Prentsa Oharren banner

Udalak orduko 30 kilometrora murriztuko du zirkulazioa Iturritxu kaleko zati bikoiztuan

Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok iragarri duenez, Udalak orduko 30 kilometrora murriztuko du zirkulazioa Iturritxu kaleko zati bikoiztuan, “inguruko auzokoen eskabideak kontuan hartuta eta teknikoki bideragarria dela egiaztatuta“.

Udalak aurretik beste neurri batzuk ere hartu ditu, besteak beste, abiadura kontrolatzeko bi radar jartzea, eta Ruiz de Escuderok jakinarazi duenaren arabera, “emaitzak positiboak izaten ari dira. Gailu horiek jarri genituenetik egindako neurketetan, zati horretako abiadura nabarmen gutxitu da, orduko 50 kilometrotik behera”.

 

 

 

Share

Udalak dislexia duten pertsonen beharretara egokituko ditu hurrengo enplegu-eskaintzetako azterketak

Alkateorde Iñaki Gurtubaik gaur Giza Baliabideen Batzordean aurreratu duenez, gobernu-taldearen asmoa da dislexia duten pertsonek planteatutako beharretara egokitzea Udalak deitzen dituen hurrengo LEPetako hautatze-probak. Proben idatzizko formatua, azterketak egiteko jarraibide-orriak eta proba egiteko denbora hobetzeko neurriak aztertzen ari dira. Dislexia duten hautagaiek proba ordenagailuz egiteko aukera ere kontuan hartuko da, eta azterketa irakurtzeko laguntzaileak jartzekoa.

Azterketa horien egokitzapen faltak eragindako pertsona batek lehen pertsonan kontatu duenez, dislexiak eta oinarri neurobiologikoa duen ikaskuntza-nahasmendu espezifikoek LEPetan baldintza berdinetan parte hartu ahal izatea eragozten dute. Gainera, legeak ez du ezintasuntzat jotzen dislexia, eta horrek askotan zaildu egiten du probak eragindako pertsonei moldatu ahal izatea.

Hain zuzen ere, sindikoak horren inguruko gomendioa egin du azkenaldian, eta eskatu du behar diren egokitzapenak ezar daitezen enplegatu publikora sartzeko probak egiteko. Hori guztia dela eta, Giza Baliabideen Sailak txosten bat landu du, zeinean bost jarduera-eremu bereizten baitira hautaketa-prozesuetarako deialdiak inklusiboak izan daitezen dislexia duten pertsonentzat:

  1. Proben idatzizko formatua egokitzea. Idatzizko probaren bertsio berezi bat landuko da, letra handiagoa eta dislexia duten pertsonentzat ulergarriago diren tipografiak erabiliz.
  2. Azterketaren jarraibideak egokitzea. Jarraibideen bertsio berezi bat idatziko da, dislexia duten pertsonek interpretazio arazorik izan ez dezaten.
  3. Proba egiteko denbora gehiago ematea. Aukera hori nola eman aztertuko da, gainerako izangaiei dagokienez abantailarik izan ez dezaten.
  4. Probak ordenagailuz egiteko aukera. Aukera hori emateko baliabide materialak aztertuko dira.
  5. Azterketa irakurtzeko laguntzaileren bat jartzea. Zerbitzu horren bitartez azterketaren ulermena nola handitu ikusiko da.

“C taldeari dagokion hurrengo LEPerako egin daitezke egokitzapenak. Eta, jakina, berehala aplikatzeko modua ere aztertuko dugu. Aurreko enplegu-eskaintzako azterketetan ere Udalak kontuan izan zituen dena delakoagatik azterketa baldintza txarragoetan egin behar zuten taldeen beharrak. Beste talde batekin sentibera izateko unea da”, adierazi du Iñaki Gurtubaik; orobat, egokitzapenak berme juridiko guztiekin egiteko beharra azpimarratu du.

 

 

Share

Udalak eta Foru Aldundiak Florida 200 urte 1820 2020 liburua argitaratu dute

Agortuta zegoen jatorrizko argitalpena, eta berrargitaratu egin da, gainbegiratu, orraztu eta hobetu ondoren.

1.700 ale inprimatu dira, eta 10 euroan salduko dira.

  

Florida parkeak 200 urte bete ditu Eta Udalak programazio zabal batekin ospatu du urteurrena, zeinak –koronabirusaren pandemia gorabehera– azken hilabeteotan Gasteizko arnasgune berdearen balio historiko, patrimonial eta soziala azpimarratzeko balio izan baitu. Gaur goizean aurkeztu da jendaurrean Florida 200 urte 1820 2020 liburua, Udalaren eta Arabako Foru Aldundiaren arteko edizioa, Mario Sáenz de Buruaga eta Miguel Ángel Domingok sinatua.

Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok azaldu duenez, liburuaren jatorrizko edizioa duela 20 urte kaleratu zen, eta gainbegiratu, orraztu eta hobetu egin da edizio berrirako. “Aukera ezin hobea da parkearen historia ezagutzeko, bertan izandako gertakizunak”. Arabako Foru Aldundiaren argitalpen-zerbitzuak 1.7000 ale argitaratu ditu (horietatik 1.200 gaztelaniaz), eta Arabako liburu-denda eta liburutegietan salduko da, 10 euroan. Ana del Val Kultura eta Kirol diputatua esan duenez “gure ekarpen txikia egiten diogu halako efemerideari, guztion parte dena. Parke hori ere Foru Aldundi gisa lagundu dugu gure hiriburuko beste ikur batekin, Ignacio Aldecoa Kultur Etxearekin, hain zuzen ere. Toki horretan, gainera, urteurren horri berari buruzko erakusketa bisitatzen jarrai daiteke, Udal Artxiboak antolatua”, esan du.

Egileak udal-aktetan murgildu dira, Udal Artxiboko agirietan, hemeroteketan, milaka artikulu irakurri dituzte eta elkarrizketak egin dizkiete kronista historikoei, hartara 160 orrialde inguruko lan hau kaleratzeko. Liburuak bidaia bat egiten du era guztietako gertakarietan barrena: Espoloiaren eraikuntza, errege godoen estatuen iritsiera, munduan izandako gerren eragina, XX. mendeko lehen hamarkadetako “girotxoa”, Jaiotza Monumentala, Canciller Ayala hotelaren eraikuntza… baita gertukoago jazoerak ere, esaterako, Europako Green Capital saria, jazza eta oraintsu 40 urte bete dituen Legebiltzarra.

 

 

 

 

Share

Haur eta Nerabeentzako Udal Planaren haurrentzako bertsio bat argitaratu du Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzuak, hiriko 780 haurren laguntzarekin

Haurren Eskubideen Nazioarteko Eguna ospatzeko ekintzetako bat da

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak aurkeztu ditu, gaur, azaroaren 20an izango den Haurren Eskubideen Nazioarteko Eguna ospatzeko sail horrek abian jarri dituen ekintzetako zenbait.

Besteak beste, Haur eta Nerabeentzako Tokiko Planaren haurrentzako bertsio bat argitaratu da, hiriko 13 ikastetxetako 780 haurren iritziak jasoz landua.

Haur eta Nerabeentzako Tokiko Planaren inguruan haurrek egindako gogoetak jasotzen dira bertan, haien ikuspegia, eta “adingabeen eta haien familien eskubideak eta ongizatea bermatzeko 100 ekintza planteatzen dugu.  Desparekotasun-egoerei erantzun nahi diegu hartara, haurrek hiriko bizitzan parte har dezatela sustatu, ahultasun- eta babesgabetasun-egoerei aurre egin eta Udalaren jarduera hobetu, arlo horretan”, azaldu du Jon Armentiak.

Lantzen parte hartu zuten ikasleen ikastetxeetan aurkeztuko da argitalpena, bihartik aurrera, Judimendi HLHItik hasita.

Bestalde, haur eta nerabeei tratu ona emateko dekalogoa landu du Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzuak, eta 1000 ale banatu, zerbitzuan bertan, haur-eskoletan, oinarrizko gizarte-zerbitzuetan eta Gizarte Inklusioaren Zerbitzuan, familiei helarazteko.

Haur eta nerabeenganako tratu ona sustatzea du helburu AVAIM (Asociación Vasca para la Ayuda de la Infancia Maltratada) elkartearekin batera landutako dekalogo horrek, eta gurasoei zuzendutako hainbat gogoeta planteatzen ditu, horretarako.

Lehiaketa

Haurren Eskubideen Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin lotutako hirugarren ekintza bat bihar abian jarriko den lehiaketa izango da. Bertan, haurren hainbat arlotako —familia, auzoa, ikastetxea, hiria— eskubideen inguruko beren ideiak adierazi ahal izango dituzte haur eta nerabeek. Hainbat formatutan egin ahal izango dute: marrazkia, komikia, argazkia, bideoa, musika edo kontakizun laburra.

2021eko urtarrilaren 8an bukatuko da lanak aurkezteko epea, eta eskola-materiala, liburuak eta abar erosteko baleak emango dira saritzat.

Haurrei buruzko diagnostiko berria

Armentia zinegotziak ekimenen aurkezpenean nabarmendu duenez, “haurrak dira, segur aski, gure gizartearen parterik ahulena, eta, hortaz, babestu egin behar ditugu, ahultasun-egoeretan eror daitezela ekidin, bai berak, bai beren familiak. Eskubideak errespetatu eta bete beharra dago horretarako.”

Ildo horretatik, adierazi du zorte handia dela halako plan bat edukitzea, eta berehalakoan ekingo zaiola berrikusi eta berria egiteari. “Hirugarren plana izango da, eta diagnostiko berriak markatuko du abiapuntua; horrek esango digu zein den haur eta nerabeen egoera, gure hirian.”

2017an egin zen lehen azterlanak agerian utzi zuen 8.200 adingabek ez zituztela oinarrizko premia guztiak estalita. Azken hiru urte hauetako bilakaera ezagutzeko aukera emango du bigarrenak, baita Covid-19aren pandemia haurren ongizatean edukitzen ari den eragina ere.

Share

Helena Goñiren Ozeano bat, bene-benetan hotza erakusketa, ikusgai Montehermoson

Erakusketa Jovellanos aretoan izango da ikusgai, azaroaren 20tik urtarrilaren 17ra bitartean

Montehermoso kulturuneak Helena Goñiren Ozeano bat, bene-benetan hotza erakusketa aurkeztuko du, zein azaroaren 20tik urtarrilaren 17ra bitartean izango baita ikusgai Jovellanos aretoan.

Goñik irabazi du 2019ko Viphoto Montehermoso laguntza; horixe erabaki zuten aho batez epaimahaikideek (Joan Fontcuberta, Beatriz Herráez, Sema D’Acosta, Irene de Mendoza eta Jon Gorospe) iazko abenduaren 1ean. Laguntza 3.000 euroan baloratzen da, eta kulturunean bertan ikusiko ahalko den erakusketa ekoiztean datza.

“Argazkigintza garaikidea adierazpide gisa sustatzea da ekitaldiaren helburua, gaur egungo belaunaldiek hori baliatzen baitute munduaz duten ikuspegia azaltzeko eta gertatzen diren istorioak kontatzeko”,adierazi du Gasteizko Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok.

Ozeano bat, bene-benetan hotza lanak zenbait bideo- eta argazki-lan biltzen ditu, 2017an bi hilabetez Kanada alderik alde zeharkatu zuen bidaia batean eginak; izan ere, egilea bera Kanadako mendebaldeko itsasertzean bizi izan zen umetan.

Arabako Argazkilarien Elkarteak antolatzen du VIPHOTO, Gasteizko Udalaren eta beste erakunde batzuen laguntzarekin. Udalak 8.000 euro eman dizkio aurten erakunde antolatzaileari, bere jarduerak nantolatu eta garatzeko asmodun hitzarmen baten bidez.

Erakusketa bihar inauguratuko da (azaroak 20), 19.00etan.

Artista

Helena Goñi (Bilbo, 1990). Euskal Herriko Unibertsitatean Arte Ederretan graduatu ondoren Londresera jo zuen gero, han ikasketekin jarraitzeko, hain zuzen ere argazkigintza masterra Central Sain Martins-en.

2015Eko ekainean graduatu ondoren, lehen banakako erakusketa egin zuen Bilboko Cosmos aretoan (Tourniquet izeneko proiektua aurkeztu zuen), urte bereko urrian.

2015eko urriaren eta 2016ko ekainaren artean proiektua jorratu zuen (Behind blue eyes), Bizkaiko Foru Aldundiaren Ikusmen-Arteen Bekari esker. Proiektu horrekin liburu bat argitaratu zuen, Género y Figura sariaren I. deialdia irabazi ostean. Besteak beste 2016ko eta 2018ko Ertibil sariak irabazi ditu, Barakaldo Foto Festival eta 2016ko GetxoArte.

Hainbat herrialdetan erakutsi izan da bere lana, esaterako Alemania, Malta, Erresuma Batua, Suitza eta Espainian. 2017ko urtarriletik martxora bitartean egin zuen bigarren erakusketa (Tell me how close we are to a riot), Bilboko Rekalde aretoan, ‘Barriek’ programaren baitan.

Bilduma publiko eta pribatuetan aurkitzen dira bere lanak, esaterako Arte Garaikideko Euskal Museoan (Artium) eta Bilboko Argazkigintza garaikidearen Zentroan.

Helenaren lana batez ere argazkigintzaren alorrekoa da, nahiz eta musikak nabarmen eragiten dion; izan ere, musika bera erabili izan du artelanaren osagarri gisa, beste baliabide batzuekin (bideoa, serigrafia, etab.) batera. Inguratzen duenean oinarritzen du bere lana, berebiziko garrantzia ematen diolarik itxaropenen, porrotaren, utopiaren edo besteekiko topaketaren bidez izan dituen esperientziei.

 

 

 

 

 

 

 

Share

Abian dira gazte kirolaren alorrean jokoekiko eta apustuekiko adikzioa prebenitzeko lantegiak

  • Interesaturik dauden profesional zein entitateek, kale hezitzaileek eta aisialdi eta denbora libreko monitoreek izena eman dezakete oraindik

Gasteizko Udalak, ASAJER-Errehabilitazioan ari diren Arabako Jokalarien Elkartearekiko lankidetzan, kirol eta komunitate arloko monitoreei zuzendutako lantegi batzuk antolatu ditu, 15 urtetik gorako gazteen artean zorizko jokoekin eta kirol apustuekin lotutako arrisku-portaerak prebenitzeko. Adin-tarte horretako gazteekin lan egiten dutenei tresna baliagarriak eman nahi zaizkie jokoarekin edo apustuekin lotutako patologia baten arriskua adierazten duten portaerak identifikatu ditzaten.

Helburu hori du “Zer dakizu ausazko jokoez eta horien arriskuez?” izenburua duen doako lantegi teoriko-praktikoak: zenbait dinamikaren bitartez, jarraibideak ematen zaizkie monitoreei jokoarekiko eta kirol apustuekiko gehiegizko zaletasunarekin edo adikzioarekin lotutako egoerak antzemateko gauza izan daitezen, eta beren hezitzaile-lanean prebentzioa landu dezaten. Lantegiak bi ordu irauten du, eta egun hauetan eskainiko da:

  • 2020ko azaroaren 21 eta 28an.
  • 2020ko abenduaren 12 eta 19an.
  • 2021eko urtarrilaren 9 eta 16an.

Lantegietan interesik badute, gazteekin lan egiten duten entrenatzaile, kirol monitore, kale hezitzaile eta aisialdi eta denbora libreko monitoreek ASAJER elkartearen helbidera idatz dezakete izena emateko edo  argibideak eskatzeko: asajer@telefónica.net.

“Apustu egiten duzunean, dena desagertzen da” sentsibilizazio-kanpainaren barruan antolatu dira lantegiak; gobernu taldeak Elkarrekin taldearekin egin zuen aurrekontu-akordioaren bidez sustatu da kanpaina, eta hainbat zabalkunde eta prestakuntza jarduera hartzen ditu barne, tokiko elkarte eta agenteekin batera antolatuak.

Kanpainari buruzko informazio gehiago: vitoria-gasteiz.org/jokoariaurre

 

 

 

 

Share

Udal Osoko Bilkura Goiuri jauregian (2020-11-20)

Ohiko osoko bilkura egingo da bihar, azaroak 20, Goiuri jauregian, Martin de Salinas aretoan, zinegotzien arteko distantzia gordetze aldera.

Komunikabideei jakinarazten zaie gehienez ere bost pertsonak jarraitu ahal izango dutela osoko bilkura Goiuri jauregian bertan, kazetarientzako gunean. Han azaltzeko asmoa duten kazetari eta argazkilariek aldez aurretik baieztaztu beharko dute gaur -osteguna, azaroak 19- goizean zehar.

Halaber, streaming bidez jarraitu ahal izango dute bilkura esteka hau sakatuz, bai eta udaletxeko prentsa aretoan ere.

 

Share