Prentsa Oharren banner

Salbururako tranbiaren lanek indarra hartu dute Salburua bulebarrean, eta urtarrilaren erdialdetik aurrera trafiko desbideratzeak ekarriko dituzte

Salbururako tranbiaren lanek aurrera egiten dute etenik gabe. Une honetan, Salburua bulebarrean metatu dira lan gehienak, tranbiaren plataforma eta nasak eraikitzeko. Lanak direla eta, urtarrilaren erdialdetik aurrera ezingo da Salburua bulebarrera sartu Bratislava, Nikosia eta Varsovia kaleetatik eta Elorriagako atetik. Kontuan izan behar da, gainera, tranbia Salburua bulebarreko mendebaldetik joango dela eta, beraz, noranzko bakoitzean bi zirkulazio-bide izango dituela, orain dituen hiruren ordez.

ERAGINEI BURUZKO DOSIERRA

Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok Salburuko Auzogunearen bilera batean hartu du parte, zeinean informazio horren berri eman baitzaie auzokoei. “Badakigu obrek enbarazu egin dezaketela, baina gogoan izan behar da Salburua modu eraginkor, azkar, eroso eta iraunkorrean konektatzea ahalbidetuko duen tranbia-sistema ezartzeko dela. Merezi izango du. Adar berriak 2,5 kilometro izango ditu, eta 37.000 pertsonaren baino gehiagoren mugikortasuna erraztuko du, Salburua auzoari ez ezik Judimendi eta Santa Luzia auzoei ere emango baitie zerbitzu“, azaldu du Gasteizko zinegotziak.

Adar berria eraikitzeko 15,5 milioi euroko inbertsioa egingo da. Eusko Trenbide Sareak (ETS) zuzenduko ditu lanak, eta Udalaz gain, Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak finantzatuko dute.

 

Share

Prentsa-deialdiak (2020-11-27)

Prentsaurrekoa. ‘Hiri Hezitzaileen Gutunaren 30 urte, 30 irakaspen’ erakusketa aurkeztea

Parte hartzaileak. Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Canto

Eguna. Ostirala, azaroak 27

Ordua. 10:30

Tokia. Loma Jeneralaren plaza

——————————–

Prentsaurrekoa. Bizikleta gurpilak berriro erabiltzeko Birgurpil Proiektua aurkeztea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; alkateorde Maider Etxebarria; Ingurumenaren Kudeaketa eta Plangintza zinegotzi Cesar Fernandez de Landa; Eneko Llanos, triatleta; eta bizikleta sektoreko enpresa eta tailerren ordezkariak

Eguna. Ostirala, azaroak 27

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko harrera aretoa

Share

Udaltzainen eta suhiltzaileen esku-hartzeak

Udaltzainek azken 24 orduotan zirkulazioko 7 istripu erregistratu dituzte eta pertsona bat zauritu da horietan.

Sutea tximinian

Betoñuko Paduragoia kaleko eraikin bateko tximinian sutea izan zelako esku hartu zuten atzo suhiltzaileek. PSISZeko kideek ura bota zuten hiru tximinietatik, teilatutik, hoztu arte. Horrez gain, sutearen jatorri izandako tximiniaren alboan teila batzuk mugitu zituzten.

 

Share

Gasteizko Udalak eta Zentzuz sareak kontsumo arduratsua sustatuko dute aurtengo Eguberrietako kanpainan

  • Garapenean Laguntzeko Zerbitzuak eta GGKEek Judimendi auzoko saltokiak ezagutzeko ibilbidea eta tokiko produktuak erabiltzen dituzten lantegiak proposatzen dituzte

 

Zentzuz Gasteizko bidezko merkataritzaren eta kontsumo arduratsuaren sare berria da, Setem Hego Haizea, Mugarik Gabe, Bide Bidean eta Medicus Mundi Araba elkarteek osatua; Gasteizko Udalak Garapenean Laguntzeko Zerbitzuaren bidez ematen dio sostengua.

Gaur goizean, eta ‘Black Friday’ delakoak ordezkatzen duen kontsumismoaren aurrez aurre, Garapenerako Lankidetzaren zinegotzi Jon Armentiak eta Medicus Mundi Arabako komunikazio arduradun Itsaso Sánchezek kontsumo arduratsuari buruzko kanpaina bat aurkeztu dute, zeinaren helburua baita herritarrak kontzientziatzea tokiko denda txikietan eros dezaten.

“Merkataritza bidezko eta arduratsuaren aldeko apustu publikoa ezinbestekoa da erakunde gisa geure egin ditugun Garapen Iraunkorreko Helburuak lortzeko. Horregatik, Garapenean Laguntzeko Zerbitzutik ahaleginak egin ditugu lan-ildo hori indartzeko, alorrean eskarmentu handiena duten tokiko antolakundeekin batera. Aurtengo Eguberrietako kanpainan, erosketa erabakiek inoiz baino eragin handiagoa izango dute, eta Gasteizko herritarrak horretaz sentsibilizatu nahi ditugu”, azaldu du Garapenerako Lankidetzaren zinegotzi Jon Armentiak.

Aurkezpenaren ondoren, ibilbide bat egin dute Judimendi auzoan, jasangarritasunarekin eta kontsumo arduratsuarekin lotutako zenbait ekimen ezagutzeko. Abendu osoan eskainiko zaizkie bisita gidatu horiek herritarrei. Eguberrietako kanpainaren barruan, orobat, kosmetika naturalari eta sukaldaritzari buruzko lantegiak egingo dira Judimendi eta Zabalganeko gizarte etxeetan, zeinetan tokiko produktuak, produktu ekologikoak eta bidezko merkataritzakoak erabiliko baitira. Bi saiok osatuko dute lehen lantegia, abenduaren 4an eta 5ean. Sukaldaritza lantegia hilaren 14an izango da, eta parte-hartzaileek menu oso bat prestatuko dute. Dagoeneko eman daiteke izena Udalaren egoitza elektronikoan.

Sentsibilizazioa sare sozialen bidez

Bidezko merkataritzaren eta kontsumo arduratsuaren sarea Gasteizko Udalarekiko hitzarmen baten bitartez osatu zen joan den apirilean, ekimen ezberdinak batzeko asmoz. Irudi berria du eta komunikazioari ekin dio berriro, www.consumoresponsable.info web-orrian.

 

Share