Prentsa Oharren banner

Gasteizko auzo guztiak bisitatuko ditu Agenda Gasteiztarrak, informazio-postu partizipatibo baten bidez

 

Agintaldiko estrategia auzoetara hurbiltzea eta herritarren ekarpenak jasotzea hiriaren geroa definitzeko. Horiek dira gaurtik aurrera Gasteizko auzotan zehar ibiliko den informazio-postu partizipatiboaren bi helburu nagusiak. Gorka Urtaran alkateak gaur goizean aurkeztu du ekimena Zabalganean, osasun zentroaren ondoan jarritako karpan.

“Hiria egiteko modurik onena herritarrekin batera egitea da, auzoz auzo, eta horixe da gaur aurkezten dugun ekintzaren xedea. Kalera irten gara Agenda gasteiztarrarekin, agintaldiaren erdian martxan ditugun proiektu nagusien berri emateko, eta hiriaren oraina eta geroa partaidetzan eraikitzeko, positiboan eraikiz Gasteiz Green Dealen oinarrituta. Hori guztia agendako hiru ekintza-ardatzak ahaztu gabe: kalitatezko zerbitzu publikoa mantentzea, ekonomia berde eta dinamikoa garatzea eta  abangoardia- azpiegiturak bultzatzea tamaina ertaineko Europako hirien artean goi mailan egoteko” adierazi du Gorka Urtaranek.

Gaur goizean aurkeztutako postuak gobernuaren konpromisoei buruzko informazioa ematen du modu grafikoan, datu batetik abiatuta: agintaldi-planaren erdian, helburuen % 50 bete dugu;  86 konpromisoetatik 10 guztiz gauzatu dira, eta beste 76ak bidean dira. Era berean, Agenda Gasteiztarraen sei ardatz estrategikoak zehazten dira, eta proiektu estrategiko nagusiei buruzko informazioa zehatza ematen da (tranbiaren luzapenak, abiadura handiaren etorrera, autobus elektriko adimentsua, Principal antzokiaren eraberritzea, auzoetako 100 milioiko inbertsioa…). Era berean, europar funtsetara aurkeztutakoen berri ere ematen da. Auzo bakoitzean bultzatzen ari diren esku-hartze eta proiektuak ere azaltzen dira.

Parte hartzeari dagokionez, hainbat gune izango dira ekarpenak egiteko: Batetik, Gasteiz Green Dealen oinarritutako etorkizuneko estrategia eraikitzeko proposamenetarako gunea ireki da. Gainera, aukera egongo da hiri guztirako proposamen orokorrak eta auzoetarako berariazkoak egiteko. Azkenik, haurrentzako txokoak marrazkien bitartez parte hartzera gonbidatuko ditu haurrak.

Datozen 25 egunetan zehar, auzo guztietan zehar ibiliko da Agenda Gasteiztarraren informazio-postua. Astelehenetik ostiralera egongo da, 10:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:30era. Alkatea eta zinegotziak aldiro joango dira bertara, lehen eskutik izateko herritarren kezken berri, eta horrenbestez, herritarrekin bertatik bertara izateko topagunea izango da.

Informazio-postuan jasotako ekarpenak kontu-emateko prozesu guztia jasotzen duen webgunean jarriko da, agintaldiaren ebaluazio-puntu berri gisa.  Horretaz gain, epe ertainerako  hiriaren estrategia definitzeko balioko dute. 2019an egin zen plan horren aurkezpenean, partaidetzazko lehen ebaluazioa egin zen, eta 500 ekarpenetik gora jaso ziren, horien artean azpimarratzekoa da mugikortasunarekin, ekonomiarekin eta enpleguarekin lotutako proiektuen balorazio positiboa.

Orduko partaidetzazko topaketan gertatu bezala, parte  hartzean harremanetarako kontaktua ematen duten herritarrek, ekimenaren emaitzari buruzko informazioa jasoko dute.

 

 

 

 

Share