Prentsa Oharren banner

Udalak lehengoratu egingo ditu zenbait kaletan behin-behineko zabaldu ziren espaloiak

Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak dagoeneko egin du Artapadura kaleko bidegorria eta hasi da Legutioko Atekoarekin, ‘Orain Gasteiz’ planaren barruan

 

Udalak lehengoratu egin ditu deseskalatzean zenbait kaletan behin-behineko zabaldu ziren espaloiak. Zehazki, Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak Ramiro Maeztu eta Domingo Beltran de Otazu kaleetan esku hartu du, trafikoa berriro handitzeak zirkulatzeko zailtasunak eragin baititu azken egunetan.

Orobat, alarma egoera amaitzen denean kendu egingo dira zenbait kaletan oinezkoentzako behin-behineko espazioak mugatzeko jarri ziren piboteak eta hesiak, zehazki, Manuel Iradier, Florida, Frantzia eta Ortiz de Zarate kaleetan. Zadorra hiribidean, berriz, erreietako batek itxita jarraituko du oinezkoen eta bizikleten mugikortasuna errazteko, URA inguruan egiten ari den lana bukatu arte.

Bestetik, aurrera jarraitzen dute Orain Gasteiz planaren barruan zortzi kilometro bizikleta-bide sortzeko lanek. Gaur goizean bertan ia osorik egin da Artapadura kaleko bizikleta-bidea, eta aste honetan zehar Gamarrako atera joango da taldea. Leku horretan egingo da esku-hartze anbiziotsuenetako bat, Kantabrikoaren hiribidea eta Zadorra hiribidea lotzeko. Legutioko ateko bidegorriko obrak ere gaur hasi dira. Ozeano Barearen kalean ere hurrengo egunetan hasiko da esku-hartzea.

Artapadurako bidegorria

Artapadurako bidegorria

Artapadurako bidegorria

 

Share

Prentsa-deialdiak (2020-06-16)

Prentsaurrekoa. Mendizorrotza eta Gamarrako igerilekuetako udako kanpaina aurkeztea

Parte hartzaileak. Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lopez

Eguna. Asteartea, ekainak 16

Ordua. 11:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share

Alkatea eta Bizikidetza eta Aniztasunaren zinegotzia ONCEren saltzaileekin izan dira Gasteizen berriro lanean hasi diren honetan

Besteak beste, ONCEk Jesusen Zerbitzarien Fundatzailearen kalean duen kioskoan ospatu da gaur goizean kupoiaren saltzaileak kaleetara itzuli izana. Alkate Gorka Urtaran eta Bizikidetza eta Aniztasunaren zinegotzi Miren Fernández de Landa salmenta gune horretako arduradun Alex Barrero, Arabako ONCEko zuzendari Concha de la Fuente eta ONCEren Euskadiko Lurralde Ordezkaritzako lehendakari Rafael Ledesmarekin batera izan dira hiru hilabeteko geldialdiaren ondoren normaltasunera itzultzea irudikatzeko ekitaldian.

Gorka Urtaranek ONCEk Gasteizko gizarteari egiten dion ekarpen handia azpimarratu du. “Denok genuen pertsona horiekin berriro kontaktuan egoteko gogoa, kupoia salduz kaleetara itxaropena itzuli dela adierazten baitute” esan du alkateak. Bilbon eta Donostian ere egin dute herritarrekin berriro elkartzeko ekitaldia.

Arabako ONCEko hirurogeita hamar saltzaile hasi dira berriro jardunean, beren lana berme guztiekin egiteko behar diren segurtasun-neurriak hartuta eta babes-materialez hornituta.  #LaIlusiónPuedeConTodo lemaren pean, aste honetan jaulkitzen diren kupoiek COVID-19aren pandemiari aurre egiteko gizarte erronkaren alderdi ezberdinak sinbolizatuko dira.

Share

Poetak maiatzean jaialdiak online egindako lehiaketetako sariak banatu ditu

Maiatzaren 8tik 30era bitartean, 70 jardueratik gora egin zituen internetez

Gaur goizean banatu dira Hunkitu Arte elkarteak antolatzen duen Poetak maiatzean jaialdiaren zortzigarren edizioko sariak; aurten online egin dira horiek. Vital Fundazioa Kulturunean izan da ekitaldia, Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok, Kultura eta Hezkuntza foru diputatu Ana del Valek, Vital Fundazioaren zuzendari Arantxa Ibañez de Opacuak eta Poetak maiatzean jaialdiaren zuzendari Elisa Ruedak parte hartu dutelarik.

Hasteko Elisa Ruedak hitz egin du, eta jaialdiaren edizio berezi bezain konplexu honen gorabeherak azaldu ditu. Ondoren, lau lehiaketetako irabazleen bideo bat proiektatu da.

Vital Fundazioaren zuzendari Arantxa Ibañez de Opacuak eman dizkie sariak “Errezitaldia leihoan” lehiaketaren irabazleei, zeinaren bidez nork bere olerkiak edo besterenak leihotik edo balkoitik errezitatzen baitzituen. Kay Olabuenagak lortu du lehen saria, eta Ander López de Goikoetxeak bigarrena.

Kultura eta Hezkuntza foru diputatu Ana del Valek, berriz, “Poesia airean” ataleko sariak banatu ditu; sorkuntza eta poesia sustatu nahi ziren horren bidez, olerkiak modu ezberdinez adierazita. Gurutxe Ramírek irabazi du lehen saria, eta Iker Etxanizek bigarrena.

Gasteizko Udaleko Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok “Bertsoaren izkina” lehiaketaren sariak eman ditu: 8 eta 25 urte bitarteko ume eta gazteentzako bideo-poemen lehiaketa zen, eta Sanguita Oiarzabalek zein  Macarena Gálvezek lortu dituzte lehen eta bigarren sariak, hurrenez hurren.

Azkenik, Elisa Ruedak eta  ‘Down Araba- Isabel Orbe’ elkarteko kide Aitor Cuestak “Berbapeko askatasuna” sariak banatu dituzte; Zaballako espetxeko presoekin batera egin da lehiaketa hori. Rozilene de Fátimak lortu du lehen saria; Zaloa Presumidok, bigarrena, eta Jairo Carmenak, hirugarrena.

Amaitzeko, jaialdian “Eta hitzek dantza egiten dute” jardueraren barruan “Down Araba-Isabel Orbe” elkarteak landu zituen bideoak proiektatu dira.

Poetak maiatzean maiatzaren 8tik 30era egin zen, eta 70 jardueratik gora antolatu ziren online. Horietako 16 zuzenean eman zituzten jaialdiaren web-orrian, YouTuben eta Instagramen, eta batera 500 pertsona biltzera iritsi zen une batzuetan.

 

Informazio gehiago (https://poetakmaiatzean/lehiaketak/)

Share

Erakundeen bisita Arabako Elikagaien Bankura

Gasteizko alkate Gorka Urtaran,  Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentia, eta Gobernuaren ordezkari Euskal Autonomia Erkidegoan Denis Itxaso Arabako Elikagaien Bankuaren instalazioetan izan dira gaur goizean, 2020ko elikadura laguntza-programaren lehen fasearen hasiera dela eta.

Ekimen horren bidez, 88.448.397 janari kilo banatuko dira Estatu osoan; saskiak arroza, indabak, esnea, olioa, kontserbak, pasta, gailetak, fruta eta umeentzako pototxoak barne hartuko ditu. Araban, lehen fasean, 62.212,4 janari kilo banatuko zaizkie 3.783 onuraduni.

Alkateak Arabako Elikagaien Bankuak egiten duen lana eskertu du, eta azpimarratu du Gasteiz “komunitate solidarioa dela, zeina denon lanari esker aterako baita aurrera“.

Share

Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzuak Gasteiz suspertzeko prozesuan parte hartzera animatu ditu umeak eta nerabeak

Ekainaren 22an (astelehena) bilduko da Haur eta Nerabeen Elkargunea

Udaleko Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzuak Gasteizko haur eta nerabeak hiria suspertzen inplikatu daitezen nahi du. Horretarako, koronabirusaren osasun-krisialdia haien bizitzetan zein eragin izaten ari den eta errealitate berriari aurre egiteko zer proposatzen duten jakin nahi du.

“Aurtengo ikasturtea oso ezberdina izan da. Konfinatuta egon gara, aurrez aurreko klaseak eta jarduerak bertan behera geratu dira, eta horrek egokitzera behartu gaitu, eta haur eta nerabeen partaidetza sustatzen jarraitzeko alternatibak bilatzera“, gogoratu du Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak.

Horrekin lotuta, esperientziak eta proposamenak gutun, bideo edo marrazkien bidez azaltzeko proposatu die Udalak ume eta nerabeei, eta horiek  aktibatu@vitoria-gasteiz.org helbide elektronikora bidal ditzaten, edo udalaren webgunean sar ditzaten formulario bat betez.

“Haientzat zer aldatu den, etorkizuna nola ikusten duten, hiriak zein neurri behar duen eta abar azal diezagukete. Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzuan haien ekarpenak jaso eta dagozkien sailei eta erabakiak hartzen dituzten organoei helaraziko dizkiegu“, azaldu du Armentiak.

Horretaz gain, Udalak Haur eta Nerabeen Elkargunean parte hartzera gonbidatu ditu; ekainaren 22an (astelehena) izango da, Europa jauregiko Green aretoan, 16:00etan.

Oraingo egoera kontuan izanik, topaketan parte hartzeko ezinbestekoa izango  da izena aurretik ematea, ekainaren 19a (osteguna) baino lehen, aktibatu@vitoria-gasteiz.org helbide elektronikora idatziz, udalaren webgunean, edo 945 161 687 telefonora deituz (9:00etatik 13:00etara).

Indarrean dauden segurtasun-neurriei jarraituko zaie bileran.

 

 

 

 

 

Share

Egin da Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako mahaiburu eta mahaikideak izendatzeko zozketa

 

Ekainaren 16tik 18ra arte banatuko zaie jakinarazpena izendatutako 2.781 pertsonei

 

 

 

 

 

 

Gaur goizean egin da uztailaren 12an izango diren hauteskundeetarako mahaiburu eta mahaikideak izendatzeko zozketa, bertan zeudela Udal Errolda Ataleko zinegotzi arduradun Borja Rodríguez Ramajo, idazkari nagusi Martin Gartziandia eta zenbait udal sailetako teknikariak.

39 hautesleku esleitu dira, eta 309 hauteskunde-mahai.

“Ekainaren 16tik 18ra bitartean jakinaraziko diegu izendapena mahaietako kide izango diren 2.781 pertsonei, eta jarraibide-eskuliburuak helaraziko” iragarri du Borja Rodríguezek.

Udalak ez ditu argitaratuko zozketaren emaitzak, datu pertsonalen konfidentzialtasuna gordetzeko. Aukeratuak izan diren jakin nahi dutenek bertatik bertara kontsultatu ahalko dute San Martineko herritarrei laguntzeko bulegoetan, 8:30etik 14:00etara, aldez aurretik hitzordua eskatuta.

Hauteskunde-mahaiko kide izendatu izana jakinarazten dela bermatzeko, hiru saiakera egin ondoren jakinarazpena egiterik ez bada postontzian utziko zaie oharra. Horiek udaletxera (Espainia plaza, z/g) joann beharko dira, egun eta ordu hauetan:

  • Ekainaren 19an (ostirala), 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara.
  • Ekainaren 20an (larunbata), 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara.

Ekainaren 26an hasiko da, formalki, hauteskunde-kanpaina, eta uztailaren 10era arte iraungo du, hots, uztailaren 12ko hauteskundeen aurreko gogoeta-egunaren bezperara arte.

Bozketa-egunean, goizeko bederatzietan irekiko dira hauteskunde-mahaiak, eta arratsaldeko zortzietan itxiko. Emaitzen zenbaketari ekingo zaio orduan.

 

 

 

 

 

 

 

Aldaketak COVID-19a dela eta

Pandemiak eragindako egoera eta ezarritako segurtasun-neurriak kontuan hartuta, Gasteizek sei hautesleku gehiago izango ditu euskal hauteskundeetarako, eta bi ordeztuko, mahaiak hobeto banatu eta horien arteko distantzia gorde ahal izateko. Neurri horri esker, Arabako hiriburuak 39 areto eskainiko ditu uztailaren 12an boto eskubidea baliatu ahal izateko. Orain arte 33 erabili izan dira.

Hauteskunde-mahai hauek lekuz aldatuko dira:

  • Arte eta Lanbide Eskolako 8 mahai (1A, 1B, 2A, 2B, 3A, 3B, 4. eta 4B) Urkide ikastetxean jarriko dira.
  • Jose Mardones kaleko Los Herran BHIko 8 mahai Herrandarren kaleko 70.era aldatuko dira.  Logroño kaletik sartu behar da.
  • Ibaiondoko gizarte etxeko 15 mahai leku hauetara aldatuko dira: 7 mahai CEIP Ibaiondo HLHIra eta 8 mahai IES Mendebaldea BHIra.
  • Erdi Aroko hiriguneko Enpresa Zentroko bi mahai Frai Zacarias Martinez kaleko udal bulegoetara aldatuko dira.
  • Gasteizko Udaleko 8 mahai CEIP San Martín HLHIra aldatuko dira.
  • Carmelitas Sagrado Corazón ikastetxeko 11 mahai Iradier Arenara aldatuko dira.
  • Salburuko gizarte-etxeko 6 mahai CEIP Errekabarri HLHIra aldatuko dira.

Gasteizen bizi diren 189.751 pertsonak eman ahal izango dute botoa hauteskunde horietan, baita atzerrian bizi diren beste 5.077 gasteiztarrek ere.

 

 

Share