Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  2 maiatza 2017 17:00

Prentsaurrekoa. Adinekoentzako zentro soziokulturaletako udako ikastaroen eta tailerren programa aurkeztea

Parte hartzaileak. Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren zinegotzi Peio López de Munian

Eguna. Asteazkena, maiatzak 3

Ordua. 10:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:04

 

 

 

 

 

 

 

 

XVI. Bizikletaren Astea maiatzaren 15etik ekainaren 4ra bitartean egingo da, IGIk, Bizikleteroak elkarteak eta Partaidetza eta Gizarte Etxeen Sailak antolaturik; hiriko gizarte etxe eta auzoetan askotariko jarduerak izango dira horren barruan.

Partaidetza eta Gizarte Etxeen zinegotzi Isabel Martínezek, IGIko lehendakari eta zinegotzi Iñaki Prusillak eta Bizikleteroak elkartearen ordezkari Andrés Ruiz de Gaunak aurkeztu dituzte jarduerak prentsaren aurrean.

Martínezen hitzetan, “begi bistakoa da azken urteetan bizikletaren erabilerak gure hirian hartu duen indarra, hainbesteraino ezen bizikletaren kultura gero eta errotuago batez hitz egin baitezakegu.  Bide horretatik jarraitu eta hori sendotzeko beharrezkoak dira honelako ekintzak, adin orotakoentzat eta irekiak”.

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak ere lagundu du Bizikletaren Astea prestatzen. Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Saileko zinegotzi eta IGIko lehendakari Iñaki Prusillak nabarmendu duenez, “positiboa gertatzen da udaleko sail ezberdinek batera lan egitea Gasteiz iraunkorragoa izan dadin mugikortasunaren alorrean. Gaur egun, joan-etorrien % 13 inguru egiten dira bizikletaz. Gasteiz hiribidean instalatutako bizikleta-kontagailuaren datuak kontuan hartuz, 2017ko martxoan 69.914 pertsona igaro ziren bertatik; iazko hilabete berean, berriz, 55.800. Horrek adierazten du Gasteizen gero eta pertsona gehiagok aukeratzen dutela bizikleta”.

Aurtengo  edizioan hitzaldiak, ikastaroak, bizikleta-irteerak eta beste jarduera asko antolatu dira. Aldabeko gizarte etxean bizikletarekin lotutako bost hitzaldi emango dira. Landatxoko gizarte etxean, bestatik, bizikletaz ibiltzen ikasteko eta praktikatzeko ikastaroa egingo da; bost egun iraungo du,  eta goizez zein arratsaldez eskainiko da.  Salburuko gizarte etxean bizikletaren mekanikari buruzko ikastaroak egingo dira, zenbait mahai-inguru, eta mugikortasunaren jaia.

Landazuriko kiroldegian ere mekanikarekin lotutako jarduerak eta hiri txirrindularitzari buruzko hitzaldiak antolatu dira. Pilarren, berriz,  Olarizuko lorategi botanikoan zehar adinekoentzako triziklo-ibilaldiak eskainiko dituzte. Gainera, bizikleta-irteerak, bizikletari buruzko kontakizun laburren VII. lehiaketa eta “Selfie bat nire bizikletarekin” argazki-lehiaketa ere programatu dira.

Jarduera batzuetan parte hartzeko (lantegietan edo bizikleta-irteeretan) izena eman beharko da. Gizarte etxeetan, kiroldegietan edo internetez eman ahalko da izena, gaurtik aurrera.

20170502 Semana de la bicicleta

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:58

 

 

 

 

 

 

 

 

250 profesional inguru, medikuntza, erizaintza eta psikologia arloetakoak, baina baita beste arlo batzuetakoak ere, hala nola fisioterapeutak eta gizarte langileak, eztabaidan ariko dira ostegunetik aurrera Gasteizko Europa jauregian, gai hartuta adinekoak eta “zahartzaro bizitzaz betea”, bi biltzarretan: Zahartzaroa – Geriatria eta Gerontologiako Euskal Elkartearen XVI. biltzarra eta Geriatria eta Gerontologiako Nafar Elkartearen IX. biltzarra, Arabako hiriburuan.

Bi elkarte zientifikoek seigarren aldiz hautatu dute Gasteiz beren biltzarren egoitza gisa, Iñaki Artaza Zahartzaroa-ren lehendakariak gaur goizean iragarri duenez, foru jauregian egin duten ekitaldi horien aurkezpenean, zeinetan parte hartu baitute, halaber, Marian Olabarrieta Gizarte Zerbitzuen Saileko foru diputatuak eta Peio Lopez de Munain Gasteizko Udalaren Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Arloko zinegotziak. Erakunde horien bi ordezkariek eskertu egin diete bi elkarteei Arabako hiriburua hautatu izana ekitaldi profesional horiek egiteko.

Iñaki Artazak jakinarazi du maiatzaren 4, 5 eta 6an egingo dituzten biltzarretarako goiburu hau aukeratu dutela: “Azkenera arte bizi”. Nahi dugu zahartzaro bat jardueraz eta osasunez betea, baina baita elkartasunez eta konpromisoz ere –esan du Zahartzaroa-ren lehendakariak. Gure adinekoentzat nahi dugu beren gurari eta erabakien errespetua, gizarte honen partaide egin nahi ditugu, urtetik urtera gehiago baitira. Nahi dugu, orobat, beren eskubideak babestu, haiek nahi duten bezala zaindu, azken egunetara arte lagundu, oinazea arindu eta ondo hiltzen lagundu. Horregatik elkartu ditugu biltzar honetan diziplina askotako profesional asko, arretaren zehar-ikuspegi globala partekatzen dutenak.

 

Hainbat diziplina

Biltzarrean hainbat diziplina landuko dira: immunitatea eta zahartzaroa, eta eguneratze terapeutikoa, gaixotasun kronikoak –nagusiki bihotz gutxiegitasuna, diabetesa eta BGBK (biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoa)– dituzten gaixoen ikuspegi geriatriko batekin. Beste gai batzuk ere jorratuko dira: balioen errespetua, bakardadea, erabakiak aurrez planifikatzea eta informaziorako eskubidea.

Era praktikoago batean, zazpi lantegi egingo dira: minari nola aurre egin; nola tratatu dementzia aurreratua duten gaixoak; muga fisikoak; balorazio fisikoa; nutrizioa; musika terapia eta Zahartzaroa-ren kode etikoari atxikitzea. Aldi berean, erizaintzako laguntzaileentzako ikastaro bat emango da, goiburu honekin: “Zaintza humanizatu”.

Ez genituen, halaber, albo batean utzi nahi adineko emakumeei emandako tratu txarra eta adineko gaixo ahulen konplexutasun klinikoa. Ordea, zahartzaroaren ikuspegi positibo batez amaitu nahi genuen, aukeren etapa bezala hartuta, non adinekoek kontatuko diguten haiek bizi duten zahartzeko esperientzia, gaineratu du Iñaki Artazak, zeinak iragarri baitu ezen, jardunaldiak amaitzeko, larunbatean, Toti Martínez de Lezea idazleak hitzaldi bat emango duela.

Marian Olabarrietak nabarmendu du Arabako Foru Aldundiak aspalditik diharduela aitzindari, pertsonengan eta praktika onetan oinarritutako arreta eredua ezarri duten administrazioen artean. Eredu horretan, ahal dela, adinekoa, ezintasunak gorabehera, ez da deserrotzen familiatik eta erkidegotik, eta bere autonomia indartzen da, arreta jartzen zaie bere gurari eta beharrei. Adinekoen arreta gure gizartearen lehentasunetako bat da, eta, jakina, baita Foru Aldundiarena ere. Arreta horretan aintzat hartu behar da kontua ez dela soilik urte gehiago bizitzea, bizi kalitate ahalik eta onenarekin bizitzea baizik, esan du foru diputatuak bere hitzen amaieran.

Peio Lopez de Munain zinegotziak azpimarratu du Gasteiz adinekoen lagun den hiria dela. Horregatik, Udala murgilduta dago prebentzio politiketan eta neurrietan pertsona horien autonomia sustatzeko, bakardade egoerak saihesteko eta zahartzaroa era aktiboan eta baldintza duinetan bizi dezaten lortzeko.

Garrantzitsua da –gaineratu du Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Arloko zinegotziak– ahalegin horretan lagun izatea gainerako gizarte eragileak eta profesionalak, biltzar honetan baiezta dezakegunez.

Share