Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2020-11-24)

Prentsaurrekoa. ‘Florida Parkea’ koaderno didaktikoa aurkeztea

Parte hartzaileak. Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escudero; eta Vicente Perales, diseinatzailea eta egilea

Eguna. Asteartea, azaroak 24

Ordua. 11:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share

Diru-zorrak direla eta bikotekide ohiari aiztoarekin eraso egiteagatik atxilotua

Udaltzainek atzo 85 urteko gizonezko bat atxilotu zuten arma zuriarekin erasoa egin izanaren delituaren ustezko egilea izateagatik

16:30ean, Agirrelandan telefono-deia jaso zuten Biltzar Nagusien kalean emakume bati gizonezko batek arma zuriarekin eraso egin ziezaiokeela jakinaraziz.

Udaltzainek gertaeraren lekukoak topatu zituzten eta haiek azaldu zuten emakume baten laguntza-oihuak entzun zituztela eta, ikusi zutenez, gizonezko batek haren aurka aizto batekin eraso egin nahi izan zuela, beraz, hura babesteko esku hartu zutela.

Biktimak, 66 urtekoa eta ustezko erasotzailearen bikotekide ohia zenak, eskuetan zenbait zauri zituen odoletan, beraz, anbulantzian artatu zuten. Gizonezkoak bere kabuz aitortu zuen eraso egin ziola diru-zorren eraginez, eta atxilotu eta Udaltzaingoaren bulegoetara eraman zuten. Gaur jarriko dute epailearen esku.

122 salaketa Ibaiondon

Asteburu honetan, udaltzainek Ibaiondon 122 adin txikiko eta nerabe salatu dituzte Covid-19aren aurkako neurriak ez betetzeagatik: musukorik gabe ibiltzea, gaizki jarrita izatea, segurtasun-distantziak ez betetzea edo bileretan baimendutako pertsona kopurua gainditzea.

Udaltzaingoak pandemiaren ondorioz abian jarritako osasun-neurriak hausten dituzten gazteen kontzentrazioak saihesteko indarrean sartutako prebentzio- eta zaintza-dispositiboen testuinguruan egin dira isun-proposamen horiek eta Eusko Jaurlaritza arduratzen da horien tramitazioaz.

Dagokion salaketa formulatzeaz gain, udaltzainak adin txikikoen familiekin eta tutoreekin harremanetan jarriko dira, gertakarien berri izan dezaten.

Guztira, udaltzainek asteburuan 201 isun-proposamen idatzi dituzte Covid-19aren aurkako arauak ez betetzeagatik: 82 isun-proposamen 6 lagun baino gehiagoko bilkurengatik; 40, musukorik ez erabiltzeagatik edo gaizki erabiltzeagatik; 27, bide publikoan alkohola edateagatik; 25, txokoetan, gazteen lokaletan eta abarretan jarduerak izateagatik; 21, etxeratze-agindua ez betetzeagatik; 3, debekatutako sarrera-irteerak egiteagatik udalerrian, eta beste 3, berriz, ostalaritza-establezimenduetan aldez aurreko nahitaezko hitzordua ez betetzeagatik.

Larderia erabiliz egindako lapurreta

Udaltzainek larunbatean 18 urteko gazte bat atxilotu zuten Oto Hiribideko establezimendu batean larderia erabiliz egindako lapurretaren delitu bategatik. Ustezko lapurra, lekutik ihes egin zuena, segurtasun-kamerak ikusi ondoren emandako deskribapenari esker atxilotu zuten.

Sutea sukalde batean

Suhiltzaileek atzo Aldabe kaleko etxebizitzako sukalde batean izandako sutea itzali zuten. Kearen eraginez kalteak izan ziren.

Ostiralean Jundiz industrialdera joan ziren, Uzbina kaleko altzari-enpresa bateko suteagatik. Itxura denez, makina batek zerrautsa xurgatzeko sistemako hodietan sutea eragin zuen.

Suhiltzaileek xurgatze-hodiaren barnealdea freskatu zuten eta sutea kontrolatu zuten. Enpresako langileekin zerrautsa-hobia hustea eta ur-linea bat eta sute-materiala haien esku uztea adostu zuten.

 

Share

Bihar hasiko da Pilota Inklusibo eta Integratzailearen Astea

Hainbat mahai-inguru eta saio praktikok osatzen dute Pilota Inklusibo eta Integratzailearen Astea, Arabako Euskal Pilotaren Federazioaren ekimena. Azaroaren 24tik 26ra bitartean izango da, eta kirola berdintasunean egiteko eskubidea babestea du xede, oztopoak baztertuz, bai aniztasun funtzionalaren arloan, bai atzerritarren integrazioaren arloan.

Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lópezek aurkeztu du, Gizarte Politiken diputatu Emilio Sola, Vital Fundazioen zuzendari exekutibo Axier Urresti eta Arabako Euskal Pilotaren Federazioko lehendakariorde Raúl Angulo aldean zituela. Erakunde guztiek goraipatu dute urte konplikatu honetan federazioak kirol jarduna bultzatzeko egin duen ahalegina.

“Bereziki positiboa da hemengo kirol batekin, pilotarekin, mugak gainditzeko lan egitea, ezberdintasunek aberastu egiten gaituztela erakustea, aurreiritziak deuseztatzea. Izan ere, kirol guztiak dira —tokian tokikoak nahiz mundu osokoak— gizakiak elkartzeko gai”, adierazi du Livia Lópezek.

Pilota Inklusiboaren eta Integratzailearen Asteko saioak arratsaldez izango dira, hainbat lekutan, egitarau honekin:

Azaroak 24, asteartea

16:30 – 17:15 – Euskal pilotaren modalitateei buruzko hitzaldia, Bideberria zentroan

17:15 – 18:00 – Pilota-lantegia, Bideberria zentroan

18:00 – 18.30 – Praktika, Iparraldeko parkean

 

Azaroak 25, asteazkena

18:00 – 19:30 – Mahai-ingurua, Almudena Cid Jarduera Fisiko Egokiturako Zentroan: pilotaren historia eta modalitateen museoa, hizlari hauekin:

  • Julio Roca, Zuzenak Fundazioa Klubeko presidentea
  • Roberto Galdós, kirolaria
  • Sergio Lozán, pelotaria

 

Azaroak 26, osteguna

18:00 – Hitzaldia, ikus-entzunezkoa eta pilota-museoa, Landatxoko gizarte-etxean, hizlari hauekin:

  • Ramón Urbina, Arabako Euskal Pilotaren Federazioko komunikazio-arduraduna
  • Aitor Xabier Ruiz de Luzuriaga, Arabako Euskal Pilotaren Federazioko oinarriko koordinatzailea
  • Ricardo Gaisán, APDEMAko aisialdi- eta kirol-zuzendaria

Share

National Geographic-ek Gasteiz aukeratu du 2021ean bidaiatzeko turismogune onenen artean

Mundu osoko beste 25 lekurekin batera aukeratu dute. Horien artean daude Argentinako Los Glaciares eta Guam uhartea, besteak beste

National Geographic aldizkari entzutetsuak 2021ean bidaiatzeko 25 toki onenen zerrenda egin du, eta horien artean dago Gasteiz. ‘Best of the World 2021’ izenburuarekin, eta “orain amesteko eta geroago bidaiatzeko 25 turismogune” lelopean, Arabako hiriburua aukeratu dute nazioarteko beste zenbait turismogunerekin batera, hala nola Dominika, Los Glaciares (Argentina), Columbia Britainiarra (Kanada) edo Guam uhartea. Horiek guztiak “etorkizuneko gure ibilbideak zehaztuko dituzten denboraz kanpoko leku” gisa definitu ditu argitalpenak berberak.

Nazioarte mailan aldizkariak dituen erredakzio batzuek eta besteek mundu osoko txokoak ebaluatu dituzte eta Gasteiz aukeratu dute Kultura & Historia atalean. Haien arabera, “urteak daramatza iraunkortasuna ulertzeko duen moduagatik nabarmentzen, baina baita hirigintza berdeari artelan asko gehitzeko eta hiriko metropoli handien mailako kultur programazioa eskaintzeko gai izan delako ere”.

Argitalpenak bereziki nabarmendu du Arabako hiriak “sortzen ari diren artistak eta artista gogoangarriak” jasotzen dituela Nazioarteko Jazzaldian. Halaber, National Geographic-en artikuluak nabarmentzen du Arabako hiriburuko parke eta lorategiei esker, bertako biztanleek “Espainiako beste edozein hiritan baino berdegune gehiago dutela bertako metro koadro kopurua aintzat hartuta” Horrekin lotuta, aldizkariak gogorarazi du “hiriko natura mantentzeko esfortzuei” eta “mugikortasun iraunkorraren aldeko apustuari” esker, Gasteizek 2012an Europako Hiriburu Berdearen titulua eskuratu zuela.

Gure hiria aukeratu dute munduko bidaia-aldizkari ospetsuenetako batean 2021ean bisitatzeko 25 turismogune onenen artean. ‘Best of the World’ zerrendan agertuta, Gasteiz nazioarteko arretagunean jarri da, eta horrek dagokion moduko entzutea eman dio haren izaera iraunkorragatik eta ondare kultural eta ardo nahiz gastronomia arloko ondare zabalagatik. Pandemiak gogor jo du turismoaren sektorea, eta jarduera ahalik eta lasterren berreskuratzeko prestatzen ari den garaiotan, National Geographic-en aipamenak eragin bikaina du Gasteizen posizionamenduan. Gasteiztar guztiak oso harro senti daitezke hiriaz”. Hala esan du Maider Etxebarriak, alkateorde eta Turismo zinegotzia denak.

National Geographic-ek tradizioa mantentzeko biztanleek duten pasioa ere nabarmendu du, bereziki alde zaharrean, “Erdi Aroko artisauen gremioen izenak dituzten” kaleak baitituzte eta “bertakoek taberna eta jatetxeak gainezka betetzen dituzte” pintxo ezagunak dastatzeko. Gainera, adierazi dutenez, Gasteiz “gune bikaina da gertu dauden Arabako Errioxako mahastizaintzako eta ardogintzako lekuak eta Araba probintziako barnealdeko eremuak bisitatzeko”.

Hiriko leku enblematikoen artean, aldizkariak Santa Maria Katedralaren “dotorezia gotikoa” aipatu du. Eta haren harira, aipatu du “berez turismogune bihurtzea lortu duela”. Horrez gain, Andre Mari Zuriaren Enparantza ere nabarmendu du, “abuztuko jai handien agertoki” gisa, Zeledon pertsonaia “hegan” jaisten denean, jaiei hasiera emateko.

Bigarren aipamena hamabost egunetan

Hil honetan Arabako hiriburuak jaso duen turismo arloko bigarren aipamena da National Geographic-ena. Joan den azaroaren 6an, nazio mailan Pet Friendly 2020 Turismogune aitorpena jasotzeko hautagai gisa izendatu zuten maskotekin turismoa egiteko Travelguau plataformako erabiltzaileek. Sari horretarako bozketak zabalik dira, eta irabaziz gero, Arabako hiriburua txakurrarekin bidaiatzeko turismogune onena dela aitortuko luke.

Share

Streaming bidez emango ditu kontzertuak udal bandak, azaroaren 25etik aurrera

Isabel Rubiok zuzenduko du, datorren asteazkenean, ‘Haizea alde’ saioan

Gasteizko Udal Musika Bandak streaming bidez emango ditu kontzertuak azaroaren 25etik aurrera, ‘Jarraitu bandari’ ekimenari esker. Hala iragarri du Hezkuntza eta Kultura zinegotziak, gaur goizean egindako prentsaurrekoan.

“‘Jarraitu bandari’ ekimenarekin, publiko zabalago batengana iritsi nahi dugu. Pandemiak eragindako edukiera-murrizpena dela eta, 400 gasteiztar baino ez daitezke joan bandak Principal antzokian egiten dituen kontzertuetara. Neurri horrekin, handitu egingo dugu edukiera, zeharka, denboraldi honetan programatutako hitzordu interesgarriez gozatzeko aukera jende gehiagok  izan dezan”, jakinarazi du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok.

Udalaren webgunearen bitartez jarraitu ahal izango dira saioak, esteka honetan.

Gainera, emanaldiak burutzen direlarik, edozein unetan berreskuratu ahal izango dira, grabazioak Youtuben geratuko baitira. “Horrela, Gasteizko Udal bandaren lana, klik bakar batekin, munduko edozein lekutatik ikusi ahal izango da”, gaineratu du Cantok.

Era berean, kontzertuen audioa eskainiko du Radio Vitoriak, Udal bandako zuzendari Luis Urduñak proposatutako errepertorioekin gozatzeko aukera izan dezaten entzuleek.

Azaroaren 25ean, asteazkenez, Principal antzokian izango den udal bandaren bigarren abonamendu-kontzertua aurkezteko prentsaurrekoan izan da Urduña, zinegotziarekin batera. Isabel Rubiori utziko dio zuzendari-makila zuzendariak —prentsaurrekoan izan da hura ere—, ‘Haizea alde’ emanaldian banda zuzendu dezan.

“Emakumeek musikan jokatzen duten papera nabarmentzeko garaia da. Hori dela eta, emakumezko orkestra-zuzendari gonbidatu bat izango dugu, lehenengo aldiz. Isabel Rubio, Vigo 430 orkestrako eta Granadako Gazte Orkestrako zuzendari laguntzailea, Estatuko eta Europako musika-zuzendari gazte nabarmenen artekoa dugu”, azaldu du Luis Urduñak.

“Curriculum ikaragarria du, eta bere dohainek guztiz egokia bihurtzen dute, kontzertu honetan gurekin aritzeko. Zailtasun handiko errepertorioa ekarri digu, interes handikoa, musikarientzat nahiz entzuleentzat”, gaineratu du.

Isabel Rubiok adierazi duenez, “artea, oro har, eta musika, bereziki, beti izan dira babesleku eta adierazpide gizakiarentzat. Emozioak areagotzen ditu musikak, paisaiak eta oroitzapenak iradokitzen; kausa komun baten ereserki izan liteke. Balia dezagun tresna zoragarri hau, Gasteizko Udal Musika Banda, baikortasunari eta alaitasunari ateak irekitzeko, garai nahasi hauetan.”

María José Belenguerren ‘Las Carboneras del Nalón’ eta Amando Blanquerren ‘Entornos’ lanak barne hartzen ditu egitarauak, Gasteizko Udal Musika Bandak lehenengo aldiz joko dituen piezak. Errepertorioa osatzeko, Alfred Reeden ‘Curtain Up!’, Mark Camphousen ‘A Movement for Rosa’ eta Johan de Meijen ‘Songs from the Catskills’.

“Udal bandaren bigarren abonamendu-kontzertuaz, ‘Haizea alde’ honetaz gozatzera animatzen ditugu gasteiztarrak, dela zuzenean, Principal antzokian, dela internet bidez”, adierazi du Estibaliz Cantok.

Isabel Rubiori buruz

Orkestra zuzendari murtziarra, gaur egun Vigo 430 orkestraren eta Granadako Gazte Orkestra Sinfonikoaren zuzendari laguntzailea. 2018/19 denboraldian Valentziako orkestrako zuzendari laguntzailea izan zen. Espainiako Gazte Orkestra Nazionala, Valentziako Erkidegoko Orkestra Federala, Sine Tempore Ganbera Orkestra eta Madril, Bilbo, Alacant, Pontevedra eta Santiagoko udal bandak zuzendu ditu.

San Pedro del Pinatar eta Santomerako banden zuzendari titularra izan zen, Murtzian, eta Lalíngo bandarena, Pontevedran.  Brussels Philarmonic Orchestrako eta Tournaiko Chapelle Musicaleko kidea izan zen, Belgikan, eta Murtziako Eskualdeko Orkestra Sinfonikokoa.

Irabazle izan zen Alacanteko Orkestra Zuzendaritzako I. Lehiaketan, Villena Hiriko Nazioarteko I. Zuzendaritza Lehiaketan eta Bilboko Orkestra Zuzendaritzako I. Topaketetan. Era berean, ohorezko aipamena eta lehen saria jaso zituen Kartagenako VI. eta X. ‘Concurso de Música Entre Cuerdas y Metales’ lehiaketetan. Atzerrian, hainbat zuzendaritza-lehiaketatan izan da hautatua: Frantzian (Besançon), Portugalen, Alemanian, Holandan eta Italian, non ‘Guido Cantelli’ Nazioarteko XI. Sarian finalerdira iritsi baitzen.

Ospe handiko jaialdietan zuzentzen du, hala nola Cuencako Erlijio Musikaren Asteko Nazioarteko Jaialdian, Valentziako Orkestraren Konposizio Topaketetan, Portugaleko Ourearte Music Festen, CullerArts Nazioarteko biolin Lehiaketan eta Malagako Nazioarteko Zinema Jaialdian.

Hurrengo konpromisoen artean, hauek ditu: Espainiako Gazte Orkestra Nazionalean Lucas Macíasen laguntzailea aritzea eta Castellóko Gazte Orkestra Sinfonikoa eta Murtziako Eskualdeko Orkestra Sinfonikoa zuzentzea, gonbidatu gisa.

Informazio gehiago

 

 

Share

‘Déjà vu’ ikuskizunarekin inauguratuko da, igandean, Eguberrietako denboraldia, Principal antzokian

Salgai daude, dagoeneko, familientzako ikuskizun horretarako sarrerak, ohiko lekuetan

 

Datorren igandean, azaroak 29, inauguratuko dute Gasteizko antzokiek Eguberrietako denboraldia, Manolo Alcántararen konpainiaren ‘Déjà vu’ ikuskizunarekin —bigarren ikuskizuna dute, ‘Rudo’ren ondoren—.

Berriro ere, protagonismo berezia bereganatzen du eszenografiak. Etengabe eraikitzen ari zen espazio bat bazen orduan, oraingo honetan, berriz, protagonistak —Kafkaren ipuin bateko gizon arrunta, errutinak gogaitua— ezinezko abenturak amesten dituen markoa izango da. Gurearen antzeko unibertso oniriko bat, non objektuek ezinezko neurriak hartzen dituzten, izan behar luketen baino handiagoak edo txikiagoak diren.

Oso ikuskizun bisuala da; lausotu egiten dira errealitatearen eta fantasiaren arteko mugak. Ahotsak eta biolinak sortutako soinu-unibertsoak —errepikakorra, bizia, alaia— pertsonaiaren dualtasuna nabarmentzen du. Unibertso oniriko batera eramango gaitu. Ikuskizun bereziki iradokitzailea, ausarta eta liluragarria da… umore finez josia.

“Antzerki fisikoarekin mugakide den eta beste diziplina batzuetan, hala hola txotxongiloetan eta proiekzioetan, oinarritzen den zirku pertsonal honek lilura ditzan uztera animatzen ditugu familiak. Jakin-mina, intuizioa eta gauzak modu berezian azaltzeko gogoa dira eragile bertan”, adierazi du Gasteizko Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok.

Manolo Alcantarak sortua da antzezlana, eta berak zuzenduko du, baita agertokira igo ere, Laia Rius, Andreu Sans eta Silvia Compterekin batera.

18:00etan izango da emanaldia, Principal antzokian, behar diren segurtasun-neurriekin. 6 urtetik gorako ikusle ororentzat. Sarrerak dagoeneko salgai daude, leihatilan, telefonoz edo Udalaren webgunean. 9 euro balio dute.

Beste hitzordu batzuk

Era berean, salgai daude sarrerak Korrontzi & Xabier Amurizaren emanaldirako —abenduaren 30ean izango da, Principal antzokian—. Izaroren kontzertuko sarrerak, berriz, agortuta daude dagoeneko.

Udalaren Antzoki Sarearen Eguberrietako programazioko gainerako ikuskizunetarako sarrerak abenduaren 1ean jarriko dira salgai, 10:00etan, ohiko lekuetan.

Informazio gehiago

 

 

Share