Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2020-11-10)

Komunikabide grafikoentzako deialdia. Lore eskaintza Memoriaren Eguna dela eta

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Asteartea, azaroak 10

Ordua. 10:00

Tokia. Eusko Legebiltzarra

————————————–

Prentsaurrekoa. XV. Jazz Uhinak Hirian Barrena jaialdiaren programa aurkeztea

Parte hartzaileak. Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Canto; Kultura eta Kirol foru diputatu Ana del Val; Laboral Kutxako komunikazio arduradun Kepa Ortiz de Urbina; eta Jazz Uhinak Hirian Barrena Jaialdiko antolatzaile Joseba Cabezas

Eguna. Asteartea, azaroak 10

Ordua. 10:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

————————————–

Prentsaurrekoa. ‘Erronka Gazteak’ Gazte Plana aurkeztea

Parte hartzaileak. Gazteria zinegotzi Miren Fernandez de Landa; eta Gazteria Zerbitzuko buru Oskar Fernandez Jaras

Eguna. Asteartea, azaroak 10

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

————————————-

Prentsaurrekoa. ‘Omiyakon: habitación 101’ antzezlana aurkeztea

Parte hartzaileak. Txubio Fernández de Jáuregui eta Arrate Etxebarria, antzezleak; eta Alex Gerediaga, zuzendaritza

Eguna. Asteartea, azaroak 10

Ordua. 11:30

Tokia. Teatro Principal Antzokia

Share

Neguan Ostatu emateko Baliabideak 20 leku prestatu ditu egunik hotzenetan kalean lo egiten duten pertsonentzat

Leku horietako bost Aterpe gaueko zentroan eskainiko dira

Urteko hilabete hotzenak iristen direnean ohi duen bezala, Udalak Neguan Ostatu emateko Baliabidea eskainiko du berriro, kalean lo egiten duten pertsonei aterpe emateko.

Aurten, Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak 20 leku prestatu ditu, zeinak datorren ostegunetik aurrera (azaroak 12) erabili ahalko baitira. Berritasun gisa, horietako bost Aterpe gaueko zentroan kokatuko dira eta gainerakoak Harrera Sozialerako Udal Zentroan (CMAS), ohi bezala.

Etxerik gabekoei arreta ematen dien Hurbil taldeko hezitzaileek egin duten azken zenbaketaren arabera, gaur egun profil horretako hamar pertsonak egiten dute lo hiriko kaleetan; “beraz, behar guztiak betetzeko eta baliabide horretan lekua emateko ahalmena dugu“, azaldu du batzordean gizarte-zerbitzuen arduradun Jon Armentia zinegotziak.

Iaz, 117 pertsonari eman zien arreta neguko baliabideak, eta 2.075 erabilera erregistratu ziren zabalik egon zen 131 egunetan, hau da, azaroaren 13tik martxoaren 23ra arte, pandemiaren ondorioz erabiltzaileak beste baliabide batzuetara aldatu behar izan baitzituzten egun horretatik aurrera.

Share

Hasi dira Iturritxu kaleko radar kabinak jartzeko lanak

Udalak gaur goizean hasi ditu Iturritxu kalean bi radar kabina jartzeko lanak, errei berria duen tartean abiadura kontrolatzeko. Neurgailuak ikastolaren parean kokatuko dira, oinezko semaforodunen bi pasabideen artean eta Campo de los Palacios eta Miguel Mieg artean. Oinezkoen joan-etorri handiko guneak dira hauek.

Gaur zorua prestatzen ibili da lana egingo duen enpresa. Eta bihar, lehenengo orduan, kabinak ipiniko dira.

Radar bakarra jarri beharrean, zati osoa lasaitzea eta abiadura neurgailuaren parean moteldu ondoren ibilgailuek berriro azeleratzea saihestea da bi radar jartzeko erabakiaren helburua. “Neurri honekin kale honetako abiadura lasaituko dugula ziur nago”, esan du Raimundo Ruiz de Escudero Mugikortasun eta Espazio Publikoko zinegotziak.

 

Share

Atxilotuta, mugikorraren bidez neska nerabe bati hertsamen eta sexu-jazarpen delituak egiteagatik

Egilea 30 urteko gizonezkoa da, eta Zaramagako bere etxean atxilotu zuten

Udaltzaingoak 30 urteko gizonezko bat atxilotu zuen joan den ostiralean sexu-askatasun eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delituak egiteagatik, mugikorraren eta sare sozial baten bidez 16 urteko neska bati mehatxatu baitzuen.

Joan den osteguneko (azaroak 5) 17:45ean Udaltzaingoak jakin izan zuen nerabea udalaren gizarte-etxe batera jo zuela laguntza eske, mugikorrean mehatxu jaso ostean, WhatsApp bidez, sexu-jazarpeneko praktika baten inguruan.

Uniformeez jantzi gabeko Herritarren Segurtasuneko agenteak harremanetan jarri ziren adingabearekin eta haren amarekin, eta Agirrelandako polizia-etxera eraman zituen biak, salaketa egitera.

Udaltzaingoak susmatzen zuen mezuen egilea gertuko norbait zela. Mezuetan, sexu edukizko bideoak eskatzen zizkion adingabeari, oso ordu-kopuru tarte txikian gainera, hala ez egitera gertuko senide baten sexu edukizko bideo bat hedatzeko mehatxupean.

Lehen mehatxuen ostean, gizonak berriro jo zuen adingabearengana, bigarren honetan Instagram bidez, lehenago eskatutako exijitzeko; mezu horretan gertuko senide baten argazki intimo bat bidali zion, eta argitaratuko egingo zuela mehatxatu zuen, bere nahiak aseten ez bazituen.

Gasteizko Udaltzaingoaren delituen ikerketa taldea arduratu zen ikerketaz. Ikerketaren ondorioz, udaltzainek jakin zuten mezuen egilea Zaramagan bizi den30 urteko gizonezko bat zela, zein bere etxean atxilotu baitzuten ostiraleko 19-15ean. Asteburuan epailearen esku geratu da.

Ikerlanen baitan, gizonezkoaren etxean Prozesatzeko Unitate Zentral bat (CPU), mikro SD txartel bat, telefono mugikorreko txartel bat, telefono mugikor bat eta ezkutuko kameradun boligrafo bat atzeman zitzaizkion.

Gailu horiek aztertuko dituzte, Ertzaintzaren Polizia Judizialeko Unitatearekin lankidetzan (Teknologia Berrietako Atala), eta horri esker gertakariak goitik behera argitzeko eta sexu edukizko bideo edo irudirik (ikertutako kasuari zein balizko beste biktima batzuei dagozkienak) ba ote dagoen egiaztatzeko aukera emango du.

Beste esku-hartze batzuk

Udaltzainek ostiralean 38 urteko gizonezko bat atxilotu zuten Zaramagako merkataritza-zentro bateko saltoki batean tableta baten ebasketa-delitu baten ustezko egilea zelakoan. Ebatsitako objektuak ia 900 euroko balioa zuen.

Trafiko-kanpaina berezia

Gaurtik hasi eta azaroaren 15era bitarte (igandea), Udaltzaingoak trafiko-kanpaina berezi bat egingo du bizikleta-bideetako aparkatzeak kontrolatzeko, Bide Segurtasunaren Udal Plan Estrategikoaren barnean (2018-2023). Horren ardura duten udaltzainek bizikletentzako bide horietan aparkatzeari dagozkion arau-hausteak ez direla gertatzen egiaztatuko dute.

Ura ateratzea

Suhiltzaileek dozena bat esku-hartze baino gehiago egin zituzten aurreko larunbat goizaldean erregistratutako eurite handien eraginez hiriko hainbat gunetan sortu ziren baltsetatik ura ateratzeko.

Era berean suteak itzali zituzten Navarro Villoslada kaleko, Biltzar Nagusien kaleko eta Voluntaria Entrega kaleko edukiontzietan eta hiri-altzarietan.

 

 

Share

Gasteizek Gaztefilm Fest jaialdiaren laugarren edizioa hartuko du

Azaroaren 20tik 29ra arte, 20 jardueratik gora biltzen dituen programa garatuko da hiriko zenbait lekutan

 

Azaroaren 20tik 29ra arte, Gasteizek Gaztefilm Fest jaialdiaren laugarren edizioa hartuko du. Zinhezba eta KalakaLab kultur elkarteek antolatu dute haur eta gazteei zuzendutako programa, zeinak 20 jardueratik gora biltzen baititu, eta behar diren segurtasun-neurriak hartuta garatuko da.

Gasteizko hainbat espaziotan egingo dira proiekzioak: Montehermoso kulturunea, Zabalganeko gizarte etxea, Vital Fundazioaren kulturunea, Monstrenka aretoa, Satélite taberna, eta SAMA-Ikus-entzunezkoen Arabako Elkartearen ‘zinematxoa’. Arabako beste udalerri batzuetara ere hedatuko da GazteFilm Fest, hala nola Zigoitia, Kanpezu eta Laudio.

Aintzat hartzen dugu Gaztefilm Festek bere jarduerak hiriko auzo ezberdinetan eta lurraldeko zenbait herritan zabaltzeko egin duen ahalegina, zinemara edozein adinekin eta edonon joateko esperientzia errazten eta sustatzen baitute“, adierazi du Gasteizko Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok ekitaldiaren aurkezpenean, zeinak Udalaren, Arabako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Vital Fundazioaren laguntza baitu.

Bi asteburutan egingo da jaialdia. Hilaren 20, 21 eta 22an, haurren atala egingo da (12 urtera arte); 27, 28 eta 29an, berriz, 12 urtetik gorako gazteentzako filmak eskainiko dira.

Batetik, sail ofiziala du programazioak, lehiaketara aurkeztutako film labur eta luzeek osatua; bestetik, hainbat jaialditan arrakasta lortu duten film berri-berrien erakustaldia.

Orotara, mundu osoko 1.024 film labur eta 254 film luze aurkeztu dira edizio honetan. Film horiek ez dira zirkuitu komertzialetan erakutsi ohi, eta hainbat gai jorratzen dituzte: elkartasuna, gizarte bazterkeria, desberdintasuna, adiskidetasuna, heriotza eta abar. Antolatzaileek jatorrizko bertsioan eskainiko dituzte lanak, baina proiekzioen % 60an euskarazko bikoizketa edo azpitituluak eginda.

“Hiriko txikiak 2020ko Gaztefilm Festez gozatzera animatzen ditugu. Izan ere, zinemaren jaiak aurrera jarraitu behar du. Kultura segurua baita“, azpimarratu du Cantok.

 Sail ofiziala

Zortzi film luzek osatzen dute sail ofiziala. Haurrentzako atalean, ‘My Grandpa is an Alien’, ‘Strike’, ‘Calamity, Martha Jane Cannary-ren haurtzaroa’ eta ‘Fritzi: un cuento Revolucionario’ filmak ikusi ahalko dira. Gazteentzako atalean, berriz, ‘Meu nome es Bagdad’, ‘Nevia’, ‘Los lobos’ eta ’Normal’ filmak.

Film laburren sailean, bestetik, 28 lan eskainiko dira guztira, adin-tarteen arabera banatutako lau programatan. Etxeko txikienek “Handi egiten gaituzten gauza txiki horiek” izeneko programa izango dute eskura. Naturak, adiskideek eta desberdintasunek xehetasunetan pentsatzera nola bultza gaitzaketen ikasiko dute, askotan oharkabean pasatzen baitira. 9 urtetik gorako ikusleentzat bederatzi film labur aurkeztuko dira “Lagun ezberdinak” izeneko saioan. Nahasketa perfektuenak sortzen dituzten ezberdintasunak dute gaitzat.

Gazteentzako saileko lehen saioa 12 urtetik aurrerako gazteei zuzenduta dago eta sei film laburrek osatzen dute. “Transmisioak” du izena, eta heldutasunerako urratsa lantzen du, inguruneak ezinbestean baldintzatu duen aldaketa horren errealitate desberdinak erakutsiz. 16 urtetik gorakoentzako atalak, azkenik, “Obsesioak” du izena, eta sei film laburrek osatzen dute. Horien bidez, gizakiaren irrika eta desio sakonak jorratzen dira, ametsen bila jarraitzera bultzatzen dutenak.

Erakustaldia

Erakustaldian, 3 urtetik gorako atalak ‘Jungle Beat’ animaziozko filma eta film laburren programa bat eskainiko dira. Haurrentzako atalean, ‘Jacob, Mimi y los perros del barrio’ eta ‘La famosa invasión de los osos en Sicilia’ lanak aurkeztuko dira. Gazteentzako atalean, berriz, ‘Las niñas’ eta ‘Las buenas intenciones’.

‘Periferikoak’ izeneko atala da erakustaldiaren azken osagarria; duten bitxitasun edo arriskuagatik edo gainerakoekin uztartzeko zailtasunagatik sail ofizialetik kanpo geratu diren piezen bilduma da.

GazteFilm Fest jaialdiak, orobat, ‘Jolasak filmatzen’ ikus-entzunezkoen laborategi ludikoa proposatzen du, haurrek sortzeko eta ikus-entzunezkoen lengoaia ikasteko espazioa, jolasa ardatz hartuta. Jarduera horretan, film labur bat egingo dute taldean. 9 eta 13 urte bitarteko haurrentzat da.

Emanaldietarako sarrerak gaurtik, azaroak 9, erosi ahalko dira, proiekzioaren egunera arte, www.gaztefilmfest.com web-orrian, 3 euroan.

Gainera, aurten Filmin plataforma digitalarekiko lankidetza sendotuko da, Gaztefilm Festek bertan duen kanalean ere eskainiko baitira jaialdiko filmak, abenduaren 4tik 11ra.

Informazio gehiago

Share

Tuvisak Euskaraldiarekin bat egin du eta euskararekiko konpromisoa erakutsi du bideo baten bidez

TUVISA Udal garraio enpresak Euskaraldiaren bigarren edizioarekin bat egin du eta euskararekiko konpromisoa erakutsi du gaur goizean sare sozialen bidez zabaldu den bideo berri baten bidez.

 

Bideoa hemen ikusi daiteke:

 

Konpainiako langileak protagonista dituen eta ALEA eta Geu Elkartearekin elkarlanean egindako ikus-entzunezko piezan erakusten denez, Tuvisako autobusak espazio aproposak dira bai langileek baita bidaiariek euskal hizkuntza erabil dezaten.

Izan ere, udal enpresak hainbat ‘Arigune’ ere sortu ditu bere baitan (Euskaraldiak bigarren edizioan egin duen apustu nagusietako bat dira ‘Ariguneak’), euskararen erabilera enpresa barnean eta modu kolektiboan bultzatzeko helburuarekin. “Badakigu gizarte aldaketak epe luzekoak direla, baina pixkanaka Tuvisako erabiltzaileen eta langileen arteko hizkuntza ohiturak aldatzea nahi dugu. Euskararen aldeko apustu handia egiten dugu”, azaldu dute Tuvisatik.

Euskaraldian ez ezik, beste proiektu batzuetan ere parte hartzen du Tuvisak, hala nola Xederan, Administrazioan hizkuntzaren normalizazioa sustatzeko Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak bultzatutako sarean.

Share