Prentsa Oharren banner

Ekonomia-Sustapenerako Sailak 14.400 euroko dirulaguntza emango dio Gorbeia kaleko Merkatari Elkarteari, bere jarduerak finantzatzeko

Laguntza dinamizazio komertzialeko lau kanpaina garatzeko baliatuko da

Udalaren Gobernu Batzarrak erabaki du gaur goizean lankidetza-hitzarmena egitea Gorbeia kaleko Merkatarien Elkartearekin, horren bidez inguru horretako merkataritza dinamizatu eta berpizteko jarduerak sustatzeko, bai eta merkataritza jarduera iraungarri egiteko ere.

Ekonomia-Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Sailak bideratu duen hitzarmenaren bitartez 14.400 euro erabiliko dira Gorbeia kalean merkataritza sustatzeko lau kanpaina garatzeko: sareetan sentsibilizazioa egiteko kanpaina, “Gorbeia pasaportea” lehiaketa, udazken-negua kanpaina, eta, azkenik, 2 orduz doan aparkatzeko txartelen kanpaina.

Ekonomia-Sustapena, Enplegua, Merkataritza eta Turismoa Saileko zinegotzi Maider Etxebarriak azaldu duenez, “laguntza hauen bidez antolatu dituzten kanpainetako gastuei aurre egin ahalko die Gorbeia kaleko Merkatarien Elkarteak, zein merkataritza-ehuna sustatzeko asmodun jarduerak garatzen jarduten baitu. Ahalegin handia egiten dute gure hiriaren alde; izan ere, merkataritzak hiria sendotzen du”.

Share

Astronomoen kaleko futbol-zelaiko belar artifiziala aldatuko da

Tokiko Gobernu Batzarrak ALVAC SA enpresari esleitu dio Astronomoen kaleko futbol-zelaiko belar artifiziala ordezteko kontratua, 357.365,73 euroan (BEZa barne). Gauzatzeko epea 100 egun naturalekoa izango da.

1998an eraikitako udal instalazioa prest dago eskualde mailako lehiaketak eta maila handiko entrenamenduak hartzeko. Futbol 7an eta Futbol 11n aritzeko bi zelai ditu, jokalarientzako lau aldagela (harmaila estaliaren azpian) eta banakako beste bi beste eraikin batean. Horietaz gain, bulegoa, ikusleentzako harmaila estalia eta beharrezkoak diren beste hainbat instalazio.

Udal Eraikinetako Mantentze Zerbitzu Orokorrak gunearen urbanizazioa, altzariak eta kirol-ekipamenduak hobetzea aurreikusi du. Belar artifiziala aldatzeaz gain, ureztapen-sistema berrituko da eta honakoak jarriko: prefabrikatutako etxola bat, led teknologiako proiektoreak oraingo argien ordez, baloiak geratzeko sare berriak, 10 jokalarirentzako 4 eserleku berri, futbol 11ko 2 ate erretraktil eta futbol 7ko beste lau.

 

 

Share

Udalak Angel Ganivet ikastetxeko leihoak zaharberrituko ditu

Tokiko Gobernu Batzarrak Angel Ganivet HLHIko kanpoaldeko zurajea aldatzeko lanen kontratazio-dosierra onetsi du, 337.630,00 euroan (BEZa barne).

Eraikina 1981ean egin da, eta oraindik ere jatorrizko leihoak ditu: aluminiozkoak, kristal bakarrekoak, eta pertsianak PVCzkoak. Horrenbestez, bero-galera handiak ditu eraikinak, igo egiten da berokuntzan egin beharreko gastua, eta enbarazuak eragiten zaizkie erabiltzaileei.

Obra Zerbitzuak kanpoko zurajea aldatzea proposatu du, hartara eraikinaren isolamendu termiko eta akustikoa hobetzeko.

Lanak 60 egun naturaleko epean egingo dira.

 

Share

Merkataritza Ganberarekiko hitzarmena onetsi du udalak, salmentetako profesionalak prestatzeko

Udalak 10.000 euro emango ditu Arabako Merkataritza Eskolaren jarduerarako.

Tokiko Gobernu Batzarrak Gasteizko Udalaren eta Arabako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialaren arteko lankidetza-hitzarmena onetsi du, Arabako Merkataritza Eskolako 2021eko gastuak finantzatzen laguntzeko.

Udalak 10.000 euroko laguntza emango dio merkataritza arloko prestakuntzarako eskolari, eta honek salmenten arloko profesionalak enpresen eskura jarriko, sektore honetako jarduera ekonomikoa eta enplegua sustatzeko xedez. Arabako Foru Aldundiaren laguntza ere izango da proiektuari ekiteko.

Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Saileko zinegotzi Maider Echevarriak azaldu duenez, “eskolak banakako ibilbide pertsonalizatua eskainiko die parte-hartzaileei, eta merkataritzaren eta salmenten alorreko profesional bihurtzeko behar duten laguntza eta tuturetza emango. Udalak babestu egiten ditu sektorea profesionalizatzeko eta gure udalerrian enplegua bultzatzeko ekimenak”.

Share