Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2020-11-05)

“MASKARA BETI” sentsibilizazio-kanpainaren harira instalatutako tamaina handiko maskararen aurkezpena

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran eta BSafe enpresaren gerente Beatriz Díaz

Eguna. Osteguna, azaroak 5

Ordua. 10:30

Tokia. Katedral berriaren aurreko espazioa, Magdalena eta Cadena eta Eleta kaleek bat egiten duten tokian

—————————————————

Prentsaurrekoa. Vitoria-Gasteizko Zaintza-Mapa proiektua aurkeztea

Parte hartzaileak. Gizarte Politikak, Adinekoak eta Haurrak Arloko zinegotzi Jon Armentia; eta Elkarrekin Podemos taldeko zinegotzi Gemma Zubiaurre

Eguna. Osteguna, azaroak 5

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share

Udalak eta EHUk Gasteizko biztanleen osasun determinatzaileei eta desberdintasunei buruzko ikerlan bat egingo dute  

 

Berrogeita hamar aldagai inguru aztertuko dira Gasteizko biztanleriaren osasunari eta auzoen artean desberdintasunak sor ditzaketen faktoreei buruzko diagnostiko eguneratua lantzeko. Horretarako, lankidetza-hitzarmen bat sinatu du Gasteizko Udalak Euskal Herriko Unibertsitatearekin, eta 30.000 euro jarriko ditu. EHUko Osasunaren Gizarte Baldintzatzaile eta Aldaketa Demografikoari Buruzko Ikerketa Taldeak (OPIK) egingo ditu lanak, hamabi hilabeteko epean.

Ikerlana lehen urratsa da Gasteizko III. Osasun Plana izango dena idazteko. Osasunaren alorrean hirian lehentasunez garatu beharreko ekintzak jasoko ditu plan berriak, 2002an urratutako bideari jarraituz, orduan Espainiako Hiri Osasungarrien Sarean sartu baitzen Gasteiz (1989tik zen euskal sareko kide). Geroztik beste pausu batzuk eman dira bide horretan, esaterako, OMEk Europako Hiri Osasungarrien Sareko kide izendatzea.

“Sarean lan egitea, osasun gaietan bereziki, inoiz baino garrantzitsuagoa da. Europako Hiri Osasungarrien Sareko kide izateak ezagutzak partekatzea eta hurrengo osasun planaren oinarriak ezartzea ahalbidetzen digu. Gure lehen urratsa izango da herritarren osasun-mailari buruzko informazio osoena biltzea, zerk eragiten duen horretan eta zertan sor daitezkeen desberdintasunak zona batzuen eta besteen artean aztertzea, desberdintasun horiek zuzentzeko politikak proposatu ahal izateko”, adierazi du Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lópezek, zeinak eskerrak eman baitizkio EHUri ekimenean parte hartzeagatik.

Euskal Herriko Unibertsitateko Arabako Campuseko errektoreorde Ivan Igartuak, berriz, nabarmendu du “hitzarmen berria EHUren eta Gasteizko Udalaren lankidetza etengabearen erakusgarri ezin hobea” dela.

 “Oraingoan, hiriko biztanleriaren osasuna aztertzea da helburua, antzeman daitezkeen desberdintasunak konpontzearren, are gehiago aparteko egoera sanitarioan gauden honetan, osasuna ez ezik gure bizitza eta elkarbizitza ere baldintzatu baititu”.

Gasteizko biztanleriaren osasunaren eta horren determinatzaile sozialen diagnostiko kuantitatibo eta kualitatiboa baliagarria izango da arlo horretan desparekotasunak gutxitzeko, eta hirugarren plana definitzeko. Marko teorikoaren definizioa izango da abiapuntua: aztertu nahi diren eremuak hautatuko dira, ondoren datuak bildu eta editatzeko. Zortzi arlo nagusi aurreikusi dira, ia berrogeita hamar kategoriatan banatuko direnak:

  • Demografia: adin, genero, migrazio-fluxu eta beste ezaugarri batzuen araberako egitura.
  • Osasun/ongizate egoera: maila biomediko, funtzional eta psikosoziala, bizi-kalitatea…
  • Osasunarekin lotutako jokabideak: jarduera fisikoa, elikadura, tabakoaren kontsumoa, alkoholaren kontsumoa, osasun sistemaren erabilera…
  • Natur ingurunearen ezaugarriak: airearen kalitatea, ura, zarata, berdeguneak…
  • Ingurune eraikiaren ezaugarriak: bide publikoaren segurtasuna, osasungarritasuna, oinarrizko zerbitzuen gertutasuna, mugikortasun-sistemak, kontsumo osasungarrirako aukerak…
  • Ingurune soziala: kapital soziala, sostengu sareak, gizartean parte hartzeko aukerak, herritarren segurtasuna, desberdintasun faktoreak…
  • Ingurune ekonomiko-materiala: hezkuntza/enplegua, lan-baldintzak, diru-sarrerak, etxebizitza mota…
  • Osasunerako gobernantza: herritarren partaidetza, kontu-ematea, gardentasuna, administrazioen arteko lana osasun gaietan…

Osasunari buruzko informazioaz gain, osasunaren determinatzaileei buruzkoak ere bilduko dira auzoz auzo, izan daitezkeen desberdintasunak arindu edo desagerrarazteko ekintzak hobeto bideratzearren. Kontuan hartuko dira bai banakoen aldagaiak (ikasketa-maila, adina, gizarte-klasea…) bai zona jakin batean osasunaren banaketa nolakoa den islatzen duten adierazle kolektiboak. Ahalegin berezia egingo da adierazle guztiak generoaren arabera bereizita emateko, faktore horrek desberdintasunetan izan dezakeen eragina ere neurtzearren.

Udal iturriez gain, beste iturri batzuk erabiliko dira (EUSTAT, Eusko Jaurlaritza, Osakidetza…). UPV/EHUko irakasle eta Osasunaren Gizarte-Baldintzatzaile eta Aldaketa Demografikoari Buruzko Ikerketa-Taldeko kide Unai Martinek azpimarratu duenez, osasun mailan erabakigarriak dira hirigintza, enplegu politikak eta zerbitzuetarako sarbidea.

Gasteizko II. Osasun Plana landu aurretik beste ikerlan bat egin zen 2013an, zeinean dagoeneko nabarmentzen baitziren desberdintasunak sortzen dituzten zenbait faktore. Esate baterako, adinean aurrera joan ahala osasunaren pertzepzioak okerrera egiten du gizon zein emakumeen artean. Orobat, maila sozioekonomikoa zenbat eta baxuagoa izan, orduan eta okerragoa da osasunaren pertzepzioa bi sexuetan. Bestetik, nork bere osasunaz duen pertzepzioa hobea da pertsona okupatuen artean, bereziki eskuzkoak ez diren lanetan ari ez direnen artean.

“Azterlan berri honen bidez, duela zazpi urteko irudia datu zehatzagoekin eguneratu ahalko dugu, eta osasuna gure lehentasun nagusia bihurtu den une batean egingo dugu. Halaxe da Udalarentzat ere, pandemiaren testuinguruan osasuna bihurtu baitu Orain Gasteiz planaren hiru ildo estrategikoetako bat“, amaitu du Livia Lópezek.

Share

‘Elkarlanean ari gara. Jendearen bizitza hobetzen dugu’ kanpainarekin bat egin du Gasteizko Udalak

Gasteizko Udaleko Garapenean Laguntzeko Zerbitzuak bat egin du euskal eragileekin, erronka globalei erantzuteko orduan elkarlanean aritzeko gaitasunaren balioa nabarmendu nahi duen kanpaina bultzatzeko.

Kanpainaren bideoa: Elkarlanean dihardugu. Jendearen bizitzak hobetzen ditugu.

(H)ABIAN 2030 Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzaren Euskal Estrategiaren barruan, Covid-19aren krisiaren testuinguruan nazioarteko lankidetzaren eta elkartasunaren balioa nabarmentzea helburu duen komunikazio-kanpaina bat bultzatuko dute hiru euskal hiriburuek, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak, hiru foru-aldundiek, Euskal Fondoak, Euskadiko GGKEen Koordinakundeak, garapenerako gobernuz kanpoko hainbat erakundek, hainbat ikastetxek eta komunikazioaren munduko hainbat eragilek.

Garapenerako zinegotzi Jon Armentiak adierazi duenez, hau da Euskadi osoan egingo den kanpaina horrekin bat egiteko arrazoia: “Krisi sanitarioak ekarritako egungo egoeran, funtsezko tresna da garapenerako lankidetza, bai maila lokalean krisiak eragindako behar sozialei erantzuteko, gertueneko ingurunean, bai nazioartean pobreziak eta parekotasunik ezak Covid-19ak sortutako egoerari aurre egiteko ahalmen lokalak mugatzen dituzten hainbat herrialdetan pandemiak izan ditzakeen ondorio kaltegarriei aurre egiteko.”

Gasteizko Udalak eutsi egiten dio nazioarteko lankidetzarekiko konpromisoari, eta udal aurrekontuaren % 0,7 bideratzen du herrialde pobretuetan pertsona eta komunitateen bizi-baldintzak hobetzera eta munduan gertatzen diren bidegabekeriei eta giza eskubideen urraketei erantzutera zuzendutako ekintzetara.

Share