Prentsa Oharren banner

Datorren astelehenean irekiko dira berriro ikasketa-gelak

  • Astelehenetik ostiralera bitartean joan ahal izango dute erabiltzaileek Ibaiondo, Pilar, Salburua eta Zabalganeko espazio horietara

Astelehenean, ekainak 22, irekiko dira berriro Gasteizko Udalaren ikasketa-gelak, COVID-19aren krisialdi sanitarioaren ondorioz itxita egon ondoren. Ibaiondo, Pilar, Salburua eta Zabalganeko gizarte-etxeetako espazio horietan protokolo bat jarraituko da, erabiltzaileen nahiz langileen segurtasuna bermatzeko.

Astelehenetik ostiralera bitartean irekiko dira gelak, bi txandatan: 08:00etatik 13:30era eta 15:30etik 21:00etara (ekainaren 26ra arte, arratsaldeko ordutegia 20:30ak arte izango da).

Edukiera moldatu egingo da, pertsonen arteko 1,5 metroko gutxieneko distantzia ziurtatzeko; hortaz, leku hauek izango dira ikasketa-gela bakoitzean: 108, Pilarren; 60, Ibaiondon; 47, Salburuan, eta 44, Zabalganean.

Eskuak gel desinfektatzailearekin garbitu beharko dituzte erabiltzaileek gelara sartu aurretik, eta maskara erabili, bertan dauden bitartean.
Kultura Zerbitzuak jakinarazi duenez, lekurik baldin badago bakarrik sartu ahal izango da geletan. “Txanda berean beste pertsona batek erabili duen lekua hartzen badu baten batek gelan, beraren ardura izango da hura garbitzea”, argitu dute.

Protokoloaren arabera, ezingo da lekurik erreserbatu, eta baten batek zer edo zer bertan uzten badu txanda bukatzen delarik, kendu egingo da bertatik, hurrengo txandarako leku hori libre egon dadin.

Gainera, itxita dauden orduetan, bai eguerdian, bai goizeko lehen orduan, garbitu eta desinfektatu egingo dira ikasketa-gelak eta lekuak berak.

Share

Udalak dibulgazio-saio bat antolatu du, ostalaritza-sektoreari eta jatetxeei zuzenduta, COVID-19aren inguruko segurtasun-neurrez

Gasteizko Udalaren Osasun Publikoaren Zerbitzuak saio dibulgatibo bat antolatu du, ostalaritza-sektoreko establezimenduek eta jatetxeek COVID-19aren aurrean bete beharreko higiene- eta segurtasun-neurriei buruz informazioa eta aholkuak eman eta gogoratzeko.

Ordubeteko hitzaldi baten ostean, 30 minutuz galderak egiteko tartea irekiko da gero, ostalaritzako profesionalek zalantzak argitu ahal ditzaten.

Ahalik eta partaide kopuru handiena biltzeko asmoz, hiru bider eskainiko da saio, egun eta ordu hauetan:

Ekainaren 29an, 10:00etan

Ekainaren 30ean, 17:00etan

Uztailaren 1ean, 11:00etan

Ostalaritzan eta jatetxeetan berebiziko garrantzia hartzen du COVID-19aren aurrean segurtasun-neurriak zaintzea, hartara kutsadura komunitarioaren arriskua murrizteko. Era honetako saioek kontsumitzaileen konfiantza indartzen laguntzen dute.

Ekainaren 22tik aurrera eman ahalko da izena, partaide bakoitza saio bakar batean, esteka hauen bidez:

Gaztelaniaz: https://v-g.eus/jornadas-hosteleria-restauracion-covid

Euskaraz: https://v-g.eus/jornadas-hosteleria-restauracion-covid

Pandemiaren aurrean ostalaritzari eta jatetxeei ezarritako neurrien artean daude, esaterako, pertsonen arteko tartea zaintzea, maskarak egoki erabiltzea, lokal eta trenen garbiketa eta desinfekzioa areagotzea, lokalak behar bezala aireztatzea, barran dauden jakiak behar bezala babestea, erabilera konpartituko elementuak (esaterako kartak, eskuzapi-ontziak…) kentzea, eta beste…

Share