Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2020-06-30)

Prentsaurrekoa. Udako kultur programazioa aurkeztea

Parte hartzaileak. Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Canto

Eguna. Asteartea, ekainak 30

Ordua. 12:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share

21 Zabalguneak beste 259.000 euro ordainduko ditu etxebizitzak birgaitzeko laguntzetan, obra amaiera egiaztatu dutelarik

EAJ, PSE eta PPk udal sozietateari 3,8 milioi euroko irabaziak ekar diezazkion lursail bat lehiaketara ateratzea adostu dute

Ordaintzeke zeuden eta dagoeneko obra amaiera egiaztatu duten etxebizitzak birgaitzeko laguntzak ordaintzea onetsi du gaur 21 Zabalgunearen kontseiluak. Orotara, udal sozietateak 259.131 euro ordainduko ditu.

Aurreko agintaldiaren amaieran aktibatu zuen Urtaranen gobernuak partikularrei eta auzokoen komunitateei irisgarritasunarekin eta etxebizitzak eraberritu eta birgaitzearekin lotutako obretarako emandako zenbatekoen ordainketa, horiek ordaintzeko beharrezkoa baitzen obra amaierako ziurtagiria aurkeztea (izapide hori ezinbestekoa da 21 Zabalguneak dirua ematerik izan dezan), eta sozietateak funtsak izatea.

2015etik 2018ra egindako laguntza-deialdiek 9,4 milioi euroko aurrekontua izan zuten guztira. Lau urte horietan, auzokoen komunitateek 5,5 milioi euroko obra-amaierak aurkeztu zituzten. 2019ko maiatzean egin zen azken ordainketa, 1,2 milioi, eta aipatutako 5,5 milioi horiek ordainduta zeuden ordurako.

Gutxi gorabehera 3,9 milioi euro geratu ziren ordaintzeke, eta udal gobernuak hitz eman zuen obra-amaierak ziurtatu eta sozietateak funtsak eduki ahala ordainduko zirela. 2019ko azaroan, 21 Zabalgunearen lehendakari Ana Oregik hau proposatu zion kontseiluari: maiatzetik ordura arte ziurtaturik eta ebatzita zeuden laguntzen ordainketa egunean jartzea, hots, 431.747 euro. Harrezkero, ordaintzeke zeuden  laguntzak ordaintzen joan dira.

Duela gutxi, Udalak 500.000 euro transferitu zituen ziurtatzen doazen laguntzak ordaintzeko, eta gaur onetsitako ordainketarekin, pendiente zegoen miloi eta erdi ingurutik 500.000 euro horien balioa duten laguntzak ebatzi dira.

Ana Oregik gogorarazi duenez, “hitz eman genuen bezala, emandako eta ziurtatutako laguntzak ordaintzen jarraituko dugu, sozietateak funtsak izan ahala”.

Horrekin lotuta, 21 Zabalgunearen kontseiluak erabaki du lantalde bat osatzea laguntzen araua berrikusteko. Lehendakariak laguntza-sistema aldatzeko proposamen bat eraman zuen kontseiluak duela gutxi egindako bilera batera, horren ordez etxebizitzak eraberritzeko lanak egiteko garaian laguntza behar handiena duten pertsonengana iritsi ahal izateko eredu berria ezartzearren, behar handiena duten eraikinak birgaitu daitezen, oraingo laguntza-sistemarekin gehienetan kanpoan geratzen baitira.

 

 

Diru-sarrerak lursaila salduta

 

Bestetik, 21 Zabalgunearen kontseiluak onetsi du “Larrein” 13. sektorean lursail bat saltzeko lehiaketa egitea, babes ofizialeko 124 eta 150 etxebizitza artean eraikitzeko (etxebizitzen tamainaren arabera). Horrek 3,8 milioi eurotik gorako irabazia ekarriko lioke udal sozietateari. EAJ-PNV, PSE-EE eta PPk onetsi dute erabakia.

Orobat,  Plaza Arkupedunean 3 areto enkantera ateratzea erabaki du 21 Zabalguneak, 381.000 euroan, Zabalganeko inguru horretako merkataritza sustatzearren.

 

 

 

 

 

 

 

 

Share

Gizarte Politiken Batzordea (2020-07-06)

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren, Gazteriaren, Berdintasunaren, Bizikidetza eta Aniztasunaren eta Garapenerako Lankidetzaren Batzordea (2020-07-06)

Gai zerrenda: Gizarte P B 06-07

Share

Larrialdietarako Arabako Funtsak 150.000 euro bideratuko ditu covid-19ak eragindako herrialdeetan bost lankidetza-proiektu garatzera

 

  • Gasteizko Udalaren eta Arabako Foru Aldundiaren laguntzaz, GKEek Sirian, Kongon, Ruandan, Ginean eta Burkina Fason egingo dituzte proiektuak

Larrialdietarako Arabako Funtsak, zeina Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak osatzen baitute, 149.800 euro bideratuko ditu covid-19aren pandemiak eragindako eta garapen-bidean dauden herrialdeetan bost lankidetza-proiektu garatzera. Orobat, funtsa eratzeko hitzarmenari ekarpen berriak egitea onetsi dute bi erakundeek: Gasteizko Udalak 132.000 euro jarriko ditu; Arabako Foru Aldundiak, 125.000 euro.

Gizarte Politiken zinegotzi Jon Armentiak eta Foru Aldundiko Gizarte Eskubideen eta Berdintasunaren zuzendariak aurkeztu dituzte orain arte onetsitako proiektuak, eta Araban egoitza dutelarik proiektuak eta horiek finantzatzeko eskaerak aurkezten dituzten erakundeei laguntzeko garaian funtsaren “arintasuna” eta “eraginkortasuna” nabarmendu dute.

Gasteizko Udaleko Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiaren esanetan: “Garapenerako lankidetza, eta Larrialdietarako Arabako Funtsa oraingoan, funtsezko elementua da pandemiak zenbait herrialdetan izan ditzakeen ezusteko ondorioei aurre egin ahal izateko, bertako pobreziak eta desberdintasunak covid-19ari erantzuteko gaitasuna murrizten baitute. Orain inoiz baino gehiago azpimarratu beharra dago osasunerako eskubidea eskubide unibertsala dela, eta Gasteizek eta Arabak tokian bertan eta nazioartean defendatzen dute”.

Nerea Melgosa, Arabako Foru Aldundiko Giza Eskubideen eta Berdintasunaren zuzendaria: “Gure bi administrazioek une zail bati aurre egin behar dioten une honetan egiten dugu ahalegin hau, COVID-19k Arabako ekonomian duen eraginaren ondorioz diru-sarrerak bat-batean jaitsi direlako. Baina badakigu herrialde txiroenei ematen diegun laguntza inoiz baino beharrezkoagoa dela, gaixotasunak epe ertain eta luzera izango duen eragin handiena jasango baitute”.

Funtsak proiektu hauek finantzatuko ditu:

  • Janariak, higiene- eta prebentzio-materiala eta herritarrak sentsibilizatzeko kanpainak Labé eskualdean (Fouta Djallon, Gineako errepublika). Herrialde hartako agintariek aitortu dute ez daudela prestatuta pandemiaren aurka egiteko, ez dutelako ez osasun-materialik ez azpiegiturarik. “Asociación unión y apoyo del hablante de Pilar (Hayal Pilar)” elkarte arabarrak eskatu du laguntza, bazkideak Labé eskualdekoak baitira. 30.000 euroko zuzkidura jasoko du proiektuak.
  • Esku-hartzea Burkina Fason, Bam probintzian, bereziki Kongoussi hirian. Herrialde horretako osasun-azpiegiturak oso egoera txarrean daude. Aipatutako eskualdean, zehazki, herrialdeko beste toki batzuetatik lekualdatutako pertsona ugari dago. ADRA entitateak tokiko antolakunde bat du lekuan bertan; prebentzio-materialak jarriko ditu, eta egoera larrian dauden 300 etxegunetarako babes-ekipoak eta janaria erosiko ditu. 30.000 euroko zuzkidura jasoko du proiektuak.
  • Espainiako UNICEFentzako laguntza. Siriako UNICEFen bitartez ura, saneamendua, higienea eta babes-materiala helaraziko ditu, Siriari laguntzeko makroprograma baten barruan. Orotara 30.000 euroko ekarpena jasoko du horrek.
  • Manuel Iradier elkarte afrikanistaren proposamena, Uvira hirian (Hego-Kivu, Kongoko Errepublika Demokratikoko ekialdean) izandako uholdeen eragina arintzeko proiektu bat garatzeko. Pax Christi Uvira GKEarekin batera lan egingo du; erakunde horrek 17 urteko ibilbidea du, eta besteak beste, lekuz aldatutako pertsonekin, errefuxiatuekin eta larrialdi-egoeran dauden pertsonekin lan egin dute, batzuetan Larrialdietarako Arabako Funtsaren laguntzarekin. Janaria, jantziak, etxeko tresnak eta covid-19ari aurre egiteko higiene- eta prebentzio-materiala jarriko dute. 30.000 euroko zuzkidura jasoko du proiektuak.
  • Ruandan esku hartzea, Kamonyi barrutian (Hegoko probintzian). Pandemiak eragin badie ere, esku-hartzea ez dago horrekin lotuta zuzenean. Izan ere, duela urte batzuetatik hona, eurien sasoiak euri-jasak, uholdeak, haizete bortitzak eta lur-jausiak ekarri ohi ditu, gero eta larriagoak, klima-aldaketaren eraginez. Medicus Mundik koltxoiak, mantak eta esterilak, teilatuetarako xaflak, iltzeak, ur-deposituak eta ura edateko on bihurtzeko eguzki iragazkiak eramango ditu. Horretarako, 29.800 euro emango dizkio Larrialdietarako Arabako Funtsak.

Share

Udaltzainek hiru gizonezko atxilotu zituzten erasoak egiteagatik

Udaltzainek, atzo goizean, 20 urteko gazte bat atxilotu zuten bikotekide ohiari eraso egiteagatik genero-indarkeria delituaren ustezko egile gisa.

092an abisua jaso ondoren, patruila bat Urbina kalera joan zen. Bertan, emakumea topatu zuten bekain batean lesioak zituela. Bikotearekin hitz egin ondoren, udaltzainek gizonezkoa atxilotu zuten. Gaur goizean epailearen esku geratu da.

 

Agintaritzaren aurkako erresistentzia

Udaltzainek 46 urteko gizonezko bat atxilotu zuten larunbat gauean erresistentzia, desobedientzia larria eta poliziari atentatu egitearen ustezko egilea izateagatik.

21:30ean, abisua jaso zuten San Frantzisko Kantoiaren eta Aiztogile Kalearen arteko izkinan norbait erasokor zebilela esanez. Udaltzainek San Frantzisko Aldapako taberna batean topatu zuten eta, poltsikoetan zuena erakusteko eskatu ziotenean, ez zion aginduari jaramonik egin. Arma zuria izateko arriskua zegoenez, kanpora atera zuten.

Gizonezkoak erresistentzia handia erakutsi zuen, kalteak eragin zituen metalezko gortina batean, udaltzainen aurka egin zuen, eta azkenean atxilotu egin zuten. Guardiako epaitegian zegozkien eginbideak egin ondoren, aske utzi zuten.

 

Etxeko indarkeria  

Udaltzainek ostiral arratsaldean 35 urteko gizonezkoa atxilotu zuten etxeko indarkeria-delituaren eta agintaritza-agenteen aurkako atentatuen ustezko egilea izateagatik.

18:30 baino minutu batzuk lehenago, 092ra egindako dei batean udaltzainen laguntza eskatu zuten Santa Luzia auzoko etxe batean oihuak eta kolpeak entzuten zirelako. Patruila bat bertaratu zen, eta gizonezko bat topatu zuten ama astintzen ari zela. Gizonezkoak udaltzainen aurka egin zuen, eta beraz, atxilotu egin zuten. Larunbatean epailearen esku geratu zen.

 

Suhiltzaileak

Suhiltzaileak atzo Gardelegi zabortegira joan ziren, zabor pila batean sute txikia sortu baitzen. Lurrez estalita itzali zuten, instalazioko bertako makina pare batekin.

 

Share