Prentsa Oharren banner

Lurralde Batzordea (2020-06-29) 

Webgunean dago eskuragarri Lurralde Batzordeak ekainaren  29an (astelehena), 9.00etan, egingo duen ohiko bilkuraren gai-zerrenda.

 

 

Share

Salburuko behatokiak bihar irekiko dira, ohiko ordutegian baina osasun-neurriak hartuta

BIhar, asteartea, irekiko dira berriro Salburuko parkeko “Los Fresnos” eta “Las Zumas” behatokiak ohiko ordutegian —goiz eta arratsaldez, etenik gabe— baina behar diren osasun-neurriak hartuta edukierari eta segurtasun distantziari dagokienez, besteak beste.

Osasun arloan ezarritako neurriak betetzeko behar den informazioa emango du Udalak Arkautiko aintzirako bi ekipamendu horietan.

Share

Atxilotua arma zuriarekin eraso-delitua egiteagatik  

22 urteko gazte bat atxilotu zuten atzo udaltzainek arma zuriarekin egindako lesio-delituaren ustezko egilea izateagatik.

Udaltzainak, igande goizaldean, Arriagako Atera joan ziren hainbat gazteren artean borroka bat zegoelako. Ikerketa batzuk egin ostean, gizonezko bat atxilotu zuten beste bati arma zuriarekin eraso egiteagatik. Eraso hartan, lepoan zauritu zuen.

Udaltzaingoak ostiralean 54 urteko gizonezko bat atzeman zuen agintaritza-agenteen aurkako atentatu-delituaren ustezko egilea izateagatik. Adurtza auzoko ostalaritzako lokal batean gertatu zen guztia, eztabaida handi baten ostean. Udaltzainak eztabaida hartan oso oldarkor zegoen gizonezko bat baretzen saiatu ziren, eta gizonezkoak udaltzainei eraso egin zien. Ondorioz, atxilotu eta epailearen esku utzi zuten.

Babes-agindua

Udaltzaingoak 26 urteko gizonezko bat atxilotu zuen larunbatean Heraclio Fournier kalean berekin batera zegoen emakumearen aurkako babes-agindua hausteagatik.

Gainera, Gasteizko 3. instrukzio-epaitegiaren errekisitoria judiziala indarrean zuen 19 urteko gizonezko bat atxilotu zuen.

Sutea autokarabana batean

Suhiltzaileek Ibaiondoko Inglares Ibaia kalean su hartu duen autokarabana bat itzaltzen lagundu behar izan dute bart. Bertako bizilagunek eman zuten abisua leherketak, garrak eta ke beltza ikustean.

Bestalde, suhiltzaileek larunbatean hiru zirkulazio-istriputan lagundu zuten. Haietako batean pertsona bat hil zen eta istripua jasan zuen ibilgailutik atera behar izan zuten.

 

 

Share

Udal Bandak ‘Zure banda, gertu’ ekimena aurkeztu du

  • Gasteizko taldeak 9 bideo-kontzertu didaktiko landu ditu, internetez emateko

 

Gasteizko Udal Musika Bandak ‘Zure banda, gertu’ ekimena aurkeztu du gaur. Horren bidez, 9 bideo-kontzertu didaktiko jarriko ditu herritarren eskura, zeinetan musikariek berek bakoitzaren tresnen berezitasunak eta historia azaltzen baitituzte. Ondoren, pieza edo pieza zati batzuk interpretatzen dituzte.

Bideo-kontzertuetako bakoitza instrumentu-atal bati buruzkoa da, eta gaurtik hasita ekainaren 30era arte aurkeztuz joango dira bai udalaren webgunean bai sare sozialetan; hilaren 30etik aurrera, berriz, denak batera ikusi ahalko dira“, azaldu du Gasteizko Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

 Ideia itxialdian sortu zen, eta Musika Etxean entseguak egiten hasi ahal izan dugunean gauzatu dugu“, Udal Bandaren zuzendari Luis Orduñak dioenez.

Lehen bideo-kontzertua gaurtik egongo da ikusgai, eta txirulen familiari buruzkoa izango da. Alberto Itoizek (txirula altua eta txirula) eta Ibon Barriga (piccoloa eta txirula) hartuko dute parte. Lan hauek osatuko dute errepertorioa: ‘Nana de las Siete Canciones Españolas’, Manuel de Fallarena, eta Camile Saint-Saënsen ‘Animalien Inauteria, beltxarga’, Vivaldiren Do-ko Kontzertuaren II. mugimendua eta Francisco Asenjo Barbieriren ‘El barberillo de Lavapiés’ laneko zatiak.

Bihar, asteartea, beste atal bat plazaratuko da, tronpeten sekzioaren inguruan, eta Ramsés Uralde (tronpeta), Iune Gasteasoro (tronpeta eta korneta) eta Fernando Divar (tronpeta eta fliskornoa) arituko dira. Lan hauek joko dituzte: Gioachino Rossiniren Guillermo Tellen obertura, Oskar Böhmeren kontzertua, Louis Armstrongen ‘What a wonderful world’ eta Kees Vlaken ‘Las Playas de Río, Copacabana’.

Asteazkenean, ekainak 24, oboeak eta fagota izango dira bideo-kontzertuaren protagonistak. Blanca Díaz de Gereñuk (oboea), Andoni Break (oboea eta adar ingelesa) eta Elena Romok (fagota) Frantisek Xaver Duseken Fa-ko Partitaren amaiera joko dute.

Ostegunean perkusioaren txanda izango da, Elisa Peñagarikano (platerak, lira eta xilofonoa), José Ramón Elkoro (kaxa eta bateria), Carmen González (tinbalak eta perkusio txikia) eta Gorka Errezil (bonboa eta bibrafonoa) musikarien eskutik. ‘Harry Potter’ (John Williams) eta ‘Africa: ceremony, song and ritual’ (Robert Smith) lanetako zatiak joko dituzte.

Ostiralean, hilak 26, tronboien familiari eskainiko diote kontzertua, eta Víctor De Andrések (tronboi altua eta tronboi tenorra), Raúl Lomak (tronboi tenorra) eta Andoni Ruiz de Gordoak (tronboi baxua) joko dute. Lan hauek osatutako dute errepertorioa: G. Lotzenhiserren ‘Trombumba’, eta Georg Christoph Wagenseilen Kontzertuaren, Joannes Rochuten 2. zenbakiko Estudioaren eta Xoxtakovitxen ‘Jazz Suite’-ko 2. zenbakiko baltsaren zatiak.

Larunbatean, ekainak 27, saxofoiei buruzko bideo-kontzertua eskainiko dute Enrique Guzmánek (saxofoi sopranoa), David Hernandok (saxofoi altua), Ana Isabel Bravok (saxofoi tenorra) eta Guillermo Presak (saxofoi baritonoa). Lan hauek aukeratu dituzte: Duke Ellingtonen ‘In a sentimental mood’, eta Ernesto Aurignacen Saxofoi eta Orkestrarako Kontzertua, Henry Manciniren ‘The Pink Panther’ eta Vittorio Montiren ‘Csárdás’.

Igandean, hilak 28, tubak izango dira bideo-kontzertuaren protagonistak, Joaquín Díaz (tubak eta bonbardinoa) eta Iván Fernández (tuba) musikarien eskutik. Lan hauetako zatiak joko dituzte: Modest Mussorgskiren ‘Erakusketa bateko margolanak’ obraren ‘Bydlo’ pieza, Johann de Meij-en ‘Argiaren inperioa’, Richard Wagnerren ‘Walkirien kabalkada’, Richard Wagnerren ‘Maisu kantariak’ eta Pedro Sosaren ‘Lo Cant del Valencià’.

Hurrengo asteleheneko saioa klarineteei eskainitako diete: Pablo García de Eulate (klarinetea), Begoña Divar (klarinetea), Pilar Gutiérrez (klarinetea), Arrate Laserna (klarinetea), José Ángel Santos (klarinetea eta klarinete sopraninoa) eta Patxi Divar (klarinete baxua) musikariek George Gershwinen ‘Porgy and Bess‘ operaren ‘I Got Plenty o´Nuttin’ pieza joko dute.

Ekainaren 30ean (asteartea) amaituko da “Zure banda, gertu” zikloa, tronpa atalari buruzko bideo-kontzertuarekin. Gaizka Gazteluurrutiak (tronpa), Alfonso Ugartondok (tronpa) eta Lauren Llanosek (tronpa) Léo Delibesen ‘Cóppelia’ balletaren zati bat joko dute.

Iker Olazabal, Andoni Brea, Carmen González, Pablo García de Eulate, Ramsés Uralde eta Iratxe Lomaren laguntzarekin gauzatu ahal izan da ekimena, haiek arduratu baitira bideoak grabatu eta editatzeaz eta euskarazko azpitituluak jartzeaz.

 

Bideoak ikusi

 

 

Share

Gizarte etxeetako ludoklub eta ludotekek jarduerak eskainiko dituzte ekainaren 29tik aurrera, 3 astez, txandakako sistema bidez.

 

  • Jolasaren bidez txikien mugimendua, adimen emozionala eta sozializazioa sustatzea dute xede.
  • 168 txanda egongo dira, adinen araberako hiru kategoriatan, 2.172 pertsonari arreta emateko.

Gasteizko gizarte etxeetako ludoteka eta ludokluben sarea ekainaren 29tik uztailaren 17ra bitartean zabalik egongo da eta udako jarduerak eskainiko ditu, konfinamenduaren ondoren txikiak jolasaren inguruan elkartu eta atsegin hartzeko. Jolasa – haurren ikaskuntza eta garapenerako jarduera naturala– mugimendua, adimen emozionala eta sozializazioa bultzatzeko lanabes izango da. Orobat, egunerokoan covid-19a prebenitzeko hezkuntza ere landuko da.

Ludoklub eta ludotekak jarduera eskaintza anitza eskainiko dute astelehenetik ostiralera, hiru txandatan, adinaren arabera banatuta. Zehazki, 168 txanda izango dira, eta 2.172 haur hartu ahal izango dituzte.

Jarduera-programa honen bitartez, haurren arteko aisialdia berreskuratzeko aukera eman nahi diegu Gasteizko haurrei, eta hilabete hauetan alde batera utzi behar izan duten sozializaziori ekiteko berriz, baina prebentzioz jakina. Prebentzioa ahalik ondoen zaintzen saiatuko gara, taldeak murriztuz, txanda sistema ezarriz, aire zabaleko jarduerak lehenetsiz eta hainbat higiene-neurri hartuz” adierazi du gizarte etxeen zinegotzi Borja Rodriguezek.

Aste bakoitzean txanda bakar batean eman ahalko da izena, eta hiru txanda-mota egongo dira. Batetik TXIKI. 125 txanda izango dira 2015-2011 urteetan jaiotakoentzat, hau da ludoteketan egoteko adina dutenentzat (4-8 urtekoak, jaiotzaren urtea eta hilabetearen arabera). Honako gizarte etxeetan eskainiko da: Aldabe, Pilar, Iparralde, Ibaiondo, Arriaga, Lakua, Hegoalde, Ariznabarra, Arana, Salburua eta Zabalgana. Goizeko ordutegia izango du. 9:15etik 9:30era harrera mailakatua egingo da (lau ume sartuko dira 5 minuturo). 9:30etik 13:15era jarduera egingo da. Azkenik, 13:15etik 13:30era irten egingo dira, sartzeko sistema berbera erabilita.

Bestetik, HANDI. 30 txanda 2010-2007 urteetan jaiotakoentzat, hau da, ludoklubean egoteko adinekoentzat (9-12 urte bitartekoak). Ibaiondo, Lakua, Salburua eta Zabalganeko gizarte etxeetan eskainiko dira. Goizeko ordutegia izango dute, eta ludoteketako jarraibide berberak. 9:15etik 9:30era harrera mailakatua egingo da (lau ume sartuko dira 5 minuturo). 9:30etik 13:15era jarduera egingo da. Azkenik, 13:15etik 13:30era irten egingo dira, sartzeko sistema berbera erabilita.

Azkenik FAMILY. 13 txanda egongo dira 2016-2013 urteetan jaiotakoentzat (3-6 urte bitartekoak jaiotzaren urtea eta hilabetearen arabera), eta adingabe bakoitzeko heldu batentzat. Arriaga, Ibaiondo, Iparralde, Hegoalde, Lakua, Salburua eta Zabalganeko gizarte etxeetan eskainiko da. Kasu honetan, arratsaldeko ordutegia izango du. Zehazki, 17:15etik 17:30era harrera mailakatua; 4 familia bost minuturo. Jarraian jarduera, 17:30etik 19:15era, eta azkenik irteera mailakatua (4 familia 5 minuturo).

Ekainaren 23tik 26ra bitartean eman ahalko da izena, udalaren webgunean eta 010 telefonoan. Gizarte etxeetan ezingo da aurrez aurre izena eman. TXIKI eta HANDI kategorietako prezioa (3,5 ordu) 3,95 eurokoa da bazkideentzat eta 6,58 eurokoa bazkide ez direnentzat. FAMILY kategoriako prezioa (1,5 orduko iraupeneko jarduera) 3,39 eurokoa izango da bazkide den familia-unitateko eta 5,64 euro bazkide ez den familia-unitateko.

Jarduera-programan hainbat neurri hartu dira covid-19aren kutsadura prebenitzeko:

  • Parte hartzaile kopurua 12 haurrekoa izatera mugatu da txanda bakoitzean (FAMILY kategoriako txandetan helduak gehitu beharko zaizkio)
  • Tenperatura hartu eta eskuak garbituko dira sarreran
  • Sarrerak eta irteerak modu mailakatuan egingo dira. Familiei sartzeko eta irteteko ordutegia ezarriko zaie.
  • Helduek maskara erabili behar dute derrigorrez, eta txikiek ere bai (ahal den neurrian).
  • Ahal dela, jarduerak aire zabalean egingo dira.
  • Barruko lekuak handiak eta egokituak izango dira.
  • Jardueretan erabilitako materialen garbiketa jarraitua egingo da.
Share