Prentsa Oharren banner

Prentsa deialdiak (2020-06-15)

– Hauteskunde mahaiak osatzeko zozketa.

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan hauteskunde-mahaiak osatuko dituzten pertsonak aukeratzeko zozketa, eta COVID-19a dela eta hartutako neurri berezien azalpena.

Parte-hartzailea: Borja Rodríguez Ramajo, Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren zinegotzia.

Eguna: ekainak 15, astelehena.

Ordua: 9.00.

Lekua:  udaletxeko prentsa aretoa.

—————————————————–

– Bisita Arabako Elikagaien Bankura.

Parte-hartzaileak: Gorka Urtaran, Gasteizko alkatea; Jon Armentia, Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzia, eta Denis Itxaso, Gobernuaren ordezkaria Euskal Autonomia Erkidegoan.

Eguna: ekainak 15, astelehena.

Ordua: 10.00.

Lekua: Arabako Elikagaien Bankua (biltegia). Uzbina kalea, 24 – 5. pabilioia (Jundizko industrialdea).

———————————————————————————–

– ONCE herritarrekin berrelkartzea eta “La ilusión lo puede todo” kupoi bilduma aurkeztea.

Parte-hartzaileak: Gorka Urtaran, alkatea, eta Concha de la Fuente, ONCE-Arabako zuzendaria.

Eguna: ekainak 15, astelehena.

Ordua: 12:00

Lekua:  ONCEk Jesusen Zerbitzarien Fundatzailearen kaleko 21.ean duen kioskoa.

 

Share

TUVISAk Mendizorrotzean dituen geltokiak aldatzea eta oinezkoentzako ibilbide berria Esmaltazioetan, BEAren lanak direla eta

Urte hasieran, L2A eta L2B lineen geltokiak metro batzuk aldatu ziren lekuz, espaloi berean, eta orain lehengo lekuan jarriko dira berriro

Oroimenezko Zentroaren lanek 5, 6, 7 eta 10 lineei eragingo diete: ordezko ibilbide batetik joan beharko dute, eta ez dira geldituko ez Prado kalean ez Olagibel kaleko 20.ean

 

BEA-autobus elektriko adimentsuaren lanek aurrera jarraitzen dute, eta aldaketak egin beharra ekarri dute hiriko hainbat lekutako geltokietan zein oinezkoen ibilbideetan. Salbatierrabide kalean, esate baterako, L2 lineak Mendizorrotza parean dituen geltokiak lehengo lekura itzuliko dira astelehenean, ekainak 15. Joan den urtarrilean, L2A eta L2B lineak kiroldegiaren parean dituen geltokiak lekuz aldatu ziren lan horiek direla eta, baina orain lehengo lekura itzuliko dira aldi baterako. Inguruak obretan jarraitzen duenez, oinezkoentzako ibilbide bat zedarritu da hara irits daitezen, Mendizorrotzeko kiroldegiko sarreratik eta Lasarteko atetik sartu ahal izateko.

Hona emen sarbideen eskema:

Ekainaren 15ean, halaber, beste aldaketa bat egingo da Esmaltazioen inguruan. Biribilgune horretan oinezkoentzako ibilbide segurua egokituko da. Beraz, handik doazenek oinezkoen mugikortasuna errazteko diseinatu den ibilbidetik igaro beharko dute. Bestetik, lanak direla kausa ezingo da Heraclio Fournier eta Iturritxu kaleen arteko zebra-bidea erabili Olarizu hiribiderantz joateko. Oinezkoek Zumakadi ibilbiderantz joan beharko dute biribilgunearen mutur batetik bestera eroso eta seguru gurutzatzea ziurtatzeko markatu den bide batetik.

Hona hemen xehetasunak:

Oroimenezko Zentroaren ingurunea

Horretaz gain, Oroimenezko Zentroaren inguruko zenbait kale asfaltatu behar dira, eta horrek TUVISAri eragingo dio. Zehazki,  5, 6, 7 eta 10 lineak ordezko ibilbide batetik joango dira. Horren eraginez, Prado kaleko eta Olagibel kaleko 20.eko geltokietan ez da zerbitzurik izango ekainaren 15etik 20ra arte.

 

 

 

Share

Onetsi da ASPANAFOA elkartearekiko hitzarmena, minbizidun haurrak dituzten familiei laguntzeko

Gaur onetsi du Udal Gobernuak Gasteizko Udalaren, Arabako Foru Aldundiaren Gizarte Zerbitzuen Sailaren eta ASPANAFOAren (minbizia duten haurren gurasoen Arabako elkartea) arteko lankidetza-hitzarmena, minbizia duten adingabeko umeen familiei laguntzeko programa garatzeko. Ekimen horri Udalak egin dion ekarpena 5.711,18 eurokoa da.

Programaren helburu nagusia tratamendu onkologikoa jasotzeko Euskal Herriko eta bertatik kanpoko ospitaleetan dauden haurren senideen ostatu-arazoa konpontzen laguntzea da. Halaber, dietak eskaintzen zaizkie familiei, dituzten diru-sarreren arabera, joan-etorriei loturiko gastu osagarriei aurre egin ahal izateko.

Batez beste, familia horiek 500 eta 900 euro inguruko galera izaten dute hilero diru-sarreretan minbizidun adingabeari laguntzeko, aldi berean 500 eta 1.000 euro artean igotzen direlarik gastuak. Kasu gehienetan amak uzten du lana egoerari aurre egiteko.

Gaur onetsitako hitzarmenaren bidez, Udalak arazo onkologikoak dituzten haurren eta horien senideen bizi-kalitatearen hobekuntzan laguntzan du, gaixotasunak familia-errentari eragiten dizkion ondorio negatiboak arintzen baititu.

 

 

Share

Udalak 45.000 euroko laguntza emango dio Teatro Paraíso konpainia gasteiztarrari  

Gasteizko Udalak Teatro Paraíso konpainiarekiko lankidetza-hitzarmena onetsi du, 2020an haur eta gazteei zuzendutako antzezte jarduerak garatzeko. Zehazki, Iparralde gizarte etxeko Beñat Etxepare aretoko programazioa kudeatu eta garatzeaz arduratuko da, eta  ‘POCTEFA-Mind the Gap’ europar proiektua aurrera eramateaz.

“COVID-19arekin lotuta Teatro Paraíso taldeak planteatu duen proiektua ikastetxeetarako itzuleran lagundu nahi du, itxialditik irtetea eta komunitateko bizitzaz gozatzea ospatzearren”, azaldu du Gasteizko Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

Teatro Paraíso-k 45.000 euroko dirulaguntza jasoko du, honela banatuta: batetik, 35.000 euro Beñat Etxepare antzokiko jarduerak kudeatzeko; bestetik, 10.000 euro ‘POCTEFA-Mind the Gap’ proiektua finantzatzeko.

Beñat Etxepare antzokiko programazioak 3 eta 16 urte bitarteko publikoarentzako ikuskizunak barne hartuko ditu. Areto horretan sorkuntza artistikoa ere bultzatzen da, bai konpainia egoiliarrarena bai beste proiektu batzuena. Orobat, “Ikusle izatearen artea” programa egiten da bertan, hausnarketa eta prestakuntza-jarduerak eta ikusleei hurbiltzeko jarduerak barne hartzen dituena, hala nola “Agertokira”, ikusleekiko solasaldiak eta ‘Vital Antzerki’.

Bestetik, Udalaren Antzoki Sareak kreditu-erreserba bat (7.000 euro, BEZ barne) egingo du “Zerbitzu enpresak” partidaren kontura Beñat Etxepare antzokiko jardueretarako, behar diren teknikari laguntzaileak eta atezain eta aretozainak jartzeko. Partida hori agortzen denean Teatro Paraíso arduratuko da zerbitzu horiek ordaintzeaz.

Beñat Etxepare antzokiak proiektuaren ohiko babesle eta laguntzaileen sostengua egiaztatu du dagoeneko: Eusko Jaurlaritza, Biargi Sarearen bidez; Vital Fundazioa; La Casa del Libro; ‘El Correo’, eta EITB.

‘POCTEFA-Mind the Gap’

‘POCTEFA-Mind the Gap’ europar proiektuak arte-hezkuntzarekin eta alfabetatze kulturalarekin lotutako zenbait ekintza biltzen ditu: Beñat Etxepare sari-banaketa, bitartekaritza artistikoari buruzko mintegia, ‘Artea eta hezkuntza’ ikastaroak eta Gasteizko familiekin egitekoak diren jarduera artistikoak.

Europar Batasuna agertuko da proiektuaren sustatzaile gisa, artearen alorreko prestakuntza eta hezkuntza jarduerei ekarpen zuzena eta esklusiboa egiten baitie. Europar ekarpenak egitekoak diren ekintzen % 70 finantzatzen du.

Share

Bremen kaleko bidegorri berriak Mariturri hiribideko eta Antonio Machado kaleko bizikleta-bideak lotuko ditu

 

-Udalak 160.000 euro inbertituko ditu esku-hartzean, eta sarea 600 metro luzatzeko balioko du

 -Orain Gasteiz planaren barruan bizikleta sustatzeko neurriak aurrera doaz, Gamarrako ateko eta Artapadurako bidegorriak datozen asteetan margotuko baitira

 

Gasteizko Udalak 160.000 euro inbertituko ditu Bremen kalean barrena bidegorri berria sortzeko, zeinak Mariturri hiribideko eta Antonio Machado kaleko bizikleta-bideak lotuko baititu. Gaur goizean onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak proiektuaren kontratazio-dosierra; esleitzen denetik hiru hilabete emango dira gauzatzeko.

Bremen kalean iparralderako noranzkoan zirkulazio-erreietako bat kendu eta galtzadan bidegorri bereizi eta bi noranzkokoa jartzea aurreikusi da. Bizikleta-bidea espaloiaren eta aparkalekuen artetik joango da, eta kale osoko aparkalekuak utziko dira. Gainera hiribidea zeharkatuta Antonio Machado kaleraino joateko bizikleta-bidea ere egingo da, espaloian. Bi bidegurutzeetan, Oto hiribidean zein Antonio Machadon, txirrindularientzako pasabideak egokituko dira. Bizikleta-bide horiek oso oinezko gutxik erabiltzen dituzten espaloietan jarriko dira, beste aukera eroso eta zuzenago batzuk baitituzte ibiltzeko.

Horretaz gain, Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak segurtasunaren alorreko zenbait lan egingo ditu, hala nola piboteak jartzea eta biribilguneetako sarrerak nahiz irteerak estutzea, txirrindulariak babesteko.

Aurrera doa ‘Orain Gasteiz’ espazio publikorako plana

 Gorka Urtaran alkateak gaur goizean azaldu duenez, ‘Orain Gasteiz’ planaren barruan bizikleta mugikortasuna hobetzeko iragarri ziren esku-hartzeak aurrera doaz, atsedenik gabe; 8 kilometro bidegorri sortzea aurreikusi da planean. Hain zuzen ere, horietako bat da Bremen kalekoa. Düsseldorf eta Zurrupitieta kaleetan ere bidegorriak laster bukatuko dira.

Ildo beretik, datozen egunetan hasiko dira Artapadura kalean bidegorri bat egiteko lanak. Zirkulazio-errei bat kenduko da, galtzadan bi noranzkoko bizikleta-bidea jartzeko. Behin lan hori amaituta, Gamarrako atera joango da lantaldea. Leku horretan egingo da esku-hartze anbiziotsuenetako bat.

Izan ere, Kantabrikoaren hiribidea eta Zadorra hiribidea lotzea da asmoa. Hiru zatitan banatuko da esku-hartzea. Bi zatitan, Kantabrikoaren hiribidetik Santo Tomas Ibaiaren plazaraino eta Zadorra hiribidetik gertuen dagoen zatian, aparkalekuen zerrenda ordeztuko du bidegorriak. Erdiko zatian, Santo Tomas Ibaiaren plazatik erreiak banatzen diren lekuraino, zirkulazio-errei bat kenduko da bidegorria egiteko.

Legutianoko ateko eta Ozeano Barearen kaleko bidegorriak egiteko lanei ere laster ekingo die Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak. Uztailaren hasieran, berriz, Oto hiribideko bizikleta-konexioari heltzeko asmoa dago.

Bremen kaleko bidegorri dosierra

Share

Etxean eta auzoan konpostatzeko sistema bat jarriko du martxan Gasteizko Udalak: konpostagailuak etxeetan eta konpostagune auzoetan

 

Ekoizle handiek ere erabiliko dute hondakin organikoak birziklatu eta berrerabiltzeko sistema.

 

Esperientziak Gasteizko nekazaritza-eremuan izandako arrakastaren eta harrera onaren ondoren, hiriko auzoetara eta etxeetara eramango du Udalak konpostatze-sistema. Hala jakinarazi du Gorka Urtaran alkateak, zeinek orobat azaldu baitu Vermican Soluciones de Compostaje SL enpresaren eskaintza aukeratu duela Gobernu Batzarrak Gasteizen hondakin organikoak etxeetan eta auzoetan konpostatzeko sistema ezartzeko.

206.325 euro baliatuko ditu Udalak hurrengo lau urteetan parte-hartzaileen sarea sortzeko, izena ematen dutenei prestakuntza teoriko-praktikoa eskaintzeko, banako konpostagailuak banatu eta auzoko konpostagune eraikitzeko eta, programa martxan jarri ondoren, jarraipena egin eta aholkularitza eskaintzeko.

2018az geroztik funtzionatzen du hondakin organikoak kudeatzeko modu horrek nekazaritza-eremuan, eta 148 familiak parte hartzen dute. Orain, hirira zabalduko da esperientzia, konpostagailuak jartzeko lekua duen edonori, ikastetxeei eta ekoizle handiei hondakin horiek kudeatzeko aukera emate aldera.

Birziklatzeko modu naturala da konpostatzea, ongarri natural bihurtzen baita materia organikoa, deskonposizio-prozesu kontrolatu baten bitartez. Etxeko eta lorategiko hondarrak baliatuz, ongarri naturala lortzen da, etxean.

Kontratuaren baldintza-agirian 350 parte-hartzaile finkatu ziren, banaka edo auzoko konpostaguneak erabiliz konpostatzeko. Gainera, hamabost ekoizle handik parte hartuko dutela aurreikusten da. Auzoko konpostagune eraikitzea ere aurreikusten du Udalak.

“Denik eta pausurik txikiena ere garrantzitsua da klima-aldaketa geldiarazteko. Horrelako ekimenen bitartez, ingurunearen alde egiten laguntzen die Udalak herritarrei. Hainbat familiak parte hartu zuten programan, nekazaritza-eremuan abian jarri genuelarik, eta bagenekien auzoetan ere bazirela hainbat pertsona eta komunitate, beren etxeetan konpostatzen hasi nahi zutenak”, nabarmendu du alkateak.

Papera eta kartoia biltzeko kontratua adjudikatzea

Bestalde, papera eta kartoia bildu, sailkatu eta kudeatzeko kontratua Saica Natur Norte SL enpresari adjudikatzea onetsi du gaur udal gobernuak, hurrengo bi urteetarako, 279.287,36 euroko aurrekontuarekin.

Besteak beste, ikastetxeetan, udal eraikinetan, edukiontzietan, garbiguneetan, fruta eta barazkien handizkako azokan, Santa Barbara azokan eta hauteslekuetan bilduko du enpresa horrek papera eta kartoia.

Horrez gain, papera  eta kartoia pisatu, sailkatu eta kudeatu beharko du enpresa adjudikaziodunak, azken destinoraino.

 

 

Share

Gasteizek 40.000 euroko laguntza onetsi du tokiko turismo-enpresentzat

Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Sailak eskaturik —Maider Etxebarria zinegotziak gidatzen du hori—, Tokiko Gobernu Batzarrak 40.000 euroko partida bat onetsi du gaur, produktu eta esperientzia turistikoak sortu eta garatzeko dirulaguntzak emateko. Covid-19aren krisialdiak eragindako tokiko turismo-enpresak sustatzeko balioko du aparteko partida horrek.

Deialdiak bi jarduera-ildo hartzen ditu barne: batetik, iraunkortasuna sustatzen duten produktu edo esperientzia turistikoak sortu, hobetu edo garatzea; bestetik, Arabako hiriburuan topaketak, jardunaldiak eta jarduerak antolatu eta garatzea.

“Gasteizek bere indarguneetan izan behar du konfiantza, orain inoiz baino gehiago ekoturismoaren aldeko apustua egin, eta biltzarren eta familien turismoa, aktiboa eta iraunkorra erakartzen saiatu. Badugu biltzarrekin lotutako azpiegitura eta jardueren sare zabala, eta turismo berdearekin lotutako irudia. Deialdi honen bidez, tokiko turismo-enpresei produktu edo esperientzia turistiko iraunkorrak garatzen lagundu nahi diegu, baita hemen jardunaldiak eta topaketak egitea sustatzen dutenak ere”, zehaztu du lehen alkateorde eta Turismo zinegotzi Maider Etxebarriak.

Laguntza horiek Gasteizko Udalak ekonomia suspertzeko bultzatu duen planean daude jasota, zeinaren helburu nagusia baita osasun krisialdiaren eragina gehien nabaritu duten kolektiboak babestea, hala nola hiriko merkataritza, ostalaritza, enpresa txikiak eta autonomoak.

Fidelizazioa eta iraunkortasuna

Euskadi turismo-helmugaren hazkundea etengabea eta jasangarria izan da covid-19aren pandemia zabaldu arte. EUSTATen datuen arabera, turismoaren sektorea Euskadin BPGd-aren % 6,1 izan zen 2019an, eta ia 107.000 enplegu zituen, guztien % 11; hazkundea, bestetik, ekonomiaren hazkundearen gainetik zegoen. Sektoreak potentzial handia du, eta aberastasun ekarpen ekonomiko zein kulturala sortzen du. Datu horiek kontuan hartuta,Udalaren helburua da bisitariak urte osoan etortzea Gasteizera, eta horiek fidel bihurtzea, turismoaren itzulera ekonomikoa handitzearren, bai jarduerari bai enpleguei dagokienez.

 

Share

Udalak salgai jarriko du Maite Zuñiga kaleko bizitegi-lursail bat

 

Tokiko Gobernu Batzarrak baldintza-agiria onetsi du Maite Zuñiga kalean bizitegi kolektiborako lursail bat besterentzeko; Baskonia-Alavés egoitzaren ondoan dago lursaila. Orotara 1.889 metro koadroko azalera du, eta horietako 750 dira eraikigarriak. Bizitegi-erabilera askekoa da lurzorua, eta “lorategi hiri mistoa” hirigintza-ordenantzaren araberako etxebizitzak eraiki ahalko dira bertan.

Lehia-saria 761.835 euro da, zergarik gabe, eta gora eginez hobetu daiteke eskaintzetan; lursailaren balioespen teknikoaren arabera ezarri da prezioa. Aurkezten diren proposamenen balioespen teknikoan prezio hobekuntzak, ordaintzeko baldintzak eta eraikitzeko epeak hartuko dira kontuan.

Irabazle gertatzen den proposamenak gehienez bederatzi hilabeteko epea izango du obra-lizentzia eskatzeko eta beste sei lanei ekiteko; lanek, berriz, gehienez bi urte iraungo dute.

Salmenta prozesu hori abian jarrita, Urtaranen gobernuak beste urrats bat egin du Gasteizko Udalaren egoera ekonomikoa orekatzeko, osasun krisialdiaren ondorioz diru-sarrerak 60 milioi euro jaitsiko direla aurreikusten baita. Egoerari aurre egiteko, lehentasunezkoak ez diren partidetan gastuari eusteko neurriak hartu dira, eta banku-entitateekiko zorraren ordainketa atzeratzeko. Orobat, ohikoak ez diren sarrerak lortu nahi dira udalaren ondarea saltzeko eragiketak azkartuz, gaur goizean onetsitako hau, esaterako.

 

 

Share

Udalak Santa Maria katedralari lagako dio tenpluko antzinako erlojuaren “barruko tinbrea”

 

Tenpluko erloju historikoaren “barruko tinbrea” deritzon gailua Santa Maria Katedrala fundazioari lagatzea onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak. Pieza hori Udal Artxiboko Kexaa aretoan zegoen ikusgai, eta hemendik aurrera katedraleko atariaren gaineko estalkian erakutsiko da, bertan ikusgai dagoen XIX. mendeko antzinako erlojuaren ondoan; Francisco de Paula maisuak egin zuen erlojua, eta 1856tik 1981era bitartean funtzionatu zuen.

Barruko tinbrea erloju nagusiarekin konektatutako gailua zen, eta tenpluaren barruko gangaren goialdean egon ohi zen. Kanpaiek kanpoaldean jotzen zituzten ordu osoak, laurdenak eta erdiak barruan ere jotzeko balio zuen. Santa Maria katedralaren kasuan, organoaren atzean jarrita zegoen, eta berezitasun bat zuen, ordu erdia jotzen zuenean zegokion ordu osoa ere jotzen zuela.

Erloju zaharra 1981ean aldatu zenean, barneko tinbrea zerbitzurik gabe geratu zen, eta zegoen lekutik kendu zuten. Geroago, 1997an, zaharberritu egin zuten, eta Pilar Aróstegui udal artxiboan jarri zuten ikusgai.

Udaleko Hezkuntza eta Kultura Sailak barruko tinbrearen lagapenaren aldeko txostena egin du, herritarren ororen denbora neurtzen zuten garai batean erloju publikoek zuten erabilgarritasuna ulertzen lagunduko baitu.

Share