Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2020-11-09)

Prentsaurrekoa. GazteFilm Fest aurkeztea

Parte hartzaileak. Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto; Kultura foru zuzendari Inmaculada Sanchez; Vital Fundazioko zuzendari Arantxa Ibáñez de Opacua; eta GazteFilm Fest jaialdiko zuzendarikide Helena Gonzalez

Eguna. Astelehena, azaroak 9

Ordua. 11:00

Tokia. Vital Fundazioa Kulturunea

Share

Astelehenean irekiko da epea 2021eko “Auzo Eszena” deialdian parte hartzeko

 

Gasteizko antzerki-talde eta artista ez profesionalek azaroaren 23ra arteko epea izango dute proposamenak aurkezteko

Astelehenean, azaroak 9, irekiko da epea 2021eko “Auzo Eszena” deialdian parte hartzeko proposamenak aurkezteko. Gasteizko antzerki-talde eta artista ez profesionalei zuzenduta dago udal ekimen hori.

“Hemengo artisten ondoan egon nahi dugu, gaur inoiz baino gehiago. Pandemiaren ondorioz aldatu egin behar izan dugu gauzak egiteko modua, baina, jarduerak programatzen jarraituko dugu, egoerak ahalbidetzen duen bitartean. Izan ere Kultura segurua da”, adierazi du Gasteizko Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

Auzo Eszena hiriko gizarte etxeetako ekitaldi aretoetan egingo da datorren urteko bi denboralditan (negu-udaberrian eta udazkenean), gehienetan asteburuetan eta arratsaldez.

Proposamenak arte eszenikoen edozein alorretakoak izan daitezke (antzerkia, musika, dantza, bakarrizketak, magia, txotxongiloak, etab.) eta helduak, gazteak, haurrak zein familiak izan ahal dira hartzaileak. Euskaraz nahiz gazteleraz egin ahalko dira proiektuak.

Deialdiko baldintzak betetzen dituzten ikuskizunen artetik, talde tekniko batek aukeratuko ditu 2021eko “Auzo Eszena” programan parte hartuko duten artista eta taldeak, eta bi denboraldietako programaziorako lehen zirriborroa egingo du.

Programazioa hautatutako artista edo taldeekin koordinatu ondoren itxiko da, eta hainbat alderdi hartuko ditu kontuan: hartzaileak, hizkuntza, espazioak, ikuskizunen tipologia, aniztasuna eta beste.

Kultura Zerbitzuak espazioak eta ekipamenduak jartzen ditu, eta sarrera-salmenta kudeatzeaz, ikuskizunen zabalkundea egiteaz, argiztapen eta soinu teknikari baten gastuez eta leihatilan bildutako dirua ordaintzeaz ere arduratzen da. Sarrerek 3 edo 5 euro balioko dute.

Hemen irakur daitezke deialdiaren oinarriak, astelehenetik aurrera: Gasteizko Udala – Auzo Eszena. Proposamenak aurkezteko epea azaroaren 23an amaituko da, egun hori barne; agiriak herritarrei laguntzeko edozein bulegotan aurkeztu daitezke, edo udalaren egoitza elektronikoaren bidez.

Informazio gehiago:  auzoeszena@vitoria-gasteiz.org

 

Share

‘El festín de los cuerpos’ lanaren emanaldia, bertan behera

Gaurko Félix Petite Antzokian programaturiko Danza Mobile I Incubo konpainiaren El festín de los cuerpos ikuskizuna bertan behera geratu da Udal Antzoki Sarearenak ez diren arazoengatik.

Interneten bidez erositako txartelen diru kopurua itzuliko da zuzenean. Leihatilan et telefonoz erositako sarreren diru kopurua Principal Antzokiko leihatilan itzuliko da.

Abonamenduen kasuan ekitaldi horri buruzko partea itzuliko da.

Share

Udalaren Antzoki Sareak 19:00etara aurreratu du azaroan programatutako lanak hasteko ordua

COVID-19ak sortutako osasun krisialdiari aurre egiteko Eusko Jaurlaritzak ezarri dituen azken neurriak direla eta, Udalaren Antzoki Sareak 19:00etara aurreratu behar izan du azaroan programatutako lanak hasteko ordua.

Salbuespen hauek izango dira:

  • Familientzako ikuskizunak ohiko ordutegian eskainiko dira: 18:00etan.
  • Euskadiko Orkestrak azaroaren 9an emango duen kontzertua 20:00etan hasiko da.
  • Enredados ataleko azaroaren 14, 15, 16 eta 17ko saioak: dagokionean jakinaraziko dira ordutegi berriak.
  • Off Lokal ataleko abenduaren 18, 19, 20 eta 21eko ikuskizunak: dagokionean jakinaraziko dira ordutegi berriak.

Herritarrak 22:00etarako etxera iritsi ahal izatea bermatzeko hartu dugu erabaki hau”, azaldu du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

“Programazioa mantentzea da gure lehentasuna, eta gasteiztarrek Antzerki Jaialdiko lanez gozatu ahal izan dezaten bermatzea. Araudiaren arabera justifikatutako arrazoiren batengatik saiora joaterik ez duten pertsonek sarreraren dirua itzultzeko eskatu ahalko dute ikuskizunaren aurretik, leihatilako ohiko ordutegian“, gaineratu du.

Neurria bihar, azaroak 7, sartuko da indarrean, baina gaur gauean Félix Petite antzokian programatuta dagoen lana —Danza Mobile eta Incubo teatro taldeen ‘El festín de los cuerpos’— 20:30ean hasiko  da, aurreikusita zegoen bezala.

Share

Bihartik aurrera, Urtaranen gobernuak ez dio mahaitxoen eta zaborren tasa kobratuko ostalaritza sektoreari

 

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek iragarri duenez, bihartik aurrera ez zaie mahaitxoen eta zaborren tasa kobratuko ostalaritza establezimenduei eta jatetxeei, Euskadiko Babes Zibileko Planaren Aholku Batzordeak (LABI) atzo egindako bileraren ondoren sektorea ixtea erabaki baitzen. Itxierak irauten duen bitartean etengo da tasaren kobrantza, lehenengo alarma egoeran bezala, eta 1.300 negozio ingururi egingo die mesede.

Urtaranek azaldu duenez, jarduera bertan behera utzi behar izateak ostalaritzan eta jatetxeetan izan dezakeen eraginak sortzen duen kezkak justifikatzen du neurria. Alkateak azpimarratu du, halaber, sektorea ez dela egoeraren errudun. “Ostalaritzaren inguruan erlazionatzeko dugun moduak da arazoa, horrek arrisku-egoerak sorraraz baititzake. Edonola ere, Gasteiz osoa jabetzen da osasun zerbitzuetako profesionalak jasaten ari diren presioaz. Atzo hartutako neurrien helburua osasuna babestea da, hori da lehentasuna“, erantsi du.

Zerga pizgarriekin batera, Gasteizko Udalak zenbait neurri osagarri jarri zituen abian ostalaritza eta jatetxeen sektoreari laguntzeko eta ezarritako murrizketen eragin negatiboak konpentsatzeko, haien ordezkariekin adostutakoak:

  • Erraz desmuntatu daitezkeen egitura estaliak jartzeko baimena.
  • Eguzkilore deritzen kaleetako aparkatzeko lekuetan eta superetxadien barrualdeetako fatxaden aurrealdean mahaitxoak jartzeko baimena.
  • Arkupeetan mahaitxoak jartzeko baimena, etxejabeen erkidegoen oniritzia izanez gero.
  • Gasezko berogailuak instalatzeko baimena.

Orobat, martxan jarraitzen du Gasteizko Ekonomia Suspertzeko Planak; laguntza eta ekimenen multzo horrek 2,7 milioi euroko aurrekontua du orotara, bost ardatzetan banatuta, eta zati handi bat ostalaritza-sektoreari zuzentzen zaio.

“Udala, gainerako administrazioekin batera, sektoreari laguntzeko neurriak lantzen ari da, eta horiek berrantolatzeko edo daudenak indartzeko aukera ere aztertuko da. Lanean jarraituko dugu, hartutako neurrien eragin negatiboak direla eta sektorea jasaten ari den kaltea nola minimizatu daitekeen ikusteko; neurriak ez dira inoren gustuko, baina guztiz beharrezkoak dira“, amaitu du alkateak.

Share

Atxilotua arrebari eta esku hartu zuten udaltzainei eraso egiteagatik

Udaltzainek 46 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo etxeko indarkeria eta agintaritza-agenteen eta 50 urteko bere arrebaren aurkako atentatua delituen ustezko egile gisa. Guztia 20:45 inguruan Zaramaga auzoan gertatu zen, anai-arrebek eragindako jazoeran esku hartu zuten udaltzainei eraso egin zienean.

Poliziaren koordinazio-deiak egindako deiak gizonezko batek emakume bati eraso egin ziola jakinarazi zuen. Horren lekuko izan zen patruila. Biak banandu ondoren, eta udaltzainak gizonezkoa identifikatzen ari zirela, erasoa jasan zuena arreba zela esan zuen. Gainera, udaltzainei eraso egiten saiatu zen, emakumezkoa bezalaxe. Bestalde, musukoa jartzeari eta bertaratu zen anbulantziako osasun arloko langileek asistentzia emateari uko egin zion.

Bi anai-arrebak atxilotu zituzten; gizonezkoa genero-indarkeriagatik eta agenteen aurkako atentatuagatik, eta emakumezkoa azken delituagatik. Biak gaur geratuko dira epailearen esku.

Lan-istripua

Suhiltzaileek atzo Alejandro Mendizabal ingeniariaren kalean gertatutako lan-istripua zela eta esku hartu behar izan zuten. Bertan, kofratu bat erori izanak pertsona bat harrapatu zuen, eta ospitale-zentro batera eraman behar izan zuten.

Share

AMAPASE eta Gurutze Gorriarekiko lankidetza-hitzarmenak onetsi dira

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak Gurutze Gorriarekin zein AMAPASErekin lankidetza-hitzarmen bana sinatzea onetsi du gaur Tokiko Gobernu Batzarrak. Hurrenez hurren adinekoei eta banantzeko prozesuan dauden familiei zuzendutako gizarte programak garatuko dira hitzarmen horien bitartez.

AMAPASE-Banandutako Gurasoen Elkartearekiko hitzarmenaren helburua da gurasotasun positiborako programa bat garatzea, gurasoak banantzekotan diren familietan bizikidetza eta harreman giro egokia sortzearren eta kide guztien beharrei erantzutearren, bereziki seme-alabenei.

Hiru ekintzatan egituratzen da programa:

  • Krisi egoeran edo dolu prozesuan dauden familiei lehen mailako arreta ematea.
  • Gurasotasun positiboa eta dolua lantzeko sostengu talde bat sortzea.
  • Gurasotasun positiboari buruzko VII. Jardunaldia antolatzea.

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak 12.561,65 euro jarriko ditu programa finantzatzeko.  

Gurutze Gorria

Gurutze Gorriarekiko hitzarmenak, berriz, 4.700 euroko zuzkidura du, eta udal egoitzetan dauden eta dena delakoagatik harremanak izateko aukera gutxi duten adinekoei zuzentzen zaie, haien arteko harremanak eta belaunaldien artekoak sustatzeko xedez.

Orobat, bazterketari aurrea hartzea eta pertsona horiek ingurunean integratu eta parte hartzea lortu nahi da, boluntarioek laguntzarekin.

 

Share

Ekonomia Sustapenaren Sailak 300.000 euro jarriko ditu Forondari bultzada emateko

Gasteizko Udalak Forondako aireportuarekiko konpromisoa berretsiko du, VIA sozietatearekin hitzarmena sinatuz. Tokiko Gobernu Batzarrak gaur onetsi duen lankidetza-hitzarmenari esker, Ekonomia Sustapenaren Sailak 300.000 euro bideratuko ditu Arabako aireportura. Aireportuan salgaien eta bidaiarien trafikoa handitzeko xedez egiten diren ekintzak finantzatzen laguntzeko baliatuko da ekarpena.

2020rako hitzarmena Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak lau urterako lotu zuten akordioaren barruan sartzen da, aireportua ekonomia suspertzeko funtsezko pieza bihurtzera zuzendutako ekintzak bideratzeko. Forondaren sustapenerako lehiaketa bat abian jartzea ekarri zuen ekimen horrek, Estatu barruko eta nazioarteko hegaldiak egiten dituzten konpainiei zuzendua, hegaldi erregularren operatiboa martxan jartzeko aukera izan zedin hartara.

2020rako hitzarmena onetsi ondoren alkateorde eta Ekonomia Sustapenaren zinegotzi Maider Etxebarriak adierazi duenez, udal gobernuak “Foronda sustatzeko konpromisoa bete du; aireportuari, denei bezala, sufritzea egokitu zaio azken hilabeteotan, osasun krisialdia dela kausa, baina Gasteizko makineria ekonomikoan funtsezko pieza izaten jarraitzen du“.

 

Share

Gamarrako ateak oinezkoentzako leku gehiago izango du, eta bi norabideko bidegorria

Gasteizko eraztun industriala hobetzeko estrategiaren barruan sartzen da esku-hartzea, Industria Mahaiak eskatua.

Tokiko Gobernu Batzarrak datozen egunetan onetsiko du Gamarrako atea berritzeko obraren esleipena, Maider Etxebarria zinegotziak gidatzen duen Ekonomia Sustapenaren Sailak eskatuta. Kalea modernizatzea da aurreikusitako esku-hartzearen helburua. Oinezkoentzako espazioa zabaldu eta eraberrituko da, bideak hobetuko, bi norabideko bidegorria egingo, eta zuhaitz eta zuhaixkak landatuko, berdegune berrituan.

Esku-hartzearen bitartez, industrialdera doan zirkulazioaren inpaktua murriztea aurreikusten da. Bost hilabete beharko dira obrak burutzeko. CAMPEZO OBRAS Y SERVICIOS SA enpresak (IFZ: A48119036) egingo ditu lanak, 623.448,50 euroan (BEZa barne).

Ekonomia Sustapenaren Sailaren Ekonomia Suspertzeko Planaren barruan sartzen dira eraberritze-obra horiek, eta berariaz eskatuak zituen kale horretako enpresak ordezkatzen dituen Industria Mahaiak. 410 metroko luzeran egingo dira, Kantabrikoaren hiribidetik hasi eta Santo Tomas Ibaiaren plazaraino.

Inbertsio estrategikoa funtsezkoa da une honetan industrialdeei bultzada bat eman eta Gasteizko eraztun industriala sendotzeko”, azaldu du lehen alkateorde eta Ekonomia Sustapenaren zinegotzi Maider Etxebarriak.

Esku-hartze honi esker, mugikortasun iraunkorrerako sarea osatzen jarraituko dugu, oinezkoentzako eta bizikletentzako alternatibak eskainiz eta industrialdeak hiri kontsolidatuarekin lotuz. Izan ere, lanerako joan-etorrien % 25 inguru ibilgailu pribatuz egiten dira, eta joera horri buelta eman behar diogu”, azaldu du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok.

Gaur egun, zuhaitzek espaloia ia osorik hartzen dute, kaleak trafiko handia jasaten du puntako orduetan, eta argiztapen-gabeziak daude, Gamarrako atea oinezko eta txirrindularientzat erakargarritasun gutxiko toki egiten dutenak.

Bi zatitan banatuko da esku-hartzea. Zatirik luzeenean 280 metro, iparralderantz doan erreietako bat eta aparkaleku-lerro bat kenduko dira, espaloiak eta berdegunea handitzeko. Oinezkoentzako pasabide berriak 2,2 metro eta 2,75 arteko zabalera izango du; zuhaitz eta zuhaixkak landatuko dira aldamenean, eta 2,2 metroko zabalera izango duen bidegorria egingo.

Bigarren zatian 130 metro inguru, bigarren erreia berreskuratuko da, trafikoa arintzeko, Santo Tomas Ibaiaren plazarekiko bidegurutzea baino lehen. Tarte horretan, oinezkoentzako eta txirrindularientzako sekzioak jarraituko du; berdegunea, berriz, estutu egingo da, nahiz eta nahikoa izango den zuhaitzak landatu eta argiteria jartzeko, trafikotik bereizteko.

Ekonomia Sustapenaren Sailak eta Espazio Publikoaren Sailak koordinatutako proiektuak orobat aurreikusten du egoera txarrean dauden 48 makalen ordez tamaina handiko beste espezie bateko 45 ale jartzea, baita hainbat espezietako zuhaixkak ere. Era berean, udal-ordenantzaren arabera hala tramitatzen duten komunitateetara sartzeko pasabideak egingo dira, eta aireko lineak lurperatuko.

2019an Jundiz eta Urartea kaleetan egindako esku-hartzeei gehituko zaizkie Gamarrako ateko obrak, zoladura konpondu baitzen orduko hartan, 700.000 euroko inbertsioa eginez. Bi industrialdeetako enpresekin adostu ziren hobekuntza haiek ere, Industria Mahaiaren bitartez.

 

 

Share

Patxi Zubizarreta eta Xabier Olarrak lortu dituzte haur eta gazte literaturako itzulpen onenen ‘Vitoria-Gasteiz’ sariak

220 urteaz geroztik, Vitoria-Gasteiz Sariak ematen ditu Gasteizko Udalak, Euskara Zerbitzuarenbitartez, haur eta gazte literaturako lanen euskararako itzulpen onenak aintzatesteko. Oraingo honetan, 17. edizioan, Patxi Zubizarreta eta Xabier Olarra itzultzaileek irabazi dituzte sariak. Hala berretsi du Tokiko Gobernu Batzarrak, gaur goizean.

Alexandra Garibalen ‘Plein plein, plein d’animaux’ —‘Animalia asko, pila bila’— liburuaren itzulpenagatik lortu du saria Patxi Zubizarretak, eta 9.000 euro eskuratuko ditu. Jatorrizko liburuaren berezitasuna, hitz-jokoak eta umorea euskarara ekartzeko gaitasuna azpimarratu da. Gainera, epaimahaiak adierazi du oso maila altuko itzulpena dela Zubizarretarena.

Xabier Olarrak, ordea, Robert Louis Svensonen ‘Catriona’ren itzulpenagatik lortu du saria. 9.000 euro eskuratuko ditu ere. Kasu honetan, egindako lanaren kalitatea eta itzulpenean lortutako hizkuntza-maila altua goraipatu dute. Epaimahaiaren hitzetan, “itzulpen borobila” da. “Euskara dotore eta, aldi berean, erraz eta lehen irakurketan ulertzeko modukoa da”, esan dute.

Guztira 29 lan aurkeztu dira aurten Vitoria-Gasteiz Sarietara, azken edizioetan baino gehiago. Hauek izan dira epaimahaikoak: Aintzane Atela Gurrutxaga, Patxi de Vicente Arbeloa, Karlos del Olmo Serna, Miren Ibarluzea Santisteban eta Mario Unamuno Plazaola. Bai Patxi Zubizarreta eta baita Xabier Olarra aurreko urteetan ere sarituak izandakoak dira.

Share