Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2020-06-18)

Prentsaurrekoa. Azkena Rock Festival ‘Sofa Edition’

Parte hartzaileak. Kultura eta Hezkuntza zinegotzi Estibaliz Canto; Kultura eta Kirol diputatu Ana del Val; eta Last Tour enpresako CEO Alfonso Santiago

Eguna. Osteguna, ekainak 18

Ordua. 11:00

Tokia. On line, streaming bidez jarraitu ahal izango da honako estekan

 

Bilerako ID: 758 694 8645

Pasahitza: 885625

Share

Udalaren haur eskolak ekainaren 24an irekiko dira berriro (zuzenketa)

Eskolek protokolo bat beteko dute ikasleen zein udal langileen segurtasuna bermatzeko

 

Gasteizko Udalaren haur eskolek ekainaren 24an irekiko dituzte ateak berriro, COVID-19arekin lotutako osasun-krisialdia dela eta itxita egon ondoren. Eskolek protokolo bat landuko dute ikasleen zein udal langileen segurtasuna bermatzeko.

Guraso bakarreko familiak baliatu ahalko dira zerbitzuaz, edo bi guraso izanik biak lanean ari badira (lantokian bertan edo telelanean), enpresa-ziurtagiri baten bidez egiaztatuz gero.

“Neurri honen bidez, herritarrek gehien eskatzen duten zerbitzu publikoetako bat berreskuratuko dugu, eta horrek aparteko egoera honetan familiei arnasa hartzea ahalbidetuko die, kontziliaziorako laguntza hori inoiz baino beharrezkoagoa baita”, azpimarratu du Gasteizko Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

Sareak bost eskola ditu: Haurtzaro (hirigune historikoan), Sansomendi, Zaramaga, Lourdes Lejarreta (Lakuan) eta Zabalgana. Denek dituzte 2tik 3 urtera bitartekoentzako gelak, eta 1-2 urte bitartekoentzakoak, 0-1 urte bitartekoentzako sehaskak eta jantoki-zerbitzua.

Besteak beste, ordu-tarteak ezarriko dira umeen sartu-irtenetarako, pilaketarik sor ez dadin. Leku bat egokituko da ikasleei harrera egiteko, eta erreferentziazko langileek tenperatura neurtuko diete, 37 ºC-tik gora dutenak ezingo baitira sartu. Umearekin doan pertsonak —bakarra ahal dela— berekin eraman beharko du ume-kotxea edo -aulkia, ezingo baita eskolan utzi.

Gainera, umeek ezingo dute objekturik edo jostailurik eraman etxetik. Txupetea behar badute, bakarrik eskolan erabiltzeko izango da, hau da, bertan utzi beharko dute. Berdin jokatuko da “etxeko” oinetakoekin.

Zona komunetan seinaleak jarriko dira zirkulazioa zehazteko.

Adingabeek ez dute maskararik eraman beharko, baina langileek bai, bi metroko segurtasun-distantzia bermatzerik ez dagoenean. Gainera, zorroztu egingo dira higiene-neurriak.

Eskolako edukiera ohiko gehieneko ratioaren ehuneko 60ra mugatuko da.  Baimendutako leku-kopurua alde batera utzita, lantalde itxiak ezarriko dira (4-5 ume hezitzaile bakoitzeko), birusa zabaltzeko aukera ahalik eta txikiena izan dadin.

Jantokia eta lo-kuluxka

Jantoki-zerbitzua ere modu mailakatuan eta talde itxietan eskainiko da. Bazkarian, umeek bi metroko urruntze soziala gordetzen dutela zainduko dute langileek, haien artean janaririk edo mahai-tresnarik partekatu ez dezaten.

Lo-kuluxka talde itxiari dagokion gelan egingo da ahal dela, koltxoneta, sehaska edo hamaken artean segurtasun-tartea utzita; ume bakoitzari horietako bat esleituko zaio. Sehasken kasuan, nork bere ohe-arropak erabiltzea lehenetsiko da.

 

 

Share

Udalak ohartarazi du bando faltsu bat zabaldu dela hiriko hainbat puntutan

Udalak ohartarazi duenez, hiriko hainbat puntutan banatutako bando faltsu bat zabaldu da azken egunetan. Idatzi ofizial faltsu horren arabera, Udalak etxebizitzen alokairuari eta etxebizitza hutsen kudeaketari buruzko araudi berria iragarri du.
Udalak behin eta berriz adierazi du idatzi hori faltsua dela eta beste helburu batzuetarako ordeztu dela udal identitatea.

Share

Atxilotua aginduak ez betetzeagatik eta udaltzainei eraso egiten saiatzeagatik

Udaltzainek atzo 45 urteko emakumezkoa atxilotu zuten agintaritza-agenteen aurkako desobedientzia larria, erresistentzia eta atentatuaren delitua egiteagatik.

Patruila Damaso kaleko taberna batera joan zen eta emakume bat istilu handiak ari zen eragiten. Identifika zedin eskatzean, agenteen aurka eraso egin zuen. Haiek, emakumearen indarkeria- eta asaldura-egoeraz jabetzean, atxilotu egin zuten. Guardiako epaitegiari dagozkion eginbideak egin ostean, aske utzi zuten

Azken 24 orduotan, Udaltzaingoak hamaika zirkulazio-istripu erregistratu ditu eta bi lagun zauritu dira horietan.

Konpaktagailu batean harrapatuta

Suhiltzaileek biltegi bateko langile bat erreskatatu zuten atzo Etxabarri Ibiñan. Langilea kartoizko konpaktagailu industrial batean hankak harrapatuta geratu zen. PSISZeko kideek zilindro hidrauliko bat erabili behar izan zuten istripua izan duena askatzeko. Langilea anbulantzian eraman zuten erietxera.

Share

Alkatetza Sailak laguntzak emango ditu covid-19ak eragindako egoeran ehun sozial eta komunitarioa indartzeko

Banakoek, taldeek, sareek eta gizarte-eragileek proiektuak garatzeko poltsa baten oinarriak argitaratu dira gaur webgunean 

Ekimen bakoitzak gehienez 4.500 euro jaso ahalko ditu, eta bi proiektu aurkeztu ahalko dira

 

 

Alkatetza Sailak laguntzak emango ditu covid-19ak eragindako egoerari aurre egiteko hemendik urte bukaerara arte egiten diren ekimen komunitarioetarako.   Gaur argitaratu dira webgunean ehun soziala arlo komunitariotik sendotzeko proiektuetarako berariazko poltsa bat osatzeko oinarriak, zehazki, lehenagotik egoera prekarioan zeuden jendearen artean lantzekoak: ezkutuko lanean dihardutelarik egunean eguneko diru-sarrerekin bizi direnak, sexu-langileak, etxe barruko langileak, guraso bakarreko familiak, indarkeria matxistaren biktimak, dokumentuen aldetik egoera irregularrean bizi direnak, dibertsitate funtzionala duten pertsonak, buru-osasuneko arazoak dituztenak, bizitegi-bazterketako egoeran daudenak… Udalak 90.000 euro erreserbatuko ditu proiektu poltsa horretarako, berdintasunarekin, gazteriarekin eta aniztasunezko bizikidetzarekin lotutako ekimenak indartzearren.

“Alarma-egoerak agerian utzi du zerbitzu asko feminizatu eta prekarizatuta daudela, hain zuzen ere ezinbesteko gertatu diren zerbitzuak: osasun alorrekoak, gizarte-zerbitzuak, supermekatuetako kobratzaile eta apal-hornitzaileak, garbitzaileak, zaintzaileak, etxez etxeko banatzaileak eta beste. Arreta egin behar genieke indarkeria matxistari; familiako indarkeria, isolamendu eta bakartasunari; ahultasun-egoeran egonik konfinamendurako gutxieneko baldintzak betetzen ez dituzten etxebizitzetan bizi diren pertsonen egoerari; alegia, lehenik ere hortxe zeuden eta alarma-egoerak okerragotu dituen egoerei egin behar zaie arreta, eta sistema osagarriak asmatu ahulezia-egoera eta indarkeria atzemateko, kasu horiek bideratu eta arreta eskaintzeko. “Orain Gasteiz” planaren ildotik, ez dugu nahi inor atzean gera dadin, eta publikoaren eta komunitarioaren arteko ekimen multzo bat proposatzen dugu”, nabarmendu du Berdintasunaren, Gazteriaren eta Bizikidetza eta Aniztasunaren zinegotzi Miren Fernández de Landak.

Deialdira aurkeztu ahalko dira helbidea Gasteizko udalerrian duten banakoak, taldeak, sareak eta gizarte entitateak, baldin eta haien edukiak une honetan Alkatetzaren eta Erakunde Harremanen Sailaren menpeko Berdintasun Zerbitzuan, Bizikidetza eta Aniztasun Zerbitzuan eta Gazteria Zerbitzuan indarrean dauden lan-ildoei erantzuten badiete.

Proiektu poltsa 2020ko ekitaldia amaitu arte egongo da indarrean, eta horren kargura finantzatu gabe geratzen diren proiektuak etorkizunerako kontuan har litezke.

Proiektu bakoitzean, hura garatzeko formaturik egokiena aurkeztu behar da, betiere lortu nahi diren helburuak eta xede taldea aintzat hartuta. Horretarako estrategia ezberdinak erabili ahalko dira: sareak osatzea, informazio-kanpainak, trukeak, bisitak, ikuskizunak, topaketak edo lantegiak. Metodologia aktibo, inklusibo eta parte-hartzaile baten arabera garatu beharko dira proiektu guztiak, hartzaileen erritmo, lan-prozesu eta ezaugarriak aintzat hartuta,

Nolanahi ere, indarreko araudiak edukiera mugatzeari, espazioak konpartitzeari, segurtasun-tarteei eta abarrei buruz ezartzen duena errespetatu behar da beti.  Proposamenek kontuan hartu beharko dituzte beste metodologia aukera batzuk, baldin eta  proiektua garatu bitartean covid-19ak berriro ere goraka egiten badu.

Proiektuak aurkezteko epea 2020ko ekainaren 17an hasiko da, eta 30ean amaituko, biak barne. Dokumentazioa bi modutan aurkeztu ahalko da: egoitza elektronikoan edo herritarrei laguntzeko bulegoetan, euskarri digitalean.

Dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa, proiektuko, 4.500 euro izango da, BEZa barne. Bi proiektu aurkeztu ahalko dira gehienez.

“Pandemiari eusteko neurriek eta krisialdiak oso ondorio desberdinak izan dituzte, baina ondorio gogorragoak jasan dituzte lehenik ere behin-behinekotasun egoeran zeuden kolektiboek, jarduera-tasa txikiagoak eta aldibatekotasun-tasa, azpienplegu eta soldata-arrakala handiagoak dituztenek. Gazteen kolektiboa da kaltetuenetako bat, ez hainbeste osasun-egoeraren ondorioz, baizik eta horrek eragin duen krisi ekonomikoagatik; aldi berean, proposamen solidarioak egiterakoan kolektibo aktiboenetako bat da, edonolako plataforma, mugimendu, sare eta lankidetzak sortzen baitituzte“, azaldu du Miren Fernández de Landak.

 

Share

Alkateak zorionak eman dizkie Gure.Laguntza.eus proiektuko kideei egindako lan solidarioagatik

Gasteizko alkate Gorka Urtaran Gure.Laguntza.eus proiektuko kideekin elkartu zen atzo; COVID-19aren ondorioei aurre egitean merkataritzaren, enpresa txikien eta zerbitzu profesionalen lana sustatzea da proiektuaren helburua.

Marketin, diseinu eta komunikazioaren alorretako hamar profesional enpresa edo entitateekin jarri dira harremanetan Araban sortzen joan diren ekimen solidarioaen mapa osatzeko; http://gure.laguntza.eus/ helbidean aurki daiteke hori. Orotara ehun jarduera solidariotik gora dira, hainbat esparrutan banatuta: asistentzia, osasuna, elikadura, erakunde sanitario integraturako ekintzak, material dohaintzak, ostatu solidarioa, etab.

Zabalkundeaz gain, Gure Laguntza bonuak sustatu dituzte, koarentenaren ondoren jardunean berriro hasi ziren saltoki eta enpresei laguntzeko, aldez aurretik erosteko aukera emanez. 378 enpresa, negozio eta profesionalek egin dute bat ekimenarekin. Orain arte 2.674 bonu merkaturatu dira, 74.723 euroko balioa duen aldez aurreko erosketak egiteko.

Gorka Urtaranek zorionak eman dizkie Laguntza.eus taldeko kideei, eta denen mesederako lanean aritu diren pertsonen ereduaren aurrean herritarrek sentitzen duten harrotasuna adierazi, pandemian alde solidarioena erakutsi baitute, baita orain ere.

 

 

Share

Suhiltzaileen Zerbitzuak lantegi-ibilgailu berria gehitu du flotara

Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuak (PSISZ) lantegi-ibilgailu berria gehitu du flotara, asistentzia teknikoa emateko.

Ibilgailuak sorgailu elektrikoa, lan-mahaia, armairuak eta suhiltzaileek esku-hartzeetan konpondu beharreko intzidentzietan erabili ohi dituzten tresnak antolatzeko apalategiak ditu.

Furgoneta berriak eta ekipamenduak 64.444 euroko inbertsioa eskatu dute.

Bi hilabete eskasetan PSISZk eskuratzen duen laugarren ibilgailua da. Izan ere, maiatzean 30 metroko altuerako eskailera artikulatua duen kamioia gehitu zuten flotara (750.079 €), eta aste batzuk lehenago beste bi ibilgailu eskuratu ziren, prebentzio, ikuskapen, prestakuntza eta mantentze lanetarako zein esku-hartzeetan laguntzeko, 41.000 euro baino zertxobait gehiago inbertituta.

 

Share

Gasteizko 23 ikastetxetako 20.000 gaztek baino gehiagok ekintza eta konpromiso multzo bat proposatu dute klima-aldaketa geldiarazteko

 

Gasteizko 23 ikastetxetako 20.000 gaztek baino gehiagok —Lehen Hezkuntza, DBH, Batxilergo eta Lanbide Heziketakoak— klima-aldaketa geldiarazteko ekintza eta konpromiso multzo bat helarazi diote Udalari 21 Eskola Agendaren barruan; horren bidez, hiriko milaka gaztek garapen iraunkorrarekin lotutako gaiak lantzen dituzte tokiko ikuspegi batetik. Ikasturte honetan klima-aldaketa izan da gaia.

Bestetik, osasun-krisialdiak une bakoitzean ematen zituen aukerei moldatuz joan behar izan da programa; esate baterako, parte-hartzaileek alkatearen eta udal teknikariekin egiten zuten urteko topaketa egin ordez bide telematikoz parte hartu behar izan dute, eta ikasturtean landutakoa laburtzen duen bideo bat partekatuz.

Urtero bezala, Gorka Urtaran alkateak zorionak eman nahi izan dizkie parte-hartzaileei, eta Udalak haien iradokizunak eta kezkak kontuan hartuko dituelako konpromisoa adierazi. Bideo batean, alkateak gogorarazi die Udala une honetan ahalegin betean ari dela osasun-krisialdiak hirian sortutako beharrizan berriei erantzuteko, eta osasuna, gizarte-ongizatea eta tokiko ekonomia direla udalaren ekintzaren lehentasunak epe labur eta ertainera.  “Helarazi dizkiguzuen proposamen guztiak oso baliagarriak dira, eta ongi etorriak, Gasteiz erreferentziazko hiria izan dadin iraunkortasunari, bizi-kalitateari, osasunari eta klima-aldaketa kontuan hartzen duen ekonomia berdeari dagokienez“, eskertu du alkateak parte hartu duten ikastetxeei bidalitako bideoan.

Proposamenen artean hauek nabarmendu daitezke: denda txikiei eta tokiko merkataritzari laguntzak ematea, poltsa berrerabilgarriak sustatzea eta plastikozkoak debekatzea, oinezkoentzako eta bizikletentzako bide gehiago jartzea, autobus guztiak elektrikoak izatea, ekonomia zirkularra sustatzea hondakin gutxiago sortzeko, udal eraikinetan energia berriztagarriak erabiltzea, hiriko lantegiek sortutako kutsadura kontrolatzea, bizikleta eta patinetentzako aparkaleku gehiago jartzea, laguntzak ematea adin orotako pertsonek kirola egin dezaten aire zabalean, eta  enpresa eta elikadura markei ekotasa bat ezartzea.

21 Eskola Agendaren hezkuntza-proiektuak hiria ikastetxeetara hurbiltzeko xedea du, tokiko ikuspegia garatzeko aukera eskaintzen du, eta lagungarria da hezkuntza-komunitatea udal bizitzan inplikatu dadin.

Gasteizek hiri eta lurralde eredu iraunkorrago baterantz joaten lagundu du ekimen honek, hau da, biodibertsitateari eta natur ondareari begirune handiagoa izango dion eredu baterantz, baliabideen kontsumoan, hots, uraren, energiaren eta lehengaien kontsumoan eraginkorrago izango den eredu baterantz, hondakin gutxiago sortuko dituen eta solidarioago eta bizigarriago izango den eredu baterantz.

2001-2002 ikasturtean jarri zen lehenengo aldiz martxan, Gasteizko Udalaren Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren eskutik.

 

 

Share