Prentsa Oharren banner

Gasteiz, Pet Friendly 2020 sarirako hautagaia

  • Travelguau maskotekiko turismo-plataformaren erabiltzaileek Arabako hiriburuaaukeratu dute aurtengo sarietarako

Travelguau maskotekiko turismo-plataformaren erabiltzaileek Gasteiz hautagai izendatu dute Pet Friendly 2020 helmuga turistikoa sarirako. Arabako hiriburua txakurrarekin bidaiatzeko Espainiako helmuga turistikorik onena dela aitortuko luke sari horrek.

Bozketa publiko batean, Gasteiz estatu osoko beste 9 hautagaitzarekin lehiatuko da saria eskuratzeko. Horien artean Bartzelona, Mallorca, Valentzia eta Benidorm hiriak daude. Lehiaketaren webgunearen bidez boto gehien jasotzen dituzten hautagaiak finalera igaroko dira, epaimahaiak azter ditzan. Epaimahaiak abenduaren 7an jakinaraziko du emaitza. Gasteizko Udaleko Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Turismoaren eta Merkataritzaren Sailak —Maider Etxebarria alkateordea da buru— erabaki du Gasteizen Dog Friendly hautagaitza sustatzea.

“Gasteiz hiri erakargarria da maskotekin bidaiatzeko. Bidaia-plataforma horren erabiltzaileek izendatu izanak baieztatzen du. Berdegune handiak eta txakurrekin paseatzeko guneak ditugu, gainerako herritarrei enbarazu egin gabe ibili ahal izateko. Izendapena pizgarri bat da Gasteizera turismo mota hori erakartzen jarraitzeko, eta osasun-krisiaren ostean etengabe hazten jarraitzea espero da “, azaldu du Gasteizko alkateorde eta Turismo zinegotzi Maider Etxebarriak. DogVivant enpresa ziurtagiri-emaileak maiatzean argitaratu zuen azken ikerketaren arabera, 11 milioi espainiar inguru bizi dira txakur batekin eta bidaiatzen dutenean gehienek berekin eramaten dute, familiako kidea balitz bezala. Kalkuluen arabera, turismo horrek 10.000 milioi euro inguru sortzen ditu urtean Espainian.​

Share