izan nahi dut jarduerak planifikatzeko, hemendik urte bukaerara arte. Horrela baino ez dugu lortuko benetako gizarte, ekonomia eta kultur biziberritzea. Eta horrela, gainera, Kultura Plan Estrategikoa beteko dugu, 0 km-ko kulturari sostengu emanez“, esan du.

Hezkuntza Zerbitzua

Hezkuntzaren arloko deskonfinamenduari dagokionez, zinegotziak gogorarazi du gaur amaituko dela epea Gasteizko haur eskola publikoetan izena emateko, bai Udalaren bai Partzuergoaren mendekoetan. Internetez egin daiteke izapidea, edo herritarrei laguntzeko bulegoetan, hitzordua hartuta.

Bestetik, gaur hasi da ikasle berriek aurretiaz izena emateko epea Luis Aranburu musika eskolan. Eskaera handia du eskolak, eta ekainaren 18ra arte eman ahalko da izena 2020-2021 ikasturtean sartzeko.

Era berean, gaur hasiko da matrikulazio-epea José Uruñuela dantza kontserbatorioan, zeina Euskal Autonomia Erkidegoan era horretako ikasketak eskaintzen dituen zentro ofizial bakarra baita.

“Astebete geroago, hilaren 15ean, kontserbatorioak ateak irekiko ditu karrera amaierako ikasleentzat, uztailean egin beharko dituzten probak eta entzunaldiak prestatu ditzaten. Ekainaren 15etik 18ra arte, berriz, Eusko Jaurlaritzaren sarrera-probak izango dira ikasketa ofizialak egiteko. Horrela, pixkanaka normaltasunera itzultzen joango gara hiriko hezkuntza baliabide garrantzitsuenetako batean“, azpimarratu du zinegotzi sozialistak.

Gasteizko udal liburutegien mailegu zerbitzurako arauak

 

 

Share

Herritarrengana zabalduko ditu bere aholkuak Etxe Berdeak programak, ostegunean, energia berriztagarriari buruzko hitzaldi batekin

Herritarrengana zabalduko ditu bere aholkuak Etxe Berdeak programak, ostegunean, energia berriztagarrien erabilerari, norberaren kontsumorako eguzki-plakak jartzeari eta energia berriztagarria kontsumitzeko bestelako aukerei buruzko hitzaldi batekin, GoiEner-en eskutik. Saio-sorta bateko lehena izango da hitzaldia.

Ostegunean izango da, modu birtualean, 18:00etatik 19:30era bitartean, esteka honetan: Etxe Berdeak, hitzaldia

Energia berriztagarria sortu eta kontsumitzeko lankidetza-proiektu bat da GoiEner. Herritarrek oinarrizko ondasun horren gaineko kontrola berreskuratzea da GoiEner-en nahia, eta horren garrantziaz kontzientzia har dezatela, eta energiaren kontsumo arduratsua eta iraunkorra sustatzen du horretarako.

Etxe Berdeak programa Gasteizen dagoeneko finkatuta dagoen proposamena da, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak eta Vital Fundazioak bultzatua, Leroy Merlinen laguntzarekin, zeinek aholkuak eta tresnak eskaintzen baitizkie interesatuta dauden familia eta pertsonei, etxe ekologikoagoak eta energiari dagokionez eraginkorragoak lortzeko.

Aurten, krisi sanitarioak ekarritako zailtasunak gorabehera, Gasteizko 75 familiak parte hartzen dute modu aktiboan.

Etxeko kontsumoa gutxitzeak eta eguneroko ohiturak aldatzeak duen garrantziaz sentsibilizatzea du helburu Etxe Berdeak programak. Aurreko urteetako emaitzen arabera, parte hartu zuten familia gehienek energia-kontsumoa —argindarraren eta gasa— hobetu zuten, potentziak eta tenperaturak murriztuz edo sistema eraginkorragoak erabiliz. Ur-aurrezpena ere areagotu egin zen etxeetan, eta hondakinak sortu, birziklatu eta berrerabiltzearen inguruko ohiturak, erosketa lokala eta mugikortasun iraunkorreko ohiturak hobetu.

Share

Lau atxilotu erasoengatik

Udaltzainek 29 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo gauean erasoan lesio larrien delitu baten ustezko egilea izateagatik.

Alde Zaharrean, 22:00ak baino minutu batzuk lehenago izandako borroka batean gertatu zen, Barnekale Berriaren eta San Frantzisko kalearen arteko elkargunean. Udaltzainek bi gizonezko topatu zituzten, bat aurpegia odolduta eta bestea burdinazko barra batekin. Ihesean atera zen, baina udaltzainetako batek geldiarazi zuen.

Liskarrean inplikatutakoen aitorpenak entzun ondoren, eta zaurituak zituen lesioak ikusita, gertakarien ustezko egilea atxilotu egin zuten. Patruila batek zauritua ospitalera eraman zuen. Atxilotua gaur geratuko da epailearen esku.

Etxeko indarkeria

Udaltzainek atzo goizaldean 23 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo etxeko indarkeria delituaren ustezko egilea izateagatik. Senideen arteko borroka batean gertatu zen, Judimendiko etxe batean. Erasotzaileak anaietako bati eraso eta mehatxu egin zion eta, etxetik atera bazen ere, handik gutxira inguruan topatu zuten. Epailearen esku geratu zen.

Genero-indarkeria

Udaltzainek ostiralean, bi gizonezko, 28 urteko bat eta 24 urteko beste bat, atxilotu zituzten genero-indarkeriako delitu banaren ustezko egileak izateagatik.

Lehenengoa Betoñuko Atean atxilotu zuten, TUVISAko autobus barruan bikotekidearekin eztabaida izateagatik, oihu egiteagatik eta indarrez besotik heltzeagatik. Bidaiari batzuek esku hartu zuten bikotea bereizteko. Agenteek erasotzailea autobusa geldiarazi zuen markesinaren alboan atxilotu zuten. Larunbatean epailearen esku geratu zen.

Ostiralean bertan, udaltzainek 24 urteko gazte bat atxilotu zuten San Martineko taberna batean bikoteari eraso egiteagatik. Lekutik ihes egiten ari zenean atxilotu zuten. Larunbat goizean epailearen esku geratu zen.

Sutea sukalde batean

Suhiltzaileek bart goizaldean sute bat itzali dute Salburua Bulebarreko etxebizitza bateko sukaldean.

Larunbatean Lasarteko sarrerako edukiontzi batzuetan izandako sutea itzali zuten. Edukiontziak guztiz kiskalita geratu ziren.

 

Share

Bihar, asteartea, irekiko dira gizarte etxeetako elkartze-aretoak eta kafetegiak

Ekainaren 9an (asteartea) irekiko dira 14 gizarte etxeetako elkartze-aretoak eta Pilar, Ibaiondo, Salburua eta Zabalganeko kafetegiak, distantzia, edukiera eta higiene neurriak hartuta.

Elkartze-aretoak astelehenetik ostiralera irekiko dira, jaiegunetan izan ezik, ohiko ordutegian; Landatxo, Arana, Ariznabarra eta Abetxukuko gizarte etxeetan, ordea, goizez bakarrik irekiko dira.

Prebentzio gisa, edukiera gutxitu da, distantzia gordetzea bermatu ahal izateko. Orobat, ibilbide seguruak ezarri dira, sarrera eta irteeretan jendea gurutzatu ez dadin, eta protokolo bat landu da, aretoko langileek erabiltzaileak hartu eta mahaia esleitu diezaieten. Leku guztiak beteta badaude, kanpoaldean itxaron beharko da, lurrean adierazitako distantzia gordez. Maskara erabili beharko da sartzeko, eta eskuak gel desinfektagarriz garbitu. Altzariak ezingo dira lekuz mugitu, eta desinfektatu egingo dira erabili ondoren.

14 urtetik beherakoek heldu batek lagundurik joan beharko dute, eta higiene protokolo bat ezarri da jolas materialak entregatu, erabili eta itzultzeko.

Mahaietan baino ezingo da jolastu, eta haurrentzako txokoak kendu egingo dira; familientzako kitak prestatuko dira horiekin jarduteko, eta erabili ondoren desinfektatu egingo dira.

Orobat, ez da paperezko prentsarik izango, baina lehen astetik aurrera prebentzio neurriei egokitutako jarduera-programa bat aurkeztuko da.

Kafetegiak astelehenetik ostiralera irekiko dira, jaiegunetan izan ezik, ohiko ordutegian. Prebentzio gisa, edukiera gutxitu da, distantzia gordetzea bermatu ahal izateko. Ibilbide seguruak ere ezarri dira, sarrera eta irteeretan jendea gurutzatu ez dadin. Maskara erabili beharko da sartzeko, eta eskuak gel desinfektagarriz garbitu.  Barran eskatu beharko da kontsumizioa, eta bertan ordainduko. Ondoren, bezeroari mahai bat esleituko zaio, eta kafetegiko zerbitzariek eramango diete eskatutakoa. Erabili eta gero, desinfektatu egingo dituzte altzariak.

Egoera aldatu ahala prebentzio neurriak ere aldatuz joango dira.

 

 

 

Share