Prentsa Oharren banner

Gorka Urtaran: “Dugun onena emateko unea da, eta hiriaren alde ahalegin betean lan egitekoa, ideologia hau partekatuz: Vitoria-Gasteiz”

Gerardo Armesto gasteiztarraren “Akordioen lekuan” lanaz baliatu da alkatea zinegotziei akordioak lot ditzaten eta ekarpen positiboak egin ditzaten eskatzeko. 

 

 

 

20210624 Udal Politika Orokorraren diskurtsoa

Udal politikari buruzko eztabaida orokorra egiteko hirugarren osoko bilkura ezohiko moduan hasi da.  Izan ere, alkateak Gerardo Armesto Larzabal artista eta irakasle gasteiztarraren “Akordioen lekuan” izeneko lana aurkeztu du, zeina udalaren arte garaikideko funtsen barruan baitago.  Lan horren bitartez, Gorka Urtaranek “udal politika orokorraren gaineko eztabaidari begira” duen “asmo nagusia irudikatu nahi izan du.

Hasteko, hiriak dituen erronka nagusiak identifikatu ditu alkateak, “diagnostiko errealista eta hurbilekoa eginez“. Orobat, udal zerbitzuen jardunaren eta pandemiak sortutako beharrei heltzeko inbertsioen berri eman du, eta Agenda Gasteiztarrean jasotako ekintzen betetze-mailaren kontu ere eman du. Ondoren, talde politikoekin adostu nahi dituen erronkak jarri ditu mahai gainean, “zerbitzu publikoen, ekonomia lehiakorraren eta ingurumen-iraunkortasunaren alorretan erreferentziazko superhiria bihurtzeari begira“.

“Gasteizen alde jo eta ke lan egin dezagun aukeratu gaituzte gure bizilagunek Udalbatza osatzen dugun hogeita zazpi pertsonok. Udalaren gurpilera igotzen garenean, pedalei gogoz eta erritmo bizian eragiteko da, hurrengo belaunaldiari lekukoa eman arte. Balia dezagun udalbatzan gauden denbora dugun onena emateko. Ekarpen positiboak egiteko“, nabarmendu du alkateak; izan ere, uste osoa du “dugun onena emateko unea” dela, eta “hiriaren alde ahalegin betean lan egitekoa. Alkatea naizen aldetik, oso argi dut nire ideologia Gasteiz dela. Parteka dezagun ideologia hori“.

Gainera, Gorka Urtaranek akordioetara heltzeko borondatea berretsi du, “erantzukizunez eta eskuzabaltasunez jokatuz. Osoko bilkura hau guztien ongiaren aldeko konpromiso pertsonala hartzeko lekua bihur dezagun. Bihur dezagun osoko bilkura hau irrikatzen ditugun akordioak lortzeko leku, pandemiaren ondoren Gasteizerako garai oparoa argitu dezaten”.

 

Alkateak proposatutako akordioak

Bere hitzaldian, Gorka Urtaranek akordiorako zenbait erronka eta gai aletu ditu. Zehazki, zahartzeari aurre egiteko udal zerbitzuen sare jasangarri bat osatzeko akordioa; bizitegi-bazterketako egoeran dauden familia ahulei arreta emateko akordioa, legez kanpoko okupazioari kontra eginez; udalaren inbertsio-ahalmena hobetzeko akordioa, aurrezpen garbia handituz; auzoen, instalazioen eta espazio publikoaren mantentzea bermatzeko; Hiri Antolamenduko Plan Orokor berria onartzeko, hiri industriala eta hiri berdea batuko dituena, eta hiriak mugikortasun iraunkor, seguru eta karbonorik gabekoa edukitzeko ordenantza berria izan dezan.

Gorka Urtaranek, halaber, adostasuna eskatu du Forondako aireportua eta industria logistiko eta aeronautikoa sustatzeko VIAP proiektua abian jartzeko, eta Miñaoko parke teknologikoaren azalera handitzeko, enpresa berriak erakartzeko aukera izan dezan.

 

Garatu beharreko ekimen zehatzak

Alkateak ekimen zehatzak identifikatu ditu udalaren ahalegina areagotzearren, gasteiztarren osasuna zaintzeko, adinekoentzako eguneko arreta-zentroetako itxarote-zerrendak desagerrarazteko eta bizitegi-bazterketa egoeran dauden pertsonentzako ostatu-baliabideak handitzeko, besteak beste.

Alkateak nabarmendu dituen ekintzen artean fabrikazio aurreratuko zentroaren abiaraztea dugu, baita startup enpresen azeleragailuarena ere, proiektu berritzaileak erakartzearren; tokiko ekonomia ehunari laguntzen jarraitzeko asmoa ere aipatu du, eta Gasteiz 2030erako karbonoan neutro diren lehen 100 hiri europarretako bat bihurtzea.

Energia berriztagarriak bultzatzeko plan bat ere jarri du mahai gainean Gorka Urtaranek, eguzki-energiaren bidez 120 megawatt sortuko dituena, bizikletentzako sarea mantendu eta zabaltzeko plan berezia, eta Herrandarren kaleko korridore berdea sortzea.

 

 

Gerardo Armestoren “mahaia”

Mahaiak, objektu misteriotsu gisa, ez dira inguruan esertzeko mahaiak, plataforma-mahaiak dira, elkarretaratze batean mugitzeko espazioak, elkarretaratze lasai, magiko, baketsuetarako. Irlatxoak dira, non ez baita pilatzeko aukerarik.  (…) Akordioen lekua hurrengo urratsa da; bertan komunikazioa agertzen da, ez da pertsona bakarrarentzako uhartetxoa, egoteko gela bat baizik, hiru aulki daude, eta espazioaren partiketak txoko babestuak sortzen ditu. Leku lasaia da niretzat. Nire koadernoan idatzi dut: ezer txarrik gerta ez daitekeen irlatxoa.

Gerardo Armesto

Diptikoa

 

Share