Prentsa Oharren banner

BEIren korridore berdea itxura hartzen ari da, 500 zuhaitzetatik gehienak landatu baitira ibilbidean zehar

Dagoeneko 400 altzifreen % 80  landatu dira, batez ere markesinen ondoan.

 Datozen astean hasiko dira loreak eta zuhaixkak landatzen.

 

BEIren korridore berdea itxura hartzen ari da. Izan ere, Gasteizko Udala, Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailaren bitartez, erritmo onean ari da BEI martxan jartzen denetik ibilbidean izango dituen 500 zuhaitzetako gehienak landatzen. Datozen asteetan hasiko dira proiektuan aurreikusitako 15.000 zuhaixkak eta lore-landareak landatzen. 

Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok proiektuaren egoeraren berri eman du gaur goizean. “Hiriko kaleetan ikus daitekeenez, landatzea aurreikusitako 405 altzifeen % 80 baino gehiago eta astigar zurien % 75 baino gehiago landatu da” azaldu du zinegotziak. Ahalegin berezia egin da altzifre-multzoak BEAren geltokietatik hurbil jartzeko. Eta  horien ikusgarritasun eta inpaktu bisuala handitu egingo da hazten eta handitzen doazen heinean.

Halaber, datozen asteetan, ibilbidearen iparraldeko eremuan aurreikusitako landare-zerrendak, lore-landareak eta zuhaixkak landatzen hasiko da Gasteizko Udala.

Korridore berdeak nabarmendu egingo du garraio publiko sistema berri iraunkorrago, irisgarriago, berritzaileago eta seguruago horren identitatea. 9 milioi euroko udal inbertsioarekin (landaketak barne), puntako teknologia duten 13 ibilgailu elektriko berriek Gasteizko 14 auzo lotuko dituzte eta TUVISAren 2. linean emango dute zerbitzua, 3 milioi erabiltzaile potentzial dituelarik ibilbidean zehar.

Baina, horretaz gain,  bere ezaugarriengatik da ‘green’ autobus elektriko adimentsua: ez du kutsatzen, ez du emisiorik, efektiboa da, errei esklusiboetatik zirkulatuko duten ahalmen handiko ibilgailu elektrikoek osatzen dute, kutsadura akustikoaren maila txikiak izango ditu…

Korridore berdeak BEIren izaera iraunkorra sendotuko du. “Ezagutzeko moduko elementu bat ezarri nahi izan dugu, zuhaitz- eta landare-landaketa. Altzifreak izango dira nasen ondoan eta ibilbide osoan, lore-eremuak, zuhaixkak eta bestelako zuhaitz handiak. Sistema oso bat eratuko da hartara. Zehazki, 405 altzifre izango dira, ehunetik gora astigar zuri eta haritz, eta 15.000 inguru zuhaixka eta lore-landare. Nabarmen berdetuko da” adierazi du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok“Landaketa hauei esker hobetu egingo dugu BEIren ibilbideko landaretza, eta egin behar izan den obra zibilaren eragina arindu”

 

Altzifre multzoak

Garraiobide horren ibilbidean barrena izango diren markesinen inguruan egingo da landaketa-ahaleginik handiena —guztira, 10 kilometroko trazadura izango du ibilbideak, eta Gasteizko 14 auzo lotuko ditu—. Nasen ondoan, ahal den neurrian, lore- eta landare-parterreak izango dira, eta hainbat altzifre. Multzo apaingarri txiki horiek —guztira 405 altzifre izango dira— koherentzia estetikoa emango diete autobus elektriko adimentsuaren geltokiei, ingurumena aintzat hartzeaz gain. Baina geltokietatik kanpo ere izango da altzifrerik. Espezie horretako aleak landatu dira ibilbidean zehar ere, hainbat lekutan: Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalean, Zaramaga kalean, Euskal Herriko Bulebarrean…

Beste elementu deigarri bat, landare-zerrenda bikoitz bat izango da, hiriaren iparralde osoa zeharkatuko duena, BEIren erreien ondoko erdibitzaileetan barrena. Oteizaren ‘Omenaldia Galindezi’ eskultura dagoen biribilgunetik —Telefónica eta Txagorritxuren eraikinaren parean— Jacinto Benavente kaleraino, “zuhaixka loredunen (teucrium fruticans eta viburnum tinus) zerrenda ‘berde’ bat sortuko da, 20 zentimetrotik metro eta erdira artekoa, gora eta behera egingo duena; ibilbideari jarraitutasun ‘berde’ iraunkorra ematea ahalbidetuko duen uhin bikoitz bat”. Zerrenda horrek altuerarik txikiena izango duen lekuetan, lore-eremu baten itxura hartuko du; hain zuzen ere, zebrabideetan eta ikuspen handiagoa behar den lekuetan.

 

Share