Prentsa Oharren banner

‘Ikusarazi beharreko historia: emakumeak Gasteizen’ ibilbidea

 

Hezkuntza Zerbitzuak ibilbide historiko-artistiko berria prestatu du emakumeek hiriaren historiari egindako ekarpenaren balioa nabarmentzeko.

Hezkuntza Zerbitzuak ibilbide historiko-artistiko berri bat prestatu du, “Ikusarazi beharreko historia: emakumeak Gasteizen” deiturikoa, emakumeek Arabako hiriburuaren historiari egin dioten ekarpena onartu eta baloratzeko.

“Gasteiz, hiri hezitzailea” programaren barruko jarduera hau DBH, DBHO, eta HHIko ikasleei zein helduen taldeei zuzentzen zaie. Gida didaktikoa eta bideo bat ditu, eta horien bitartez, hiriko emakumeak non eta nola bizi ziren, eta zein zeregin eta ardura zituzten azaltzen da. Emakumeek urteetan zehar hainbat arlotan –politika, gizarte, arte eta ekonomian – izandako partaidetza azaltzen da.

“Ibilbide berri honekin emakumeek Gasteizko historiari egindako ekarpena onartu eta baloratu nahi dugu, gure hiriaren “irakurketa” historikoa hobetu, eta emakumeen errealitate ahaztu horren aurrean pentsamendu kritikoa sustatu, genero-berdintasunari dagokionez jarrera koherente eta aktiboa erraztuz” adierazi du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok.

Historia gizonek idatzi eta kontatu dutela erakusten du materialak; gizonen ekarpena islatzen duela, emakumeak eta horien ekarpena ikusezin bihurtuz. Beste zenbait gai ere jorratzen ditu, esaterako, historia ofizialean goiko mailek duten gehiegizko ordezkaritza, antzinako “emakume” idealak eta rolak, emakumeek hazkuntzan eta zaintzan egindako ekarpena, eta gaur eguneko indarkeria eta genero-desberdintasuna.

Hauxe da proposatutako ibilbidea: Emakumeen Etxetik hasita, Santa Maria plaza, Eskoriatza-Eskibel jauregia, garai bateko Arte eta Lanbide Eskola, Montehermoso jauregia, Alava jauregia, San Pedro eliza, Errementari kalea, Buruileria plaza, Sokaren Etxea, udaletxea, Dato kalea eta Andre Maria Zuriaren plaza.

Dagoeneko programatuta dauden beste hauei gehitzen zaie ibilbidea: ‘Erdi Aroko Gasteiz’, ‘Gasteiz Neoklasikoa’, ‘XIX. mendeko zabalgunea’, ‘Idazketa eta idatzitakoa’, ‘San Pedro eliza’, ‘Udala’, Bisita Santa Maria katedralera’, ‘Lantegiak Santa Maria katedralean’ eta ‘Argiaren elizpea’.

Informazio gehiago 

 

 

Share