Prentsa Oharren banner

Udalak bat egin du 22q11 Sindromearen Nazioarteko Eguna nabarmentzeko proiektuarekin

Hori dela eta, gorriz argiztatuko dira hiriko hainbat eraikin enblematiko, igandean

Igandean, azaroak 22, 22q11 Sindromearen Nazioarteko Eguna ospatuko da, batere ohikoa ez den gaixotasun horren inguruan kontzientziatzeko gizartea. Gasteizko Udalak bat egingo du ospakizunarekin, eta gorriz argiztatuko du udaletxearen fatxada, gauean. Orobat argiztatuko ditu Florida parkeko kioskoa eta Arkupeak.

Ekimenaren arduradun den 22q11 Sindromearen Elkartearen ustez, udalerrietako leku sinbolikoak argiztatuz, oihartzun mediatiko handia lortzen da, eta lagungarri da, herritarrak arazoaz jabetu eta kontzientziatu daitezen. Proiektu horren bitartez, gaixotasun hori duten pertsonen egoera konplexuaren berri eman nahi da, eta gizarteak kaltetuei eta haien familiei laguntza eman diezaiela lortu.

22q11 sindromea 22. kromosomak eragindako alterazio genetiko bat da, enbrioi-garapenarekin lotutako arazoak sortzen dituena. 4.000 haur jaioberriko 1ekoa da intzidentzia, eta, horregatik, gaixotasun arrarotzat jotzen da. Zailtasun handiak izaten dira diagnostikoa egiteko, tratamendu eta terapia espezializatuak eskuratzeko eta, aldi berean, laguntza ekonomikoak lortzeko eta kalitatezko arreta jasotzeko.

22q11 sindromearen agerpenak, nagusiki, sortzetiko bihotz-anomaliekin erlazionatzen dira, kaltzioa erregulatzeko arazoekin, hipokaltzemia-joerarekin, infekzioak izateko joerarekin eta bizitzako lehen urteetako prozesu autoimmuneekin. Gainera, berezitasunak izan ohi dituzte garapen psikomotorrean eta hizkuntzaren garapenean, eta ikasteko zailtasunak.

Eragindako pertsonei eta horien senideei estaldura psikosozial integrala emango dieten ekintzak garatzea sustatzen du 22q11 Sindromearen Elkarteak, berorien bizi-kalitatea hobetu eta aukera-berdintasuna sustatzeko neurriak har daitezen, eragindako haurren eskubideak bermatze aldera.

Share