Prentsa Oharren banner

Jorge Javier Vázquez, Carlos Sobera eta Loles León izango dira Gasteizen uda honetan

Udalaren Antzoki Sareak 11 ikuskizun programatu ditu uztailaren 14tik abuztuaren 8ra bitartean

 

Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok Gasteizko Udalaren Antzoki Sareko udako programazioa aurkeztu du. 11 ikuskizun egingo dira uztailaren 14tik abuztuaren 8ra bitartean Principal antzokian, eta, besteak beste, Jorge Javier Vázquez, Carlos Sobera eta Loles León izango dira protagonista. Guztira 21 emanaldi eskainiko dira, eta komedia eta musika izango dira nagusi.

“Urtebete daramate antzokiek zabalik, osasun neurriak zorrotz aplikatuz eta ordutegi- eta edukiera-mugetara egokituz, eta orain ozen esan dezakegu kultura eta antzokiak seguruak direla, eta gure hiriko jendeak Udalaren Antzoki Sareko ikuskizun guztietara joateko ohitura mantendu duela. Horrek adore eman digu entretenimenduan oinarritutako programazio bat diseinatzeko, eta barre egiteko eta une onak igarotzeko aukera izango dugu”, adierazi du Cantok.

Gasteizko Nazioarteko Jazzaldiaren 45. edizioak irekiko du denboraldia ‘Jazza Antzokian’ zikloarekin, eta, horren barruan, 5 kontzertu egingo dira uztailaren 14tik 18ra bitartean. Egitarauak emankizun hauek aurreikusten ditu: Miguel Salvador Quartet (uztailak 14), Gonzalo del Val Trío feat. Benet Palet (uztailak 15), CMS (uztailak 16), Lucía Martínez & The Fearless (uztailak 17) eta Maciej Obara 4tet (uztailak 18). 18:00etan hasiko dira denak, Principal antzokian.

Sarrerak Principal antzokiaren ohiko bideak baliatuz erosi ahal izango dira (leihatiletan, telefonoz eta Internet bidez). Abonamenduak, ekainaren 16tik aurrera, eta sarrerak, ekainaren 25etik aurrera.

Udako denboraldiak uztailaren 23an jarraituko du; Mikel Urdangarinek bere azken diskoa aurkeztuko du, ‘Izurdeen Lekua’, gaueko 21:30ean. Berarekin Koldo Uriarte (teklatua), Rafa Rueda (gitarrak), Nika Bitchiashvili (biolina), Jon Cañaveras (baxua) eta Ander Hurtado de Saracho (bateria) izango dira.

Urtero bezala, aurtengo udan ere EGO Euskal Herriko Gazte Orkestra entzuteko aukera izango dute herritarrek; izan ere, Mozart eta Brahmsi eskainitako programa aurkeztuko du orkestrak uztailaren 26an Principal antzokian, 19:00etan.

Uztailaren 29tik 31ra ‘Desmontando a Séneca’ komedia egongo da Principaleko agertokian. ‘De la brevedad de la vida’ liburuan oinarritzen da obra , eta Jorge Javier Vázquez du protagonista. 5 emanaldi egingo dira, proiekzioekin, musikarekin, filosofiarekin eta umore askorekin.

Abuztuaren 3an eta 4an ‘La Coartada’ thrillerra egongo da ikusgai, Gorka Otxoa, María Castro eta Miguel Hermosorekin eta Bernabé Ricoren zuzendaritzapean. Txalo Produkzioak taldearen eskutik.

Ondoren, ‘Asesinos todos’ obraren txanda izango da, Carlos Sobera, Neus Asensi, Elisa Matilla eta Ángel Pardo protagonista dituen komedia klasikoa. Pentación taldearen eskutik eta Pep Antón Gómezen zuzendaritzapean.

Udako denboraldia ixteko Loles León eta ‘Una noche con ella’ lan berria izango ditugu, bidaia bat historiaren eta bere bizitzaren azken berrogeita hamar urteetan barrena, music hall eta kabaretaren lengoaia erabiliz kontatuta. Aktore ospetsua horrekin batera Briel González eta Fran del Pino arituko dira, Juan Luis Iborraren zuzendaritzapean.

“Egitarau fresko bat proposatzen dizuegu, komedia askorekin eta aktore garrantzitsu eta ospetsuekin, eta ziur nago une oso atseginak igarotzeko aukera emango digutela”, erantsi du zinegotziak.

Udako denboraldiko sarrerak uztailaren 7an jarriko dira salgai, 10:00etan, eta leihatiletan, telefonoz eta Internet bidez erosi ahal izango dira.

Antzerki Jaialdia

Bestetik, urriaren 10etik azaroaren 28ra bitartean egitekoa den Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdiaren 46. edizioari buruz ere hitz egin du Cantok. “Tokiko eta euskal sorkuntza eszenikoa sustatzen jarraitzen dugu eta nazioarteko proposamenak berreskuratzeko ere ari gara lanean. Era berean, arte eszenikoen hitzordu garrantzitsu honen nortasunaren parte diren antzezpenez gain, beste ekintza batzuk ere programatuko ditugu”, adierazi du.

Urriaren 29an, herritarrek ‘El hombre almohada’ ikusteko aukera izango dute, Martin McDonagh dramagile ingelesaren maisulanaren egokitzapena. David Serranok zuzentzen du eta Belén Cuesta, Ricardo Gómez, Juan Codina eta Manuela Paso dira protagonistak. Principal antzokian.

Eta iragarritako beste obra ‘Las noches bárbaras’ izan da. Hervé Kouvi koreografo aljeriar-frantsesaren dantza ikuskizun horrek Mozart, Fauré eta Afrikako musika tradizionala hip-hop kulturarekin eta capoeirarekin nahasten ditu. Azaroaren 4an Principal antzokian.

Informazio gehiago

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Share