Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2020-12-01)

Prentsaurrekoa. Zaramagan desiatua ez den bakardadearen sentsibilizazio kanpaina zertan den azaltzea

Prentsaurrekoa. Gizarte Politikak, Adinekoak eta Haurrak arloko zinegotzi Jon Armentia; eta Elkarrekin taldeko zinegotzi Gemma Zubiaurre

Eguna. Asteartea, abenduak 1

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share

Gasteizek estatuko hirien buruan jarraitzen du garapen jasangarriko helburuen betetze-mailan

Udalak Garapen Jasangarrirako Espainiako Sareari eskatu dio datozen edizioetan txostenean adierazle guztiak jasotzeko; izan ere, oraingo honetan, EAEko hiriburuaren 101 adierazleen arteko 20 ebaluatu gabe geratu dira.

 

Gorka Urtaran alkatearen adierazpenak

Gasteiz Estatuko hirien buruan dago berriz ere Garapen Jasangarriko Helburuen betetze-mailari dagokionez, Garapen Jasangarrirako Espainiako Sareak bi urtean behin egiten duen txostenean egiaztatzen denez. Hala ere, Gasteizko Udalak datozen edizioetan txostenean adierazle guztiak jasotzeko eskatu dio erakunde antolatzaileari, oraingo honetan 101 adierazleen arteko 20 ebaluatu gabe geratu baitira.

Udalak “GJHak Espainiako ehun hiritan” txostena aurkezteko ekitaldian parte hartu du gaur, horien betetze-mailan buru denez gonbidatu berezia izan baita udalerria. Azterketaren bigarren edizio honetan egiaztatu da Gasteizek buru izaten jarraitzen duela helburu horien betetze-mailan.  Hiriak hobera egin du. Izan ere, nota ona lortu du txostenak berak udal ekintzarekin lotuagotzat jotzen dituen jasangarritasun-adierazleetan.

Emaitzak ez dira ranking moduan aurkezten, panelen eta banakako fitxen bidez baizik, baina, oro har, euskal hiriburuak hobera egin du. GJH gehiagotan betetze-maila gorena lortu duen udalerria da, sei guztira, duela bi urteko bosten aldean, eta bat ere ez gorriz, orduan bezala.  Rankingaren punturik gorenean dauden ekintzak hauek dira: 5 (genero-berdintasuna), 6 (ur garbia eta saneamendua), 12 (ekoizpen eta kontsumo arduratsua), 13 (klimaren aldeko ekintza), 16 (bakea, justizia eta erakunde sendoak) eta 17 (helburuak lortzeko aliantzak).

Gorka Urtaran alkatea pozik agertu da ikerketak “berresten duelako Nazio Batuek 2030 Agendaren barruan 2015ean ezarritako GJHak gehien betetzen dituzten hirien artean dagoela gurea “.  Txostenak berretsi egiten du konpromisoari eusten diogula, eta ildo beretik lan egiten jarraitzera animatzen gaitu, udal ekintzaren alderdi guztietan.

Balorazio on hori gorabehera, udala kritiko agertu da erabilitako metodologiarekin, hogei adierazle ez direlako baloratu Gasteizen kasuan. Alkatetzako koordinatzaile nagusi Jonatan Morenok azaldu duenez, esate baterako, 1. GIHa (pobreziaren amaiera) ez da ebaluatu, eta hiria ere ez da “aztertu” beste GIH batzuk osatzen dituzten adierazle askotan, nahiz eta horretarako datuak izan. Barnealdeko hirietarako ebaluatu zitezkeen 101 adierazleetatik, 81 adierazle baino ez dira aintzat hartu Gasteizi dagokionez. Eremu sozioekonomikoko hogei adierazle dira, horietako batzuk oso garrantzitsuak, hala nola biztanleko gastu soziala. Bazegoen datu horiek eskuratzerik kaudimen handieneko erakunde ofizialetan, EUSTATen (Euskal Estatistika Erakundea), esate baterako.

Ebaluazioa, beraz, osagabea da; izan ere, adierazle horiek kontuan hartu izan balira emaitza orokorra hobea zatekeen, eta betetze-maila handiagoa. Hori dela eta, Gasteiz desabantaila-egoeran dago beste hiri batzuekin alderatuta, horien azterlanean kontuan hartu baitira adierazle posible guztiak. Hala ere, “analisiak ahalik eta argazki errealistena egitea du helburutzat, hobetzen jarraitu ahal izateko“, argitu du Morenok. Horregatik, dagoeneko eskatu dio REDSi datozen edizioetan txostenak iturri ofizial gehiago erabil ditzan adierazle guztiak ebaluatu ahal izateko. Irudi fidela emateko, datu-iturri ofizial guztiak hartu beharko lirateke kontuan.

Nolanahi ere, alkateak argi utzi nahi izan du emaitza on horiek “erakundeen arrakastaz gain herritarren arrakasta dela bereziki, helburu horiek lortzen inplikatu direlako“. Era berean, tokiko gobernuen lana nabarmendu nahi izan du, argi izan baitute hiriak norantz bideratu behar duen, “planetarekiko eta bertan bizi garen pertsonekiko errespetua gidari dela. Hobetzeko tartea dugu, eta lan horretan ahaleginduko gara”.

 

Share

Bi gazte atxilotuta iruzur egiteagatik eta droga-trafikoagatik

Udaltzainek 21 urteko bi mutil atxilotu dituzte hainbat iruzur-delitu egitearen eta substantzia estupefazienteen trafikoaren ustezko egileak direlakoan.

Gertaerak joan den astearen amaieran izan ziren, gizonezko batek, telefono-zenbaki baten bidez, hitzorduen orrialde batean zerbitzuak eskatu zituenean jarritako salaketaren ildotik, udaltzainek operatiboa martxan jarri zutenean. Profesionala whatsapp-eko mezuen bidez jarri zen harekin harremanetan, eta gainera, konfiantzazko saltzailearen bidez droga apur bat eraman ziezaiola eskatu zion.

Gizona oso seguru egon ez arren, onartu egin zuen, baina transakzioa egin ostean, zerbitzua atzeratu egin zuten. Hori dela eta, iruzurra izan zela pentsatu zuen eta Udaltzaingoaren esku utzi zuen gaia.

Ikerketa Unitateko Agenteak ustekabean joan ziren bertara, eta ustezko trafikatzailea antzeman ostean, polizia gisa identifikatu ziren. Orduan, gizonak eta metro gutxira zegoen adiskide batek, zeuden lekutik ihes egin zuten. Jazarpen luzearen ondoren, agenteek lortu zuten haiek atzematea eta atxilotu egin zituzten.

Ihesaldian, gazteetako batek plastikozko bi zorro bota zituen eta geroago berreskuratu zituzten. Prebentziozko miaketan, plastikozko beste lau zorro konfiskatu zizkieten. Zorroetan, ustez, marihuana zegoen; horrez gain, 400 euro inguru eta bi telefono mugikor ere topatu zizkieten.

Bi gizonen etxebizitza ere erregistratu zuten. Bertan, egotzitako delituekin zerikusia zuten tresnak topatu zituzten. Guardiako Epaitegian dagozkion eginbideak osatu ostean, larunbatean epailearen esku utzi zituzten.

Ikerketak zabalik jarraitzen du; izan ere, litekeena da iruzurgileek Espainiako beste hiri batzuetan “modus operandi” berberarekin jardun izana.

Genero-indarkeria

Larunbatean, udaltzainek 17 urteko nerabe bat atxilotu zuten genero-indarkeriaren delituaren ustezko egile gisa.

Koordinazio Zentralak patruila bat Judimendi etorbidera bertara zedin eskatu zuen 20:30 aldera. Bertan, itxura denez, gazte batek neska bat jo zuen. Agenteek biktima topatu zuten, 15 urteko neska. Lagunekin zegoen eta esan zuten minutu batzuk lehenago, bere bikotekide ohiak, oso oldarkor eta itxura guztien arabera substantzia estupefazienteen edo alkoholaren eraginpean, eraso egin ziola eta aihotz batekin mehatxu egin ziela.

Ustezko erasotzailea etxean topatu zuten, eta gertatutakoak ikusirik eta aihotza etxean zuela aintzat hartuta, atxilotu egin zuten. Atzo utzi zuten epailearen esku.

Sutea estalpe batean

Suhiltzaileak gaur goizeko bostak aldera joan dira Legutiora estalpe batean sutea itzaltzera. Aparrarekin itzali dute eta suhiltzaileek prebentzio-lanak egingo dituzte egunean zehar.

Atzo suhiltzaileek Frai Francisco Vitoria ibilbidean gas-galdara bat itzali zuten. Suak aparailuaren alderdi elektronikoa suntsitu zuen eta altzariei eragin zien.

 

Share

MAZOKAk abenduaren 3an irekiko ditu ateak

Montehermoson erakutsiko dira Gasteizko marrazki eta ilustrazioaren jaialdian parte hartzen duten 40 artisten lanak

 

Mazokak abenduaren 3tik 20ra bitartean irekiko dizkio ateak publikoari, gaur goizean Montehermoso kulturunean egindako prentsaurrekoan iragarri dutenez. Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Saileko zinegotzi Maider Etxebarria García, Kultura eta Kirol foru diputatu Ana del Val Sancho, diputatu nagusiorde eta Ekonomia Garapenaren, Berrikuntzaren eta Demografia Erronkaren foru diputatu Pilar García de Salazar, Mazoka marrazki eta ilustrazioaren jaialdiaren zuzendari Marta C. Dehesa, eta VI. edizioaren kartelaren egile Mercedes deBellard izan dira prentsaurrekoan.

Osasun krisia dela eta, Gasteizko marrazki eta ilustrazioaren azokak bere burua berrasmatu du, eta neurri handi batean birtuala izango da. Mazoka.org web-orria erakusleiho handia bihurtuko da, non 40 ilustratzaileren lanak ezagutu eta produktu berezi eta bakanak erosi ahalko baitira. Artista bakoitzak profil bat izango du, bere esperientzia, lanak eta web-orria ezagutarazteko, baita saltzeko denda ere.

“Mazokak mazokalari izateko 337 eskabide jaso ditu, hau da, iaz baino ehuneko 45 gehiago; horrek erakusten du jaialdiak profesionalen interesa pizten duela, baita gasteiztarrena ere, aurreko urteetan ur biltegira hurbildu baitira lanak erostera. Sorkuntzak internetez eskainita, planetatako edozein lekutatik eskuratu ahalko dira orain”, txalotu du Maider Etxebarriak.

Euskal Herriko erreferente nagusiak izango dira azokan, hala nola Elena Odriozola, Sandra Garayoa, Iraia Okina eta Zuriñe Aguirre, baita estatuko figurak ere, Sonia Alins, El Dios de Los Tres, Laura Mestre eta Gabi de La Merced, besteren artean.

Montehermoson —aurreko edizioetan azokaren gune nagusia izandakoa— 40 mazokalarien erakusketa bat jarriko da, zeina abenduaren 5eko 12:00etan inauguratuko baita; egileen katalogoa ere aurkeztuko da, eta ilustramatoia jarriko.

Berritasun gisa, Arabako beste herri batzuetara ere zabalduko da Mazoka: Langraiz Oka, Amurrio, Zuhatzu Kuartango, Bastida, Artziniega, Izarra, Dulantzi, Agurain, Maeztu eta Laudio.

“Gasteizko Erdi Aroko hirigunean eta Zaramaga auzoan egoteaz gain, abendu osoan Arabako zenbait herritara eramango dugu MAZOKA marrazki eta ilustrazio jaialdiaren zati bat. Bira ilustratu moduko bat izango da, lurraldeko biztanleengana hurbiltzeko xedez, aurten lehenengoz ereindako hazia erne dadin eta hurrengo edizioetan Mazoka leku horietara ere zabal dadin, muga gutxiagorekin”, azaldu du Marta C. Dehesak.

Arabako herrietan egitekoa den marrazki jaian hainbat jarduera antolatu dira: Marrazki Azoka, lanak erakutsi eta saltzeko; Ilustramatoia, barruan marrazkilariak dituen kartoizko makina!; umeentzako lantegia, erretratu azkarrak egiteko, eta Marrazki Lan Erraldoiaren aurkezpena.

Nazioarteko ospea duen Mercedes deBellard ilustratzaileak egin du VI. edizioko kartela, Gasteizen bizi baita. Basandereren irudia lurralde historikoko erakusleiho hutsetan jarriko da.

“Gasteiztarrak 2020ko Mazokak proposatutako jardueretan parte hartzera animatzen ditugu. Gustu handiz diseinatutako ekitaldia da, ilustrazioaren lanbide ederraren balioa agerian jartzen duena”, Etxebarriaren hitzetan.

Informazio gehiago

 

 

Share

Azaroak 30, Hiri Hezitzaileen Nazioarteko Eguna

Hiri Hezitzaileen Nazioarteko Eguna dela eta, eta 30. urteurrena betetzen duen honetan,  Udalbatzako talde politikoen bozeramaleek irakurri dute gaur azaroaren 20an Osoko Bilkuran onartutako erakunde adierazpena:

30 urte pertsonak eta hiriak eraldatzen mundu hobeago baten alde

Egun inork ez du zalantzan jartzen hiriak, handi zein txiki, funtsezko agertokiak direla gizateriari bere konplexutasun osoan eragiten dioten erronkei aurre egiterakoan. Hirietan adierazten dira espezie gisa gure biziraupenari desafio egiten dioten arazoetako asko, esaterako klima aldaketan eragiten duen kutsadura edo pertsonen garapen potentzialari eragiten dieten desberdintasun sozialak. Horiek guztiek murriztu egiten dizkigute bizitzeko ditugun aukerak eta, beraz, zaurgarriago egiten gaitu kolektibo modura.

Erronka horiei erantzuna emateko apustua da Hiri Hezitzaileak egitasmoa, heziketa hartuta aldaketarako nahitaezko tresnatzat hirietan testuinguru jasangarriagoak, inklusiboagoak, kohesionatuagoak eta engaiatuagoak sortzeko. Engaiatuta gaude bizitza osoko hezkuntzaren ikuspegi zabal batekin, ikasgela barruan zein ikasgelatik kanpo, eta gure udaletik bultzatzen ditugun politikek hezkuntzan duten inpaktua areagotzearekin; hiria birpentsatuz heziketa-ekosistema inklusibo eta dinamikoa izateko, bertan bizi diren pertsonekin elkarrizketa etengabean dena.

Hiri Hezitzaileak osatzen dugunok jakitun gara aurre egin beharrean garen erronkei ezin diegula heldu aldebakarreko konponbide soil batzuez; aitzitik, kontraesanentzat lekua izango den espazioak sortzea eskatzen du, eta bizi dugun ziurtasunik gabeko garai honetan elkarre kin bizitzeko erarik behinenentzat ezagutza, elkarrizketa eta parte-hartze prozesuak proposatzen dituztenentzat ere egon behar du.

Norabide bikoitzeko bide bat da, tokiko gobernuek eta tokiko gizarte-eragile guztiek (antolatutako gizarte zibila, sektore pribatua, herritarrak, etab.) zeharkatu behar dutena joan-etorri iraunkor, parte-hartzaile eta inklusiboan.

SARS-CoV-2k sortutako krisi soziosanitarioaren ondorioz, hezkuntza-eremuan nabarmenago antzeman daitekeen errealitateetako bat, arrakala, digitala deritzona da. Gertakari horrek eragina du bai ikasleengan baita familiengan ere.

Arrkala digital hori informazioaren eta komunikazioaren teknologia berrien eskuragarritasunean, erabileran eta erabilera-kalitatean zehaztu daiteke. Alderdi horiei guztiei gizarte gisa eta hiri hezitzaile gisa heldu behar zaie, hezkuntzaren garapenean, eskola-arrakastan eta ikasle guztien aukeretan sortzen dituen desberdintasunak arintzeko, ahaztu gabe haurren seguntasunarekin lotutako gai guztiak.

Hiri Hezitzaileen Nazioarte Egunaren bosgarren edizioak “30 urte pertsonak eta hiriak eraldatzen mundu hobeago baten alde” du lema, 1990ean Bartzelonan burutu zen I. Hiri Hezitzaileen Nazioarteko Biltzarrean onartutako Hiri Hezitzaileen Gutunaren 30. urteurrenari keinu eginez. Tokiko gobernuek Hiri Hezitzailea eraikitzeko duten geroz konpromiso handiagoa da 30 urteotako lanaren eta hobekuntzaren isla. Konpromiso hori berritu eta eguneratu egingo da aurten, Hiri Hezitzaileen Gutun berriarekin.

Vitoria-Gasteizko Udalak bere egin zuen Gutun hori hasieratik bertatik, 1990ean. HHNE Hiri Hezitzaileen Nazioarteko Erakundearen kide da hasiera-hasieratik, eta Hiri Hezitzaileen Estatuko Sarearen (HHES) 8 hiri sortzaileetako bat da. Lan horri eskainitako ibilbideak erronka berri bat ekarri digu 2020-2022 aldirako, Vitoria-Gasteiz Hiri Hezitzaileen Estatuko Sareko Hiri Koordinatzaile izendatu dute eta (gaur egun, Espainiako Estatuko 221 hiri biltzen ditu). Gainera, aldi horretan garatzen diren gaikako 4 sareetako baten buru da: “Hiri inklusiboa, Hiri hezitzailea”.

Horregatik guztiagatik, herritarrengandik hurbilen den administrazioa garenez, konpromisoa hartzen dugu komunikaziorako eta parte hartzeko kanalak ezartzeko eta indartzeko, elkarren artean urratsak emateko Hiri Hezitzaileago bat lortze aldera, pertsonak ardatz izango dituena eta XXI. mendeko erronkei erantzun berritzaile eta eraginkorrak emango dizkiena.

Vitoria-Gasteizetik bat egiten dugu Hiri Hezitzaileen Nazioarteko Egunarekin, uste bat partekatuta: entzute aktiboaren alde eginez gero aukera dugula komunitate-loturak sendotzeko, pertenentzia-sentimenduak indartzeko eta alde guztiak, nor bere erantzukizunen talaiatik, Hiri Hezitzailearen eraikuntzan era aktiboan parte hartzea ziurtatzeko.

Ordezkatzen dudan erakundetik eta bertako alkate gisa, konpromiso argi eta garbia hartzen dugu aurtengo edizioaren lemaren (“30 urte pertsonak eta hiriak eraldatzen mundu hobeago baten alde”) sakonean den edukia berritzeko, eraikitze demokratiko eta parte-hartzailerako espazioak zabaltzeko helburuarekin, ahots guztiak bilduko dituztenak eta inor atzean utziko ez duen hiria sortzea ahalbidetuko digutenak.

Horrenbestez, bat egiten dugu mundu osoan ospatuko den Hiri Hezitzaileen Nazioarteko Egunarekin, sinetsirik beste hiri askorekin batera eskuz esku joanez urrats irmoak emateko eta horrelako hiriaren aldeko gure ahotsa entzuteko aukera eskaintzen zaigula.

Adierazpen hau izan dadila Udalaren Osoko Bilkuraren konpromisoaren erakusle Vitoria-Gasteiz Hiri Hezitzaile bezala eraikitzeko eta gure hiri-egitasmoaren zeharkako ardatz izateko, hiriko bizitza osoan eta bertan bizi garen guztiongan eraginez, onerako eragin ere”.

 

 

Share

Etxezarra etxea Euskaltzaindiaren Arabako egoitza izango da 2021eko urtarriletik aurrera

Euskaltzaindiak higiezina egokitu beharko du, eta jarduera akademikoaz gain kultur eta zabalkunde jarduerak antolatzea aurreikusi du 

 

Dosierra (3)

Gasteizko Udalak Euskaltzaindiari lagako dio Etxezarra etxearen zati bat. Euskararen Akademiak 2021etik aurrera erabiliko du espazioa Arabako egoitza gisa. Gorka Urtaran Gasteizko alkateak eta Andrés Urrutia euskaltzainburuak bi erakundeek horretarako sinatu duten akordioa aurkeztu dute gaur. Udalak lekuaren jabari-emakida onetsi du, eta Euskaltzaindiak bere lana egin eta hizkuntza zabaltzeko jarduerak eskaini ahalko ditu bertan. Lagapenak 25 urte iraungo du eta doakoa izango da.

Euskaltzaindiak bere gain hartuko ditu horniduren gastuak, altzarien zuzkidura, garbiketa, prebentzio- eta konponketa-lanak eta higiezina zamatzen duten zergak eta bestelako gastuak. Akademiak instalazioak egokitzea eta berrantolatzea aurreikusi du. Etxezarrak bulego-lanerako gune bat izango du batetik, eta kultur eta zabalkunde jarduerak (erakusketak, hitzaldiak…) egiteko gune zabal bat.

Akademiak  askotariko jarduerak lantzeko baliatuko du azpiegitura berria. Alde batetik, herritarrak eta elkarte publiko zein pribatuak artatu nahi ditu Akademiak, betiere arreta jarriz euskararen ikerkuntzaren eta zabalkundearen eremuetan. Beste aldetik, azpiegitura horretan egun Akademiak Gasteizen barreiatuta dauzkan eta etorkizunean abian jarri nahi dituen ikerketa-egitasmoak kokatuko ditu.

 

340 metro karratu

Udalak eta Euskaltzaindiak denbora zeramaten erakundearentzat kokapen on bat aurkitzeko lanean.  “Euskaltzaindiari leku ezin hobea eman diogu Gasteizen”, azaldu du Gorka Urtaran alkateak.

Espazioak 340 metro karratu erabilgarri ditu goiko solairuan (behealdean jatetxea dago). Gaur egun, espazio guztiz gardena da. “Gasteizek euskararen hiriburua izan behar du. Alde horretatik, funtsezkoa zen Euskaltzaindiak horrelako egoitza izatea. Eraikina Euskaltzaindiari utziz bi gauza lortzen ditugu: batetik, orain arte hutsik zegoen eta erabilera egonkorrik ez zuen eraikinaren zatiari erabilera ematea, edukiz betez; bestetik, euskara sustatzeko eta zabaltzeko jarduerak bultzatzea. Hitzarmenarekin asmatu dugu” azaldu du Gorka Urtaran alkateak.

Andres Urrutia euskaltzainburua ere pozik agertu da lagapenarekin, eta horrela azaldu dio alkateari: “Euskaltzaindiaren presentzia Araban areagotzeko eta indartzeko balio du lagapen honek. Eskerrik asko Gasteizko Udalari eta herriari. Lan egingo dugu euskara eta euskal kulturaren harrera leku egokia izan dadin ordezkaritza berri hau”.

 

Share

Gasteizek hirian bakearen kultura eraikitzeko gonbita egiten du, “Giza eskubideak XXI. mendeko hirian” jardunaldiaren bitartez

Nazioarteko zuzenbidearen eta gobernantzaren alorreko zenbait adituk (Tica Font, Hans Sakkers, Alba Barnusell, Carlos Jiménez eta Iñigo Retolaza) beren esperientziak azalduko dituzte abenduaren 11n

 

Gasteizko Udaleko Bizikidetza eta Aniztasun Zerbitzuak “Giza eskubideak XXI. mendeko hirian” jardunaldia antolatu du, Hirian Giza Eskubideak Babesteko Europar Gutuna sinatu zeneko 20. urteurrena dela eta.

Begirada XXI. mendean jarrita, hots, globalizazioaren, gero eta urbanizazio eta haustura sozial handiagoen, klima-aldaketaren eta irauten duen pandemiaren testuingurua kontuan izanda, hiriak giza eskubideen defentsan eragile garrantzitsu izan daitezke.  Herritarrekiko hurbiltasunak gaitasuna eta legitimitatea ematen die giza eskubideak elkarren mendekoak eta zatiezinak direla kontuan hartzen duten politikak bultzatzeko.

Bizikidetza eta Aniztasun Planak (2018-2020) lehen fasea bete duelarik, eta bigarren zikloari ekin aurretik, Udalak jardunaldi horretan parte hartzera gonbidatzen ditu herritarrak, beste hiri batzuetako esperientziak partekatuko baitira, eta adibide horiei buruz hausnartuko.

Abenduaren 11n, nazioarteko zuzenbidearen eta gobernantzaren alorreko zenbait adituk (Tica Font, Hans Sakkers, Alba Barnusell, Carlos Jiménez eta Iñigo Retolaza) beren esperientziak azalduko dituzte, bide telematikoz.

Interesdunek udalaren webgunera jo dezakete izena emateko eta  programa (pdf) ezagutzeko.

 

Share

“Konpostatzea atsegi dut” kanpaina egiten ari da Gasteizko auzoetan, familien bila

 

 Udalak 500 eskabidetik gora jaso ditu etxean konpostatzeko programan parte hartzeko

ngurumen Plangintza eta Kudeaketa Zerbitzuak sustatutako “Konpostatzea atsegin dut” kanpaina egiten ari da egunotan Salburua, Zabalgana, Adurtza, Lakua, Abetxuku eta Zaramaga auzoetan zein hiriko beste leku estrategiko batzuetan, etxean konpostatzeko programan parte hartu nahi duten familien bila.

Informazio-kanpaina hasi aurretik ere Udalak 518 eskabide jasoak zituen, 286 konpostatze komunitariorako eta 232 etxeko konpostatzerako, gehi ekoizle handien bost eskabide.

Banakako konpostatzeari dagokionez, prestakuntza egiten ari da, eta konpostatze-kitak banatzen.

Konpostatze komunitarioko gune bat martxan jartzeko, berriz, 20-25 familiak parte hartzea jotzen da egokientzat. Gaur egun, egindako eskabideak zein lekuri dagozkion aztertzen ari da, gertuko inguruan gutxienez 20 familiak bat egin dezaketen jakitearren. Gertuko inguruak 100 metroko erradioa hartuko luke. Salburuko eta Adurtzako auzo-elkarteek ere proiektuarekiko interesa agertu dute. Are gehiago, konpostatze komunitariorako proiektu zehatzak aurkeztu dituzte.

Azaroan auzoetan bide publikoan informazio-kanpaina egitea aurreikusi dugu, dagoeneko zenbait eskaera egin diren lekuetan partaidetza handitu eta horietako bakoitzeko gutxienez 20 familia biltzeko asmoz.

César Fernández de Landaek balorazio positiboa egin du: “Proiektuak nekazaritza-eremuan izan zuen harrera ona ikusirik pentsatzekoa zen hiri kontsolidatuko biztanleek ere erantzun ona emango ziotela. Hondakinen kudeaketa gakoa da klima-aldaketaren kontra borrokatzeko estrategian, eta gasteiztarrek argi dute. Lehenengo deialdian 500 familiak ekimenarekin bat egiteak ondo baino hobeto erakusten du auzoko horien konpromisoa”. Ingurumen Plangintza eta Kudeaketako zinegotziak gogorarazi duenez, oraindik bada programan izena emateko aukera: “programa malgua da, herritarren eskaerari egokitzen zaiona. Jendea parte hartzera animatu nahi dut”.

 

Share