Prentsa Oharren banner

Osasun politikaren arloko beste hiru hitzarmen sinatu dira fisioterapiako eta laguntza psikologikoko programak sustatzeko

Urtaranen gobernuak  beste hiru hitzarmen onetsi ditu arlo soziosanitarioko hainbat elkarterekin Tokiko Gobernu Batzarrean; guztira ia 90.000 euroko laguntza. ATECE, ARENE eta Jeiki Fundazioa elkarteekin izenpetu dira, eta horiekin 21 lankidetza-hitzarmen dira aurrekontu-ekitaldi honetan osasun politiken arloko taldeekin onartutako akordioak.

Hartutako Kalte Zerebrala dutenen Arabako Elkartearekin (ATECE) sinatutako hitzarmenaren bitartez, banakako eta taldekako fisioterapia-programa egingo da kaltetuentzat. elkarteak artatzen dituen 226 familiei zuzentzen zaie. Hartzaileen erdiak baino gehiagok hartutako kalte zerebral dute iktus baten ondorioz. Udalak 11.515 euro euro emango ditu programa diruz laguntzeko.

Jeiki Fundazioarekiko hitzarmenari dagokionez, udalak 48.038 euroko udal ekarpena egingo du, nerabe gazteei eta familiei zuzendutako prebentzio  eta esku-hartze psikologiko eta psikohezitzailerako Hazgarri programarako. Programak adkizioak prebenitzen, jokabide- eta egokitzapen-arazoetan esku hartzen eta familia-gatazketan eta nahasmendu psikologikoetan esku hartzen laguntzen du

Hirugarren hitzarmena, gaixo neuromuskularren Arabako elkartearekin (ARENE) sinatu da, gaixo horien osasun- programa bat burutzeko. Errehabilitazio- edo mantentze-tratamendua egiten da fisioterapia bidez, indar muskularra galdu den kasuetan  bizi-kalitatea hobetzeko. Udalak 27.968,40 euroko laguntza ekonomikoa emango du horretarako.

Share

Udalak 124.500 euroko ekarpena egingo dio Egibideri

Tokiko Gobernu Batzarrak Diocesanas-Jesús Obrero Fundazioari (Egibide) 124.573,46 euro ordaintzea onetsi du, 2021eko urtarriletik abuztura bitartean lanbide heziketa bultzatu eta garatzeko Udalak entitate horri esleitu dion ekarpenaren kontura.

Aldez aurretik, Egibidek 2021eko ekitaldirako gastuen eta diru-sarreren aurrekontua aurkeztu zuen, zein Lanbide Heziketako Partzuergoaren zuzendaritza batzordeak onetsi baitzuen. Gasteizko Udalak 124.573,46 euroko ekarpena egingo zuela erabaki zen bilkura hartan, hau da, aurrekontuaren % 50. Era berean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Vital Fundazioak finantzatzen dute Egibide.

“Goraipatzekoa da Egibidek hirian Lanbide Heziketa bultzatzeko egiten duen lana. Ikasketa hauek lan-merkatuko hainbat sektoretako langile kualifikatuen beharrari erantzuten diote, eta hori dela eta, laneratze-tasa handia dute“ azpimarratu du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok.

 

Share

Gasteizek bost panel digital jarriko ditu Udalaren jarduerak eta ekitaldiak zabaltzeko

Euskarriak Urrezko Zeledonen plazan, Europa jauregian, Jesus Guridi kalean, autobus geltokian eta Zaramaga kalean instalatuko dira

 

Komunikazio-eredu berria Udalak Basquetourrekin sinatutako hitzarmen baten emaitza da, eta hiria Turismo Helmuga Adimentsuen Sareari atxiki izanarekin du lotura

 

Gasteizko Udalak bost panel digital instalatuko ditu herritarrei jarduera eta ekitaldi instituzionalen berri emateko. Tokiko Gobernu Batzarrak gaur onetsi duen proiektu, hiria 2020an Turismo Helmuga Adimentsuen Sareari atxiki izanaren ondorioz sortu da, eta komunikazio eredu berri bat osatuko du. Informazio puntuak, Ekonomia Sustapenaren Sailak eta Espazio Publikoaren Sailak Basquetour Turismoaren Euskal Agentziarekin sinatutako hitzarmen bati esker jarriko dira. Panelak instalatu eta mantentzeaz JCDecaux enpresa arduratuko da, Gasteizko hiri altzarien esleipenduna, kanpoko gainazaleko publizitatea ustiatzearen truke.

Komunikazio euskarri berriek Udalak bere olanak jartzeko orain erabiltzen dituen egitura metalikoak ordezkatuko dituzte. Hiru aldeko euskarri horiek zaharkituta daude dagoeneko eta Urrezko Zeledonen plazan, Europa jauregian, Jesus Guridi kalean —Corte Inglésen ondoan—Justizia Jauregian eta Lakua merkataritza-gunean daude. ‘Mupi’ digital berriak lehen hiru kokapenetara iritsiko dira, bai eta Gasteizko beste bi leku estrategikotara ere, hala nola autobus geltokia eta Zaramaga kalea, El Boulevard merkataritza-gunearen aurrean. Gailuak bertikalak izango dira eta bi alde izango dituzte: bata 75 hazbeteko pantaila digitalarekin, eta bestean ohiko paperezko kartelarekin.

Lehen alkateorde eta Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren zinegotzi Maider Etxebarriak esan duenez, panelek “bideoak, argazkiak eta testuak jartzeko aukera emango dute, aldi berean informazio desberdina erakutsi ahal izateko. Eragin handiagoa izateaz gain, sistema berriak edukiak arinago kudeatzen lagunduko digu”. Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok, berriz, Udalak bultzatutako Vitoria-Gasteiz Smart Green City planean kokatu du jarduketa hori, zeinak pantaila digital handiak dituzten 20 markesina eta geralekuko 47 argibide gune ere instalatzea aurreikusten baitu. “Hiri altzariak berrituko ditugu XXI. mendeko hiri erakargarriago bat izateko, informazio gehiago eta hobea emango diguten elementu teknologikoekin”, adierazi du zinegotziak.

 

 

Share

Kultura Sailak 120.000 euro emango ditu 2021ean Santa Maria katedralaren estalkia hobetzeko

Gasteizko Udalak lankidetza-hitzarmena sinatu du Santa Maria Katedrala Fundazioarekin. Horren bitartez, 120.000 euro jarriko ditu Hezkuntza eta Kultura Sailak 2020-2021 ikasturtean hezkuntza-programa bat gauzatzeko.

Zehazki, transeptu edo zeharkako nabearen goi aldeko estalkien zaharberritze integrala egingo da. Gaur egun, estalki horrek XVII. mendeko jatorrizko egituraren zati bat gordetzen du.

Hezkuntza eta Kulturako zinegotzi estíbaliz Cantok azpoimaratu duenez, “2021ean finantzatuko dugun esku-hartzearen xedea Santa Maria katedrala uraren eta gorabehera termikoen aurrean babestea da; hartara, areagotu egingo dira Gasteizko harribitxi artistiko hori erabiltzeko eta bisitatzeko aukerak”.

Babesa tokiko eragileei

Horrez gain, Kulturak 40.000 euro emango ditu, guztira, Gasteizko bi kultur eragileren jarduera diruz laguntzeko.

 

Ortzai kultur elkarteak 20.000 euro jasoko ditu, Hirigune Historikoko Familientzako XII. antzerki zikloa, Gasteizko Antzerki Sakratuko XII. Zikloa eta Udako Klasikoak zikloa antolatzeko. Hitzarmenari esker hirigune historikoko laborategi dramatikoak ‘Lankidetzak’ (‘Colaboraciones’) izeneko programa garatuko du, bertoko zein kanpoko artista eta kolektiboen artean trukerako eta sormena sustatu eta babesteko ekimena.

Hona Canto andrearen hitzak: “Ortzairen lana babesten dugu, kultura eta artea irakaskuntzaren, adierazpen artistikoaren eta gizarte-kohesioaren bidean aurrera egiteko tresna gisa sustatzen duelako, asmo horrekin prestakuntza-, dibulgazio- eta arte-jarduerak garatuta, bereziki arte eszenikoen alorrean, beste diziplina artistiko eta kultural batzuekin elkarreraginezko harremanetan”.

Bestalde, Udalak 20.000 euroko laguntza emango dio Arrakala Koop. Elkarte Txikia elkarteari, sorkuntza eta ikerkuntza eszenikoaren gainean Baratza aretoan burutzen duen lana babesteko.

2013an ireki zenetik, arte eszenikoen zentro horrek kultur katea osatzen duten faseen (prestakuntza, sorkuntza, ikerkuntza, hedatze-lana…) sustapenean aritzen da, hots, hausnarketa sakona egiten du arte-ingurune zein -bitartekaritzari eta artista-egoitzei buruz.

Gainera, parte hartzen du Europako proiektuetan (esaterako ikus-entzuleen kudeaketarako “Europa Creativa” izenekoan), bitartekaritza hiriko ikastetxeetan, prestakuntza proiektuetan, egonaldi eta erakusketa programetan, hala nola Bertako Fest, Zurrunbilo, Dantzan tzan eta Urterurrena izenekoetan.

“Zentro garrantzitsua da gure hiriko kulturarentzat, bulkada handikoa, ehun eszenikoa aberastera eta gabezia oso nabarmenak betetzera datorrena”, azpimarratu du zinegotziak.

Share