Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2020-06-08)

Prentsaurrekoa.  Vitoria-Gasteizko Kulturaren Deskonfinamendu Plana aurkeztea

Parte hartzaileak. Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Canto

Eguna. Astelehena, ekainak 8

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share

Urtaranen gobernuak 5 milioi euroko zorra ordaintzeko atzerapena hitzartu du banku-entitateekin

Tokiko Gobernu Batzarrak zenbait mailegu berritzeko proposamena onetsi du gaur, aparteko bilkuran, guztira 5.029.315 euroan. Banku-entitateekin lortutako akordioari esker, urtebete atzeratuko da zenbateko hori ordaintzeko epea, eta horrek koronabirusak eragindako osasun-larrialdi egoeragatiko udal-sarreren gainbehera-aurreikuspena (60 milioi eurokoa espero da) konpentsatzeko aukera emango dio Udalari.

“Gaur indarrean sartu da urtearen gainerakoan ustez izango dugun egoera ekonomiko larriari aurre egin ahal izateko trenetako bat. Udalaren historian ez da inoiz egunotan pairatzen ari dugunaren neurriko sarreren gainbehera, baina, hala ere, udal-kontuen oreka  bermatzeko –baina hiriaren lehentasunak kaltetu gabe– ahal ditugun neurri guztiak hartzen jarraituko dugu”, esan du Ogasuneko zinegotzi eta alkateorde den Iñaki Gurtubaik.

Duela bi aste aipatu zuen Ogasuneko zinegotziak  finantza-erakundeekin maileguak amortizatzeko ordainketak atzerapenari buruzko negoziazioa egoera ekonomikoa berrorekatzen saiatzeko ardatzen artean. Gaur onetsitako 14 maileguren ordainketa (guztira 5 milioi eurotik gora) atzeratzeko akordioa maiatzaren erdialdean aktibatu zen Gastuari eusteko planari eusten zaio. Horrez gain, udal-ondarea saltzearen bitartez ezohiko diru-sarrerak lortzeko bidea jorratzen ari da Udala.

Share

Herritarrei arreta eskaintzeko lekuetan maskara erabiltzeko obligazioa ezarri du Udalak

Gasteizko Udalak ezarri duenez, maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da zuzeneko arreta ematen den udal instalazioetan sartzen diren pertsona guztientzat, baita jende ugari bildu daitekeela aurreikusten den lekuetan ere. Neurria ekainaren 8an (astelehena) jarriko da indarrean, gero eta gehiago baitira berriro aurrez aurreko arreta eskaintzen hasi diren udal zerbitzuak, hitzordua eskatuta gehienetan.

Maskara erabiltzeko obligazioak  hartzen joan diren prebentzio-neurriak indartzea du helburutzat, batez ere aurreikusten delako gero eta jende gehiago joango dela arreta eskaintzeko guneetara. Edonola ere, segurtasun distantzia gordetzeko eta eskuak garbitzeko eskatzen jarraituko da, eta horretarako gel hidroalkoholiko gehiago jarriko da behar den lekuetan.

Orobat, jende ugari sartzen den lekuetara doazen erabiltzaileei tenperatura ausaz hartzen hasiko da hemendik gutxira, garraio publikoan egiten den bezala. Udalak kontzientziazioaren beharra azpimarratzen jarraitzen du, eta koronabirusarekin lotutako sintomarik izanez gero pertsonak biltzen diren lekuetara ez joateko eskatzen.

 

 

Share

Minutu bateko isilaldia pandemiaren biktimengatiko dolu ofizialaren bukaeran

 

Alkateak hiriaren elkartasuna adierazi die “maite duten pertsona bat galdu eta hark merezi eta behar zuen bezala agurtzerik izan ez” duten pertsonei. 

Gaur gauerdian bukatuko da covid-19aren biktimen oroitzapenezko hamar eguneko dolu ofiziala; hori dela eta, Gasteizko Udalbatzak minutu bateko isilaldia egin du eguerdian, pandemian hildakoak gogoratzeko.

Alkate eta EUDELen lehendakari Gorka Urtaranek “hiriaren oroitzapena, maitasuna eta elkartasuna” adierazi die “maite duten pertsona bat galdu eta hark merezi eta behar zuen bezala agurtzerik izan ez duten pertsonei”.

Share

Udaltzainen eta suhiltzaileen esku-hartzeak

Azken 24 orduetan, Udaltzaingoak sei zirkulazio-istripu erregistratu ditu, eta horietan bi lagun zauritu dira. Horrez gain, ikerketapean du gidari bat alkoholaren eraginpean gidatzeagatik eta proba egiteari uko egiteagatik.

Sutea kamioi baten zaman

Suhiltzaileen parkeko kideek Julian de Arrese kalean su hartu zuen kamioi bateko zama itzali zuten. Abisua 09:40an jaso zuten, eta PSISZeko kide batzuk joan ziren urarekin garrak itzaltzera.

 

Share

43 zuhaitz ordezkatuko ditu Udalak Pilar eta Zaramaga auzoetan, Zuhaitzak Kudeatzeko Planaren barruan

Gereziondo, haritz eta intxaurrondoak jarriko dira egoera txarrean zeuden platano eta katalpen ordez

 

Dosierra Pilar Zaramaga zuhaitzak

Pilar eta Zaramaga auzoetan 43 zuhaitz ordezkatzen ari da Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Saila egun hauetan, Zuhaitzak Kudeatzeko Planean aurreikusitakoaren ildotik. Gereziondo, haritz eta intxaurrondoak jarriko dira egoera txarrean zeuden platano eta katalpen ordez, egokiagoak baitira espezie horiek ingurune horretarako, eta ederragoak. Espezie autoktono horiek zaintzea errazagoa da, eta merkeagoa, plaga-arrisku txikiagoa dute eta, gainera, inguruko biodibertsitatea hobetzeko balioko dute.

Kartelen bidez eman da lan horiei buruzko informazioa: Paraguai kalean, gereziondoak jarriko dira, 15 platanoren ordez; Caracas kalean, haritzak, 12 platanoren ordez; Paraguai kalearen eta Arriagako Kofradiaren artean, elorri zuri bat, platano baten ordez, eta Gasteizko Kuadrillaren kalean, gereziondoak, 15 katalparen ordez. Orobat kenduko ditu Udalak 22 zuhaitz: Gasteizko Kuadrillaren kalean, zedro bat eta hiru 3 zipres; Azazeta Mendatearen kalean, lau ezki; Honduras kalean, 13 platano, eta Paraguai kalearen eta Arriagako Kofradiaren artean, platano bat. Leku horietan ez da beste zuhaitzik landatuko, ez baitago nahikoa lekurik. Hori bai, Azazeta Mendatearen kalean, beste leku batean bada ere, bi gereziondo eta intxaurrondo bat landatuko dira.

Ordeztu edo kenduko diren zuhaitz gehienak platanoak eta katalpak dira, hots, Pilar eta Zaramaga auzoetan ugari diren espezietakoak, espaloietan eta eraikinen fatxadetatik gertu zeudelako baldintza egokietan hazterik izan ez dutenak.

“Lan tekniko eta zientifikoan oinarrituta kudeatzen dira hiriko zuhaitzak. Ulertu beharra dago zuhaitza ikuskatu ondoren hartzen direla erabakiak, tresnen bitartez aztertu eta erabateko ebaluazioa egin ondoren, hots, egoera fisiologikoa, sendotasuna eta hautsi edo erortzeko arriskua aztertu ondoren”, azaldu du Gorka Urtaran alkateak.

Pilar eta Zaramaga auzoetarako 2014an adostutako kudeaketa-planetan zona horretako zuhaitz-masa aztertu zen, eta inguruko bizilagunekin hitzartutako hainbat inausketa eta ordezkapen proposatu. Zuhaitz urtetsuak daude bi auzo horietan, eta hainbat arazo ematen dituzte: fatxadetatik oso gertu dauden tamaina handiko espezieak, espezie bakar baten nagusitasuna (platanoak), urteetan inausketa ugari egin zaizkien zuhaitzak… Senda ibilbideko eta Cervantes ibilbideko zuhaitzak ere aztertu ditu Udalak berriki, zein egoeratan dauden eta zein arrisku dituzten jakite aldera. Hain zuzen ere, ihartutako hainbat adar kendu dira Senda ibilbidean, erortzeko arriskua zela eta.

 

Arbolazaina

115.000 zuhaitz daude hirian, Eraztun Berdeko zuhaiztiez gain. Guztiek ere onuragarriak dira oso, gizarte osoarentzat eta ingurumenarentzat. Hori bai, konplexua da kudeaketa, eta planifikazioa eskatzen du. Hain zuen ere, Hiri Paisaiaren Atalean jardungo duen arbolazain profesional bat gehitu berri du Udalak plantillan, zeinen zereginen artean egongo baitira inausketen plangintza, zuhaitz-ordezkapenak, landaketak, ureztapenak, Hiriko Zuhaitzen Gida-planaren eta kudeaketa-planen jarraipena egitea, hiri-zuhaitzen arriskuen ebaluazioak egitea, hiriko zuhaitzen egoera fitosanitarioaren azterketak egitea, Hiriko Zuhaiztiak Kudeatu eta Babesteari buruzko Ordenantza berrikustea eta hiriko zuhaitzen inbentario digitala eguneratzea, besteak beste.

 

Zuhaitzak kentzea

Euskal Herria bulebarrean eta Zumakadi ibilbidean 23 zuhaitz moztera behartuko dute autobus elektriko adimentsuaren obrek hurrengo egunotan, eta kolektore bat ordezkatzeko obrek, berriz, Navarro Villoslada kaleko 7 zuhaitzi eragingo diete. Segur aski, datorren astean izango da hori.

 

Datu orokorrak

Gasteiz hiri osoan 115.000 zuhaitz inguru daude. Nahikoa da begiratu azkarra ematea Espazio Publikoaren Zerbitzuak sustatutako azken proiektuei egiaztatzeko Udala zuhaitzez hornitutako kalitateko espazio publikoak diseinatzen ari dela. Askotariko adibideak ditugu: hiri-bilbean (Tornay Medikuaren kalean eta Salvador eta Peru kaleetan lerrokadura-zuhaitz berriak landatzea), auzoetan (azpiegitura berdearen barruko proiektuak, Gasteiz Hobetuz programan sartutakoak), hiri inguruko parkeetan (Olarizuko lorategi botanikoa, Nebera gaina, Jundiz), eta abar.

Gainera, zuhaixka autoktono ugari landatu dira azken hilabeteetan, hegazti eta intsektuen biodibertsitateari mesede egiten diotenak, eta korridore ekologiko gisa balio dutenak; esate baterako, Zurbanoko atean edo Mariturri hiribidean. Anfibioentzako putzuak ere egin dira, Zabalganean, Ekialdeko parkean…

2016tik, 6.108 zuhaitz landatu dira Gasteizen, guztira 2.251 aleko saldo positiboarekin.

Share

Gazte plan berezi bat egingo du Udalak, hiriko eragileekin, pandemiaren ondoren kolektibo horrek dituen erronkei aurre egiteko

‘Gazte Plan’ berezi bat egingo du Gasteizko Udalak, hiriko hainbat eragilerekin batera, kolektibo horrek COVID19aren pandemiaren ondorio diren erronkei ahalik eta ongien aurre egiterik izan dezan. ‘Orain Gasteiz’ udal estrategiaren barruan sartzen da prozesu hori, eta urrira bitartean garatuko da, ‘Erronka: gazteak’ izenburuarekin. Une hau egokia da horrelako esku-hartze baterako, Udalaren IV. Gazte Plana burutu berri baitu Gazteria Zerbitzuak.

“Pandemiaren ondorengo egoera ekonomikoak, lan-merkatuaren bilakaerak eta COVIDak hezkuntzaren esparruan izan duen eraginak errealitate berri bat ekarri digute, eta errealitate horri aurre egin beharko diote hiriko gazteek, eta horretan lagundu beharra dauka gizarteak. Horregatik egin nahi dugu Gazte Plan hori, gazteekin batera. Bi fase izango ditu lanak: batetik diagnostikoa, bestetik neurriak ezartzea. Eta Gasteizen lanean diharduten gazte politiken arloko eragileekin, Udalbatzako talde politikoekin eta Gasteiz Gaztea taldea osatzen duten eragileekin egingo da”, azaldu du Gorka Urtaran alkateak. “Krisi honetatik ateratzeko modua berritzailea izango da, partaidetza bidezkoa, zeharkakoa, gazteek gidatua…”.

Udaleko talde politiko guztiek parte hartuko dute prozesu horretan, Gazteria elkargunearekin, Gasteiz Gaztea sareko entitateekin —besteak beste, EHU, hiriko bigarren hezkuntzako ikastetxe ugari, Ikaslan eta Egibide Lanbide Heziketako sarea eta enpleguaren eta kulturaren munduko eragileak—, eta Euskadiko Gazteriaren Kontseiluarekin batera. Azken horrek bideratuko du gazteen partaidetza, dela banaka, dela elkarteen bitartez.

Gazteria Zerbitzuak koordinatuko du lehen fasea. Krisiaren eragin sozioekonomikoaren eta bestelako arloetan —osasuna, prestakuntza, zaurgarritasuna— izan dituenen ondorio den egungo egoera aztertuko da bertan. Aldi berean, dokumentu adostu bat landuko da, datorren urtean —errealitate horri aurre egiteko— Udalaren gazte-politiken gidari izan beharko duten lehentasunak jasotzeko.

Bigarren fasean, hurrengo 12 hilabeteetan —2020ko urritik 2021eko urrira bitartean— gauzatu beharreko ekintza zehatzen proposamenak egingo dira, eta gazte-plan batean sartuko, guztien artean onetsi eta garatu dadin.

Prozesu horretan lagundu nahi dutenek, Gazteriako zerbitzu teknikoekin harremanetan jarri beharko dute, mezu elektroniko bat bidaliz —gazteria@vitoria-gasteiz.org—, telefonoz deituz —945 161368— edo Plaza Berriko Gazteen Argibideetarako Udal Bulegora joz. Atzo eman zen ezagutzera planteamendu hori, Gazteria elkargunean.

Share

Alkateak Ikusgune zoriondu du, egitekoak diren hauteskundeetan trans pertsonen eskubideak aldeztean “eredu” izateagatik

Hauteskunde Batzordeak LGTBIfobiaren Behatokiak egindako proposamen bat onartu du, genero-identitatea agiri ofizialean islatuta ez duten pertsonek boto eskubidea arazorik gabe baliatzerik izan dezaten

 

 

 

 

 

 

Gorka Urtaran alkateak Ikusgune-LGTBIfobiaren aurkako Gasteizko behatokia zoriondu du gaur, “egitekoak diren hauteskundeetarako trans pertsonen eskubideen defentsan eredu eta abangoardia izateagatik. Gasteiz aitzindaria izan zen Cuerda alkatearen garaian, berdintasunaren aldeko neurri apurtzaileak abiatu baitzituen, eta gaur Ikusgunek iragarri duen ekintzarekin eta antzekoekin lehen lerroan izaten jarraitzen du hiri inklusibo, berdintasunezko eta pluralaren eredu gisa“.

Alkateak gogorarazi duenez, Ikusgunek —Lumagorri ZAT-Zisheterosexismoaren Aurkako Taldearen proiektua, Gasteizko Udalaren laguntza duena— jardunbide egokien gida bat argitaratu du hauteskunde-mahaietako kideei zein hauteskundeetara aurkezten diren alderdietako ordezkariei (ahaldunak eta begiratzaileak) zuzendurik. Gidan zenbait jarraibide jasotzen dira trans pertsonen (edo genero-burokraziarekin bat ez datozen pertsonen) eskubideak errespetatzeko haiek botoa ematerakoan.

Ikusgunek Hauteskunde Batzordean erregistratu zuen “Hauteskunde-mahaiak osatuko dituztenentzako praktika onen gida”, haiek sentsibilizatu eta genero-identitatea agiri ofizialean islatuta ez duten pertsonek boto eskubidea arazorik gabe baliatzerik izan dezaten.

Hauteskunde Batzordeak Ikusguneren proposamena onartu du, eta Hauteskundeen Erregimen Juridikoaren, Zerbitzuen eta Prozesuen Zuzendaritzari eskatu dio hauteskunde-mahaietako kideak sentsibilizatzeko, genero-identitatea agiri ofizialean islatuta ez duten pertsonek boto eskubidea berme guztiekin baliatzerik izan dezaten, haien pribatutasuna eta intimitate-eskubidea babestuz.

 

hauteskunde-mahaiak gida

 

 

Share

Ekonomia berpizteko laguntzetara 775.000 euro bideratzea onetsi du Gasteizko Udalak

Ostalaritzarako, saltoki txikiak digitalizatzeko eta enpresa lokal txikietan enplegua mantentzeko laguntza-partida bana onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak, Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Sailak proposaturik. Maider Etxebarria lehen alkateordeak maiatzaren 20an aurkeztu zuen Gasteizko Ekonomia Suspertzeko Planaren barruan sartzen dira laguntza horiek.

Onetsi den lehenengo partida hiriko ostalaritza-establezimendu txikiei zuzendutako laguntzetarako izango da. Zenbatekoa bikoiztu egin da, 62.500 eurotik 125.000 eurora pasatu baita. 50 langile baino gutxiago dituzten enpresa txikiak ezartzeko, eraberritzeko, ekipamendua erosteko eta modernizatzeko laguntzak izango dira.

Bestalde, merkataritza txikiari —126.000 euroko partida bat bazen lehendik— eta ostalaritzari ematen zaion laguntza osatzeko, hirugarren neurri bat bultzatuko du Udalak, digitalizazioa eta internet bidezko merkataritza sustatzeko, “ez baita epe ertaineko aukera bat, ezpada aurrez aurreko salmentaren alternatiba, gero eta gehiago eskatzen dena”, azaldu du Maider Etxebarria lehen alkateordeak.

Gasteizek abian jarriko dituen digitalizaziorako laguntza berriek 100.000 euroko zuzkidura izango dute, hau da, dirulaguntza horiek lantzen ari zirenean —osasun-krisia baino lehen— aurreikusitakoaren bikoitza. Eraldaketa digitalerako dirulaguntzak telelanarekin, webgune korporatiboaren egokitzapen edo garapenarekin edo online merkataritza sartzearekin lotutako ekipamendu eta software informatikoko inbertsioak ordaintzeko erabiliko dira.

“Digitalizazioa inoiz baino presenteago dago, eta inoiz baino premiazkoagoa da. Tokiko saltoki txikiekin eta ostalaritzarekin egoteko eta eraldaketa horren aldeko apustuan laguntzeko unea da. Konfinamenduarekin baieztatu ahal izan dugu laguntza berri horien beharra, eta bikoiztu egin ditugu, ekimenak hobeto bultzatzeko”, zehaztu du Etxebarriak.

Enplegurako laguntzak gora

Azkenik, Ekonomia Suspertzeko Planaren barruan, enplegura bideratutako partida bat onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak. Laguntza horiek birformulatu egin dira, lanpostuak mantentzera bideratu. 450.000 eurotik gora izango dira —iaz baino 50.000 euro gehiago—, eta helburua da alarma-egoera deklaratu aurretik zegoen enplegua berreskuratzeko pizgarriak ematea 10 langile edo gutxiago dituzten enpresei, langile kontratatuak dituzten autonomoak barne, egoitza Gasteizen dutelarik.

Erantzunkidetasun publiko-pribatuko mekanismo gisa egituratuko da laguntza hori. 2.000 euro emango dira berreskuratutako lan-kontratu bakoitzeko, eta gehienez 6.000 euroko laguntza emango da enpresa bakoitzeko. Horren truke, alarma-egoera amaitzen denetik edo enpresa ERTEtik ateratzen denetik 4 hilabetez bermatu beharko da plantillari eustea. Gainera, balioespen-irizpide gisa, kontuan hartuko dira lan-kontratuaren kalitatea eta hobekuntza, eta lan-merkatu sartzea zailen duten kolektiboek enplegua berreskuratzea, hala nola 55 urtetik gorakoek edo emakumeek.

Deialdia Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita aurkeztu ahalko dira eskabideak.

Share

Gasteizek Klimaren eta Energia Iraunkorraren aldeko Alkateen Itunarekiko konpromisoa berretsi du

Gasteizek klima-aldaketaren kontrako borrokarekiko konpromisoa berretsi du, Klimaren eta Energiaren aldeko Alkateen Ituna sinatuz; Europako Batzordeak eta Alkateen Itunaren Europar Bulegoak sustatzen dute hori.

Joan den martxoan Bruselan ekitaldi bat egitekoa zen, baina nazioarteko osasun krisialdiak bertan behera uztera behartu zuen. Hala ere, eta Gorka Urtaran alkateak jakinarazi duenez, energia politiken alorreko zenbait konpromiso jasotzen dituen akordio hori sinatu du Gasteizek.

Hiriak Europa eta mundu mailan jaso dituen errekonozimenduak garrantzitsuak dira, baina orain erronka hiri benetan iraunkorra lortzeko neurriak arrakastaz garatzea da. Bide luzea dugu aurretik, eta ziur gaude egin beharra dagoela. Gure hiriak pauso garrantzitsuak eman ditu karbonoan neutraltasuna lortzeko. Eraikuntzetan emisioak murriztea eta mugikortasun eredu iraunkorrago baten aldeko apustua funtsezkoak dira modu koordinatuan garatzen ari garen zeregin horretan. Gainera, agenda argia dugu, gure Green Deal itunak markatua, hiri berdetik ekonomia berdera igarotzeko. Vitoria-Gasteiz Green Deal planak hori lortzeko garatzen ditugun ekimenak bideratuko ditu. Planetak dituen erronkei aurre egiteko irtenbideak erakartzea da asmoa, gure hirian lekua izan bailezakete”, azaldu du Gorka Urtaran alkateak.

2008an hartu zuen EBk klimari eta energiari buruzko neurri-multzo bat 2020. urteari begira. Ondoren, Europako Batzordeak Alkateen Ituna sortu zuen, tokiko agintariei laguntzeko energia iraunkorraren arloko politikak ezartzeko egiten duten ahaleginean. Alkateen Itunak tokiko eta eskualdeetako agintari ugari mugiarazi ditu klima-aldaketaren eraginak arintzeko ekintza-planak garatu eta inbertsioak horretara bideratu ditzaten. Alkateen Itunaren arrakasta ikusirik, 2014an Mayors Adapt ekimena sortu zen, kudeaketa publikoaren eredu berean oinarritua; horren bidez, hiriei eskatzen zitzaien konpromiso politikoak bere egiteko eta klima-aldaketaren ondorio saihestezinei aurka egiteko neurriak hartzeko.

Gaur egun, 57 herrialdetako 7.000 agintari (tokikoak eta eskualdeetakoak) bildu dira ekimenera, zeinek askotariko aktoreren partaidetza eta horretan diharduten bulegoen laguntza tekniko eta metodologikoa barne hartzen dituen mugimendu baten indarguneez baliatzen baitira.

Itunaren sinatzaileek ikuspegi komuna partekatzen dute 2050erako: haien lurraldeen deskarbonizazioa azkartzea, klima-aldaketaren ondorio saihestezinen eraginei egokitzeko gaitasuna handitzea, eta herritarrek energia seguru, jasangarri eta merkea eskuratu ahal izatea.

Klimaren eta Energia Iraunkorraren aldeko Alkateen Ituna sinatuz, Udalak konpromiso hauek hartzen ditu: berotegi efektuko gasen isurketen erreferentziazko inbentarioa eta klima-aldaketarekin lotutako kalteberatasunaren eta arriskuen ebaluazioa prestatzea; itunari atxiki eta bi urteko epean Klimaren eta Energia Iraunkorraren aldeko Ekintza Plana lantzea, eraginak arindu eta horietara egokitzeko alderdiak barne hartuz, eta egoeraren txostena egitea bi urtean behin, ekintza-plana ekimenaren plataforman argitaratzen denez geroztik.

 

 

 

 

Share