Prentsa Oharren banner

Atariaren Herritarren Zientzian Parte Hartzeko Sareak hegaztien jarraipena egiteko 297 estazio aztertu ditu 2020an, eta emaitzak positiboak izan dira

Oscar Valencoso-CC BY-NC 2.0.

14 partaidek eskuzabalik egindako lanari esker, 18 hegazti-espezieren populazioetan aldaketa esanguratsuak detektatu dituzte eta haietako bat, gainera, igoera handia ari da izaten: gerri-txori arrunta.

 

Dagoeneko ondo sendotuta dagoen programa da eta duela gutxi aurkeztu ditu udalerriko hegaztien jarraipena egiteko boluntarioek egindako lanaren ondorio nagusiak. Atariak kudeatzen duen Herritarren Zientzian Parte Hartzeko Sarearen baitan dagoen Gasteizko Hiri Hegaztiak Kontserbatzeko Programak balio positiboak lortu ditu zuhaixka-formako, basoko eta hiriko inguruneetan bizi diren hegazti guztien kasuan; aldiz, nekazaritza-inguruneetako hegazti-taldeen kasuan, balioak negatiboak izan dira. Emaitza horiek bat datoz Euskadiko eta Estatu mailako eskalan talde horientzat erregistratutakoekin. Salbuespen bakarrak dira hauek: zuhaixka-espezieena, autonomia mailan joera egonkorra baitute, eta hirikoena, Estatuko eskalan beherakada nabaritu baita.

Erroldako 297 estaziotan laginketa-lana egin ostean aurten jaso diren datuetan 63 hegazti-espezietako 9.916 banako erregistratu dituzte. Lortutako datuen azterketak agerian utzi du 18 hegazti-espezieren (% 29) populazioetan aldaketak esanguratsuak izan direla 2007. urtetik. Haietako batek, gainera, igoera handia izan du: gerri-txori arruntak, basoko giroetan ohikoa den eta enborretan gora eta behera ibiltzen den hegazti txikiak.

Beste hamarrek, aldiz, igoera txikiagoa izan dute: hegatxabal arrunta, txepetxa, amiamoko zuria, galeper arrunta, miru beltza, zozo arrunta, pagausoa, pitxartxar burubeltza, usapal turkiarra eta sorbeltz arrunta; eta beste lauk beherakada jasan dute eta haietako batek nabarmena: kutturlio arrunta. Aldiz, gailupak, enara arruntak eta sasi-txori arruntak jaitsiera txikia izan dute. Amaitzeko, joera ezezaguneko 45 espezie (% 71) detektatu zituzten, eta beste hiru joera egonkorrekoak: belabeltza, txinbo kaskabeltza eta etxe-txolarrea.

Laginketak batez ere Gasteizen egin dituzten arren (horrek berekin dakar hiriko presioaren eragina handia izatea eta espazioak proportzio handiko hiri-ingurutzat hartzea), bigarren azterketa bat ere egin da hegazti horiek  batez ere bizileku dituzten giro tipikoen arabera zer populazio-joera duten jakiteko.

Hegaztiak, ekosistemen kontserbazioaren adierazle

Hegaztiak ekosistemen kontserbazioaren adierazle bikaina dira eta, horrenbestez, baita ingurunearen osasun onarena ere. Hori dela eta, Europa Batasunak hegazti-populazioen egoera Europako bizi-kalitatearen indizetzat hartzen du. Hain zuzen ere, Europako estatistika-bulegoak, Eurostatek, hegazti-populazioen jarraipena jasotzen du jasangarritasuna eta gizarte-ongizatea neurtu ahal izateko indize garrantzitsuenen artean.

Hegazti-populazioen bilakaera oinarritzat hartuta lortutako indizea, Naturaren Kontserbaziorako Nazioarteko Erakundearen (IUCN, ingelesez) irizpideek eskatzen duten balioetako bat izateaz gain, klima-aldaketak bioaniztasunean duen eraginaren adierazle bikaina da. Ondorioz, jasotako datuek espezieen egoeraren berri izateko aukera emateaz gain, haietako bakoitzerako egin beharreko kontserbazio-ahalegina ezagutzea ahalbidetzen du.

Gasteizko Bioaniztasuna Kontserbatzeko Estrategiaren garapenari zentzua ere ematen dion informazio hori eskuratu ahal izateko, Udalak hegazti arrunt ugaltzaileen jarraipena egiteko programa jarri zuen abian 2007an. Gerora, estrategia horri Herritarren Zientzian Parte Hartzeko Sarearen Hiri Hegaztiak Kontserbatzeko Programa eta gure hiriko lorategi eta parkeetan hegaztiei egindako jarraipena gehitu zitzaizkien.

 

 

 

 

 

Share