Prentsa Oharren banner

Astelehenean irekiko dira berriro adinekoentzako zentro soziokulturaletako bederatzi jantokiak, 566 lekurekin

Datorren astelehenean, ekainak 15, irekiko dira berriro adinekoentzako zentro soziokulturaletako bederatzi jantokiak. Hasteko 566 leku eskainiko dira, segurtasun- eta higiene-neurri zorrotzak hartuta erabiltzaileen osasuna zaindu eta bermatzearren.

Alarma egoerak zerbitzua ixtera behartu aurretik ezarritako neurri berak bete beharko dira. Hau da:

  • Bi metroko tartea mahaien artean.
  • Pertsona bakarra mahai bakoitzeko, edo bi bikotekideak edo elkarrekin bizi diren senideak badira.
  • Sarreran tenperatura hartzea.
  • Eskuak nahitaez garbitzea.
  • Jantziak eta norberaren gauzak poltsa batean gordetzea, ezingo baitira esekitokiak erabili.
  • Zerbitzua amaitutakoan jantokia, mahaiak eta abar garbitu eta desinfektatzea.

Urruntze sozialeko neurriak aplikatu direnez, jantokiek leku gutxiago izango dute. Hori dela eta, bi txanda egingo dira jende gehien joaten den jantokietan: Arana, Koroatzea, Herrandarrak, Txagorritxu, San Prudentzio eta Zaramaga. Lehen txanda 13:00etan izango da, eta bigarrena, 14:15ean. Erabiltzaileek zerbitzua hasi baino 15 minutu lehenago egon beharko dute bertan.

“Beste urrats bat da normaltasunerako bide luzean. Adineko asko zeuden une horren zain, jantoki-zerbitzuak laguntza handia ematen baitie egunerokoan eta, gainera, erlazionatzeko aukera baitute, nahiz eta oraingo egoeran distantzia eta segurtasun-neurriak betez egin beharko duten” gogoratu du Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak.

Zerbak eta odolkia

Bitxitasun gisa, deseskalatzearen lehen egunean adinekoentzako jantokiek zerbak patata eta azenarioekin eta odolkia tomate eta piperrekin zerbitzatuko dute, San Prudentzioko sukalde zentralean eginak.

Share