Prentsa Oharren banner

Gizarte politiken, adinekoen eta haurren… batzordea (2020-11-23)

Webgunean dago eskuragarri Gizarte politiken, adinekoen eta haurren, gazteriaren, berdintasunaren, bizikidetza eta aniztasunaren eta Garapenerako lankidetzaren batzordea azaroaren  23an (astelehena), 9:00etan, egingo duen ohiko bilkuraren gai-zerrenda.

Share

Udaltzaingoak 41 zigor-proposamen idatzi ditu asteburuan COVIDaren aurkako neurriak ez betetzeagatik

Asteburuan zehar, Udaltzaingoak 41 zigor-proposamen idatzi ditu COVID-19aren aurkako arauak ez betetzeagatik.

Salaketa guztien artetik, 20 musukoa ez erabiltzeagatik izan ziren; 7 musukoa gaizki erabiltzeagatik; 7 salaketa ipini zitzaizkien establezimenduei ordutegia ez betetzeagatik; 4 txokoetan, sozietate gastronomikoetan eta gazte-lokaletan jarduera egitegatik izan ziren, eta 3 salaketa izan ziren gaueko ordutegian zirkulazio-askatasun muga ez errespetatzeagatik.

Atxilotuta desobedientzia dela eta 

Larunbatean, udaltzainek 46 urteko gizonezkoa atxilotu zuten, agintaritza-agenteen aurkako desobedientzia larriaren delituaren ustezko egilea izateagatik. Atxilotu egin zuten edukiontziak mugitzeagatik eta arratsaldean zehar 3 aldiz behintzat desordena publikoa eragiteagatik.

Bi furgonetak su hartu dute

Suhiltzaileek atzo 21:15 inguruan esku hartu zuten bi furgonetaren sutea itzaltzeko, Gamarran. Estibalizen, bi edukiontzitan ere itzali zuten sua.

 

Share

Udalak gune bat egokituko du Florida parkeko haitzuloaren ondoan, jaiotza jartzeko

Kultura Zerbitzuak protokolo bat ezarri du herritarrek Jesus haurra modu seguruan bisitatzerik izan dezaten.

 Udalak gune bat egokituko du Florida parkearen haitzuloaren ondoan, Jesus haurtxoaren jaiotza jartzeko. Kultura Zerbitzuak protokolo bat ezarri du herritarrek modu seguruan bisita dezaten Jesus haurra.

“Neurtu egin dugu tokia, joan-etorriak antolatzeko eta jenderik ez pilatzeko. Eguberri bitxi hauetan, gasteiztarrek Florida parkeko jaiotzarekin atsegin hartzea nahi dugu” adierazi du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok.

Kokalekua Arabako Jaiotzazaleen Elkartearekin kontsultatu dugu, eta jakinarazi digutenez, beraiek ere pentsatu zuten hori zela estalpea jartzeko lekurik egokiena” gaineratu du.

Jesus haurraren, Ama Birjinaren, San Joseren, idiaren eta mandoaren irudiak jarriko dira bertan.

Floridako jaiotza monumentala abenduaren 4an inauguratuko da, 16:00etan, eta urtarrilaren 6ra arte bisitatu ahalko da.

Olentzero eta Mari Domingi

Eguberrietako programazioan izango da beste berrikuntzarik ere: aldatu egingo da Olentzero eta Mari Domingiren kokalekua, pandemiaren ondoriozko segurtasun-neurrietara egokitu dadin. Zulueta jauregiko lorategian izango dira, Senda ibilbidean.

Uraren Ezkutuko Lorategitik Zulueta jauregiko lorategietara eramango ditugu Olentzero eta Mari Domingi, sartzeko eta irteteko ibilbideak jartzeko aukera baitago” adierazi du zinegotziak

 

 

Share

Covid-19arekin lotuta adinekoei laguntzeko “Zurekin gaude” udal programak Eusko Jaurlaritzaren Lagunkoitasuneko Jardunbide Egokien Saria lortu du  

Eusko Jaurlaritzak Lagunkoitasuneko Jardunbide Egokien Saria eman dio “Zurekin gaude” udal programari; Gasteizko Udalak pandemiaren lehen asteetan jarri zuen abian programa hori, adinekoei laguntzeko.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiken Sailak Udaleko Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailaren lana aitortu du sari horren bidez; izan ere, horren xedea da publikoki saritzea lagunkoitasunari begira berritzaileak eta eraginkorrak diren jardunbideak garatzen dituzten erakunde publiko eta pribatuak, zahartzen ari diren pertsonen bizitza eta ongizatea errazten dituzten inguruneak sortzen baitituzte. Abenduan emango da saria.

Covid-19a dela eta adinekoentzako zentro soziokulturalak itxi behar izan zirenean jarri zen abian “Zurekin gaude” programa. “Adinekoen zentroak berrasmatu genituen, etxeetatik atera ezinik geratu ziren erabiltzaileei arreta ematen jarraitzeko. Etxera deitzen hasi ginen, haiekin tarte batez hitz egiteko, zer moduz zeuden galdetzeko, birusaren aurrean babesteko jarraibideak eta gomendioak emateko eta behar zen sostengua eskaintzeko“, gogoratu du Jon Armentia zinegotziak.

Udalaren ekimenez, 11.530 pertsonari deitu zitzaien telefonoz, eta informazio-liburuxkak bidali. Antzemandako beharrizanak kontuan hartuz, udalaren gizarte-zerbitzuak zenbait baliabide eskaintzen hasi ziren: etxera janaria eramatea, erosketak egitea, laguntza psikologikoa ematea, edo entretenitzeko materiala banatzea.

Kontaktuan jarritako pertsona guztietatik, 325ek eguneroko jarraipena behar izan zuten; 1.500ekin astero jarri ziren harremanetan; 500ek entretenitzeko materiala jaso zuten etxean; 150i janaria bidali zitzaien, eta 43k laguntza psikologikoa jaso zuten.

Martxoaren hasieran jarri zen abian etxean zeuden adinekoei urrutitik arreta, laguntza eta akonpainamendua emateko baliabidea, eta Eusko Jaurlaritzak orain aitortu du adinekoentzako udal zentroetako profesionalek egindako lan garrantzitsua, horiek “programaren funtsezko zatia baitira, eta emaitza onen zuzeneko erantzuleak. Haiei esker iritsi gara adinekoengana, informazioa eta prebentzioa eskaintzeko, ahultasun-egoerak antzemateko, esku hartzeko eta lagun egiteko“, aitortu du Armentiak.

Oraindik martxan

 “Zurekin gaude” programa ez zen bukatutzat eman itxialdia amaitu zenean. Oraindik martxan da, eta 20 adineko ingururi ematen zaie laguntza etxeetan.

Bakarrik egonez gero edo laguntza behar izanez gero deitzeko telefonoek ere irekita jarraitzen dute: 945 16 14 43 eta 945 16 16 09.

 

Share

Gasteizek berriro lortu du klima ekintzaren eta gardentasunaren alorretako kalifikazio gorena CDPren zerrendan

Bigarren urtez jarraian lortu du ‘A List’ zerrendan sartutako munduko 88 hirien artean egotea, zeina 2020an hiriek klimaren alorrean jakinarazitako informazioetan oinarrituta osatu baita

 Ana Oregi audioa

Gasteizek kalifikazio gorena lortu du berriroklima ekintzaren eta gardentasunaren  alorretan CDP erakundeak osatzen duen zerrendan; nazioarteko erakunde horrek enpresa eta hiriei laguntzen die beren ekintzek duten ingurumen-inpaktua ezagutarazten. Euskadiko hiriburuak bigarren urtez jarraian lortu du aitorpena, ekintza hauen berri eman baitu: komunitate mailako berotegi-efektuko gasen inbentarioa, emisioak murrizteko helburuaren definizioa, arrisku eta ahuldadeen analisia, eta klima-aldaketa arindu eta hartara egokitzeko klimaren aldeko ekintza-plana argitaratzea; gaur egun eta etorkizunean emisioak eta klima-arriskuak nola murriztuko dituen erakusten dute horiek guztiek.

Gasteiz ingurumen ekintza gidatzen duten 88 hirietako bat da “osasun larrialdiari aurre egiteko presioak gorabehera.  Aurtengo A zerrenda osatzen duten hiriek erakusten dute posible dela ekintza eraginkor eta urgentea”. Antolatzaileek azaldu dutenez, “Gasteiz klima-aldaketarekin lotuta estrategia sendoak garatzeagatik hartu dute aintzat, isuriak murriztu eta ebaluatzeko eta klima-arriskuak arintzeko azterketak eta ekintzak sustatzeagatik, eta CDPrentzat 2020an egindako txostenean horiei buruzko informazio gardena emateagatik.

Hiriak aparteko lekuan daude premiazko neurriak hartzeko. Aurten aitortutako 88 hiriok nola egin erakusten dugu, eta besteei eredu ematen. Hiri eta eskualdeek bermatzen dute kudeaketa eraginkorrena klima aldaketaren aurrean; izan ere, prebentzio- eta arintze-neurri nagusien % 80 inguru hurbilenean diseinatu eta garatzen dira, beharrezkoak ez diren energia-kontsumoak saihestuz, garraio orekatuak sustatuz, hondakinak murriztuz eta azpiegitura berriak eraikitzean lurralde-plangintza hobea eginez”, nabarmendu du Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren zinegotzi Ana Oregik.

Estatu osoan Bartzelonak eta Murtziak lortu dute aitorpen hori Gasteizekin batera. Iaz ere nazioarteko sari gorena eskuratu zuen euskal hiriburuak, Parisen egindako ekitaldi batean.

CDP (Carbon Disclosure Project) irabazi-asmorik gabeko nazioarteko antolakundea da,  eta enpresa, hiri eta gobernuak  berotegi-efektuko gasen emisioa murriztera eta ur eta baso baliabideak babestera bultzatzen ditu. 2019an, 8.400 enpresak baino gehiagok —merkatu globaleko kapitalizazioaren % 50etik gora dutenak— zabaldu zituzten ingurumenarekin lotutako datuak CDPren bidez. Horietaz gain, 920 hiri, estatu eta eskualdek zabaldu zuten informazioa CDP plataformaren bidez, zeina  informazio-iturri aberatsenetako bat bihurtu baita mundu osoan enpresak eta gobernuak klima aldaketaren aurrean egiten ari direna ezagutzeko.

Hirien zerrenda osoa hemen.

Gasteizko kasua

 

 

 

Share

Leo Bassik, Izarok eta Ene Kantak taldeak beren azken proposamenak aurkeztuko dituzte Gasteizen aurtengo Gabonetan

Udalaren Antzoki Sareak 13 ikuskizun programatu ditu azaroaren 29tik urtarrilaren 3ra bitartean

 

Udalaren Antzoki Sareak 2020-21eko Gabonetako denboraldia aurkeztu du: orotara 13 ikuskizun aurreikusi dira, azaroaren 29tik urtarrilaren 3ra bitartean. Besteak beste, Leo Bassi, Izaro eta Ene Kantak taldearen azken proposamenak barne hartzen ditu programak.

“Ahalegin handia egin dugu programa biribil eta askotarikoa egituratzeko, Gabonetako denboraldian egin ohi dugunez. Gainera, hain berezia izaten ari den urte honetan, pandemia dela eta bertan behera utzi behar izandako ikuskizunak berreskuratu ditugu“, iragarri du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

Azaroaren 29an (igandea) abiatuko da programa, Manolo Alcántararen ‘Deja Vu’ ikuskizunarekin; edertasun plastiko handiko lan horretan lausotu egiten da artearen eta fantasiaren arteko marra, zirkuaren eta antzerki fisikoaren artekoa. Jende ororentzat da.

Abenduaren 10ean (osteguna) Txalo Producciones konpainiaren ‘Rita, arrastoan sartzen’ komedia ikusi ahalko dugu, Aitziber Garmendia eta Joseba Apaolaza protagonista dituena.

Abenduaren 11n (ostirala) bi ikuskizun izango dira. Batetik, Euskadiko Orkestraren abonamenduko hirugarren kontzertua, saio bikoitzean, 17:30ean eta 19:30ean; Xoxtakovitx eta Schumannen lanak joko dituzte, Robert Treviño maisu handiaren zuzendaritzapean. Egun berean, Leo Bassik ‘Yo Mussolini’ show berria aurkeztuko du, zeinean txiste errazak, probokazioa eta hausnarketa nahasten baititu. Félix Petite antzokian izango da hori.

 

Abenduaren 16an (asteazkena), Udal Musika Bandak abonamenduko hirugarren kontzertua eskainiko du ‘Beethovenen Gasteiz’ izenburuaren pean, Luis Orduña zuzendari dela.

Abenduaren 17an (osteguna) programa bikoitza antolatu da: Lehen lana ‘De Gernika a Nueva York, pasando por Berlín’ da, Tentazioa konpainiarena: Iñaki Rikarte da protagonista, Fernando Bernuések zuzendu du eta Iñaki Salvadorrek jarri du musika. Bigarrena, ‘Gozpuztu’ da, Doos Colectivo taldearena. Dantza-garaikidea eta zuzeneko musika uztartzen dituen ikuskizuna da, orekaren bilaketaz mintzo dena. Garazi López de Armentia da jokalaria.

Abenduaren 18an (ostirala) Álvaro Tatoren kapa eta ezpatako komedia hartuko du Principal antzokiak: ‘Todas hieren y una mata’, umore eta poesia ugariz zipriztinduriko bidaia, zuzeneko musikaz lagunduta.

Familientzat  Ene Kantak taldearen ‘Liluragarriak’  ikuskizunaren bi saio antolatu dira, abenduaren 19an eta 20an (larunbata eta igandea). Urko Oskoz eta Nerea Urbizuk haurrentzako kantu berriak aurkeztuko dituzte, musikaren bidez euskararen erabilera sustatzeko asmoz.

Antzoki Sareak, bestalde, omenaldia egin nahi dio Xabier Leteri, haren heriotzaren hamargarren urteurrenean. ‘Hesia urraturik’ du izenburu Joxan Goikoetxeak hori oroitzeko idatzitako oratorio sinfoniko-korala. Abenduaren 26an (larunbata) eskainiko da Principal antzokian; Landarbaso abesbatzak, Miren Urbietak eta Beñat Egibidek abestuko dute, Juan José Oconen zuzendaritzapean.

Hurrengo hitzordua Aitzina Folk jaialdi solidarioarekin izango da, abenduaren 30ean: Korrontzi eta Xabier Amurizaren arteko lankidetzatik sortutako ‘Koplariak’ kontzertua; talde hori euskal kultura  eta dantzaren enbaxadore gailenetakoa da nazioartean.

2021ean jada, Euskadin azkenaldian gehien nabarmendu diren abeslarietako baten txanda izango da: Izaro, zeinak ‘Limones en invierno’ diskoa aurkeztuko baitu. Urtarrilaren 2an izango da, Principal antzokian.

Eguberrietako denboraldia amaitzeko, EGO-Euskal Herriko Gazte Orkestra etorriko da Principal antzokira, urtarrilaren 3an (igandea); Beethoveni eskainitako programa monografikoa prestatu dute, haren jaiotzaren 250. urteurrenean.

Saio guztiak 19:00etan hasiko dira, oraingo egoera sanitarioak berdin jarraitzen badu.

Beste bi ekintzak osatuko dute Gabonetako arte eszenikoen eskaintza:

Abenduaren 16an, Enero Gilek sorkuntza koreografikoari buruzko laborategia eskainiko du, ‘Atalak 2.0’ izenekoa. Félix Petite antzokian izango da, 19:30ean. Abenduaren 1etik aurrera jaso ahalko dira gonbidapenak, ohiko lekuetan.

Horretaz gain, Principal antzokia ezagutzeko bisita gidatuak antolatu dira. Urtarrilaren 9an euskaraz izango da, eta urtarrilaren 10ean, gaztelaniaz. 12:00etan zein 18:00etan egin ahalko dira bisitak.

2021eko aurrerapena

Hezkuntza eta Kultura zinegotziak, halaber, bi ziklo ezagunen 2021erako programazioa aurreratu du: XXI. Mendeko Flamenkoa eta Kontzertu Handien Zikloa.

Lehenengoan bost emanaldi aurreikusi dira: Pansequito, urtarrilaren 30ean; Israel Fernández, otsailaren 13an; Mayte Martín, otsailaren 27an; David Palomar, martxoaren 13an, eta Cancanilla de Málaga, martxoaren 27an (azken biak 2020rako zeuden programatuta). Larunbatetan izango dira saioak, Jesús Ibáñez de Matauco antzokian (Hegoalde gizarte etxea).

Kontzertu Handien Zikloak lau emanaldi eskainiko ditu, horietako bi 2020ko programatik berreskuratuak. “Musika sinfonikoaren, interprete handien eta nazioartean proiekzioa lortu duten euskal musikarien aldeko apustu handia da.  Oraingo honetan, lau emanaldi barne hartzen ditu programak“, nabarmendu du zinegotziak.

Lehen hitzordua otsailaren 20rako jarri da: Donostiako Orfeoiak Rossiniren meza txiki solemnea abestuko du, pianoaz eta klabeaz lagunduta.

Martxoaren 6an, pandemiarengatik bertan behera gelditu zen kontzertuetako bat berreskuratuko da. Il Gardellino Baroque Orchestra talde ospetsua da, zeinak Bachen suiteak eta Brandenburgoko kontzertuak joko baititu.

Apirilaren 23an, Alfonso Gómezek programa ausart eta berritzailea aurkeztuko du, Chopinen preludioetan oinarritua, Ramón Lazcano musikari handia eta Ensemble Cairn taldea lagun dituelarik.

2021eko Kontzertu Handien Zikloa amaitzeko, beste proposamen bat berreskuratuko da, Camerata Irelandena: Barry Douglasen zuzendaritzapean, Beethoven, Mozart, Haydn eta Elgarren lanak eskainiko dituzte.

SALMENTARI BURUZKO INFORMAZIOA

Gabonetako programazioko ikuskizunak:

Abenduaren 1ean. Leihatilan eta telefonoz: 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara. Interneteko salmenta 10:00etan hasiko da.

XXI. Mendeko Flamenkoa eta Kontzertu Handien Zikloa:

Abonamenduak: abenduaren 15ean, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara. Abenduaren 16tik aurrera, leihatilako ohiko ordutegian, lekuak bete arte.

Sarrera solteak: abenduaren 18an, 10:00etatik 13:00etara eta  17:00etatik 19:00etara.

2020-2021 Gabonetako programazioa

Share

Hegoalde gizarte etxeko instalazioetan abiadurako eskaladarako horma bat jarri dute

  • Estatu mailan, bost instalaziok baino ez dituzte ezaugarri horiek

 

Abiadurako eskaladarako horma edo “speedwall” berria gehitu zaio udalaren kirol instalazioen sareari. Hegoalde gizarte etxean jarri da abiadura-diziplina entrenatzeko berariaz diseinatutako osagai hori. 15,44 metro luze eta 6 metro zabal da, bi eskalada-bide berdinetan banatuta, beraz, ziur aski eskalada mota ikusgarriena dena praktikatzeko zehaztapen ofizialak betetzen ditu. Estatu mailan bakarrik bost leku hauetan dituzte horrelako instalazioak: Gasteiz, Iruñea, Lugo, Huelva eta Madril.

Gasteizko Udalaren eta Euskal Mendi Federazioaren arteko elkarlanaren emaitza da kirol baliabide berria; azken horrek finantzatu du instalazioa. Eskalada mota hori oso teknikoa denez, Euskal Selekzioko kirolariek soilik erabiliko dute oraingoz. Hegoalde gizarte etxean jarri den hormaren bidez abiadura-eskaladarekiko zaletasuna zabaldu nahi da Gasteizen eta gertuko hirietan.

Abiadura horma zurez eta poliesterrez egina dago, eta norbera babesteko ekipamenduez eta kronometratzeko tresnez hornituta dago. Lehen diseinuak landu zirenetik 20 hilabeteko lana eskatu du, besteak beste, tamaina horretako elementu bat hartu ahal izateko lekurik onena aurkitu behar izan baita. Lehiaketaren bat egin artean, Eskaladako Euskal Selekzioko hautatzaile Sergio Delgadok eta selekzioko eskalatzaile Irati Zabalak egin zuten estreinaldia.

2020an Tokion egitekoak ziren Olinpiar Jokoetan zegoen aurreikusita eskalada (zailtasuna, boulder eta abiadura aldaeretan) lehen aldiz jokatzea, baina COVID-19aren ondorioz, 2021. urtera atzeratu behar izan dute. Abiaduran, Aris Sunsatu indonesiarrak (6,99 segundo) du hamabost metroko altuerako hormaren errekorra emakumeetan, eta Reza Alipour iraniarrak (5,48 segundo) gizonezkoetan.

 

Hobekuntzak Ariznabarrean

Bestetik, Gasteizko Udalak zenbait hobekuntza egingo ditu Ariznabarreko kiroldegiko rokodromoaren instalazioetan. Orotara 36.901 euroko inbertsioa egitea aurreikusi da, gune ezberdinetako osagaiak berritzeko (bertikala, arrapala, makurgunea eta sabaia).

Share