Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2020-11-13)

URAk uholdeetatik babesteko Zadorra ibaian egin dituen obren II. faseko lanak bisitatzea

Parte hartzaileak. Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapia; eta Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Ostirala, azaroak 13

Ordua. 09:30

Tokia. Zadorra hiribidea 01013 GASTEIZ > https://maps.app.goo.gl/MrpPYZVRRYYc2PLC6

——————————————-

Prentsaurrekoa. “Enredados. No me toques Juan 20:17” antzezlana aurkeztea

Parte hartzaileak. Miguel Angel Perez Avila egile, zuzendari eta antzezlea; Marta Mas eta Aritz Ibáñez, antzezleak; eta Udal Antzoki Sareko arduradun Marta Monfort

Eguna. Ostirala, azaroak 13

Ordua. 10:30

Tokia. Teatro Principal Antzokia

Share

Eguberrietako argiak jartzeko lanak hasi dira. Tamaina handiagoko arkuak izango dira

  • 2020ko berrikuntza nagusia: ia berrehun zuhaitz argiztatuko dira hiri osoan, baita Floridako kioskoa ere
  • Iluminaciones Ximénez enpresari adjudikatu zitzaion Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Sailaren kontratua

 

Atzo ekin zien Gasteizko Udalak Eguberrietako argiak jartzeko lanei. Tenkatzeko kableak jarri ondoren, hurrengo asteetan jarriko dira argi-arkuak, zuhaitz eta faroletako apaingarriak eta argi-irudiak. Ekonomia Sustapeneko, Enplegurako, Merkataritzako eta Turismoko Udal Sailak 165.000 euro inbertituko ditu, 2019an baino% 33 gehiago, urteko kontsumo handieneko kanpainetako bat pizteko.

Iluminaciones Ximénez enpresari adjudikatu zaio aurten argiak jartzeko tramitatutako kontratua, besteak beste Vigo, Madril, Malaga eta Iruñeko Eguberrietako argiez arduratuko den enpresari —2014 eta 2017an ere berak instalatu zituen argiak, Gasteizen—.

“Urte zail honetan, argiztapena hobetzeko ahalegina egin dugu, kaleei poztasun pixka bat emateko eta, horrela, merkataritza lokalari laguntzeko Eguberrietako kanpaina berezi hau dinamizatzen”, adierazi du alkateorde eta Ekonomia Sustapenerako zinegotzi Maider Etxebarriak.

Arku handiagoak

Langileak laster jartzen hasiko diren apaingarrien artetik, nabarmentzekoa da Floridako kioskoan jarriko den argiztapena, hiru dimentsioko elementu handiak instalatuko baitira. Gainera, Gasteizko birika berde horren 200. urteurrena dela eta, Floridako ibilbideko 31 zuhaitz ere argiztatuko dira.

Gasteizko hainbat kaletan jarriko diren arkuei dagokienez, horien tamaina izango da deigarriena, batez beste bi metroko altuera izango baitute. Orobat nabarmenduko dira proposamenetako batzuen koloreak eta originaltasuna —horietako asko Arabako hiriburuan inoiz ikusi gabeak dira—. Lerro aratz, kolore epel eta urre-kolorekotzat deskribatu ditu enpresak berak.

Estetika berari erantzungo diote udaletxearen eta Goiuri jauregiaren fatxadek, horiek ere argiztatuko baitira, ohi denez.

200 zuhaitz argiztatu inguru

Argiztatuko diren zuhaitzen kopurua handitzea erabaki du Maider Etxebarriak gidatzen duen sailak. Guztira, 194 zuhaitz apainduko dira Eguberrietarako —joan den urtean 154 izan ziren—. Zehazki, zuhaitz argiztatu gehiago izango dira Vicente Goikoetxea kalean eta San Anton plazan; Independentzia kalean, berriz, hogei zuhaitz argiztatuko dira, joan den urtean bezala. Andre Maria Zuriaren plazen ere, lehenengo aldiz, 4 zuhaitz argidun izango dira.

Aurrekoetan bezala, abenduko lehen asteburuan piztuko dira argiak. Zehazki, abenduaren 4tik urtarrilaren 7ra bitartean egongo dira piztuta.

 

Share

Udaltzainen eta suhiltzaileen esku-hartzeak

Azken 24 orduotan, Udaltzaingoak bi zirkulazio-istripu erregistratu ditu eta horietan ez da zauriturik izan.

Suhiltzaileek atzo, 17:45 inguruan, Zigoitian kamioi batean piztu zen sutea itzaltzeko esku hartu behar izan zuten. Suak kabina, atoia eta karga kiskali zituen. PSISZeko kideek aparra erabili zuten erabat itzaltzeko eta erreten bat geratu zen han berriro su ez hartzea kontrolatzeko.

Share

Datozen hilabeteetan, Udalak 62.000 maskara baino gehiago banatuko ditu gizarte ahuldade egoeran dauden familien artean

Gaurtik aurrera helaraziko ditu babesak, hiriko 44 entitateren bitartez

 

Datozen hilabeteetan, Udalak 62.000 maskara baino gehiago banatuko ditu gizarte ahuldade egoeran dauden familien artean.  Gaurtik aurrera helaraziko ditu babesak, hiriko 44 entitateren bitartez. Hilero banatuko dira maskarak, azaroan, abenduan eta urtarrilean, 21.000 ale hileko.

Covid-19aren aurkako Udalaren Kontingentzia Planaren barruko ekimena da. Zehazki, Gobernuaren Arabako Ordezkariordetzak duela gutxi Gasteiz hiriari emandako maskarak dira. Babes-material hori Espainiako Udalerrien eta Probintzien Federazioaren eta Lurralde Politikaren eta Funtzio Publikoaren Ministerioaren ekimenez eman zen. Orotara 12 milioi maskara banatu zituzten estatu osoan, udalerri bakoitzeko biztanle-bolumenaren arabera.

Share

Osasun-egoerak okerrera egiteak Gabonetako izotz-pista bertan behera utzi beharra eragin du

Gasteizko Udalak 2020-2021 Gabonetan Florida parkean ipintzekoa zen izotz-pizta bertan behera uztea erabaki du. Osasun-egoerak okerrera egin du, eta murriztapen gehiago ezarri dira ordutegien, mugikortasunaren eta jardueren aldetik, halako moduan non bertan behera utzi behar izan den Gabonetan jende-pilaketa handieneko puntuetako bat.

“Beti saiatzen gara Gasteizera ahalik eta jarduera gehien ekartzen, batez ere Gabonetan, urteko garai benetan garrantzitsua baita, baina hasieratik beretik izan dugu argi izotz-pista posible izango litzatekeela soilik pandemiak eskatzen dituzten segurtasun-neurriek ahalbidetu izan balute, ez bestela. Tamalez, kutsadura-kopuruaren eboluzio txarrak, osasun-sistemak pairatzen duen presio gero eta handiagoak eta abian jarri behar izan diren murriztapen berriek erabaki hau hartzera behartu gaituzte”, esan du Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lópezek.

erabilera konpartituko guneak eta konpartitu beharreko objektuek dakarten arriskua zerikusia izan du erabakian, bai eta segurtasun-tartea zaintzeko zailtasunek ere. Iaz, 74.032 erabilera izan zituzten izotz-pistak eta txirristak, irekita egon ziren ziren 24 eguneko epean. Horiei, instalazioen etahara iristeko lekuen inguruetan pilatzen den jendea gehitu behar zaio.

 

Share