Prentsa Oharren banner

Anabel Quincoces, Natalia Suárez, Begoña Antón eta Estíbaliz Sádaba: 2022an aurkeztuko dituzte euren lanak Montehermoson lau artistek

Kulturuneko Proiektu artistikoetarako deialdiak 61 proiektu jaso ditu guztira

 Montehermoso kulturuneak lau lan hautatu ditu 2022ko proiektu artistikoetarako deialdian. Hauek dira datorren urtean euren lana Montehermoso jauregian aurkeztu ahalko duten artistak, kulturuneko erakusketa-programaren baitan: Anabel Quincoces eta Natalia Suárez gasteiztarrak, eta Begoña Antón eta Estíbaliz Sádaba bilbotarrak.

Gasteizko Hezkuntza eta Kultura Saileko zinegotzi Estibaliz Cantok esan duenez, “Programa honen bidez tokiko artisten proiektuak landu, erakutsi eta zabaltzea, horien bitartez jardun artistiko garaikidearen alorrean lantzen ari diren lengoaia eta diskurtso berriak ezagutarazi eta horietaz hausnartzearren”.

“Aurten 61 proiektu jaso ditugu. Epaimahaiak emakumeen lau lan hautatzeak gure sortzaile emakumeen lanaren kalitatea azpimarratzen du”, gehitu du Cantok.

6.000na euroko laguntza ekonomikoa eta katalogo baten argitarapena jasoko dute saritan adituen epaimahaiak hautatu dituen artistek. Aurtengoan, Leyre Goikoetxea arte-komisarioak, EHUn Artearen Historiako irakaslea den Garazi Ansak eta Montehermoso kulturuneko zuzendari Luis Mª Pascualek osatu dute epaimahaia.

Hauek dira proiektu hautatuak:

Hydra-El fluido traslúcido. Anabel Quincoces (Gasteiz 1968).

Artistak aurkeztu duen proiektuak instalazio eskultorikoak aztertu, hauteman eta egiteko lana dute hausnargai, horretarako ibai-uretako biztanleak hartuta aitzakia, mendetan zehar garraiatutako lohi eta sedimentuak, zein etengabe aldatzen baitira. Horretarako Panspermiaren hipotesia balizatzen du, hots, ustez beste planeta batzuetatik Lur planetara nahita bidalitako mikroorganismoen balizko garraio bat, horien bidez bizitzari hasiera emateko.  Zehatzago, hydrak ditu hizpide, zeinen morfologia eta aldatu eta birsortzeko gaitasunak jatorrizko moldera itzultzeko ahalmena ematen baitiete, baita erabat birrindu eta txikitu badituzte ere.

Hydra-El fluido traslúcido bideo-irudiak zeharkatzen dituzten eta berariaz Montehermoso kulturuneko Ur Biltegirako pentsatutako 9 instalazio eskultorikoz osaturiko esku-hartze artistikoa da.

Negro Cremoso.  Natalia Suárez Ortiz de Zárate (Gasteiz, 1994).

Tinta-orban bat edo marra bat egitea batere funtzio edo zeresanik gabeko egintzak dira, ez bada horiek gertatze hutsaren zentzua. Artistarentzat hori zerbait bizitzeko oso modu garbia da, zamarik gabea. Oro har, margotze-lanean oso modu zehatzean arrastatu behar da masa, harik eta modu egokiarekin asmatu arte. Margo-trazu bat ez da tramite hutsa; zerbait margo-lan amaitu izatera irizten bada, trazu bakoitzak izaera propio eta berezkoa duelako izango da, zerbait modu jakin batean gertatu delako, eta ez beste inolaz; horren ondorioz, aleak trazu horiek diren karaktereen batuketari dagokion izaeraz jantziko da. Gauza bera marrazketan ere.

Artistak, azken margoan abiarazi duen lan-ildotik abiatuta, tamaina handiko koadro-sorta bat sortuko du, itxuraz orain artean egin dituen margo eta marrazkietan –zeinek pilatze gisa funtzionatzen baitute– bakarti eta monolitikoagoak.

Botanical Frenzy.  Begoña Antón (Bilbo 1983).

Diziplina anitzeko proiektu honek kolonialismo botanikoaren eta landare-itsutasunaren historia jorratzen du, “orkideen sukarra” deitu fenomenoaren bitartez. Orkideen ea gainerako landareen ustiakuntza komertziala aztertzen du.

Sir Joseph Bank (Cook kapitainak gobernatu zuen HMS Endeavour ontziko botanikariak) 1768an Ekialdeko Indietako orkideak Europara lehen aldiz ekarri zituenetik, oihanen arpilaketak ez du etenik izan. Hainbesteraino, non munduan ezagutzen diren 380.000 landare-espezien arteko % 20 desagertzeko arriskuan baitago.

Artistak argazki domestikoak eta artxiboko materiala jorratuko ditu, collagea baliatuko du, eta posta-zigilu bilduma bat sortuko du, kolonizazio botanikoa eta orkideen garrantzia erakusteko. Ikusiko dugu landare horren inguruan –eta batez Ingalaterran, non dena hasi baitzen– orkidea-hazle, bilduma-zale, feria, lehiaketa, etxez etxeko zaintzaileak, orkideen mutazioetan adituak eta abarren abarra dagoela.

Espacios para habitar. Estíbaliz Sádaba (Bilbo 1963)

Proiektu artistiko honetan egileak instalazio bat planteatzen du –irudia, soinua, performancea, collagea eta marrazkia bitarte–, zeinaren bidez emakumeek historikoki espazio publikoarekin izan duten harreman-zailtasunari buruz hausnarketa egin.

Estíbalizek proiektu bat sortu du hirian zehar egindako ibilera eta nora-hara galduen bidez; horien bidez agerian jarriko du gorputz femeninoak mobilizatzeko eta esperientzia mikropolitikoak aktibatzeko duen deserosotasuna, hartara ahizpatasun edo sororitatea adierazte aldera –eta horien bitartez esperientzia kolektibo, pertsonal eta historikoak transmititze aldera, erreferentzia intelektual eta afektiboen kartografia bat osatzeraino–.

Share