Prentsa Oharren banner

Udalak garbiketa-kontrata lehiaketara aterako du, aurreko lizitazioaren aldean hobekuntzak eginda

Zerbitzu berria 2021eko hasieran abiaraztea nahi du

 

Urtaranen gobernuak kaleak garbitu eta hiri hondakinak bildu eta garraiatzeko zerbitzu publikoa kontratatzeko dosierra onetsi du gaur, administrazioak kontratatzeko duen ahalmena berreskuratu baitu ekainean, osasun krisialdiak Estatu osoan eragindako geldialdiaren ondoren.

Duela urtebete baino gehixeago egin zen lehiaketa gaur berriro martxan jarri den kontratua esleitzeko. Bi multzotan banatu zen: horietako bat (bio-hondakinen kudeaketari eta konpostatzeari dagokiona) esleitu zen jada, baina bestea, gaur berriro onetsi dena, esleitu gabe geratu zen.

Gaur onetsitako baldintza-agiriak 2019an argitaratutakoen oso antzekoak dira, baina zenbait hobekuntza sartu da eman beharreko zerbitzuetan, eta argibide batzuk, aurkezten diren enpresek akatsik egin ez dezaten eskaintzetan, horrexegatik utzi behar izan baitzen kontratua esleitu gabe. Udalaren asmoa da esleipendun gertatzen den kontrata 2021eko hasieran abiaraztea.

Hobekuntzen artean hauek nabarmentzen dira: gaikako 200 paperontzi, Gasteizko leku jendetsuenetan gaikako bereizketa egin ahal izateko; larrialdirik gertatuz gero zerbitzua egokitzeko aurreikuspena; ekoizle handientzat ontziak biltzeko giltzekiko edukiontziak jartzeko betebeharra, eta biltzeko edukiontzi guztiek irisgarritasun unibertsala izatea, baita organikoa biltzeko txipdun edukiontzietan ere.

Kaleak garbitzeko eta hiri-hondakinak biltzeko zerbitzurako baldintza-agirien arabera, lau urte iraungo du kontratuak (urtebetez luzatzeko aukerarekin bi aldeek adostuz gero), eta horrek zerbitzuaren kalitatea hobetzea ahalbidetuko du, eta birziklatze-tasa handitzea.

Horretarako, iazko baldintzetan ere zenbait hobekuntza sartu ziren: enpresa esleipendunak ibilgailu eta edukiontzi berriak jarri beharko ditu zerbitzua emateko; asteburuetan areagotu egingo du zerbitzua; edukiontzietan txipak instalatuko ditu, birziklatzen duten pertsonak identifikatu eta epe ertainera zergetan saritzea ahalbidetuko duena, eta beste.

Gainera, Udalak giza baliabide eta baliabide material gehiago izango ditu, kontrata honetatik kanpoko enpresa espezializatuak arduratuko baitira orain arte guztiz asebetegarriak izan ez diren zerbitzuak emateaz, hala nola tresna handien bilketa eta txorko, hustubide eta iturrien garbiketa.

 Zorrotzagoak kontrata berriarekin, hiria garbiago egon dadin

 Garbiketa hobea izango da, eta hiriko birziklatze-indizea handituko da”, nabarmendu du Ingurumen Plangintza eta Kudeaketako zinegotzi César Fernández de Landak. Azaldu duenez, kontratu berrian “inbertsio berriak eskatzen dizkiogu esleipendunari. Esate baterako, urtean 650.000 euro inbertitu beharko ditu edukiontzietan. Horretaz gain, kontuan izan behar da langile guztiak mantendu beharko dituela, zerbitzu batzuk kontratu nagusitik aterako diren arren. Bestetik, kendu egin da urteroko prezioen berrikusketa, hau da, lau urteetan Udalak kopuru bera ordainduko dio enpresa esleipendunari“, zehaztu du Fernández de Landak.

Kontratu berrirako lehia-saria ia 27 milioi euro da urteko.

Baliabide material berriak ere eskatuko dira: edukiontziak —4 urte baino gehiago duten 947 edukiontzi aldatuko dira, eta berriak erosiko (ontziak biltzeko 78, papera eta kartoia biltzeko 376, eta organikoa biltzeko 854)—, sarraila elektronikoak eta edukiontziak beteta dauden jakiteko bolumen-neurgailuak. Gainera, “ogi-ontziaren antzeko” 90 aho erosiko dira bilketa pneumatikoko edukiontzietarako.

Kaleen garbiketari dagokionez, garbitzaileen kopurua handituko da igande eta jaiegunetan, talde polibalenteak sortuko dira (kale eta lorategiak, paperontziak edo haurrentzako jolasguneak garbitzeko), eta  presiozko urez garbitzeko zerbitzua areagotuko da, urez garbitzeko makina gehiago baliatuz, baldeen ordez.

Bilketari dagokionez, bost edukiontziak (kartoia, ontziak, beira, gainerakoa eta txiparekiko organikoa) dituzten irlen kopurua 700tik 1.200era handituko da. Txiparekiko edukiontziak baliatuz, erabiltzaileak identifikatu ahalko dira, eta gerora —zerga-araudiak ahalbidetzen duenean— saritu egin ahalko dira materia organikoa birziklatzen dutenak.

Bilketa-eredua alderdi bakoitzari egokituko zaio. Bilketa pneumatikoa duten auzoetan (Salburua, Zabalgana, Ibaiondo eta Erdi Aroko hirigunea) edukiontziz osatuko da zerbitzua. Saltokiek eta ostalaritzak eskariaren araberako zerbitzua izaten jarraituko dute.

Share

Javier Ozcoidiren Walking The Line erakusketa, Montehermoson

Erakusketa uztailaren 26ra arte egongo da ikusgai Jovellanos aretoan

 

Montehermoso kulturunean izan da Javier Ozcoidiren Walking The Line erakusketaren aurkezpena, zein ikusgai izango baita bihartik (ekainak 26, ostirala) uztailaren 26ra arte. Prentsaurrekoan izan dira Gasteizko Udaleko Kulturako zuzendari Paco Galve, EHUko Arte Ederretako Fakultateko Dekano Arantza Lauzirika, erakusketaren komisario Cristina Arrázola-Oñate eta egilea bera, Javier Ozcoidi.

 “‘Walking The Line Hirugarren lana da, Montehermoson Arte Ederretako Fakultatearekin batera lankidetzan aurkezten ditugunen artean. Lankidetza-programa honi esker, komisariotza bidez hautatutako lanak Jovellanos aretoan bakarkako erakusketan aurkezteko aukera eskaintzen dugu, kasu honetan Cristina Arrázola-Oñateren zaintzapean. Hartara, profesionalizatzeko bidean dauden sortzaileen lanak ikustarazten laguntzen du, eta lanerako plataforma eskaintzen die haiei mundu profesionalera hurbiltzeko, eta bide batez sortzaileek eta gizarteak lotura zuzena egiten dute elkarren artean”, azaldu du Galvek.

Javier Ozcoidik pasieran aurkitzen du beti ekoizpen-motorra, lengoaiaren kodifikazioa desberdinak ezartzen dituen ekoizpen-motorra. Lerrotik sortzen denak harrapatzen du Ozcoidiren interesa Walking The Line erakusketan, baita lengoaiak eta lerroak irudian eragiten duen tentsioak ere, eta, azkenik, ibilbideak, zein espazioa zeharkatzeko egintza gisa ulertzen baitu.  Proiektuaren ideia klasikoa kolokan jartzen duen proposamena da, egongaitzaren mugekin jolasean, azken batean bilaketa ariketa bikaina.

Artistak berak proiektu bereziaren ezaugarriak azalduko ditu erakusketaren inaugurazioan, bihar, ostiralez, arratsaldeko zortzietan.

Egilea

Javier Ozcoidi ikasle gaztea da, 2017an hasi zituen unibertsitateko ikasketak. Ozcoidiren lengoaia artistikoa bere sormen-proiektua garatzen doan heinean (askotan jakin ere ez dakiela nola amaituko den) bidera ateratzen zaizkion gatazken emaitza da

Artistarentzat funtsezko tresna da hori lanerako. Kasualitatea, akats egitetik ikastea eta abar lagungarri ditu, paradoxikoki, bere sorlanak ekoizten eta eraldatzen.

 

Share

Abian dira Salbururako tranbiaren obrak  

 

– Alkateak iragarri du gaur bertan egingo direla luzapen handinahi horren lehen lanak: hasierako neurketak eta zein zerbitzuri eregiten dien egiaztatzea

-Garraio publikoa, auzoetako inbertsioak, superetxadiak eta proiektu estrategikoak dira Agenda Gasteiztarraren ardatz garrantzitsuenetako bat: mugikortasuna

 

Gorka Urtaran audioa

Garraio publikorako azpiegitura berriak, auzoetako inbertsioak, superetxadien garapena, proiektu estrategikoak… Horiexek dira Urtaranen gobernuak sustatuko Agenda Gasteiztarrak jasotzen dituen ekimen nabarmengarrienetako batzuk, Gasteiz eraldatuko duten proiektu nagusietako batzuk, hiria mugikortasun iraunkor, osasungarri eta seguruaren abangoardian jarriko dutenak.

Salbururako tranbiaren obrak, esate baterako, gaur bertan hasiko dira. Gasteizko alkate Gorka Urtaranek gaur goizean udal politikari buruzko eztabaida orokorrean iragarri duenez, zuinketa-akta sinatuta dago, eta gaur hasiko dira topografiako lehen neurketak egiten, eta zein zerbitzuri eragingo dioten lanek egiaztatzen, lekuan bertan. Tren arina Gasteizko auzo horretara luzatzeak 37.000 pertsonari baino gehiagori emango die zerbitzu. Agintaldi honetako inbertsio nagusietako bat da, eta erdialdea Judimendi, Santa Luzia eta Salburua auzoekin lotzeko balioko du, era eraginkor eta iraunkorrean. Bideak 2,5 kilometrotik gora izango du eta bost geltoki berri: Santa Luzia, Iliada, Nicosia, Batasuna eta Salburua. Lanak gauzatzeko epea 24 hilekoa da, eta Tecsa-Altuna eta Uria aldi baterako enpresa-elkartea arduratuko da horietaz.

Adar berriak eraikitzeko 15,5 milioi euroko inbertsioa egingo da. Eusko Trenbide Sareak (ETS) zuzenduko ditu lanak, eta Udalaz gain, Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak finantzatuko dute. Lanak abian jartzea “zalantzarik gabe, albiste ona da Salburuko bizilagunentzat eta tranbiaren ibilbidean bizi edo ibiltzen diren pertsona guztientzat“, alkatearen ustez. Zabalganeko tranbiaren informazio-azterlanak, bestetik, bere bidea jarraitzen du eta arazorik gabe doa aurrera.

Tranbia Salburura luzatzeko lanen hasiera ez da izan Gasteizko alkateak mugikortasunari buruzko atalean iragarri duen gauza bakarra. Izan ere, mugikortasuna da Agenda Gasteiztarraren ardatz nagusietako bat. Horrekin lotuta, alkateak gogorarazi du BEA ezartzeko lanak ere aurrera doazela, zeinak ahalbidetu baitu mugikortasuna hobetzea, bizikleta-bideak handitzea eta hiriko kaleak hobetzea, asfalto berria jarrita. Alkateak azaldu du une honetan zenbait lekutan ari direla lanean: Mendizorrotza, AUOren eta Euskalerriko Bulebarraren inguruan, Zaramaga kalean —Boulevard merkararitza gunearen parean—, Jacinto Benavente kalean eta Esmaltazioen inguruan. Gainera, Gorka Urtaranek esan duenez, oinezkoentzako eta bizikletentzako pasabide berri bat egitea aurreikusi da Euskal Herria bulebarrean, eta nasak eraikiko dira Juan de Garai, Aragoi/Egoitza, Zumakadi 29/76 eta Fontetxako Gaztelua/Gaztelako atea geltokietan.

Tranbiaren eta BEAren esku-hartzeek agintaldiko helburua lortzea ahalbidetuko digute, alegia, egiten diren joan-etorrien % 50 garraio publiko elektrifikatuan izatea“, amaitu du alkateak.

Erdialdean eta Judimendin hasiko da superetxadiak sortzen

Azken asteetan, Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak ahalegin berezia egin du superetxadiak garatzen. Ekimen horrek Gasteizko hiri paisaia aldatuko du datozen hilabeteetan. Orain Gasteiz planak 88 kaletan esku hartzea aurreikusten du, hau da, Mugikortasun Planean identifikatutako superetxadien % 30ean. Gaur alkateak aurreratu duenaren arabera, San Antonio kalean eta Tornay Medikuaren plaza berriaren inguruan (Judimendi) ekingo zaie lan horiek. San Antonio kaleko galtzadan, gainera, esku-hartze artistiko deigarria egiteko asmoa du Udalak, espazio hori oinezkoek lehentasuna duten espazio partekatua dela adierazteko.

Latinoamerika lurperatzeko eraikuntza-proiektua, uztaila eta iraila bitartean

Udal politikari buruzko eztabaida orokorrean alkateak eman duen hitzaldian mugikortasunari eskainitako atalean aipatutako munta handiko beste proiektu bat Latinoamerika biribilgunekoa da. Biribilgune horretan esku hartzeko eta behin betiko konponbidea emateko eraikuntza-proiektua uztaila eta iraila bitartean aurkeztuko da. Eusko Jaurlaritzak landuko du agiria, ETSren bitartez, Udalak eta Lakuako gobernuak Latinoamerikako biribilguneari eta BEAren kotxetegiei buruzko azterlanak egiteko sinatu duten hitzarmenaren bitartez.

Bizikletentzako bideetan 165 kilometro eta bizikleta-aparkaleku gehiago

Bizikleta da Gasteizen mugikortasun osasuntsu, iraunkor eta segurua eraikitzeko beste zutabeetako bat. Alkateak gogorarazi du Gasteizko bizikletentzako bideek 165 kilometrotik gora egiten dutela guztira, sarea beste 10 kilometrotan luzatzeko lanak egin edo lizitatu diren honetan, eta ahalegin handia egiten ari dela bizikleta-aparkaleku gehiago instalatzeko. Azken hilabeteetan bizikletak lotzeko 676 euskarri gehiago ipini dura (beraz, 1.352 leku gehiago), eta orain beste 535 ipiniko dira (1.070 leku). Gainera, datozen asteetan onetsiko da bizikleta-aparkaleku seguruari buruzko ordenantzaren proiektua zeinaren xedea bi erabilera-mota arautzea izango baita.

Mugikortasunari buruzko ordenantza

Udararen ostean onetsiko da baita mugikortasunari buruzko ordenantza aldatu eta eguneratzeko proiektua, zeinaren bidez arautuko baitira, esaterako, patinete elektrikoak (mugikortasun pertsonaleko ibilgailu), zigor-erregimen berri bat, eta hirian abiadura “superetxadien” eredura egokitzeko sistema.

Proiektu estrategikoak

Goirka urtaranek mintzagai izan ditu baita logistikaren eta kanpo-loturen alorrean hiriaren etorkizunerako estrategikoak diren zenbait proiektu, esaterako Abiadura Handiko Trena eta hura lurperatzea, Forondako aireportua sustatzea eta Jundizeko plataforma intermodalaren garapena. Ekimen horiek guztiak erritmo onean ari dira garatzen.

Debate orokorrari buruzko alkatearen diskurtsoa

Share

Gasteizek hiriaren etorkizun jasangarria planifikatu du auzoak berrituta, zerbitzu eraginkorragoak eskainita eta ingurumen-proiektu handiak aktibatuta

Alkateak iragarri duenez, hobekuntzak egingo dituzte hiriko garbitasunean eta hondakinen kudeaketan, berrikuntzak izango dira etxebizitzen kudeaketan, Eraztun Berdea amaituko dute eta Klima Aldaketara egokitzeko estrategia koordinatua egingo dute 

 

Gaur goizean, Gorka Urtaran alkateak egin duen hitzaldian, Gasteizek jasangarritasun arloan erreferentzia izaten jarrai dezan uda-gobernuak planifikatu dituen estrategiak azaldu ditu:“Zerbaitez harro egon bagaitezke, hain zuzen ere, jasangarritasunaren arloan azken hamarkada hauetan egindako lanaz da. Azken urtean zenbait aitorpen jaso ditugu hiri jasangarri gisa, baina zalantzarik gabe, pandemiaren hilabete hauek erakutsi digute zeinen garrantzitsua den azpiegitura berde onak dituen hiri jasangarria izatea, ingurune gizatiarragoa eta osasungarriagoa izanik”. Hala nabarmendu du alkateak, eta honako hau azpimarratu, osasun-krisi honek agerian utzi du gurearen moduko hiri-diseinu jasangarriaren balioa, eremu berde ugari dituena, gertueneko ingurunean denon eskura dauden parkeak dituena, kale eta plaza zabalekin; hala, distantzia soziala berme osoz zaintzeko aukera izan dugu. Hiri grisa izan ordez, guk dugun moduko hiri berdea izatearen balioa zenbaterainokoa den agerian geratu da. Horrek berresten digu ondo egindako lana, eta hiriaren etorkizunerako ditugun helburuetarako pizgarria da”.

 

Garbiketa-zerbitzu eraginkorragoa: lehiaketara atera da kontrata berria

Testuinguru honetan, alkateak gogorarazi du Garbiketa-zerbitzua izan dela pandemiaren hilabeteetan funtsezko zerbitzuetako bat, herritarren artean interes eta kezka gehien sortzen dituen zerbitzuetako bat izateaz gain.Bisitatzen gaituzten pertsonen pertzepzioa hiri garbiarena den arren, ez da hori hemen bizi garenok dugun irudi kolektiboa. Legealdiko gure helburuetako bat da garbiketa-zerbitzua hobetzea, horren bidez, hari buruzko pertzepzio soziala hobetzeko. Ez gaude gaizki, baina badago hobetzeko aukera”.

Gorka Urtaranek debatean iragarri duenez, gaur bertan, Gobernu Batzarrak udalerriko hondakinen bilketarako eta garbiketako kontratu berriaren lizitazioa onartuko du. Bertan jasotako hobekuntzen artean nabarmentzekoa da gaikako 200 paperontziren erosketa eta instalazioa, Gasteizek jende gehien ibiltzen den lekuetan paperontzietan gaika bereizteko aukera eskain dezan. Horrez gain, zerbitzua egokitzeko aurreikuspena egin dute, bizi izan denaren moduko larrialdi-kasu hipotetikoren bat izanez gero, eta organikoaren edukiontziei txipa jartzea aurreikusi dute; izan ere, horren bidez, birziklatzen duten pertsonak identifikatzeko eta zerga aldetik saritzeko aukera izango dute. Hiriak ibilgailu eta edukiontzi berriak izango ditu; asteburuetako zerbitzuak handituko dira; eta azken batean, giza baliabide eta baliabide material gehiago izango dituzte.

Gainera, zerbitzua optimizatuko da, Udalak modu independentean kontratatuko baititu lan hauetarako enpresa espezializatuagoak: bolumen handikoak biltzeko; estolda-zuloak, udal-orubeak eta txorkoak mantentzeko, eta iturri apaingarriak mantentzeko.

 

Zabortegiaren Kudeaketa Plan berria

Bestalde, Gorka Urtaranek azken hilabeteetan Gardelegi zabortegiaren kudeaketak eta. oro har, hondakinen tratamenduak hartu duen protagonismoa aipatu du:“Udalak bere burua eskaini du gure lurralde historikoan sortutako hondakinak, arriskutsuak edota toxikoak ez direnak, jasotzeko. Hala ere, oso garrantzitsua iruditzen zait hondakinen kudeaketa eta tratamendurako tokiko estrategia eguneratzea, Gardelegira botatzea azken-azkeneko ekintza izan dadin balorizazio-prozesuaren ostean”. Hala, alkateak iragarri du irailetik aurrera Araban sortzen diren etxeko eta etxekotzat har daitezkeen hondakinak aurretik balorizatu egin beharko direla, eta ezingo direla zuzenean Gardelegin bota. Hau da, aurretik tratamendu mekaniko biologikoaren instalazioetatik (TMB) pasatu beharko dute, zabortegian utzi aurretik triajea egiteko.

Gorka Urtaranek beste iragarpen bat ere egin du: datozen hilabeteetan zabortegia Kudeatzeko eta Ustiatzeko Plan berria egingo da.“Plan horretan etorkizuneko aukera guztiak hartuko dira kontuan, ez bizitza erabilgarriaren, okupazioaren eta zabortegi gisa duen erabileraren ikuspegitik soilik, baita energia-aprobetxamenduaren eta ingurumen-hobekuntzaren arlotik ere”. Hala azaldu du alkateak.

 

 

Hiria “josten duen” hirigintza eta etxebizitzaren gizarte-kudeaketan egindako hobekuntzak

 

Hiri jasangarriaren ereduari egitura emateko, funtsezkoa da Udalak ezartzen duen hirigintza-eredua. HAPOren berrikusketari bultzada emateko konpromisoa hartu dugu gure gain eta, horrekin lotuta, Ana Oregik zuzentzen duen planaren jarraipen-ponentzia dagoeneko martxan dago”, nabarmendu du alkateak.

Gainera, hiri konpaktuagoa lortzearekin lotutako bere apustuaren baitan, udal-gobernuak akordioa adostu du Salburua eta Zabalgana birtrinkotzeko eta birpartzelatzeko. “Akordio garrantzitsua eta konplexua izan da eta hiria trinkotzeko eta lurzoruaren kontsumoa arriskuan jarri gabe hiria konpaktuago bihurtzeko balioko du”, azaldu du Gorka Urtaranek.

Udalak, gainera, alokairu sozialeko parkea areagotzeko lurra jarri du Eusko Jaurlaritzaren esku, eta Gasteizen Etxebizitzaren Udal Behatokia abian jartzeko oinarriak ezarri.

Bestalde, Gizarte Politiken sailarekin modu koordinatuan, bat-batean jasandako bizitegi-bazterkeria egoeran dauden familientzako etxebizitzen alokairu-programa garatu dute 21 Zabalgunean.

 

Zorroztasuna legez kontrako okupazioaren aurka: jakinarazpenak iragartzea  

Hiriko etxebizitzarako sarbide-politikekin lotuta, alkatea etxebizitza “publikoak zein pribatuak” legez kontra okupatzearen aurka agertu da modu irmoan. “Bizitegi-arreta ezin daiteke batzuek eskatzen duten eta beste batzuek aldarrikatzen duten barra librearekin nahasi. Kezkagarria iruditzen zait batzuek beren kontura erabakitzea guztiona denaz jabetu behar dutela, beren gain inolako betebeharrik hartu gabe eta gizarte mailako elkarbizitzako eta bizitzako gutxieneko arau batzuk errespetatu gabe. Beren eskubide guztiak exigitzen dituzten, baina haien betebeharretako bakar bat ere betetzen ez duten pertsonak dira. Pertsona horiek ez dituzte gainerakoak errespetatzen. Ezin dugu onartu harreman sozialen modu hori”, esan du alkateak. Era berean, bere kezka agertu du “Udalbatza honetako talde batzuek mugimendu horiek bermatzen eta legitimatzen dituztelako arrazoi soil hauek direla eta: haien ideologiatik gertu daudelako, sinpatikoak iruditzen zaizkielako edo gaur egungo status quoa eta erakundeen boterea higatzeko beren estrategiaren baitan ondo etortzen zaielako. Kezkagarria iruditzen zait Udal honetako talde batzuek okupei gainerako bizilagunek ez ditugun pribilegio eta aldeko tratua ematea. Ez nago ados gainerakoekiko gutxieneko konpromiso sozialaren zantzurik ikusten ez den hiriaren eredu horrekin. Inolako betebeharrik onartzen ez den eredu horrekin. Ez dut halako Gasteizik nahi”, defendatu du Gorka Urtaranek.

Alkateak berriro aipatu du “udal-etxebizitzen legez kontrako okupazioarekin amaitzeko esku hartzen jarraituko dugula. Duela gutxi, Tokiko Gobernu Batzarrak Olarizuko etxebizitzen jabetza onartu du eta, ofizialki erregistratuta daudenean, legez kontrako okupatzaileei jakinaraziko diegu etxebizitza horiek berehala utzi beharko dituztela. Hala, ofizioz hasiko dugu horiek berreskuratzeko prozedura”.

 

Eraztun Berdea amaitzeko proiektuak

Alkateak iragarri duenez, udazkenean hasiko du Udalak Mendebaldea proiektuaren hirugarren fasea, hiriko Eraztun Berdean funtsezko elementu bihurtzeko xedea duena.

Olarizun Euskadiko Botanikoa abian jarri izanak (dagoeneko hainbat proiektu hasita daude) eta Larragorriko asmo handiko proiektuarekin duela gutxi egindako aurrerapenek berretsi egin dute alkateak ingurumen-proiektu handiekin duen konfiantza. Izan ere, horiek guztiak dira hiri jasangarri eta erreferente gisa Gasteizen ereduaren oinarrietako batzuk.

 

Hiriko zuhaiztiaren kudeaketa

Bere hitzaldian alkateak aipatu duen beste gai bat izan da hiriko zuhaiztiaren kudeaketa. Horrekin lotuta, Zaramagako eta Pilarreko zuhaizti-planean aurrez ikusitako jarduerei bultzada handia eman dietela gogorarazi du. Era berean, Abetxukoko kudeaketa-planean jasotako jarduerak abian dira eta amaitzear dago Judimendi eta Santa Luzia auzoko kudeaketa-plana.

 

Auzoak eraberritzearen aldeko apustu argia

Auzoetako inbertsioak gobernu-taldearen lehentasunetako bat dira. “Auzoak gure agendan daude, gure bizilagunen lehentasunak gure agendan daude; haiek osatzen dute Gasteizko agenda”, azpimarratu du Gorka Urtaranek. Adibide askok erakusten dute apustu hau.

Alkateak gogorarazi du Europako Smarten City proiektuari amaiera emateko Koroatze auzoko bero-sarearen esleipena egin duela, Adurtzan eta San Kristobalen Europako AGREE proiektu berriaren oinarriak ezarri direla, eta Birgaitze Integratuko Area izendaturiko auzoetan lanean ari direla hiria berroneratzeko ekintza espezifikoak martxan jartzeko.

Gainera, Gasteiz Hobetuz hiritarren parte-hartzerako programaren bidez, Udalak hainbat inbertsio egin ditu, adibidez: N-104 errepidearen gaineko oinezkoen pasagunea Mariturri eta Armentiaren artean, Arriagako parkeko piknik-gunea, jolas-gune naturalizatua edo Labastida plaza oinezkoentzako gaitzea Zabalganan, Hospital Plazan egindako hobekuntzak, Connect Ibailakua proiekua edo Trianas eta Salburuaren arteko argiztatzea eta irisgarritasuna hobetu izana, besteak beste.

Udalak hainbat inbertsio egiten dihardu Adurtza, Ariznabarra, Aranbizkarra eta Lakua-Arriagako kirol-instalazioetan. Otsailean amaitu ziren San Kristobalera, Adurtzara eta fakultateetara iristeko tranbiaren lanak, eta orain Salburuaraino zabaltzeko lanak hasi dituzte. Duela gutxi amaitu dira Judimendi auzoko Tornay Medikuaren super-etxadiaren lanak; azken hilabeteetan AMVISA instalazioak hobetzeko lanak abiarazi dira, eta aurki aurrerapauso bat egongo da Latinoamerika biribilguneko lanetan.

Bestalde, Udalak Alde Zaharreko eragileekin diagnosi bat aktibatu du Hiri historikoko Plan Berezi berria definitzeko jarduera-ildoak identifikatzeko.

Alkateak emandako pausoak zerrendatzen jarraitu du, adibidez, eraikin historikoak birgaitzeko, kontserbatzeko eta edukiz betetzeko egin dituzten esku-hartzeak.  Gaur egun, Etxanobe etxea Emakumeen Etxea bihurtu da. Ruiz de Bergara Jauregia Gasteiz Antzoki berria izango da, eta Gobeo de Guevara Jauregia adinekoen laguntza-baliabide bilakatzea aurreikusten da.

Urtaranek aurreko legealdian sustatutako Erdigunerako Masterplana proiektua aurrera doa. Oroimenaren inguruneko lanak erritmo onean doaz eta uda honetan amaitzea aurreikusten da. Correosek bere eraikinaren birgaitzea abiarazi du. “Adibidez, Dato-Alaba Generala-San Prudentzio zonaldeko proiektuarekin elkarlanean ari gara, eta lan eta lan dihardugu gure hirigunea berraktibatzeko Masterplanean datozen beste ekimen batzuetan ere. Konfiantza daukat etorkizunean”, azpimarratu du alkateak.

 

Gasteizko herriak ere aintzat hartzen ditugu

Gorka Urtaranek ere azpimarra berezia jarri du Gasteizko 63 herrietan. “Gasteizko agendan presente daude, bereziki Miren Fernández de Landak koordinatzen duen lanari esker.  Pandemian zehar kontziente izan gara gurearen moduko landa-eremu baten pribilegioez, eta dituen ezaugarrien araberako tratua eman diogu. Haiengan pentsatu dugu. Gainera, azken hilabete hauetan, gure herrietako zerbitzuak, mugikortasuna eta ingurugiroa hobetzeko neurriak hartzen ari gara”.

Gauzak horrela, Udalak ikerketa bat abiatu du landa-ingurunearen mugikortasuna indartzeko eta hobekuntza-proposamenak egiteko, esaterako, bizikleta-bideen bidez konexioa hobetzea, ibilgailu partekatua sustatzea edo BUXen hobekuntzak egitea. Era berean, autokonpostajea sustatu du oso emaitza onak ematen ari den proiektu pilotu baten bidez, beste gauza batzuen artean, “gure herrietako bizi kalitatea hobetzeko” helburuz. Gure auzoak axola zaizkigu. Gure herriak ere bai”, adierazi du alkateak.

 

Klima-aldaketara egokitzeko plana

Urtaranen Gobernuaren lehentasunetako bat da 2030 Hiri Agendak era Garapen Jasangarrien Helburuek markatutako lerroei jarraikiz udalerria klima-aldaketara egokitzea.

Klima eta Energiaren aldeko alkateen Hitzarmena sinatzearekin batera, alkateak nabarmendu du legealdi honetan Jasangarritasuna, Klima eta Energia izeneko hiri-zerbitzu berri bat sortu dela.

Gainera, Trantsizio Energetikorako Plan Integratua idazten hasiak dira, eta aste batzuetan Klima Aldaketaren Egokitzapenerako Planari helduko diote. Bi planen bitartez Udalak 2030erako dituen konpromisoak gorpuztu nahi ditu.

Zentzu honetan, alkateak trantsizio energetikoaren alorrean proiektu batzuk sustatzeko EEErekin sinatutako kolaborazio-hitzarmena ere azpimarratu du.

Debate orokorrari buruzko alkatearen diskurtsoa

 

Share

Gorka Urtaranek pizgarri fiskal eta ekonomiko berriak iragarri ditu Gasteizko merkataritzaren, ostalaritzaren eta zerbitzu-enpresen sektoreetarako

 

  • Toki-ogasunak ez die zabor-tasa kobratuko alarma-egoeran itxita egon ziren establezimenduei.
  • Irailera arte luzatu da negozioak dituzten udal lokalen alokairua ordaintzeko etenaldia.
  • Iruzur Fiskalaren kontrako Plan berri batek orain artekoaren lekukoa hartuko du. Azken honen bidez 14 milioi euro berreskuratu dira 2017tik 2019ra.
  • Azken bost urteetan 103 milioi euro murriztu da udalaren defizit eta zorra.

Gorka Urtaran audioa1

Gorka Urtaran audioa 2

 

Udalak ez die zabor-tasa kobratuko alarma-egoeran itxi behar izan zuten establezimenduei (negozioak, saltokiak, hotelak, tabernak, jatetxeak…). 13.000 enpresak baino gehiagok izango dute pizgarri fiskala jasotzeko aukera. Alkateak hori iragarri du, besteak beste, Udal politikari buruzko eztabaida orokorraren lehen jardunaldian, tokiko ekonomia sustatzeko proposamenen blokean.

Onura fiskal hori Urtaranen gobernuak osasun-krisian zehar jarri dituen beste batzuei gehitzen zaie: udal zerga eta tasa nagusien ordainketa atzeratzea, ostalariei mahaitxoen tasaren ordainketa etetea edo udal jabetzako merkataritza-lokalen alokairuaren ordainketa salbuestea.

Azken neurri honi dagokienez bada berrikuntzarik, izan ere alkateak iragarri du irailera arte luzatuko dela udal-lokalen alokairuaren ordainketa, konfinamenduan itxi beharra izan duten negozioen kasuan.

Proposamen horiekin udalak aprobetxatu egin nahi du sektore horiek -merkataritzak, ostalaritzak, eta zerbitzuek- ekonomia berpizteko duten potentzial handia, “Gasteizen alde egiteko inoiz baino gehiago”. “Aste hauetan hutsik dagoen hiri bat zer den esperimentatu ahal izan dugu, merkataritzarik, ostalaritzarik gabe, lanean ari den enpresarik gabe… Agerian geratu da zenbateko garrantzia duten sektore ekonomiko horiek. Gizartean kontzientziazio-olatu bat sortu da, gure ekonomiari sostengu emateko gogoa, eta ez dugu aukera galdu behar; hemen den-denok lagundu behar dugu” azpimarratu du Gorka Urtaranek.

Pizgarri fiskal eta ekonomiko horiek guztiak gehitu egiten zaizkio Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Sailak  “Ahora Vitoria – Orain Gasteiz” planean bideratutako laguntza ekonomikoen blokeari, non  2,7 milioi euroko laguntza jaso den bost jarduera-ardatzetan banatuta: segurtasuna eta babesa COVID-19aren aurrean, eraldaketa digitala, enpresa-ehuna indartzea, enplegua mantentzea eta hiriko turismoa sustatzea.

Merkataritzarekin batera, industria dugu ekonomia berpizteko politiken arloko beste sektore estrategiko bat .  Gorka Urtaranek enpresak, sindikatuak eta erakundeak elkartzea nahi du “Gasteizen inbertitzeak merezi duela erakusteko”. Industriaren Tokiko Plan berria izango da industria-inbertsiogileen hiriarekiko interesa erakartzeko tresna nagusia, eta alkateak iragarri duenez kontratazioa formalizatu da dagoeneko.

Iruzur planaren bitartez 14 milioi baino gehiago berreskuratu ditu toki-ogasunak

2017-2019ko Iruzur Fiskalaren kontrako Planeko emaitza onetatik abiatuta, tokiko finantzen kudeaketak atal berezia izan du alkatearen mintzaldian. Ekimen honen indarraldian 14 milioi euro baino gehiago hauteman dira. Aurten indarrean sartu den plan berriak emaitza on horiei eutsi nahi die, hainbat jarduera-ardatz tarteko: efizientzia hobetzea, lan-prozesuak modernizatu eta automatizatzea kobrantzak arintzeko, tramitazio elektronikoa bideratzea eta komunikazioak hobetzea.

Iruzurraren kontrako borrokaz gain, Urtaranen gobernuak ahalegin berezia egin du, iazko legealditik, udalaren zor eta defizit publikoaren ratioak hobetzeko. Udal gobernuaren kudeaketa ekonomikoari esker azken bost urteetan 46,3 milioi euro murriztu da aurrekontu ezagatiko defizita, 34,9 milioi euro FEPELen zorra eta 21,7 milioi baino zertxobait gehiago zor kontsolidatua.

“Hau da, azken bost urteetan 103 milioi euro murriztu da udalaren defizit eta zorra” laburbildu du Gorka Urtaranek. Adierazi duenez, zorra krisi-garaian zentzuz erabili beharreko baliabidea da.

Itun ekonomiko handi baterako gonbita

 Alkateak adierazi duenez, “defizita eta zorra murrizteak ez du gure ekonomiaren egitura-arazo nagusia konpondu: aurrezpen garbia, ia hutsaren parekoa baita.

Kudeaketa ekonomikoaren txosten nagusiek islatzen dutenez, udalean oso txikia da diru-sarreren eta ohiko gastuen arteko aldea. Egoera horretan hainbat neurri hartu behar dira eta ezinbestekoak dira oposizioko taldeak.

Hori dela eta, Gorka Urtaranek itun ekonomiko handi baten alde egiten du, udalaren ekonomiaren iraunkortasuna bermatzeko. Ildo horretan, positibotzat jo du alderdiek horretarako sortu den taldean izandako jarrera. Itun hori lortzeko, alkateak honakoak eskatu dizkie alderdiei: egoeraren diagnostiko errealista, arazoari eraginkortasunez aurre egiteko neurriak planteatzeko gaitasuna eta hiriarentzat onena dena bilatzeko borondatea, beste interes batzuk alde batera utziz.

Debate orokorrari buruzko alkatearen diskurtsoa

Share

(audioz gaurkotua) Gizarte politiketarako udal aurrekontua % 40 igo da bost urtetan

 

 

“Ez dugu inor atzean utziko” adierazi du alkateak.

Gorka Urtaran audioa

Udal politikari buruzko eztabaida orokorrean alkateak argi utzi du: “ gizarte politikak lehentasunezkoak dira udal gobernu honentzat eta ez dugu inor atzean utziko, ez pandemiaren ondoren ekonomia eta gizartea berpizteko prozesuan, ezta etorkizunean ere”.

Gorka Urtaranek datuak eman ditu: Alkate ari den bost urteotan, gizarte politiketako udal aurrekontua etengabe igo da: 2015ean 51 milioi euro izatetik aurten 70,5 milioi izatera, hau da % 40 gehiago. “Diru-bilketa jaistea aurreikusten bada ere, aurrekontu hori ez da zentimo bakar bat ere murriztuko” azpimarratu du.

EAJ-PSE Gobernuaren ustez hiru taldek merezi dute gizarte-babes berezia: adinekoek (udalak gizarte arloetarako aurrekontuaren erdia horientzat du), haur eta nerabe zaurgarriak dituzten familiek eta bazterkeria-egoeran, bereziki bizitegi-bazterkerian, dauden pertsonek.

Adinekoei dagokienez, San Martineko adinekoentzako zentro soziokulturala eta auzoko osasun-parkea abendua baino lehen jarriko direla martxan adierazi du alkateak. Arlo honetako bigarren iragarpena hauxe izan da, Berpizkundearen plazako eguneko arreta-zentroari 40 leku izango dituen beste bat gehituko zaiola 2021ean.

Adinekoentzako udal egoitzak etxebizitza komunitario bihurtzeko bidean jarraituko dutela azpimarratu du alkateak. Izan ere, Aurora apartamentuetan modalitate horretako lekuak sortuko dira, eta 600.000 euro inguruko kostua izango du. Halaber, Aldundiarekin koordinatuta, San Prudentzio egoitza ere etxebizitza komunitario bihurtuko da, erabiltzaileentzat bizi-kalitaterako eredu egokiena dela baitirudi.

Bestalde, Gorka Urtaranek adierazi du gizarte zerbitzuetan artatutako bizitegi-bazterketa egoeran dauden pertsonek – etxerik gabeek– bizileku-alternatibarik izango dutela, kalean inor bizi ez dadin.

Debate orokorrari buruzko alkatearen diskurtsoa

Share

(2. audioa gaurkotua) Alkateak lau ardatz nabarmendu ditu udal-jardueraren gidalerro gisa: zuhurtzia osasun alorrean, gizarte-babesaren bermea, tokiko ekonomiaren babesa eta konfiantza etorkizunaren aurrean

 

Agintaldi honetako Udal Politikaren inguruko bigarren Debate Orokorrean, Gorka Urtaranek azpimarratu du “burua, bihotza eta ahalmena”·jarri behar direla etorkizunari begira

 

 Gorka Urtaran alkatearen adierazpenak 1

Agintaldi honetako Udal Politikaren inguruko bigarren Debate Orokorreko lehen saioa, COVID-19aren pandemiaren ondorioak izan dira Gorka Urtaranen diskurtsoaren porotagonista; alkateak lau ardatz nabarmendu ditu udal-jardueraren gidalerro gisa, egoera berri honetan: zuhurtzia osasun alorrean, gizarte-babesaren bermea, tokiko ekonomiaren babesa eta konfiantza etorkizunaren aurrean Eta gaineratu du “burua, bihotza eta ahalmena”·jarri behar direla etorkizunari begira.

Osasun alorreko agintariek ezarritako distantzia-neurriak bete beharrak hartaratuta, Goiuri jauregian izango da aurten urteroko debatea, bertako Martin de Salinas aretoan. Eta mezu bat azpimarratu du alkateak: Orain gurea eta gure jendea zaindu behar ditugu, orain inoiz baino baino gehiago. Alkatearen aburuz, “txertorik ez dagoen bitartean, birusa mehatxua izango da”; horrenbestez, zuhurtzia izan behar du portaera sozial eta instituzionalaren gidari. “Ez dut inoiz ahaztuko 300 gasteiztar baino gehiago zendu dela hilabete hauetan, pandemiaren eraginez. Elkartasuna adierazi nahi diet pertsona horien senide eta gertuko lagunei”, esan du bere mintzaldiaren hasieran..

Ildo berean, jakinarazi du datorren irailaren 21ean, Udalak, Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundia eta gainerako erakundeekin batera, pandemiak iraun bitartean zendutako guztiak omentzeko ekitaldi bat egingo duela, agur sozial eta instituzional bat. “Biktimak gogoratzeko eta beren senide guztiei elkartasuna adierazteko ekitaldia”, nabarmendu du.

Gorka Urtaran alkatearen adierazpenak 2

Alkatea harro agertu da Gasteizekin konpromiso osoa izan duten herritar askoren jokabide eredugarriaz: osasun alorreko eta arlo soziosanitarioko langileak, premia biziko beste langile batzuk, lehen lerroan aritu diren udal-langileak eta beren borondatez larrialdiari aurre egiteko zuten onena eman duten enpresak… “Esker ona adierazi nahi dieta hiri osoaren izenean. Gasteiz modu eredugarrian aritu da: elkartasunez, gorputz eta arimaz, berritzeko eta egoera zail batera egokitzeko gaitasuna erakutsita”, azpimarratu du.

Irailaren 21eko ekitaldiaz gain, oraindik erabakitzeko dagoen beste egunen batean beste ekitaldi publiko bat antolatuko du Udalak, “guztien ongiarekiko konpromisoa erakutsi duten hiriko pertsona eta kolektiboak oro omentzeko, birusaren aurkako lehen lerroan egon diren horiek, gu guztiok babesteko”.

Gasteizko alkateak gogorazi du udal izan zela Estatuan lehena osasun larrialdiari aurre egiteko neurriak hartzen. Lehena gizarte-etxeak, haur eskolak, musika- eta dantza-eskolak eta kirol-instalazioak ixten, baita antzokiak ere. “Lehenak izan ginen osasun-babeseko neurriak hartzen, eta denbora horretan guztian jarrera proaktiboa izan dugu”; horren isla dira azken hiru hilabete era erdian alkateak emandako 13 dekretuak eta Udalak hartutako 150 neurri baino gehiago.

Gainera, udal-gobernuak pandemiaren ondorioei aurre egiteko plan berezi prestatu eta abiarazi zuen. Maiatzaren 6an, artean 0 fasean geundela, alkateak Orain Gasteiz plana aurkeztu zuen, gure hirian osasun- eta ekonomia-krisiari erantzuteko bide-orria, hiru lehentasun argi goiburu: osasuna, ongizatea eta bizi-kalitatea, eta ekonomia.

Dagoenek 30 neurri baino gehiago abiarazi dira Orain Gasteiz planaren baitan (15 milioi euro baino gehiago guztira), udal-aurrekontuko baliabideak hiru lehentasun horietara birbideratzearen bitartez, noiz, eta diru-sarrerak gogor jaisten ari diren testuinguru batean. “Plan berezi errealista da, gure gaitasun ekonomiko eta finantzariora egokitua. Joan den urtean “Agenda gasteiztarra” aginte-planaren barruan aurkeztu genituen proiektuei uko egin gabe datozen hilabeteei aurre egiten lagunduko plana”. Plan horretan, bada, 1,1 milioi euro osasuna babestera bideratzen dira, 11,6 ongizate soziala bermatzera, eta 2,7 tokiko ekonomia babesteko ekintzetara.

Horrekin batera, alkateak iragarri du badugula dagoeneko COVID-19a berriro suspertuko balitz, gaitzaren eraginak ahalik eta gehien murrizteko udal-protokoloa; datozen asteetan sailez sail kontrastatuko da, eta uztailean emango zaio behin betiko onespena.

Gorka Urtaran konbentzituta dago “orain aurrera begiratzeko unea dela, gure hiria zutik eustearen alde borrokatzekoa, lehiakor eta erakargarriago bihurtzeko, are superhiriago. Etorkizunari baikor begiratzeko unea da, konfiantza gehiago izatekoa”. Eta etorkizun horri berme osoz ekin ahal izateko, hiru elementu aipatu ditu ditu, hiru elementu bere aburuz ezinbestekoak: burua, zein errealitatetik abiatzen garen asumitzeko; gaitasuna kudeaketa publikoa hobetzeko neurriak planteatzeko, arazoak konpontzen lagunduko dutenak, arazsoak handitu beharrean; eta bihotza, grina osoz Gasteizentzat onena lortzeko, bestelako interesak albora utzita.

Alkateak laburpen gisa esan duenez, “ hiri-eredu argia duen gobernua  gara, bai eta estrategia definitu bat ere, epe laburrean Orain Gasteiz planaren bidez; epe ertainean “Agenda gasteiztarra” zerbitzu publiko onez hornitzeko, hiri ekonomikoki lehiakorra izateko, eta iraungarritasunaren eredu; eta epe luzean Green Deal delakoa, hots, hiri berdetik ekonomia berderako jauzia”.

Debate orokorra alkatearen diskurtsoa

 

 

 

 

Share

Aurkitu dute atzo paseatzera atera zenean desagertu zen 80 urteko gizona

Larrialdi-taldeek gaur goizean onik topatu dute atzo paseatzera atera zenean desagertu eta etxera itzuli ez zen Gasteizko 80 urteko gizona. Suhiltzaile-patruila batek eta Ertzaintzak, Ertzaintzaren helikoptero batekin, 9:00ak baino zertxobait lehenago topatu dute Gardelegi herriaren inguruan, Zapardiel ibaiko sastrakaz eta zuhaiztiz osatutako eremuan.

Gizona desorientatuta topatu dute, kontziente eta itxuraz egoera onean, atzarmakada batzuk izan arren, helikopteroz ebakuatu eta Santiago ospitalera eraman zuten.

Bilaketa-lanak atzo, asteazkenean, 21:30ean hasi ziren, gizonaren familia desagerpenaz jabetu eta pixka batera. Zeregin horretan esku hartu dute Udaltzaingoak, DYAk eta Gurutze Gorriak.

Beste esku-hartze batzuk

Udaltzaingoak, azken 24 orduetan, sei trafiko-istripu erregistratu ditu. Horietan, bi txirrindulari zauritu dira.

Suhiltzaileek goizeko bostak baino minutu batzuk lehenago eskuk hartu dute gaur Zaramaga auzoan, Gasteizko taldearen kalean su hartu dute paper-edukiontzian sua urarekin itzaltzeko.

 

Share