Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2020-06-04)

Prentsaurrekoa. Jardunbide Egokien Dekalogoa aurkeztea

Parte hartzaileak. Nekazaritza Eremuko zinegotzi Miren Fernandez de Landa

Eguna. Osteguna, ekainak 4

Ordua. 10:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share

Alkateak Gasteizko industriaren berrikuntzarako ahalmena nabarmendu du SDA Factory lantegira egindako bisitan

Gasteizko alkateak SDA Factory lantegiaren instalazioak bisitatu ditu gaur goizean, zeina ezagun egin baita egun hauetan, arropatik koronabirusa desagerrarazten duten bi lisaburdina eredu merkaturatzen aitzindaria izan delako. Gorka Urtaranek zuzenean ezagutu du ehunkien merkataritzaren alorrerako balio handia duen tresna horren fabrikazio-prozesua; izan ere, ehunak lurrun-kolpez desinfektatzea ahalbidetzen du, tenperatura altuan garbitu beharrik gabe.

Desinfektatzeko teknika berri horren onarpenak nabarmen handitu ditu Ehari-Gobeuko industrialdean kokatua dagoen enpresaren jarduera-aurreikuspenak. Ikertzeko, berritzeko eta egungo egoera larrian merkatuan sortzen diren beharrizan berrietara egokitzeko gaitasuna gure industriaren etorkizunaren bermerik onena da. Enpresa honek balio handia duen irtenbide bat proposatu du une zailean dagoen sektore batentzat, ehunkien merkataritzarentzat, osasunarekiko eta gure ekonomiarekiko inplikazioaren benetako eredua“, adierazi du alkateak.

Gasteizko SDA Factory lantegia 1977an jarri zen martxan, eta 200 langile ditu gaur egun. Nabarmentzekoa da enpresa horrek Europa osoko lisaburdinen %8 ekoizten duela.

Share

Gazte bat atxilotua exhibizionsimoagatik

Udaltzainek 21 urteko gazte bat atxilotu zuten atzo exhibizionismo-delitu baten ustezko egilea izateagatik.

Operazioen Zentralak Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalera joateko eskatu zieten udaltzainei. Izan ere, bertan, bide publikoan oihuka eta txistu botaz pertsona bat mozkortuta zegoela adierazi zuten. Lekukoen arabera, gazte hark jarduera lizunak egin zituen aurretik, pertsona batzuei, bi adingaberi barne, genitalak erakutsiz. Gaueko 22:00ak baino minutu batzuk lehenago, udaltzainek atxilotu eta Agirrelandako polizia-etxera eraman zuten izapidetzeak egiteko. Atxilotua gaur geratuko da epailearen esku.

Azken hogeita lau orduotan, Udaltzaingoak zirkulazioko zortzi istripu erregistratu ditu eta bi zauritu izan dira horietan.

Bi autoren gainera eroritako adarra

Suhiltzaileek atzo Paula Montal kalean zuhaitz bateko adarra erori zela zioen abisua jaso zuten. Adarra aparkatuta zeuden bi autoren gainera erori zen. PSISZeko kideek adarra kendu eta lorategien zerbitzuari gertatutakoaren berri eman zioten zuhaitza berrikus zezaten.

 

Share

Berriro ireki da kulturarako dirulaguntzen deialdirako epea

Ekainaren 8ra arte (astelehena) egin ahalko dira izapideak

 

Alarma egoera dela eta administrazio-epeak etenda egon dira, baina Gasteizko Udalak dagoeneko jarri du berriro martxan kultur proiektuak, ekitaldiak eta jaialdiak egiteko laguntzak eskatzeko prozesua. Ekainaren 8an (astelehena) bukatuko da dokumentazioa izapidetzeko epea.

Dirulaguntzen bidez sostengu eman nahi zaie hiriko kultur eskaintza zabaltzen eta hobetzen lagunduko duten kulturaren arloko sustapen-, sorkuntza-, prestakuntza- eta zabalkunde-ekimenei, tokiko eragileek antolatuz gero.

“Aparteko egoera batean gaude, eta laguntza hauek inoiz baino beharrezkoagoak dira. Kultur sektorearekin eskuz esku ari gara lanean, normaltasun berrirako programazioaren oinarriak ezartzeko. Orain inoiz baino beharrezkoagoa dugu elkarrekin lan egitea, Gasteizek kultur bizitza berreskuratzerik izan dezan“, adierazi du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

Sailak 200.000 euroko partida du laguntza horietarako, bi jarduera-ildotan banatuta. Lehenak 175.000 euroko zuzkidura du, hirian erreferente diren edo Gasteizen kultura sustatzera bideratuta dauden ekimen, jaialdi eta egitarauak antolatzeko, edozein alorretan delarik ere (arte eszenikoak, musika, ikus-entzunezkoak, letrak, folklorea, arte plastikoak edo beste).

Bigarrenak dinamizazio soziokulturalera, kulturartekotasuna sustatzera, bizitza kulturala bultzatzera, kultura integrazio eta gizarte-kohesiorako balio gisa garatzera, kulturaren alorrean garapen pertsonala garatzera (jakituria eta sormena sustatuz) eta abarretara zuzenduriko jarduera eta programak barne hartzen ditu, eta 25.000,00 euroko zuzkidura du.

 

 

 

 

Share

Luis Aranburu eskolak ikasle berrientzako preskripzio-epea irekiko du datorren astelehenean, ekainak 8

Lehenengo aldiz, izapidea internetez egin ahalko da

 Luis Aranburu musika eskolak ikasle berriek 2020-2021 ikasturterako aurretiaz izena emateko epea irekiko du datorren astelehenean, ekainak 8. Eskolak eskaintzen duen musika prestakuntza jaso nahi dutenek internetez eman ahalko dute izena lehenengo aldiz, udalaren webgunean (www.vitoria-gasteiz.org). Ekainaren 18an amaituko da epea.

“Aurten ikasgai berria sortu dugu, Eskolania. Hartara, abesbatza kantua ikasi eta landu nahi duten umeek, gure lurrean oso sustraitua dagoen tradizioa baita, hirian eskaera gehien duten zentroetako batean egin ahalko dute, Luis Aranburu musika eskolan“, iragarri du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

Eskola Arabako hiriburuko hirigune historikoaren erdian dago, eta adin orotako zaleei prestakuntza musikal praktikoa eskaintzea du helburu nagusitzat, baita aparteko bokazioa eta gaitasuna erakusten dutenei ikasketa profesionaletarako orientabidea eta prestakuntza ematea ere.

2020-2021 ikasturtean, gasteiztarrek hainbat musika-tresna jotzen ikasi ahalko dute: eskusoinua, baxu elektrikoa, klarinetea, klabezina, kontrabaxua, fagota, zeharkako txirula, gitarra, oboea, pianoa, saxofoia, tronboia, tronpa, tronpeta, tuba, biolina, biola eta biolontxeloa.

Beste ikasgai batzuk ere eskaintzen ditu eskolak: Musika Hastapenak (I. maila), Musikaren Lengoaia, Harmonia Modernoa, Talde Korala, Instrumentu Taldeak, Konboak, Bakarlaria, Eskolania eta Perkusioa.

Epeak

Izena emateko epea amaitutakoan zozketa egingo da lekuak aukeratzeko hurrenkera zehazteko, ekainaren 26an. Ondoren, ekainaren 29tik uztailaren 10era arte jarriko dira ikusgai zerrendak eskolako atondoan.

Irailaren 1etik 7ra esleituko dira lekuak, eta irailaren 1etik 11ra formalizatuko da matrikula, osasun egoerak ahalbidetzen badu.

Argibide gehiago nahi izanez gero, deitu 945 16 88 telefonora.

 

 

 

 

Share

Bihar hasiko da lanean Gasteizen aldeko itun ekonomikoa lortzeko ikerketa taldea

Ogasun Batzordeak Gasteizen aldeko itun ekonomikoa lortzeko ikerketa taldea sortzea onetsi du gaur. Maiatzaren 22ko osoko bilkuran talde politikoek onetsitako mozio baten emaitza da ekimena. Taldea bihar, ekainak 4, hasiko da lanean,13:00etan, eta Gorka Urtaran alkateak ere hartuko du parte bileran.

Alkateorde eta Ogasuneko zinegotzi Iñaki Gurtubaik gaur sortutako lantaldearen hiru ezaugarri nagusiak azpimarratu ditu: Udalbatzako sentsibilitate politiko guztiak ordezkatuta egotea, ahalik eta sostengu handiena duen akordio bat lortzeko asmoa, eta Udala hiriko osasun, gizarte eta ekonomia sustapenean eragile aktiboa izateko interes partekatua.

“Ikerketa talde honi ekiteko modurik onena aurrera begiratzea da. Oraingo egoera zailean, herritarrek benetan eskertuko dute jarrerak hurbiltzeko eta akordio bat lortzeko gaitasuna, ika-mika ibili beharrean“, esan du Iñaki Gurtubaik.

 

Share

REYE´B´AL lanak lortu du publikoaren saria Zirelako aukeraketan

Nazioarteko Elkartasuna elkartearen ekimenez, eta Alfonso Moral zuzendariaren gidaritzapean sortutako REYE´B´AL dokumental laburrak jaso zituen ikus-entzuleen boto gehien ZIRELAKO: ZINEMA ETA MEMORIAK laburmetraien erakustaldiaren aukeraketan.

36 film labur aurkeztu zituzten azaroa eta abendua artean, Gasteizko Udaleko Bizikidetza eta Aniztasun Zerbitzuak Zinhezba elkartearekin batera antolatutako ekimen honetan. Horietatik 6 aukeratu zituen ZIRELAKO epaimahaiak, eta maiatzaren 28an www.zirelako.com webgunearen bitartez egindako erakustaldian euskaraz ITXAROPENA  izenburua hartzen duen filmari eman zioten ikus-entzuleek lan onenari aitortza.

Dokumentala 2019an grabatu zuten Sololan, Guatemalan, eta bertoko emakumeen ahalduntze prozesuari buruz dihardu: emakume indigenek indarkeria matxistaren aurka modu antolatuan jarduten dute eta inpunitatearen bukaera aldarrikatu, munduko feminizidio indize altuenetarikoa duen herrialdean.

Erakustaldian lana ikusteko aukerarik izan ez zenutenok, hemen duzue beste aukera bat REYE´B´AL  film laburra ikusi ahal izateko: https://youtu.be/l6PpZEicbl0

Share