Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2020-11-06)

Prentsaurrekoa. ‘Florida 200 urte’ erakusketa aurkeztea

Parte hartzaileak. Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Canto; eta Kultura eta Kirol  foru diputatu Ana del Val

Eguna. Ostirala, azaroak 6

Ordua. 10:30

Tokia. Ignacio Aldecoa Kultur Etxea

————————————–

Gorka Urtaran alkatearen prentsaurrekoa

Gobernu-batzordearen ondoren, Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Udalaren gaur egungo gaiak hizpide izango ditu.

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Ostirala, azaroak 6

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share

Miguel Alejos, Jugatx Astorkia, Gaspar Avilés eta Rocío Agudoren proiektuak ikusgai izango dira Montehermoson 2021ean

Kulturuneak  eta UPV/EHUk elkarlanean dihardute sorkuntza arloko azken joeren zabalkundea bultzatzeko.

Montehermoso kulturuneak Miguel Alejos, Jugatx Astorkia, Gaspar Avilés eta Rocío Agudoren proiektuak aukeratu ditu Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera egiten duen deialdian.

Gasteizko Udalak eta Arte Ederren Fakultateak sorkuntzaren alorreko azken joerei zabalkundea emateko sinatu zuten hitzarmenaren barruan kokatzen da deialdia. Etorkizunean, profesional bihurtzen direlarik, lanean erabili beharko dituzten espazioak eta tresnak eskura jartzea da deialdiaren helburua.

2018an hasitako bideari jarraituz, aukeratutako proiektuak Jovellanos aretoan erakutsiko dira, banaka, 2021ean. Horretaz gain, 900 euro ordainduko zaio artista bakoitzari aurkezpenagatik, eta banakako katalogoa egingo zaie.

“Hautatutako proiektuak erakusketa-programan txertatuz, sortzaileen lanak ikustarazten laguntzen dugu eta lanerako plataforma eskaintzen die haiei mundu profesionalera hurbiltzeko, eta bide batez sortzaileek eta gizarteak lotura zuzena egiten dute elkarren artean” adierazi du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Canto zinegotziak.

Aurkezteko epean 26 proiektu jaso ziren. Hautaketa-batzordeak – Cristina Arrázola-Oñate, deialdiaren komisarioa;  Edurne González, Arte Ederren Fakultateko kultur zabalpenerako dekanordea; Arantza Lauzirika, Arte Ederren Fakultateko  dekanoa; eta Luis Mª Pascual, Montehermoso Kulturunekoa— proiektu hauek aukeratu ditu:

Miguel Alejoren “Formas de aproximación”

Proposamena “Formas de aproximación” izeneko lan- edo obretan (irudia-bideoa-instalazioa) oinarritzen da. Hurbiltzea, esperientzia estetikoan materialarekin erlazionatzeko modu gisa. Hainbat lan bideografikoren bitartez, artistak aztertu egiten ditu zoomaren ahalmenak eta esanahia; hau da, zinema-irudiaren bitartez artxibo edo espazioetara hurbiltzeko ekintza, hala nola, argazkietara eta objektu zein espazio arkitektonikoetara. Irudiaren, narratibitatearen eta pertzepzioaren inguruko esperimentazio-eta ikerketa-prozesua da. Erreferentzia ezabatu nahi da, eta, nolabait, ikuslearen begirada eragoztea. Baina, aldi berean, gorputzaren nahi bat dago, irudia ukitzeko, eta pixelera eta irudiaren mamira iristeko nahia.

Jugatx Astorkiaren “Impr pant”

Proiektuak irudi digitalaren eta analogikoaren arteko hibridazioa ikertzen du, eta eraldatzeko moduari buruzko hausnarketa egiten. Irudiaren osaera (kimikoa edo bitarra), eraldaketa (analogikoa edo digitala) eta prozesua aztertuta, artistak hainbat galdera egiten ditu: zein da irudi bakarrak izan dezakeen izaera?, zenbateraino erreproduzitu daiteke irudi berdina? ze alde dago irudi kimiko edo bitarra sortzean? nola gurutza daitezke eraldaketa-prozesu analogiko eta digitalak? … Proiektuak ideia horiek guztiak zalantzan jarri eta horietan sakontzen du.

Gaspar Avilesen  “Campeones del mundo”

Materiala aldatzean, edo bestelako aldaketaren bat egitean, beste gauza bat bihurtzen diren hainbat objektu fetitxeren arteko harremana eta elkarrizketa proposatzen du. Hau da, aldaketa horien bitartez lehen bezala funtzionatzeari uzten diote, eta beste entitate bat hartzen dutenen artekoa. Gorputzaren neurrira eginda egoteaz eta beste elementu batzuekin elkartuz gero autonomia lortu eta beste gauza bat bilakatzeaz hitz egiten du.

Rocío Agudoren  “Stay Focused”

Ikus-entzunezko sorkuntza proiektu honetan, artistak errepresentazioarekiko duen jakin-mina askatzen du: zerk garamatza fikzioa sortzera? zein da errealitatearekin duen lotura? nola errepresentatzen du pertsonak bere burua?

Egileak ikus-entzunezko lengoaia hegemonikoa birplanteatzen du, eta hausnartu egiten du kameraz (subjektu gisa), eta nork bere burua eta bete pertsona batzuk grabatzeko prozesuaz.

 

 

 

 

Share

Urruntze-agindua hausteagatik atxilotua

Udaltzainek atzo 44 urteko gizonezko bat atxilotu zuten amarekiko zuen urruntze-agindua hautsi izanaren delituaren ustezko egilea izateagatik Zaramaga auzoan. 092an jaso zuten deiak eman zuen egoeraren berri.  Udaltzainek gizonezkoa etxebizitzako logela batean topatu zuten eta, agindua egiaztatu ostean, atxilotu.

Bestalde, udaltzainek atzo, Alejandro Mendizabal ingeniariaren kalean, 40 urteko gizonezko bat atxilotu zuten bilatzeko, atxilotzeko eta epaitegi baten aurrean agertzeko errekisitoria zuelako. Gaur jarriko dute epailearen esku.

 

Share

Katedral Berriaren aurrean tamaina handiko maskara bat jarriko da, herritarrei babes-neurri hori erabiltzeko beharra gogorarazteko

 

Gorka Urtaran alkatearen adierazpenak

Gasteizko alkate Gorka Urtaran bertako BSafe enpresako zenbait langilerekin batera izan da haiek tamaina handiko maskara bat jartzen zuten bitartean; “Maskara Beti” sentsibilizazio-kanpainaren barruko ekintza da, zeinarekin COVID-19aren kontrako borrokan babes-elementu hori erabiltzeko beharraz ohartarazi nahi baita. Bi astez egingo da BSafek sustatutako kontzientziazio-ekintza hori, Udalari kosturik eragin gabe, Sortzez Garbiaren katedralaren aurrean, Magdalena kalearen eta Cadena y Eleta apezpikuaren kalearen artean.

Maskara erraldoiak ia bi tona pisatzen du, eta 3,9 bider 2,1 metro neurtzen. Altzairuzko egitura baten gainean doa, zeinari prolipopilenozko hiru lokarri erantsi baitzaizkio. Azaleran “Maskara Beti” lema darama, babes-neurri horren erabilera orokortzeko egin diren beste kanpaina instituzional batzuetan bezala.

Herritarrak maskararen erabileraz kontzientziatzeko lanean tokiko enpresa bat inplikatu izana eskertu du alkateak. “Pandemia azken aldiko historiako erronkarik handiena dugu, eta elkarrekin egin behar diogu aurre: erakundeak, antolakundeak, familiak, banakoak, eta enpresak, jakina. Ekarpen positibo bakoitza beste aurrerapauso bat da COVID-19aren kontrako borrokan. Eta une honetan, koronabirusaren transmisioa eragozteko gomendioak behin eta berriro errepikatzea da ekarpenik onena”, azpimarratu du Gorka Urtaranek.

“Mundu mailako osasun krisi batean gaude. Horregatik, ezinbestekoa da guzti-guztiok, administrazioa, enpresa edo banakoa izan, bakoitzak duen erantzukizuna bere gain hartuz, protokolo zorrotzenak betetzea, herritar ororen osasuna babesteko“, adierazi du BSafeko kudeatzaile Beatriz Díazek. “Lekua kendu behar diogu pandemiak ekarri digun ziurgabetasunari. Eta hori gure esku dago, gutako bakoitzak egin dezake beste inorengana jo gabe, maskara beti janztea bezain neurri sinpleekin. Hori eginez lekua kenduko diogu pandemiari, eta bizitzeko denbora irabaziko. Zugatik. Nigatik. Maskara BETI!” esan du amaitzeko oso denbora laburrean bere jarduera maskarak ekoiztera bideratu duen enpresa horren arduradunak.

Share

Udalak Zaintza-mapa bat egingo du, haren bidez pandemiak iraun bitartean ze baliabide aktibatu diren jakiteko, eta estali gabeko premia eta beharrizanak atzemateko

Zaintzen kartografia horretan Adminstrazioaren, gizarte-kolektiboen eta herritarren ekimenak bilduko dira

 

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak mapa bat egingo du pandemiak iraun bitartean aktibatu diren baliabideekin, zeinak Gasteizen aktibatu diren ekimen publiko, pribatu eta sozialak ikusaraziko dituen, eta estali gabe geratu diren premia eta beharrizanak atzemateko aukera emango. Udal-gobernuak Elkarrekin-Podemosekin adostu duen aurrekontu-akordioak ahalbidetu du zaintza-mapa hau egitea.

Hiru fasetan osatuko da zaintzen kartografia hori. Lehen fasean azken hilabeteetan hirian zaintza-proiektuak jorratu eta sustatu dituzten erakunde, kolektibo eta gizarte zibileko kideak gonbidatuko dira, 3 lantegi partizipatibotan zaintzen “erradiografia” hau osa dezaten. Gonbidatuen artean izango dira, besteak beste, AFARABA, Gurutze Gorria, Vivir con Voz Propia eta Psikopompo.

Bigarren fasean artean artatu ez diren edo hobetu daitezkeen premiak identifikatuko dira. Azkenik, hirugarrenean, hobekuntzak planteatuko dira, eta premia horiei erantzuteko zerbitzuak diseinatuko dira.

“Osasuna neurri publikoen muinean inoiz baino gehiago dagoen honetan, proiektu honen bidez hiria zaintzen perspektibatik birpentsatu nahi dugu. Gasteiz hiri osasuntsuagoa eta pertsonen beharrizanei erantzuten diena izatea nahi dugu. Horregatik, orain arte pandemiaren aurrean garatu diren esperientziak aztertuko ditugu, egon daitezkeen gabeziak atzemango ditugu eta premiei erantzuteko neurriak planteatuko ditugu. Ez da beste urrats bat baino, Gasteiz hiri zaintzaileago eta humanoagoa bihurtzeko bidean”, azaldu du Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak.

Hauxe gehitu du Elkarrekin-Podemoseko zinegotzi Gema Zubiaurrek: “Zaintzak bizitzaren erdian jarri behar dituzu, bizitzaren muinean, horiek gabe gure gizartea eraman ezina izango bailitzateke. Gizaki garen aldetik, elkarrekiko menpekotasunean bizi gara halabeharrez, zaintzeko eta zainduak izateko beharra dugu. Horrek azaltzen du zaintzen sektorean berariazko politika publikoak egituratzearen garrantzi handia, baita udal mailan ere. Elkarrekin-Podemosen oso balorazio positiboa egiten dugu proiektu honen bidez eskura dugun informazioa guztia jaso ahal izateari, hartara gero zaintzen alorrean beste esku-hartze batzuei ekin ahal izateko, ahalik eta azkarren”.

 COVID-19aren pandemia bitarte, erakunde, gizarte-kolektibo zein Gasteizko herritarrek ekimen ugari jarri dituzte abian gaixotasunaren eta haren aurka ezarritako murrizketen ondorioei aurre egiteko. Horiei esker laguntza eta arta jaso ahal izan zuten bakarrik bizi zirenek, janaria eta botikak banatu ziren etxez etxe, telebista eta irratigailuak banatu zitzaion jende ugariri, konfinamendua eramangarriago egiteko, etab.

Nola erakundeek hala herritarrek egindako hori guztia jasota geratuko da Zaintza-mapan, zeinak abian jarritako baliabideen ikuspegi bateratu eta globala eskainiko baitu, hartara horin kudeaketa hobetzeko asmoz.

Share