Prentsa Oharren banner

Gasteizko Udalak 73.000 euroko ekarpena egingo dio Euskaltzaindiari

 

Besteak beste, Gasteizko toponimia aztertzeko eta Euskara Ibiltaria erakusketa bultzatzeko baliatuko du Akademiak Udalaren aurtengo dirulaguntza.

Gasteizko Udalak eta Euskaltzaindiak laster sinatuko dute aurtengo lankidetza-hitzarmena, bi erakundeen arteko elkarlana sendotu eta hirian euskararen erabilera bultzatzeko. Gasteizko Udalak dagoeneko onartuta dauka dirulaguntzaren kopurua eta 73.000 euroko ekarpena egingo dio Euskararen Akademiari.

Akordioari esker, Elena Martínez de Madinak koordinatzen dituen Gasteizko toponimiaren inguruko lanekin jarraituko da. Aurten, Dibiña I datu-basea prestatu da, eta Abetxuku, Ihurre, Lopida, Arangiz, Andetxa, Foronda eta Mendiguren herrietako toponimoak aztertu dira. Horrela, Gasteizko Toponimia VII-Arratzua III lana ondoko asteetan aurkeztuko du Akademiak eta erabiltzaileen esku utziko du.

Bestetik, dirulaguntza honi esker, Gasteizko Udalak Oihanederren eginiko Euskara ibiltaria erakusketa interaktiboa ere babestu du.

Gasteizko udalbatzak eta Euskaltzaindiak 1996ko irailean sinatu zuten horrelako lehenengo lankidetza-hitzarmena. Geroztik, urtero berritzen dute konpromisoa. Alde batetik, Akademiak aholkularitza linguistikoa eskaintzen dio udalari; bestetik, udalerriko toponimia-proiektua jorratzen jarraitzen dute.

 

 

Share

(Audioz eguneratua ) Espazio Publikoak terrazen lizentzia berritzeko tramiteak arindu ditu

AMAIA BARREDO ZINEGOTZIAREN ADIERAZPENAK

Udalak behin-behineko baimena emango die iraungitako baimenak dituzten establezimenduei

 

Mugikortasun eta Espazio Publikoko Sailak hiriko ostalaritza-establezimenduek terraza-lizentzia berritzeko izapideak arindu ditu. Zehazki, Udalak behin-behineko baimena emango die mahai eta aulkiak jartzeko honako baldintza hauek betetzen dituzten negozioei: lizentzia iraungita izatea, aurreko lizentzia-tasen ordainketak egunean izatea eta Udalari lizantzia berritzea eskatu izana. Salbuespen-neurri hori COVID19 pandemiaren ondoriozko osasun-egoeraren ondorio da.

Amaia Barredo Mugikortasun eta Espazio Publikoko zinegotziak gaur goizean azaldu duenez, “formula honek ostalaritzako negozioei normaltasunera itzultzea errazten die, iraungitako lizentziei behin behineko balioa emanez. Establezimenduek baimen berezi hori izango dute berritzeko espedientea ebazten den bitartean, eta terrazarako azalera handitzea ere eskatu ahal izango dute. ‘Orain Vitoria Orain Gasteiz ‘estrategiak gure enpresei, saltokiei eta ostalaritzari laguntzea barne hartzen du. Orain, Gasteizen eta gure ekonomiaren alde dena eman behar dugu. Horregatik, erraztaileak izatea erabaki dugu”, adierazi du zinegotziak.

Irtenbide horri esker, berehala ebatzi ahal izango dira Udalean erregistratutako eta gaur egun ebazten ari diren eskaeren %60a, 170 inguru guztira. Gainerako %40a alta berrien eta inoiz lizentziarik izan ez duten establezimenduen ondorio da, baita egungo lizentzien aldaketen ondorio ere.

Share

Gasteizek auzo elkarteentzako dirulaguntzak onetsi ditu, 180.000 euroko zenbatekoari eutsita

Herritarren Partaidetzaren, Gardentasunaren eta Gizarte Etxeen Sailak eskaturik —Borja Rodríguez zinegotzia du buru— udalerriko auzo elkarteentzako dirulaguntzak onetsi ditu Tokiko Gobernu Batzarrak. Aparteko bilkura egin du Batzarrak, prozesua ahalik eta azkarrena izan dadin, alarma egoeraren hasieran etenda utzitako administrazio-epeak gaur hasi baitira berriro kontatzen. 2020an auzoetan dinamizazio eta partaidetza sozialean laguntzen duten proiektuak bideratzeko laguntzetarako kopurua bere horretan mantenduko da: 180.000 euro.

Borja Rodríguez, Herritarren Partaidetzaren zinegotzia: “Auzo elkarteek berebiziko zeregina dute Gasteizko auzoetan partaidetza sustatzen eta herritarrentzako gizarte eta kultura sarea osatzen. Sare horiek inoiz baino beharrezkoagoak dira gaur egungo aparteko egoeran. Hori dela eta, Partaidetza Zerbitzua auzo elkarteekin batera aritu da lanean alarma egoeran zehar, dirulaguntzak prest egon zitezen martxoan etenda utzitako administrazio-epeak berriro kontatzen hasten ziren lehen egunean onartu ahal izateko”.

Izan ere, COVID-19aren pandemiaren eraginez eten egin ziren administrazio-epeak, auzo elkarteentzako laguntza-deialdiari dagokion dosierraren izapideak barne, eta ondorioz, ezinezkoa zen eskabidea aurkeztu zuten elkarteei laguntzak ordaintzea.

Etenaldian, hala ere, Herritarren Partaidetzaren Zerbitzuko teknikariak proiektuak aztertzen eta balioesten aritu dira, deialdiaren oinarriei jarraituz. Apirilaren 20an, gainera, Herritarren Partaidetzaren Zerbitzuak zirkular bat bidali zien elkarteei, lasai egon zitezen; laguntza-deialdia zertan den azaltzen zien, eta egindako zenbait kontsultari erantzuten.

Osasun-alertak eragindako egoera berezia dela kausa, proiektuetako jardueretako asko zirkunstantzia aldakorretara egokitu beharko dira, eta osasun agintaritzak unean-unean ezartzen dituen arauetara. Proiektuko jarduerarik aldatu nahi bada idatziz eskatu beharko zaio Udalari, Herritarren Partaidetzaren Zerbitzuaren bitartez, eta hark aztertuko du aldaketaren bideragarritasuna, legezkoa eta egoki den ebaztearren, eta jarraipena eta kontrola kudeatuko.

Egiten diren jarduera guztiek osasun agintaritzak unean-unean ezartzen dituen osasunaren arloko arauak eta gomendioak bete beharko dituzte. Gainera, eta Gasteizko jaiak bertan behera uzteko erabakiaren ildotik, Gasteizko Udalak ez du baimenduko espazio publikoa eta udal titulartasuneko espazioak erabiltzea baldin eta jardueren ezaugarriak direla eta jendetza biltzeko aukera bada.

Elkarteak jakitun dira egiten ez diren jardueren aurrekontua itzuli egin beharko dutela deialdiaren berariazko oinarrietan ezarritako justifikazio-epean, baita egitea ezinezko gertatzen den jarduerei dagokiena ere.

Share

Gasteizko turismo bulegoak asteartean irekiko ditu ateak berriro

Gasteizko turismo bulegoak asteartean ekingo dio berriro jendaurreko arreta emateari, hiriko museoak eta interpretazio-zentroak irekitzearekin batera. Ordutegi hau izango du: astelehenetik larunbatera,10.00etatik 19.00etara; igande eta jaiegunetan: 11.00etatik 14.00etara.

Bulegoan telefonoz erantzun diete kontsultei alarma egoera dekretatu zenetik; orain kontingentzia plan bat landu dute zerbitzua ematean segurtasuna bermatu ahal izateko, bai bisitarientzat bai bulegoko langileentzat.

Besteak beste, nahitaezkoa izango da maskara eta gel hidroalkoholikoa erabiltzea, segurtasun distantzia gordetzea eta edukiera kontrolatzea. Orobat, segurtasun-arrazoiak direla eta, ezingo dira erabili bulegoko autozerbitzu eta autokontsultarako guneak.

Share

Lore-eskaintza Atarian, COVID-19aren pandemia bitartean zendu direnen omenez

 

 

 

 

 

 

Ekitaldia osasun krisialdian pertsona kuttunak galdu dituztenei doluan laguntzeko Betirako programa aurkezteko balio izan du

 

Gasteizko alkate eta EUDELeko lehendakari Gorka Urtaran COVID-19aren pandemia bitartean zendu direnen omenez Atarian egindako lore-eskaintzan izan da gaur goizean. Omenaldia Eusko Jaurlaritzak abiarazi duen osasun krisialdian pertsona kuttunak galdu dituztenei doluan laguntzeko Betirako programa aurkezteko ekitaldiaren barruan egin izan da, dolu- eta errespetu-ikur gisara.

Omenaldi-ekitaldia nenufarrak eta arrosak ipini dituzte Natura interpretatzeko Ataria zentroan; bertan parte hartu izan du baita Eusko Jaurlaritzako Enpleguaren eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek eta pertsona kuttunen bat galdu ondorengo doluan laguntzen duten zenbait kolektibo sozialetako ordezkariek ere.

Gaur lanean hasiko den Betirako programa, psikologo profesionalek artatutako doako zerbitzua, zeinak 900 908 744 telefonoaren eta www.betirako.org webgunearen bitartez, webgunearen bitartez laguntza emango baitie pandemia garaian zendu direnen senide eta adiskideei. Programaren xedea dolu traumatikoaren konplikazioak prebenitzea da. Eusko Jaurlaritzak uste du 400 familia jo ahalko duela zerbitzu horretara laguntza eske. Zerbitzua nahi duen ororentzako da, adinak batere inporta gabe.

Zerbitzua aurkeztu eta pertsona ukituengana hurbiltzeko asmoz, osasun-zentroetan eta udalen oinarrizko gizarte zerbitzuetan berariazko kanpaina bat egitea aurreikusten da. Alkateaz gain, ekitaldian Udal Musika Bandaren metal-boskote bat eta Gasteizko udal txistularien banda izan dira.

Share

Kontu-hartzaile nagusiak azpimarratu du Udalak aurrekontu-egonkortasunaren oreka lortu zuela 2019an

Kontu-hartzaile nagusiak 2019ko aurrekontu-egonkortasunari buruz egin duen txostena aztertuko du Gasteizko Udalaren Ogasun Batzordeak datorren asteazkenean; txostenaren ondorioetan azpimarratzen da udal gobernuaren kudeaketa ekonomikoak aurrekontu-egonkortasunaren oreka lortu zuela iaz. Orobat jakinarazten da bete egin direla zenbait parametro, hala nola zorraren muga eta hornitzaileei ordaintzeko batez besteko epea.

Aurrekontu-egonkortasuna kalkulatzeko, Udalaren finantzez besteko diru-sarrera guztien batuketa hartzen du aintzat kontu-hartzaileak (2019an 385,3 milioi euro izan ziren), eta epe bereko finantzez besteko gastuekin alderatzen ditu (372,1 milioi euro). Kopuru horiek alderatu eta Estatuko Kontu-hartzailetza Nagusiak zehazten dituen doikuntzak aplikatuta, egonkortasuna lortu da, Udalaren aldeko saldoa 10,4 milioi eurokoa baita, hau da, finantzez besteko diru-sarreren bitartez finantzatzeko ahalmena % 2,83koa izan zen.

Orobat azpimarratu beharra dago zor biziaren muga bete zela 2019an, 78,9 milioi euro izan baitzen. Gogoan izan behar da aurreko agintaldiaren hasieran zorra 100 milioi eurotik gorakoa zela. Aurrekontu-egonkortasunari buruzko txostenak jasotzen duenez, hornitzaileei ordaintzeko batez besteko epea 23,45 egunekoa izan zen iaz, araudiak eskatzen dituen 30 egunak baino nabarmen gutxiago.

Azkenik, kontu-hartzaile nagusiak jakinarazten du 2019an gainditu egin zela gastu-arauaren muga. “Aurrezpen garbia positiboa bada, aurrekontu-egonkortasuna bete badugu eta diru-sarrerak gastuak baino handiagoak izan badira, gastu-araua gainditu izanak erakusten du iazkoa inbertsio handiko urtea izan zela, hainbat obra hasi baitziren: autobus elektriko adimentsua, tranbia hegoalderantz luzatzea, Terrorismoaren Biktimen Oroitzapenezko Zentroaren ingurua eraberritzea, Tornay Medikuaren kalea eraberritzea eta beste hiri-proiektu asko“, azaldu du alkateorde eta Ogasuneko zinegotzi Iñaki Gurtubaik.

Gurtubaik erantzukizunez jokatzeko eskatu die oposizioko taldeei aurrekontu-egonkortasunari buruzko txostenaren ondorioak balioesteko orduan. “Udalaren diru-kutxan 68 milioi euroko zuloa utzi zuenak eta gainera 21 Zabalgunea sozietatetik gastu arrunterako 50 milioi eurotik gora atera zituenak ezin du orain zorroztasun ekonomikoaren leziorik eman”, amaitu du alkateordeak.

 

Share

Psiko-aholkularitzak 151 pertsonari eman die arreta COVID-19aren pandemiak eragindako itxialdian

Gasteizko Udalaren Psiko-aholkularitzak 151 pertsonari eman die arreta COVID-19aren pandemiak eragindako itxialdian. Zerbitzuak 14 eta 30 urte bitarteko gazteen bizipenak jaso eta partekatu ditu ziurgabetasuneko eta gizarte isolamenduko garai horretan. Bideo-deiak, posta elektronikoa, txatak eta telefonoa baliatu ditu esku hartzeko. Lehendik ere ohikoa zen erabiltzaileek telefono eta posta elektroniko bidezko arreta jasotzea. Orain, berriz, bideo-deiek oso harrera ona izan dute gazteen aldetik.

Arreta emandako pertsonei buruzko datuak:

Aipatu beharra dago kontsulta gehienak aurretik zerbitzura jotzen zuten pertsonek egin dituztela, konfinamenduarekin erlazio zuzenik ez zuten zailtasun edo arazoren batekin lotuta.

Itxialdian 151 pertsonari eman zaie arreta, eta 277 kontsulta egin dituzte. Horietako 143 erabiltzaileak ziren, eta beste zortzi ez; azken taldean sartzen dira gazteekin jardun ohi duten eragileak.

 

  Psiko-aholkularitza
Arreta emandako pertsonen kopurua151
Kontsulta kopurua277
Erabiltzaile kopurua143
Ez erabiltzaile kopurua8

 

Zerbitzuak erabiltzeko moduari dagokionez, 89 kontsultari bideo-deia baliatuz erantzun zaie; 132ri, posta elektronikoz, eta 56ri, telefonoz.

 

 Psiko-aholkularitza
Bideo-deia89
Posta elektronikoa132
Telefonoa56

 

Emandako aholku motari dagokionez, 13 aholkularitza puntualak izan dira; 103, aholkularitza jarraitukoak; 151, hitzordu eta ohartarazpenak, eta 11, jarraipenak.

 

 Psiko-aholkularitza
Aholkularitza puntuala13
Aholkularitza jarraitua103
Hitzorduak+ohartarazpenak151
Jarraipena11

 

Nola egin diote aurre gazteek konfinamenduari?

Konfinamenduan arreta jaso duten gazteei egoerarekin lotutako zenbait galdera egin zaizkie, nola zeuden aztertu ahal izateko eta itxialdiak haien osasun psikologikoan zuen eraginaz zer uste zuten jakiteko. Psiko-aholkularitzako taldeak erreakzio eta aurre egiteko modu ezberdinak topatu ditu. Pertsona batzuen kasuan, itxialdiak ezinegona arintzeko eta etxean konfort-gune bat topatzeko balio izan du; beste batzuei, aldiz, antsietate handiagoa ekarri die, eta zailtasun handiagoak izan dituzte beren ongizateaz arduratzeko.

Hori aintzat hartuta, gazteek gehien bat gai hauei buruzko aholkularitza eskatu dute:

 

  • Urduritasun orokorra, antsietatea, jarduera mental handiagoa, ideia berari bueltak ematea, mugitzeko behar handiagoa, lo egiteko zailtasunak… Sintoma horiek normalak dira bakartze, askatasun-gabetze eta ziurgabetasun egoera batean.
  • Gai akademikoekiko kezka, azterketak online egin behar izatea, kontrol eza, nola kontzentratu, nola antolatu…
  • Ezegonkortasun emozionala.
  • Bakardadeari aurre egiteko zailtasunak, tristezia sentipenak.
  • Familia barruko gatazkak: etengabe elkarrekin egon beharrak eta harreman batzuetan distantzia jarri ezinak iraganeko gatazkak ireki ditu berriro (“egoera honek gainezka egiten dit, ezin diot jauzi egiteko gogoari eutsi”).
  • Janariarekiko harremanaz hausnartzeko aukera, itxialdian harekiko harreman toxikoa izatearen kontzientzia.
  • Hala ere, nabarmendu beharra dago gazteek alde indartsu eta positiboak ere aurkitu dituztela egoeran. Badirudi egoerak balio izan duela:
  • Senideekiko harremana berreskuratzeko, familiarekin kalitateko uneak izateko.
  • Ordutegien gainean kontrol handiagoa izateko, antolatzeko orduan lasaitasuna irabazteko.
  • Nork bere buruarekin igarotako denboraz gozatzeko, eta egoera honetaz ikasteko (“harritu egin nau zein ondo eraman dudan bakardadea”).
  • Indartsuago sentitzeko, egoerari aurre egiteko zituzten baliabideak uste zuten baino handiagoak zirela ohartzean. (“nire mugak urrunago iristen zirela konturatu naiz, uste nuen baino gauza gehiagori egin ahal diedala aurre”).
  • Jarduera akademikoa gelditzean hobeto sentitzeko, ikasketekin lotutako arazoak eta ezinegona desagertu baitira.
  • Antsietate gutxiago sentitzeko, “bizitza” eta jarduna etxera mugatu baita; kontrol sentsazio handiagoa eta ezinegon txikiagoa.
  • Eguneroko arazoak erlatibizatzeko, egoera globalarekin alderatzean.

Oraingoz, psicoasesoria@vitoria-gasteiz.org posta elektronikoan eta 945 161 904 telefonoan jasotzen dituzten kontsultei erantzuten jarraituko dute.

Erantsitako agirian erabiltzaileek egindako hausnarketa batzuk agertzen dira, Psiko-aholkularitzako profesionalek jasotakoak. CONFINAMIENTO CUESTIONARIOS

Share

Gasteizko Udal Artxiboa, irekita jendearentzat

Gasteizko “Pilar Aróstegui” Udal Artxiboak gaur irekiko ditu ateak berriro jendearentzat, COVID-19a dela kausa martxoaren 13an itxi behar izan baitzen.

Osasunaren arloko agintariek gomendatutako neurrietan oinarritutako protokolo bati jarraituko zaio Arabako hiriburuko zentro horretan. Funtsak kontsultatu ahal izateko, hitzordua eskatu beharko da aurretik, 945 16 14 92 telefonora deituz eta archivo.0107@vitoria-gasteiz.org helbide elektronikora idatziz.

Eraikinean sartzeko maskara erabili beharko da, eta 2 metroko segurtasun distantzia gorde.

Dokumentazioa ukitu aurretik eta ondoren eskuak garbitu beharko dira; dokumentazioa kopiatu nahi dutenek argazkiak atera beharko dituzte, flashik gabe. Dokumentua kontsultatutakoan, 15 eguneko berrogeialdia igaro beharko du horrek, eta epe horretan ezingo da kontsultatu.

Herritar orok erabil dezake Gasteizko Udal Artxiboa. Gasteizko Udalak 1181az geroztik gaur egun arte sortutako agiriak gordetzen dira bertan. Bere dokumentu funtsaz gain, Udal Artxiboak era eta jatorri askotako funtsak kudeatzen ditu.

“Gasteizko dokumentazio altxorretako bat da. Irekitzen delarik, herritarrek beren ikerketa proiektuei ekin ahalko diete berriro. Hartara, beste urrats bat egiten dugu deskonfinamenduan, 2. fase honetan. Egunez egun ari gara lanean saileko beste zerbitzu batzuetan ere normaltasunera itzultzerik izan dezaten”, azaldu du Gasteizko Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

Itxita egon den bitartean, orotara 50 informazio-eskabide jaso ditu Artxiboak; bertako teknikariek horiek jaso eta tramitatu dituzte, kontsulta gerorako utzita. Eskabideei gaurtik aurrera erantzungo zaie, aldez aurretik hitzordua hartuta.

 

 

Share

Agindu judizial bidez atxilotua

Udaltzainek atzo 46 urteko emakume bat atxilotu zuten, hura bilatzeko, atxilotzeko eta Gasteizko 4. instrukzio-epaitegian aurkezteko errekisitoria judiziala zuelako,  Emakumea Madril kaleko etxean topatu zuten.

Asteburuan 31 zirkulazio-istripu gertatu dira eta 8 zauritu izan dira istripu horietan.

Su-garrak tximinia batean

Suhiltzaileek atzo ikatz bidezko berogailu baten tximinian sutea itzaltzen esku hartu behar izan zuten, Eskibelgo Gazteluaren kaleko etxe batean. Ke-aterabideak su hartu zuen barruan zikinkeria pilatuta zegoelako, eta horrek su-garrak eta ke handia eragin zituen.

PSISZeko kideek atzo A-2124an erabat kiskalita geratu zen ibilgailu bateko garrak itzali behar izan zituzten. Suak, gainera, errepideko ezpondan ere eragina izan

Share