Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2020-06-05)

Gorka Urtaran alkatearen prentsaurrekoa

Gobernu-batzordearen ondoren, Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Udalaren gaur egungo gaiak hizpide izango ditu.

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Ostirala, ekainak 5

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share

Orain arte gurean inoiz ikusi ez diren orkideen 4 espezie aurkitu dira udalerrian

FOTO: María José Urteaga

FOTO: María José Urteaga

 

2013 urtean hasi zen Gasteizen orkideen ikerketa Herritarren Zientziaren Programaren barruan. Hirian martxan jarritako lehen programa izan zen, Olarizuko Lorategi Botanikoak, Eraztun Berdea eta Biodibertsitatearen atalak eta IGIk sustatutako hau. Geroztik, 80 pertsona baino gehiagok parte hartu du, hiri barneko zein inguruko parkeetan, edota udalerriko Interes Komunitarioko Habitatetan dauden orkideen populazioak ezagutzeko helburuarekin.

Parte hartzaileek basa-orkideak identifikatzeko ikastaroa jasotzen dute urtero, leku ezberdinetan langiketak egiten hasi aurretik. Ondoren egiten dituzten ekarpenei esker, espezie ezberdinei buruzko 1200 agerpen datu baino gehiago lortu dira, 50 espezie identifikatu eta udalerriko landare katalogoan ezezagunak ziren 4 espezie berri eta 12 hibrido gehitu dira. Aipamen berezia merezi dute Araban aurkitu diren Himantoglossum robertianum espeziaren lehenengo bi kokapenak, zein Orchis italica eta Himantoglossum hircinum espezieentzako kokapen berriak, hirurak erkidego mailan babestutako orkideak baitira. Bestelako espezie arraroak ere aurkitu dituzte parte hartzaileek: Orchis provincialis, Listera ovata, Limodorum trabutianum eta Epipactis campeadorii, adibidez.

Datu berri horiei esker, orkideen biodibertsitatea eta eboluzioaren segimendua egin ahal izan da, eta horrek kudeaketa hobea eragin du parkeetako segetan: belarra gutxiagotan moztuta, hobeto kontserbatuko dira orkideak hiriko eta hiri inguruko parkeetan.

Olarizuko Lorategi Botanikoak, Orkideen Kontserbazio Programari buruzko artikulu bat argitaratu du SEBICOP elkarteak duen “Biodibertsitatearen egutegia” ekimenaren barruan, ekaineko hilabetean. Olarizuko Lorategi Botanikoak elkarte honen Heziketa eta Dibulgaziorako lantaldean parte hartzen du.

Espainiako Sociedad Española de Biología de la Conservación de Plantas (SEBICOP) elkarteak emaitza horiek kontatu ditu bere “Biodibertsitate egutegian”, ekaineko atalean. Horri buruzko artikulu osoa SEBICOPen webgunean dago.

 

Share

Talde politikoek Gasteizen itun ekonomikoa lortzeko duten jarrera ona goraipatu du Udal Gobernuak

Gorka Urtaran alkatearen adierazpenak

Udal gobernu taldeak positiboki baloratu du talde politikoen jarrera ona Gasteizen itun ekonomiko bat lortzeko sortutako lan-taldearen lehenengo bileraren amaieran. Lehen topaketa honek foro honen helburuei eta jarraitu beharreko lan-metodologiari buruzko irizpideak ezartzeko balio izan du. Hurrengo bilera ekainaren 11n egingo da.

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek talde politiko guztien artean hiriaren aldeko itun ekonomiko handia lortzeko beharra defendatu du horretarako sortu den ikerketa taldearen lehenengo bileran. Pandemiak Gasteizen osasun, gizarte eta ekonomia ondorio garrantzitsuak utzi dituelarik, alkateak azpimarratu du zirkunstantziek eskatzen duten maila eman behar dutela talde politiko guztiek.

“Inoiz adostasunik behar bada, oraintxe da. Orain inoiz baino gehiago behar dugu talde politiko guztiok ahaleginak batzea eta Gasteizen alde ados jartzea. Orain da ahobatezko itun ekonomiko handi bat lotzeko unea, Udalak herritarren eskaerei erantzun eraginkor eta efizientzia ematen jarrai dezan. Alkatea naizen aldetik, dena emango dut lantalde honek emaitza onak izan ditzan eta Gasteizen mesederako akordio hori lortu dezagun“, esan du alkateak ikerketa taldearen lehenengo bilera amaitzean.

 

 

Share

Alkateak “Delantales Solidarios Vitoria” taldeak pandemiari aurre egiteko ekintzetan izan duen inplikazioa eskertu du

Taldearen ordezkaritzak 50.000 aurreko mantal, 5.000 mantal, 250 maskara eta 150 mahuka-erdi egiteko lanaren xehetasunak azaldu ditu. 

“Delantales Solidarios Vitoria” taldearen ordezkaritza bat udaletxean izan da gaur, eta alkateak pandemiari aurre egiteko ekintzetan izan duen inplikazioa eskertu dio, hiriaren izenean. Taldea espontaneoki sortu zen, sare sozialen bitartez, eta ia berrogeita hamar pertsonak osatzen dute, gehienbat emakumeak. Astez aste, orotara 50.000 aurreko mantal, 5.000 mantal, 250 maskara eta 150 mahuka-erdi josi dituzte etxean.

Gorka Urtaranek Gasteizko gizartearen poza adierazi die, hirian hain pertsona solidarioak izateagatik, haien denboraren zati handi bat behar dutenei laguntzen emateko prest baitaude. “Delantales Solidarios Vitoria” taldeak egindako babes-materiala Udaltzaingoak banatu zuen hasiera batean, Gizarte Politiken Saileko udal baliabideetan, baina laguntzaile gehiago izan ahala, taldeko kideek berek eramaten zuten Mendizorrotzeko kiroldegian jarritako bilgunera, ondoren banatzeko.

“Zuek bezalako giza kapitala edukitzeak gure hiriaz harro egotera garamatza. Horrelako jarrera eta jokabideekin prest gaude sortzen diren egoerei aurre egiteko, direnik eta zailenak eta ezezagunenak izan arren. Mila esker”, esan du alkateak.

 

 

 

 

 

Share

Adinekoentzako zentro soziokulturalek aire zabalean egiteko udako programazioa landu dute, 83 ikastaro eta lantegik osatua

Informazio liburuxka honetan

Bihar irekiko da izena emateko epea eskaintzen diren 800 lekuetarako

Adinekoentzako zentro soziokulturalak jarduerak eta programak berreskuratzen ari dira pixkanaka. Duela gutxi informazio, podologia eta ile-apainketa zerbitzuak ireki ziren, eta laster udako programazioa jarriko da abian; aurten, osasun-segurtasuna dela eta, aire zabalean egingo da oso-osorik.

Bihar, ekainak 5, irekiko da izena emateko epea, eta orotara 83 ikastaro eta lantegi eskainiko dira ekainaren 15etik irailaren 30era bitartean. Guztira 800 leku 60 urte edo gehiago dutenentzat. Askotariko jarduerak izango dira: txikung, biodantza, gimnasia, smartphoneen erabilera, internet, ibilaldiak, etab.

Jardueretan 2-6 saio izango dira, 60-90 minutukoak, eta espazio irekietan emango dira: parke eta lorategietan (Zadorra eta Arana), plazetan (Santa Barbara eta Laudio) edo barruko patioetan (Landazuri), besteak beste.

“Koronabirusa dela eta bizitzen ari garen egoera kontuan izanik, programazioa aire zabalean egiteko moldatu dugu, adinekoek segurtasunez parte hartu dezaten. Jarduerak kalean egiteaz gain, beste neurri batzuk hartuko dira osasuna babesteko, hala nola distantziak ezartzea eta espazioak mugatzea”, azaldu du Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak.

Jardueretan izena emateko prezioa merkea izango da, saio kopuruaren araberakoa. Esate baterako, bi saioko lantegiek —ordubetekoak— euro 1 balioko dute, eta sei saiokoek —ordu eta erdikoak— 3,50 euro.

Izen-ematea telefonoz

 Izen-ematea telefonoz egin beharko da, zentro hauetako batean: Abetxuku, Arana, Aranbizkarra, Ariznabarra, Koroatzea, Pilar, Lakua-Arriaga, Landazuri, Herrandarrak, San Kristobal, San Prudentzio, Txagorritxu eta Zaramaga.

Udalaren web-orrian eta adinekoentzako zentro soziokulturaletako sarreran eskuratu daiteke informazio guztia.

Udako programazioaz gain, beste jarduera batzuk antolatu dira bakarrik bizi diren eta ahultasun egoeran egon daitezkeen adinekoentzat.  “Piztu zure auzoa” programak beste pertsona batzuekin biltzeko aukera eskaintzen die, gaurkotasuneko gaiez hitz egiteko eta laguntza eman eta jasotzeko. Harremanak izatea eta bizipenak eta esperientziak partekatzea da helburua.

Interesdunek Aldabe, Pilar eta Landazuriko zentro soziokulturaletara deitu dezakete informazioa eskatzeko.

Share

Udaltzainen eta suhiltzaileen esku-hartzeak

Azken 24 orduetan, Udaltzaingoak bederatzi zirkulazio-istripu erregistratu ditu. Horietan ez da zauriturik izan eta bide-segurtasunaren aurkako delituak direla eta bi gidari ari dira ikertzen.

Ur-ihes handia

Suhiltzaileek bart goizaldean esku hartu behar izan dute San Martineko bizilagunen komunitate batean ur beroaren ihes handi bat kontrolatzeko. Matxurak hodi orokorrari eragin dio.

 

Share

Larunbatean jarriko da berriro martxan partaidetza-prozesua herritarrek Gasteizen etorkizunerako plangintzari buruzko ikuspegia azal dezaten

Larunbatean, ekainak 6, jarriko da berriro martxan partaidetza-prozesua herritarrek Gasteizen etorkizuneko  hirigintza-diseinuari ekarpenak egiterik izan dezaten. Lehenengo saioan, lurraldeari eta klimari buruz hausnartuko da, Juan Requejo plangintza aholkulariak online emango duen hitzaldian: gai orokorrak (klima-aldaketa, nekazaritza eraztuna edo azpiegitura berdea) zein zehatzagoak (ekoizpen-erabilerak edo paisaia irizpideak) aztertuko ditu.  Ekainaren 6an (larunbata) izango da hitzaldia, 11:00etan, eta  esteka honen bidez (You tube) jarraitu ahalko da. Parte-hartzaileek galderak egiteko aukera izango dute, txata baliatuz.

Ekainaren 13an egingo da lantegiaren bigarren saioa; izena emateko formulario hau bete beharko da. Gure ingurunea sistema konplexu interkonektatutzat jotzen duen ikuspegia lantzen jarraituko da lantegian, funtzio eta prozesu ezberdinak elkarren artean erlazionatzen baitira, eta hiriaren eta ingurunearen arteko harremanak ere landuko dira.

Berrasmatu partaidetza-prozesuaren 2. fasea  larunbatetik ekainaren 25era arte garatuko da, herritarrek hiriaren etorkizuneko diseinuan parte hartzerik izan dezaten zenbait jarduera eta lantegitan parte hartuz. Datorren astean gai monografikoak landuko dira herriei eta ekonomiari buruzko foroetan zein Borinbizkarra, Tres Santos eta lurperatze proiektuen gainekoetan. Hurrengo astean lantegiak egingo dira online, eta ekainaren amaieran, aurrez aurreko saioak Europa jauregian. 

“Mugi ezazu fitxa Gasteizko etorkizuna diseinatzen!” lemaren pean, partaidetza planak era didaktiko eta ulergarrian ezagutaraziko ditu udalerrirako hiri plangintza berriaren sei ardatzakhiri trinkoa, nekazaritza-ingurunea, ondarea, iraunkortasuna, ekonomia suspertzea eta herritarrak. 

Hiri Antolamenduko Plan Orokor berria lantzeak hirigintza araudia egokitu eta eguneratzea eta etorkizunean izan nahi dugun udalerria planifikatzea dakar berekin. Indarrean dagoen plana 2003koa da, eta hiriaren egoera, ingurune sozioekonomikoa eta araudi zein legeak nabarmen aldatu direlarik, hori ere berritu beharra dago. Gasteizek hiri-eredua birplanteatu beharra du, hiri kohesionatua izan dadin, inklusiboa eta aintzat hartzen dituena zorua okupatzeko modua, dentsitateak, hiriaren proiektu estrategikoak, nekazaritza-inguruaren garrantzia eta iraungarritasun-irizpideak“, azaldu du Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren zinegotzi Ana Oregik. 

Behin aurrerapenaren agiria jendaurrean erakusteko izapidea bete eta Aholku Kontseiluak nahitaezko txostena egin ondoren, eta herritarrei, udal mugakideei eta administrazio batzarrei irekitako parte hartzeko fase berria amaituta, irizpideak eta helburuak zehaztuko dira, eta hasierako onespenaren agiria osatuko duten proposamen xeheak.

Udalaren www.vitoria-gasteiz.org/berrasmatu web-orrian eskuratu ahalko da informazio guztia, baita Udalaren sare sozialetan (#reimagina) ere.

 

 

 

Share

Udalak jardunbide egokien dekalogo bat zabalduko du udalerriko parke eta herrietara doazen bisitarientzat

 

Nekazaritza Eremuaren Zerbitzuak Gasteizko 63 administrazio-batzarrei eta kirol federazioei helaraziko die agiria.

 

Udalak jardunbide egokien dekalogo bat zabalduko du nekazaritza eremuan, udalerriko parke, bide eta herrietara hurbiltzen direnek zenbait jardunbide egoki kontuan har ditzaten eta hartara “nekazaritza eremuaz, mendiez eta espazio naturalez goza dezaten, baina begirunez. Azkenaldian, nekazaritza eremuetako bizilagunek kezka adierazi digute Gasteiz inguruan paseatzera hurbildu direnen artean errespetu gutxiko jarrerak ugaldu direlako, dela ezjakintasunagatik dela gizabide ezagatik. Duela egun batzuk hasi ginen pertsona horiek ohartarazten, baina orain agiri batean jaso nahi izan dugu, zenbait lekutan banatu ahal izateko”, azaldu du Nekazaritza Eremuaren zinegotzi Miren Fernández de Landak.

Nekazaritza Eremuaren Zerbitzuak Gasteizko 63 administrazio-batzarrei eta kirol federazioei helaraziko die agiria, haiek beharrezkotzat jotzen duten lekuetan bana dezaten. Gainera, komunikazio-kanpaina bat egingo du Udalaren ohiko hedabideetan eta irratian. Bestetik, zerbitzua Udaltzaingoarekin koordinatu da, zaintza areagotzeko.

Landa eremuak duen guztia eskaintzen digu, baina hartaz gozatzeko begirunez hurbildu behar dugu, gutxieneko arau batzuei jarraituz. Gehienek badute ezaupiderik, eta zuzen jokatzen dute. Gutxi dira zikintzen dutenak, soroak edo bideak hondatzen dituztenak eta behar ez den lekutik eta gehiegizko abiaduran zirkulatzen dutenak, baina zoritxarrez haien eragina ikusgarriagoa da eta, batzuetan, arriskutsua denen segurtasunerako“, azpimarratu du Miren Fernández de Landak.

Dekalogoa (pdf)

Share