Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2020-11-16)

Prentsaurrekoa. Udal Antzoki Sareko Gabonetako programazioa aurkeztea

Parte hartzaileak. Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto

Eguna. Astelehena, azaroak 16

Ordua. 10:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share

AMVISAk 900.000 euro emango dizkio Udalari Salbatzailearen hilerriko drainatze-arazoak konpontzeko

Udalaren ur enpresak dibidenduen banaketa onetsi du gaur

AMVISAren Administrazio Kontseiluak dibidenduen banaketa (900.000 euro) onetsi du gaur, eta Udalak jasoko du kopuru hori, Salbatzailearen hilerriak aspalditik dituen drainatze-arazoak konpontzeko.

Sozietateko lehendakari Marian Gutiérrezek aurkeztu du proposamena; gobernu-taldeko ordezkariek zein PPkoek alde bozkatu dute, eta gainerako kontseilukideak abstenitu egin dira.

Orobat, ontzat eman da Udalak AMVISArekin duen merkataritza-zorra (4,2 milioi euro baino zertxobait gehiago) ordaintzeko egutegi berria. Ordaintzeke dauden kuotak datozen zazpi urteetan ordaintzea onetsi du Kontseiluak.

Aurrekontu proiektua

Horretaz gain, AMVISAk 2021rako aurrekontua izapidetzen hastea onetsi du: 24.795.236 milioi euroko proposamena da, 7,8 milioi euroko inbertsioak barne, zeinen artean Txagorritxuko sareak berritzea nabarmentzen baita (2 milioi euro).

Udalaren ur-enpresak proposatzen du 428.000 euro erabiltzea kontagailuak erosi eta ordezteko, eta 938.000 euro sarea mantentzeko eta ur-isuriak detektatzeko, besteak beste.

Share

Hitzarmena Merkataritza Ganberarekin euskararen ikaskuntza sustatzeko

Urtaranen gobernuak hitzarmen bat sinatzea onartu du Arabako Merkataritza eta Industria Ganberarekin, hiriko dendariei euskara ikasteko diru-laguntzak emateko. Gasteizko Udalak 10.500 euro inbertituko ditu merkatariek euskara ikasterik izan dezaten.

Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren arabera, merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen alorra lehentasunezkotzat eta estrategikotzat jotzen dira gure hirian euskararen normalizazioa lortzeko. Besteak beste, alor horietako eragileek hizkuntza ikas dezaten sustatzeko ekintzak eta bezeroekiko harremanetan euskararen erabilera handitzeko hizkuntza zerbitzuak eskaintzen dira.

 

Share

Udaltzaingoak bizikletak kontrolatzeko kanpaina egingo du datorren astean

2018-2023 Bide Segurtasuneko Udal Plan Estrategikoan baitan, Udaltzaingoak bizikletak kontrolatzeko kanpaina berezia egingo du datorren astean, azaroaren 16tik 22ra bitartean.

Udaltzainek zirkulazio-arauak betetzen direla, bizikletak igarotzea baimenduta dagoen guneak eta ordutegiak errespetatzen direla, 16 urtez azpikoek kaskoa erabiltzen dutela eta argiak erabiltzen dituztela zainduko dute. Era berean, bizikleten egoera kontrolatuko dute; izan ere, mantentze ona ezinbestekoa da segurtasunerako eta, bereziki, baldintza meteorologikoek bideen egoeran eragina dutenean.

Esku-hartzeak

Azken 24 orduotan, Udaltzaingoak hamaika zirkulazio-istripu erregistratu ditu eta horietan lau pertsona zauritu dira.

 

Share

Amaitu du Zadorrako uholdeen aurrean babesteko II. fasea, Gamarran ur handietarako 600 metroko ibilgu berri batekin

  • Horretarako, 90.000 m3 lur induskatu dira, hiria babesteko lubeta bat eraiki da eta ibaiaren ur-goraldiak modu seguruan hedatzeko eremu bat egokitu da, 2,7 M€-ko inbertsioarekin

 

  • Abetxuku-ko zubiaren eta Gamarrakoaren artean dagoen 1,8 km-ko tartean egindako jarduketa guztiek 6,5 milioi euroko inbertsio publikoa eskatu dute

Gorka Urtaran audioa

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburu Arantxa Tapiak bisitatu dituzte URAk bukatu berri dituen Zadorraren ur-goraldiei aurre egiteko II faseko lanak, Abetxuko eta Gamarra Nagusia artean. Bisitan parte hartu dute Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusi Antonio Aizek, eta Ingurumen Sailburuorde Amaia Barredok.

Gorka Urtaran alkateak Eusko Jaurlaritzak hiriarentzat proiektu estrategiko eta positiboen alde egindako apustua goraipatu du. “Erakundeen lankidetza funtsezkoa da garapen ekonomiko eta sozialean. Funtsezkoa da positiboki aurrera egiten jarraitzeko eta Gasteizko eremu honetako beharrei erantzuteko. Gure enpresak uholde posibleez blindatzeaz gain, ibilgailuen trafikoaren eragin akustiko eta bisualetik babesten dugu tarte natural hau. Hiriak, halaber, Zadorra ibaiaren parkean integratutako berdegune bat izango du. Inbertsio honekin herritarrek irabazten dute, ingurune naturalak eta hiriak”, azpimarratu du alkateak.

Abetxuku eta Gamarra arteko 1,8 km-ko tartean egikaritu dira II.faseko lanok azken lau urtetan, 6,5 M€ko inbertsio publikoari esker. Lan-mugarriak, funtsean, honakoak izan dira: Abetxukuko zubi zaharraren ondare- eta hidraulika-lehengoratzea; Abetxukuko oinezkoentzako pasabidearen ur-hustutze ahalmenaren handitzea;  Gasteizko ur-horniduraren segurtasunerako ibai-ohe azpitiko bypass-a; edota ibaiaren goraldien zabaltze segurua lortzeko espazioaren atontze-lanak, eta Zadorraren hiribidearen parean hiria babesteko lubeta eraikiz, hiri-bilbea babesteko lanak.

Tapiak eta Urtaranek gaur azken lan horiek bisitatu dituzte. Alegia, ur-goraldiak datozenerako 600 m luzerako uholde-ibilgu berri bat sortzeko lanok, Gamarra Nagusitik ibaian behera, ezkerraldean. Lanok 2,7 M€ ko inbertsioa behar izan dute, besteak beste, 90.000 m³ lur (9.000 kamiokadaren baliokideak) erauzi eta mugitzeko. Xedea: ibaiaren ur-hustutzea handitu, eta uholde orbanaren altuera eta hedadura murriztea, tarte horren parean, zein ibaian gora.

Halaber, induskatutako lurrekin, babeserako lubeta bat eraiki da, ezkerraldean, uholde lautadaren parean, Zadorrako hiribidearen parean. Lubetak bi helburu ditu: batetik, errepikatze-denbora handiko ur-goraldien ur-laminak (500 urtekoa, 410 m³/s emariak) Gamarrako industrigunean sartzea saihestea; bestetik, aldameneko berdegune publikoak trafikoaren erasana (zarata, paisaia) murriztea.

Uholde-ibilgu hau sortzeko ingurumen-balio mugatuko 500 zuhaitz kendu ziren (makalak, bereziki), eta tokiko galeria-basoko espezietako 800 ale berri landatu dira: bai bidegorriaren paren doan lubetan zehar, zein berriztatu den berdegunean.

Aipatu beharra baitago horrekin batera lanok ekarri dutela Zadorraren parkean integratuta dagoen eremu berdea erabilera publikorako egokitzea, eta, bide batez jarraipena ematea hiriko eraztun berdea osatzean duten oinezko zein txirrindularientzako ibilbideei. Gainera, ibilguaren eskuin-ertzean eremu berde bat eraiki da, paisaiaren ikuspegitik lehengoratu da hondakin solido inerteen isurketengatik degradatutako esparrua eta oinezkoentzako pasabide sare bat prestatu da.

Burututako uholdeei aurre hartzeko lan horiek agerian uzten dute aldiro ematen diren ur goraldi naturalekin elkarbizitzen ikasi behar dugula, ibaiak berarentzat eskatzen dituen eremuak errespetatuz. Helburu bikoitz horrek ahalbidetuko du hala uholde arriskuan dauden ondoko hiri-bilbeetan kokatzen diren pertsonak babestea, nola ibaiaren egoera ona eta balio ekosistemiko altua bermatzea.

Orain amaitu diren Zadorra ibaiaren ur goraldietatik babesteko proiektuaren II Faseko lanok bere garaian aurreratu ziren jardueren jarraipena izan dira. Alde batetik 2018an Abetxukoko zubi zaharraren birgaitze hidrauliko eta arkitektonikoa amaitu zen, horrekin Zadorrak zuen ura hustutzeko ahalmena 328 m³/s-ra igo zen, 100 urteko errepikatze denborako ur goraldi baten emariaren beste, eta kultura-ondasun izendatutako XIX. mendeko zubiaren egitura birgaitu ahal izan zen.

Beste alde batetik , 2015ean Abetxukoko pasabide zaharra aldatu egin zen (Gasteiz hornitzen duten hodietan oinarrituta, Zadorraren jario librerako oztopo bat) eta pasabide berria eraiki zen aurrekoaren sekzio hidraulikoa bikoizten duena. Horretarako ibilgu pean hodi bat eraiki behar izan zen (bypass) hiria hornitzeko, aurreko pasabideari eusten zioten hodiak ordezkatuz. Egindako jarduera guztien aurrekontua, II Faseko 2,7M€ gehituta, 6,5 Milioi eurotakoa da orotara.

Share

Vitoria-Gasteiz Wine City elkartearen lana bultzatuko du Ekonomia Sustapenerako Sailak, hitzarmen baten bitartez

Vitoria-Gasteiz Wine City elkartearekin lankidetza-hitzarmena sinatzea onetsi du gaur Tokiko Gobernu Batzarrak, Maider Etxebarria alkateordeak gidatzen duen Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Sailak hala eskatuta. Ostalaritza lokalaren lehiakortasuna hobetu eta ardoaren kultura sustatzeko hainbat dinamizazio- eta zabalkunde-jarduera egin ahal izango ditu elkarteak hartara, Udalaren 14.000 euroko ekarpenari esker.

Share

Aranbizkarreko futbol-zelaian aldagelak egiteko obra-kontratua suntsiarazteko prozedura abiarazi du Udalak

  • Oraingo kontratua suntsiaraztea onetsi du, hasieran aurreikusitakoaren ia erdia gauzatu bada ere

Tokiko Gobernu Batzarrak Aranbizkarreko futbol-zelaian aldagelak egiteko obra-kontratua suntsiaraztea onetsi du, enpresa esleipendunak ez dituelako bete hitzemandako epeak, ezta kontratuaren xede nagusia ere. Kontratua amaitutzat jotzeko dosierra abiarazteak berehala beste lehiaketa bat abian jartzea ahalbidetzen du, egiteke dauden obrak burutu ahal izateko. Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren Saila proiektua azkentzen ari da falta den zati zehatz horri dagokion lehiaketa egiteko.

Aldagelak Passivhaus estandarrean oinarrituta diseinatu ziren, eta 2018ko abenduan esleitu zitzaizkion lanak LURGOIEN SA enpresari; gauzatzeko epea 15 hilekoa zen, eta zuinketa-akta sinatu zen egunetik aurrera hasi zen kontatzen, 2019ko martxoaren 25etik, zehazki. 2020ko hasieran, enpresak hornitzaileei ordaintzeko konpromisoak betetzeko zailtasunak zituenez, Udalak enpresa azpikontratatuei zuzenean ordaintzeko prozedura jarri zen abian, segurtasuna zaintzeko xedearekin eta amaitu gabeko eraikuntza hondatu ez zedin. Horri esker gauzatu ahal izan diren lanen azken balioa 469.926 euro da.

Enpresa esleipendunari hainbat errekerimendu eta kontsulta egin ondoren, gauzatzeko epea bukatu delarik eta hartutako konpromisoak betetzea ezinezkoa dela egiaztatu delarik, kontratua suntsiarazteko dosierra abiarazi da gaur; prozesu horren barruan, entzunaldirako epea emango zaio eragindako enpresari, obrak hastean ordaindutako bermea konfiskatuko, eta kalte-galerak eskatuko.

Une honetan, lan hauei dagozkien ziurtapenak egin dira, besteak beste: zimenduak jartzea, egitura, estalkiaren instalazioa, fatxadak eta banaketak, arotzeria eta hartuneak. Lanak amaitzen direnean, eraikinak lau aldagela kolektibo eta bi osagarri izango ditu, baita kirol kudeaketarekin lotutako beste areto batzuk ere: informazio eta kontrol bulegoa, kirolarientzako eta publikoarentzako komunak, materiala gordetzeko bi biltegi, kirol entitateentzako gela bat, eta instalazioetarako gunea (ur bero sanitarioa, berokuntza, etab.).

Share

Zumakadi ibilbidean jarriko dira BEA modeloko lehen markesinak, eta oraingoz TUVISAren L2 linearako erabiliko dira

‘Hegoalde’ izeneko geltoki berriek ‘Zumakadi 15’ eta ‘Zumakadi plazatxoa’ zirenak ordeztuko dituzte

 

BEA-autobus elektriko adimentsuaren etorrera gero eta hurbilago dago. Lanek aurrera jarraitzen dute hiri osoan, eta zerbitzua emango duen ibilgailuak ere probatan jarraitzen du; larunbatean, gainera, beste mugarri bat jarriko da Gasteizko garraio iraunkor berria ezartzeko bidean. Izan ere, bihar bertan hasiko dira erabiltzen BEAren lehen markesinak, Zumakadi ibilbidean, Tomás Alfaro Fournier kaleko unibertsitate egoitzaren parean.

‘Hegoalde’ izeneko bi markesina berriak aurrez aurre daude, eta TUVISAren 2 lineari emango diote zerbitzu BEA behin betiko ezartzen den arte. Geltoki berriek L2A lineako ‘Zumakadi 15’ eta L2B lineako ‘Zumakadi plazatxoa’ geltokiak ordeztuko dituzte, eta horiek behin betiko desagertuko dira. Geltoki berriak zaharretatik metro gutxi batzuetara jarri dira, BEA modeloko markesinak baliatuz.

Goi mailako irisgarritasuna eskaintzen diete pertsona guztiei, espaloiaren eta ibilgailuaren arteko distantzia nabarmen gutxitzen duten plataformak baitituzte. Erabiltzaileek geltoki berrietan nabarituko duten aldaketetako bat da hori; markesina moderno eta zabalak dira, eta informazio-sistemak ere nabarmentzekoak dira.

“BEI-a gero eta gertuago dago. Orain beste urrats bat eman dugu, Tuvisako 2. linean markesina berriak estreinatuz. Geltoki irisgarriagoak, modernoagoak eta bidaiarientzat erakargarriagoak dira. Eta BEIa martxan dagoenean, gainera, bere ahalmen teknologiko guztia eskainiko dute”, azaldu du Raimundo Ruiz de Escudero Mugikortasun eta Espazio Publikoko zinegotzi eta Tuvisako presidenteak.

BEAren geltokiak

BEAren geltokiek oso berrikuntza garrantzitsuak dakartzate gaur egungo autobus-geltokien aldean. Hiru tamaina ezberdinetakoak izan daitezke, handiak, ertainak edo txikiak, baina guztietan birkargatu ahalko da BAT txartela, eta tiketa erosi. BAT txartela balidatzeko gune bat ere izango dute, tranbian bezala. Berez, ezinbestekoa izango da tiketa erostea edo txartela balidatzea BEAra igo aurretik, barruan ezinezkoa baita.

Dena den, makinak ez dira funtzionatzen hasiko BEA ezarri arte, hau da, TUVISAren L2 linearen geltokia izaten jarraitzen duen bitartean, ohiko autobus-geltokiak bezala funtzionatuko du; hurrengo ibilgailuaren etorrera iragartzen duen sistema ere ez da martxan egongo.

Datozen asteetan, BEAren markesina gehiago instalatzen joango dira, zeinak Hegoaldekoak bezala erabiliko baitira, hots, L2 linearako, eta oraindik ez da martxan jarriko BEArako teknologia. Hiru geltoki mota izango dira:

– GELTOKI HANDIAK: BAT txartela erosi ahalko da horietan. Bidaia baterako tiketa erosteko eta BAT birkargatzeko aukera ere izango da, eskudirutan edo banku-txartelez.

GELTOKI ERTAINAK: tiketa erosteko eta BAT birkargatzeko aukera izango da, eskudirutan edo banku-txartelez.

GELTOKI TXIKIAK: tiketa erosteko eta BAT birkargatzeko aukera izango da, baina banku-txartelez bakarrik.

Hegoaldeko geltokiak azken motakoak dira. TUVISAk dagoeneko ohartarazi die inguruko auzokoei geltokien behin betiko kokapenaz.

 

Share

ONCErekin eta “Corazón Sin Fronteras” elkartearekin duen konpromisoa berritu du Urtaranen gobernuak, hitzarmen banaren bidez

ONCErekin eta “Corazón Sin Fronteras” elkartearekin lankidetza-hitzarmen bana sinatzea onetsi ditu Tokiko Gobernu Batzarrak, bi entitate horiek sustatzen dituzten informazio-, sentsibilizazio- eta laguntza-proiektuak garatzen laguntzeko. Guztira, 15.000 eurotik gorako laguntza ekonomikoa emango zaie bi kolektibo horiei, esparru soziosanitarioan egiten duten lanerako. Hartara, beste behin ere, osasun-politiken arloko aurrekontu osoari eusteko konpromisoa beteko da Urtaranen gobernuak, hori izaki “Orain Gasteiz” planeko hiru ildo estrategikoetako bat.

ONCErekin sinatuko den hitzarmenaren bitartez, 8.598,60 euroko ekarpena egingo dio Udalak organizazio horri, nagusiki itsuen, ikusmen-urria dutenen eta desgaituen gizarte-integrazioa sustatzera zuzendutako jarduerak bideratzen laguntzeko. Horretarako, hainbat jardunaldi eta topaketa tematiko sustatuko dira, eta bisitak egingo, ONCEren zentroetara.

Corazón Sin Fronteras elkartearen kasuan, gaixotasun kardiobaskularra dutenentzako eta horien senideentzako autolaguntza-taldeen programan lagunduko du Udalak. Hain zuzen ere, 7.242 euroko ekarpena egingo du ekimen horretarako, zeinen helburu nagusi gaixotasun kardiobaskularra dutenen eta horien senideen bizi-kalitatea hobetzea baita. Gogoratu beharra dago gaitz hori dela mundu osoko heriotza-kausa nagusia, heriotza guztien herena eragiten baitu.

Apasos elkartearekiko hitzarmena

Orobat onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak animaliak babesteko SOS Vitoria elkartearekiko lankidetza-hitzarmena, animalien adopzioa sustatu eta animaliak abandonatzearen kontra jarduteko. Ekimen horri esker, albaitaritza-tratamenduak eta beste hainbat lan egingo dira, Animaliak Babesteko Zentroan hartutako animalien ongizatea hobetzeko, eta harrera-etxeen programa eta adopzioari buruzko sentsibilizazio- eta sustapen-jarduerak bultzatuko. 15.300 euroko laguntza ekonomikoa emango dio Udalak elkarte horri.

 

 

Share