Prentsa Oharren banner

Tuvisak egunean bitan garbitu eta desinfektatzen du autobus-flota COVIDaren aurkako produktu espezifikoekin

TUVISA udalaren garraio enpresak COVID-19aren aurkako produktu espezifikoekin garbitu eta desinfektatzen ditu Gasteizko kaleetan dabiltzan autobus guztiak. Koronabirusaren aurkako higiene-neurri prebentiboak areagotu egin ziren flota osoan eta konpainiaren instalazioetan pandemia hasi zenetik. Gaur egun, gaueko garbiketa eta desinfekzioa egiten da, astelehenetik igandera, eta eguneko aparteko garbiketa erregulazio-geldialdietan.

Ibilgailuak gauez garbitu ohi ziren orain arte. COVID-19a dela eta hartu zen lehen erabakia izan zen gaueko garbiketa hori indartzea, ahalmen desinfektatzaile eta biruzida handiagoko produktuak erabiliz, bai lurzoruetarako, bai pertsonekin kontaktua duten elementuetarako, bai gidarien postuetarako. Zehazki, Klorex Plus (hipoklorito sodikoa oinarri duena) erabiltzen da lurzoruetarako eta Limoseptol Plus autobusen elementu bertikaletarako: gelditzeko botoiak, eskudelak, heldulekuak/barrak; gidariaren eremu pertsonala, eserlekuak eta kobratzeko sistemak. Produktu hori osasun-zentroak (ebakuntza-gelak barne) garbitzeko erabiltzen den detergente sanitarioa da, ahalmen bakterizida, leburizida, fungizida eta biruzida duena, eta Osasun Ministerioaren webgunean argitaratutako produktu biruziden zerrendaren barruan dago. Pandemiaren une gorenean, ohi baino pertsona bat gehiago sartu zen garbiketa-taldean, baina orain ohiko taldera itzuli da, kaleetan zerbitzua ematen duten autobusen erabilera murriztu delako. Gaur egun, Tuvisak ohiko zerbitzuen % 60 ematen du, eta horrek ibilgailu gutxiago zirkulatzea eskatzen du.

COVIDaren aurkako prebentzio-neurri gisa, eta salbuespenez, Tuvisak enpresa espezializatu bat kontratatu zuen martxoan, astelehenetik igandera (09.00etatik 17.00etara) autobusak berriro garbitu eta higienizatzeko, produktu desinfektatzaile batez. Garbiketa horiek amaierako geltokietan edo ordutegi-erregulazioko geldialdietan egiten dira. Horretarako kontratatutako langileek bereziki barandak, eskudelak, eserlekuen heldulekuak edo gelditzeko botoiak garbitzen dituzte, besteak beste, baita gidarien gunea ere. Era berean, bakterizidak, fungizidak, esporizidak eta biruzidak erabiltzen dituzte.

Horretaz gain, TUVISAk konpainiako instalazioen eta lanlekuen garbiketa eta desinfekzioa areagotu du, hirian banatutako gidarientzako komunak barne.

Udal Gobernuak gogorarazi nahi du Udala zein TUVISA COVIDaren aurkako prebentzio neurriak ezartzen ari direla pandemia hasi zenetik. “Onartezina da egungo egoera kritikoan, deseskalatzeko eta normaltasunera itzultzeko prozesu betean, enpresa-batzordeak zorrotza eta egiazkoa ez den informazioa helaraztea garraio publikoaren erabiltzaileei. Erantzukizuna eskatzen diegu beren aldarrikapenak plazaratzeko orduan. Autobusen garbiketa eta desinfekzioa osasun-gomendioak kontuan hartuta egiten da, jakina“, azaldu du Tuvisako lehendakari Amaia Barredok.

Share

Prentsa-deialdia (2020-06-12)

– Gorka Urtaran alkatearen prentsaurrekoa

Gobernu-batzordearen ondoren, Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Udalaren gaur egungo gaiak hizpide izango ditu.

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Ostirala, ekainak 12

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

 

Share

Kirolklub ekainaren 15ean hasiko da berriro jardunean

 

  • Gehieneko edukierak ezarri dira Mendizorrotzeko eta Gamarrako instalazioetan, eta aurretik hitzordua eskatu beharko da

 

Kirolklub udalaren kirol zerbitzuak —Mendizorrotzean eta Gamarran ditu instalazioak– datorren astelehenean, ekainak 15, irekiko ditu berriro ateak. Deseskalatzearen 3. fasearekin batera itzuliko da jardunera, segurtasuna bermatzeko beharrezkoak diren protokolo guztiak ezarri ondoren, betiere higienearekin eta urruntzearekin lotutako oinarrizko printzipioak eta arauekiko errespetua kontuan hartuta.

Kirolkluben instalazioetara sartzeko aldez aurretik hitzordua eskatu beharko da, bai zuzendutako jardueretarako, bai fitness-aretoak erabiltzeko. Fitness-aretoen kasuan, pertsona eta egun bakoitzeko 90 minutuko erabilera-muga ezarri da; bestetik, gehienez 30 minutuz erabili ahalko dira kardio-ekipoak. Jardueraren erreserba web edo telefono bidez egin ahalko da.

Era berean, distantzia fisikoa ziurtatzeko gehieneko edukierak zehaztu ditu. Mendizorrotzeko Kirolklubean, gehienez 185 pertsona sartu ahalko dira; Gamarrako Kirolklubean, berriz, 149.

Erabilera-kuotei dagokienez, irekiera-egunetik bertatik hasiko dira kobratzen, eta baliatu gabeko aldiari dagozkion kuotak doitzen. Era berean, aurreikusi denaren arabera ekainaren 30ean normaltasun berrian sartu arte, arrisku-taldeetako kideek, COVID-19 gaixotasuna dutenek edo arrazoi horrengatik berrogeialdia egin behar izan dutenek bazkide izaten jarraituko dute, “0 kuota” deritzon figura berriaz baliatuz.

Instalazioetan informazio-panelak jarri dira, sartzeko, zuzendutako jarduerak egiteko eta fitness aretoak erabiltzeko argibideekin. Informazio hori guztia www.kirolklub.com webgunean ere eskura daiteke.

“Gure kirol instalazioak pultsua berreskuratzen ari dira, inoiz ezagutu gabeko egoera igaro ondoren. Egunotan kirol federatuaren entrenamenduak hasi dira berriro, eta datorren astean Kirolklub itzuliko da, osasunari lotutako kirola sustatzeko gure politiken barruan balio handiko zerbitzua “, adierazi du Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lopezek.

Konfinamenduaren hilabeteetan, Kirolklubek #YoEntrenoEnCasa ekimena bultzatu du. Ekimen horren bidez, hainbat entrenamendu edo klasetako bideoak argitaratu ditu, etxetik egin ahal izateko.

Share

Udaltzainen eta suhiltzaileen esku-hartzeak

Azken 24 orduetan, Udaltzaingoak zazpi zirkulazio-istriputan lagundu behar izan du eta lagun bat zauritu da horietan.

Sutea garbiketa-makina batean

Suhiltzaileek doitasun altuko garbiketa-makina batean gertatu zen sutea itzaltzeko lan egin behar izan zuten atzo Behenafarroa kaleko lokal komertzial batean. Sutea itzali ondoren, suhiltzaileek establezimendua aireztatu zuten.

Musikaren ibilbidean ere lagundu behar izan zuten, sastraka batzuetan piztu zen sute txikia itzaltzeko.

 

Share

Udalak eta Eusko Jaurlaritzak Gasteizko enpresetan ekonomia zirkularra sustatzea adostu dute

 

  • Euskadiko Ekonomia Zirkularrerako 2030 Estrategiaren testuinguruan sinatu da hitzarmena, zeinaren bitartez jarduera zirkular berritzaileak sustatuko diren, beste euskal udal batzuentzako eredu.
  • Erakunde bakoitzak 15.000 euro ipiniko ditu urtean programa garatzeko

Gasteizko Udalak eta Ihobe sozietate publikoak –zein Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari atxikia baita– lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute gaur goizean, Gasteizko enpresen artean ekonomia zirkularra sustatzeko asmoz.

Gaur goizean aurkeztu dute erakunde bien artean sinatutako hitzarmena Gasteizko Udaleko lehen alkateorde Maider Etxebarriak eta Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen sailburuorde Elena Morenok; azken honek esan duenez, hitzarmenak “ekonomia zirkularra udalerriko enpresen artean txertatzen lagunduko du, gainerako euskal udalentzako eredu eta erreferentzia izango diren egintza berritzaile batzuen bidez”.

Egintza horien artean, besteak beste, Ekonomia Zirkular eta karbono-emisio txikikoan ekiteko udal plana osatuko da, Gasteizko udal-mugarteko industrialdeetan material-, energia- eta hondakin-fluxuen mapa osatuko da, eta aholku emango zaie enpresa txiki eta ertainei (ETE), ekoizpen-efizientzia hobetzeko proposamenen bidez baliabideen kontsumoa optimizatzeko.

Hauxe da lortu nahi den helbururik esanguratsuena: Gasteizko enpresekin batera lehengaien berrerabilpenean oinarritutako jokamolde zirkularrak bilatzea, gero beste udal batzuk antzekoak aplikatu ahal ditzaten beren ingurunean. Plana osatzetik espero den emaitzetako bat zenbait udal-arlo (ekonomia-sustapena, hirigintza, mugikortasuna, ingurumena, etab.) integratzearen bidez konponbide integralen aurkikuntza da. Asmo horrekin, metodologia jakin bat osatuko da, gero beste eremu geografiko batzuetan erabili ahal izatea erraztuko duena.

Entitate bakoitzak 15.000 euro emango dizkio urtean hitzarmenari, eta indarrean izango da 2021eko abenduaren 31ra arte, eta urteko kudeaketa-planak ezarritako eranskinak sinatuko dira. Gasteizko Udalari dagokio hitzarmenean jasotako jarduerak burutza, horretarako Ihobe sozietate publikoaren laguntza izango duelarik.

Euskadiko Ekonomia Zirkularrerako 2030 Estrategiaren (betan kokatzen baita hitzarmena) xedeak Euskadiko ekonomia eredu zirkular baterako trantsizioa sustatzea, eta Euskadi Europan ekonomia zirkularreko erreferente gisa kokatzea dira. Estrategia horretan tokiko esparruan garatzeko (Gasteizen egingo den modura) jarduera ugari aurreikusten dira.

Gasteizko Udaleko lehen alkateorde Maider Etxebarriak Gasteizen bi ezaugarri azpimarratu ditu, izaera industriala batetik, eta iraungarritasunaren aldeko jarrera garbia bestetik, bi elementu “funtsezko, bertako enpresen eskutik ekonomia zirkularreko estrategietan hiri erreferente bihurtzeko”.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen sailburuorde Elena Morenok duen garrantzia aitortu dio Eusko Jaurlaritzaren eta Gasteizko Udalaren arteko lankidetzari, eta, esan duenez, lehengaiak berrerabiltzean oinarritutako konponbide zirkularra “gure komunitatearen iraungarritasunaren alde jokatzeaz gain, gure industria-sektorean lehiakortasunaren eta enplegu-sorreraren aldeko giltzarri bihurtu daiteke”.

Share

Tokiko Gobernu Batzarra (2020-06-12)

Webgunean Tokiko Gobernu Batzarra 2020ko ekainaren 12an (ostirala), 9:00ean, egingo duen ohiko bilkuraren gai-zerrenda

Share