Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  19 maiatza 2017 17:02

Paulo Freire Helduen Hezkuntza Iraunkorreko Zentroaren Adurtzako Zirkulua berriro irekitzea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Astelehena, maiatzak 22

Ordua. 11:00

Tokia. Adurtzako zirkulua (Los Molinos kalean, San Ignazio elizaren ondoan)

———————————

Nazioarteko poeten topaketa Poetak Maiatzean jaialdiaren barruan

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Astelehena, maiatzak 22

Ordua. 19:00

Tokia. Goiuri jauregia, Pedro Salinas aretoa

Share
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   15:30

Larunbata, maiatzak 20

  • Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak parte hartuko du Oxfam Intermón Trailwalker erakundearen elkartasun lasterketako zinta mozketan 9:00etan, Andre Maria Zuriaren plazan.
  • Alkate Gorka Urtaran eta Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren zinegotzi Peio Lopez de Munain Hirukidek antolatutako Familia-Jardunaldian izango dira 13:00etan, El Boulevard merkataritza zentroan.

 

Igandea, maiatzak 21

  • Udal Administrazio zinegotzi Carlos Zapatero Pazko Maiatzeko erromerian izango da eta Hermandad del Rocioren dominak banatuko ditu 12:00etan, Arriagako San Bizente elizan
Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:21

Kontu-hartzaile nagusiak aurrekontu-egonkortasunaren printzipioakebaluatuz urtero egin ohi duen txostenak adierazten  duenez, 2016ko aurrekontu-likidazioan Udalak egonkortasuna betetzea lortu zuen, eta emaitza positiboa 2015ekoa baino askoz handiagoa izan da. Zehazki, 1. aurrekontu-kapitulutik 7.era artekoetan, diru-sarrerak gastuak baino % 3,87 handiagoak izan ziren. 2015ean % 0,4 izan zen portzentajea.

Kontu-hartzailearen txostenean aipatutako beste alderdi positibo bat hornitzaileei ordaintzeko batez besteko epea betetzea da. Epe horrek 60 egunetik beherakoa izan behar duela ezarrita dago (30 egun faktura onartzeko eta beste 30 ordaintzeko). Gasteizko Udalean 38,9 egunekoa izan zen epea; Gorka Urtaran alkatearen hitzetan, epe horrek agerian uzten du enpresa hornitzaileekin seriotasunez lan egiten dela.

Kontu-hartzaileak adierazitakoaren arabera, 2016an zorpetze-muga bete zen. Gastu-arauak goranzko aurrekontuak kontrolatu nahi ditu, aurreko urtearen aldean gastu-ehuneko jakin bat ezin dela gainditu ezarriz. Horri dagokionez, Udalak 22,8 milioi euroan gainditu zuen ezarritako muga. Zenbateko horrek nabarmen hobetzen du 2015eko emaitza, orduan 47 milioi euro izan baitzen.

“Itxura guztien arabera, 2016. urtea ona izan da ekonomiari dagokionez, indarra berreskuratzen ari gara, zailtasunak izan arren, eta adierazle guztiek bide onetik goazela erakusten dute. Zoragarria izan gabe, oraingo egoera aurreko urteetakoa baino hobea da.  Gogoan izan behar  da agintaldi hasieran egoera oso zaila zela, jaso genuen zulo ekonomikoari aurre egiteko plan bat ezarri behar izan baikenuen, eta oraindik horretan dihardugu”, adierazi du Urtaranek.

Hona hemen 2016ko eboluzio ekonomiko onuragarria adierazten duten beste kopuru batzuk:aurrezpen garbia  (4,9 milioi euro); aurrekontu-likidazioaren emaitza positiboa (201.987 euroko superabita); zorraren murrizketa (3,7 milioi euro gutxiago), eta agintaldiaren hasieran aurkitutako 68 miloiko zuloan 26,2 milioi euro gutxitzea.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:05

Jaime Azpilicuetak zuzendutako lanak zazpi funtzio emango ditu Gasteizen

Ikuskizunen historiako musikal ospetsuenetako bat, “Cabaret, el musical de Broadway”, ekainaren 8, 9, 10 eta 11n antzeztuko da Gasteizen, eta Principal antzokia Kit Kat Klub ezaguna bihurtuko da.

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok, Teresa Abarcak —lanean Rally Bowles— eta Armando Pitak —zeremonia maisua— aurkeztu dute gaur prentsaren aurrean.

Cabaret musikala baino gehiago da. Zeremonien maisu dibertigarriak gobernatuta, Kit Kat Klubak hidra naziaren etengabeko gorakadaren eta protagonistek itxurak eginez erakusten duten egunerokotasuneko normaltasunaren arteko bizikidetza eszenifikatzen du.

Madrilen 2016an  estreinatu ondoren, musikal onentzat saritutako hori estatuko antzoki askotan eskaini da dagoeneko. Gasteizen zazpi funtzio emango ditu, eta sarreren % 40 oraindik salgai dago.

2014an musikal ospetsuaren beste bertsio bat ikusi ahal izan zen Principal antzokian. Bertsio hau proposamen dramatikoa da, 1966an New Yorken estreinatutakoari gehiago erreparatu diona, Liza Minellik protagonizatu zuen filmari ere erreferentziak eginez.

Hauek dira prezioak: 55 euro besaulki-patioan, 45 euro lehen anfiteatroan, eta 40 euro bigarrenean.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:00

Ikasleek berek osatzen duten ekimen honetarako 10.000 euro baliatuko ditu. Ikasle horiek ikastetxeetan beren eguneroko eta etorkizuneko jardunerako informazio garrantzitsua jaso eta zabaltzeaz arduratzen dira: hirian gazteentzat dauden zerbitzu eta baliabideak, prestakuntza, beka eta diru-laguntzak, lehiaketa eta deialdiak, enplegua edo aisialdia

Gobernu Batzarrak gaur goizean onetsi du ikastetxeetako gazte informatzaileen sarearen programarako deialdia, Gazteen Argibideetarako Udal Bulegoak koordinatuta. Gazteria zinegotzi Iñaki Prusillak adierazi duenez, “honen bidez gero eta ongi informatutako gazte gehiago egotea sustatzen da, hartara jarrera arduratsu eta kritikoa gara dezaten eta gizartean parte har dezaten. Ikastetxeetako ikasleek beraiek eramaten dute aurrera ekimen parte-hartzaile hau, eta ikaskideen informazio-bitartekari izateko beharrezko prestakuntza eta konpromisoa hartzen dute”.

Udalak 10.000 euro bideratuko ditu 2017-2018 ikasturtean programa honen deialdirako.

Gazte Informatzaileen Sarea ikasleek osatzen dute eta ikastetxeetan beren eguneroko eta etorkizuneko jardunerako informazio garrantzitsua jaso eta zabaltzeaz arduratzen dira: hirian gazteentzat dauden zerbitzu eta baliabideak, prestakuntza, beka eta diru-laguntzak, lehiaketa eta deialdiak, enplegua, aisialdia eta beste.

Gazteen Argibideetarako Udal Bulegoak koordinatzen du Gazte Informatzaileen Sarea, prestakuntza emanez, haien interesei erantzuten dien informazioa bilduz eta horren transmisioan lagunduz.

Gazte informatzaileek diru-ekarpena jasotzen dute ikasturtean egindako lanaren truke.

Gazteentzat interesgarria izan daitekeen informazioa ahalik eta gehien zabaltzeko, hainbat udal ekipamendutan (gizarte etxeak, kiroldegiak…) informazio-taulak jarri dira, leku horietan gazte ugari bildu ohi baita.

 

GAZTE INFORMATZAILEEN SAREA

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:40

Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak Turismo Iraunkorrari buruzko Nazioarteko Konferentzian parte hartu du

Gasteizek turismo-helmuga arduratsua izateko estrategia azaldu du gaur Bartzelonan, Turismo Iraunkorrari buruzko Nazioarteko Konferentzian; Nazio Batuen agendaren barruan antolatu da biltzarra, 2017 Garapenerako Turismo Iraunkorraren Nazioarteko Urtea izendatu baitu. “Hiriak garapen iraunkorreko 17 helburuak ezartzeko lehentasunezko lekuak dira. Tokiko gobernuok hiri garapen iraunkorra eta ekitatiboa sustatu eta bermatu behar dugu hainbat arlotan: enplegu-sorkuntza, kontsumo eta ekoizpen iraunkorra, kultur eta natur ondarearen kontserbazioa,  eta klima aldaketaren kontrako borroka. Gainera, turismo eskaintza iraunkorra osatzeko konpromisoa dugu, bisitariak eta herritarrak batera eta orekaz bizi daitezen, turismoak dituen eragin negatiboak minimizatuz eta tokiko ekonomiekiko lotura indartuz”, azaldu du Nerea Melgosak.

Zinegotziak gogorarazi du Udala ahaleginak egiten ari dela Gasteiz turismo-helmuga iraunkor gisa sendotu dadin  —Euskadin Biosphere Responsible Tourism ziurtagiria  lortu duen lehen euskal udalerria da—,  konpromiso hirukoitz batetik: instituzioarena eta politikoa, sektorearena berarena, eta herritarrena . Nerea Melgosak azaldu duenez, destino arduratsu gisa kokatzeak sektoreari dakarkion aukeraren ikuspegitik lan egiteaz gain, hiriaren “apustua ereitea da, hiriko eragile ezberdinak prestatuz eta sentsibilizatuz, eta iraunkortasuna zeharka lantzea, ez bakarrik turismoari begira, hainbat ekintzen bitartez, hala nola “bizi-eskola”, nekazaritzako elikagaien estrategia eta passivhaus irizpideen sustapena eraikin publikoetan”.

Konferentzian adituek —turismo iraunkorrean, kliman, berrikuntzan eta bizikidetzan, besteak beste—, tokiko gobernuetako ordezkariek eta sektoreko agente eta operadoreek hartu dute parte. Ekitaldia amaitzeko, adierazpen bat eta zenbait jarraibide aurkeztuko dira, eta turismo iraunkorrarekin konprometitutako hiri oro atxiki dakieke horiei.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:03
  • Basaldea proiektuak ere bultzada berria jaso du, 2017-2020 aldirako hitzarmen baten bidez

Tokiko Gobernu Batzarrak “Itun Berdea” sarien hirugarren edizioaren deialdia onetsi du, enpresek 2016-2017 aldian martxan jarri dituzten ingurumen jardunbiderik onenak aitortzeko xedez. Sariaren bitartez, hainbat arlotan —energia-kontsumoa, ur aurrezpena, hondakinen kopurua gutxitzea, kutsadura kontrolatzea edo lehengaien kontsumoa— hartutako kudeaketa neurri iraunkorrak aitortzen dira.

Aurreko edizioetan bezala, hiru kategoria ezarri dira, bakoitzak 2.000 euroko saria duelarik: mikroenpresa (1-9 langile), enpresa txikia (10-49 langile), eta enpresa ertaina edo handia (50 langiletik gora). Aurreko deialdian enpresa hauek lortu zuten “Itun Berdea” saria: La Granja de Usama, Geograma eta Michelin; Egibidek aipamen berezia lortu duen, ingurumenarekiko konpromisoagatik.

“Itun Berdea” sarien III. edizioaren oinarriak laster argitaratuko dira ALHAOn. 2017ko ekainaren 15etik urriaren 6ra arte aurkeztu ahalko dira hautagaitzak, eta Itun Berdearen Komunitateko Enpresen VI. Topaketaren barruan jakinaraziko da zein diren irabazleak, azaroaren 9an, Europa biltzar jauregian.

Saregune proiektua garatzeko hitzarmena

Bestetik, Tokiko Gobernu Batzarrak ontzat eman du Sartu-Araba gizarteratzeko elkartearekiko hitzarmena, Saregune 2017 proiektua garatzeko. Teknologia berriak erabiliz Gasteizko Erdi Aroko hiriguneko auzokoak biziberritu eta integratzeko helburua du ekimenak. Komunitateari zuzendutako proiektua den aldetik, Saregunek prestakuntza emateko eta auzokoen artean erlazionatzeko eta parte hartzeko gune bat kudeatzen du, Santa Maria kantoian. Urtean banakako 1.700 prestakuntza-ordu eskaintzen ditu, oinarrizko aplikazioei buruzko 90 ikastaro ematen, eta IKTekin lotutako beste jarduera osagarri batzuk garatzen. Gaur goizean onetsitako hitzarmenaren bitartez, Udalak 60.000 euro jarriko ditu jarduera horiei laguntzeko.

Saregunek zenbait aitorpen jaso ditu lan hori dela eta, esaterako, RAISE4e-inclusion proiektuaren europar lehiaketa, teknologia berrien bitartez inklusioaren alde ari diren pertsona dinamizatzaileen jardunbide egokien arloan.

Lankidetza hitzarmen berria Basaldea proiektuarentzat

Azkenik, Tokiko Gobernu Batzarrak Basaldea proiektuaren bidez nekazaritza ekologikoa sustatzeko 2017-2020rako lankidetza hitzarmena onetsi du gaur. Gasteizko Udalaz gain, Arabako Foru Aldundiak, Hazi fundazioak, ENEEK-Euskadiko Nekazaritza eta Elikagai Ekologiko Kontseiluak eta Azoka Plazako Merkataritza Gunearen Elkarteak hartzen dute parte hitzarmenean, nekazaritza ekologikoarekin lotuta Basaldea proiektuak aurreikusten duen sentsibilizazio, prestakuntza, ekoizpen, banaketa, merkaturatze eta sustatze ekintzak koordinatzeko.

Aurten, gainera, Abetxukuko nekazaritza mintegian lehen lursailen esleipendun gertatu diren baratzezaintza ekologikoko enpresak lanean hasiko dira. Izan ere, Gasteizko Udalak Basaldea proiektuaren lankidetza-hitzarmenari egindako ekarpen nagusietako bat mintegirako 21 hektarea jartzea izan da, eta azken hilabeteetan egindako egokitze-lanez arduratzea.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:54

Urtaranen gobernuak Gasteizko zarata-mapak egingo ditu, udalerriko soinu egoeraren diagnostiko zehatza edukitzearren. Agiria gauzatzeko zortzi hilabeteko epea ezarri da. Hori abiapuntua izango da 2018an ekintza plan bat lantzeko (orain indarrean dagoena 2013an taxutu zen), eta Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren berrikuspenean ere kontuan hartuko da. Gaur goizean onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak lan horiek egiteko kontratazio-dosierra, 100.000 euroko aurrekontuarekin.

“Hainbat iturrik (trafikoa, industria edo aisialdia) herritarrei eragiten dizkieten zarata-mailak aztertzea funtsezkoa da. Gaueko aisialdiak, terrazek eta kaleko edanak bereziki eragindako alderdietako bizilagunekin hartutako konpromisoa zen dokumentazio hori eguneratzea”, azaldu du Gorka Urtaran alkateak. “Zarata kutsadura-mota garrantzitsua da, eta hori jasaten duten pertsonek bizi-kalitate txikia dute. Horrenbestez, kontrolatu egin behar dugu, eta Gasteizko egoera akustikoa hobetzen ahalegindu, hiri iraunkor eta modernoa izan dadin eta atsedena eta ongizatea bermatzeko”.

Hirian landutako aurreko zarata-mapak 1998, 2003 eta 2005ekoak dira. 2012an, berriz, udalerriaren Zarataren Mapa Estrategikoa landu zen. Oraingo honetan, helburu hauek ditu Urtaranen gobernuak: zehaztea herritarrak zenbateraino dauden ingurune-zarataren mende, eta izan daitekeen enbarazuak zenbat pertsonari eragiten dien, eta herritarrei informazio egokia eskaintzea, txostenak eta aurkezpenak eginez edo udalaren web-orrian edukiak sartuz. Hautatutako enpresak indarrean dagoen araudian zehaztutako kalitate akustikoko helburuak betetzen diren aztertu beharko du, babes akustiko bereziko guneak definitu eta akustikoki hondatuta dauden alderdiak antzeman.

Lehenengo fasean, lanak garatzeko behar den informazioa ebaluatu eta bilduko da. Ondorengo fasean, informazioa bildu eta tratatzeari ekingo zaio, zarata emisioaren eta zarata-fokuen datuak aztertuz. Zuzeneko neurketak ere egingo dira. Orobat, mapak egiteaz arduratzen den enpresak udal bulegoetan dagoen informazioa bildu beharko du: mapak, estatistikak, errepideetako trafiko-intentsitatea, datu demografikoak,…

Udalak gaueko aisialdia bereziki azter dadin nahi du. Hori dela eta, baldintza-agirietan berariazko mapa bat lantzea eskatu da, etxebizitzen ondoan ostalaritzako aretoak dauden alderdietan dituzten soinu-mailak ezagutzeko, Erdi Aroko hirigunean eta Zabalgunean, esaterako.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:51

Urtaranen gobernuak 70.000 euro emango ditu 2017-2018 ikasturtean euskararen erabilera sustatzeko proiektuak egiteko, diru-laguntzetarako deialdi baten bidez. Laguntza horiek 2005ean sortu ziren, Gasteizko Euskara Biziberritzeko lehen Plan Nagusiarekin batera. Aurten 5.000 euro igo da horretarako partida, EBPNaren aurrekontua ere igo baita.

“Laguntza hauen helburu nagusia da aisialdiaren eta kirolaren arloan euskararen erabilera indartzea, bereziki gazteekin loturiko jardueretan; familiak sentsibilizatu eta kontzientziatzea hizkuntza ohiturak hartzerakoan jarrerek eta hizkuntza erabiltzeak duten garrantziaz; helduei euskalduntzen laguntzea, eta gizarte ekimeneko hedabideak indartzea, arlo estrategikoa baita hizkuntzaren normalizaziorako”, azaldu du Gorka Urtaran alkateak.

Hauek izango dira bultzada ekonomiko horren onuradunak: ikasten ari diren pertsonei begira euskarazko eskaintza ezagutzeko edo ikasketa prozesu azkartzeko ekimenak antolatzen dituzten euskaltegiak; ikasleen hizkuntza ohituretan eragin nahi duten sentsibilizazio eta kontzientziazio ekintzak antolatzen dituzten gurasoen elkarteak; aisialdiaren eta kirolaren arloan euskararen erabilera sustatzeko proiektuak, eta euskarazko tokiko hedabideak, gizarte  ekimenekoak lehenetsiz. 12.000 euro inbertutuko dira lehenengo taldean, 20.000 bigarrenean, 18.000 hirugarrenean eta 20.000 laugarrenean.

Aurreko urteetan, laguntza horiei esker euskaltegietako eskaintza indartu da, familia lantegiak antolatu dira, eta besteak beste, hizkuntzaren normalizazioarekin lotutako solasaldiak egin dira, worldkafe erako jarduerak, lantegiak, eta jarduera ludiko eta didaktikoak.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:40

Isabel Martínez zinegotziaren ardurapean dagoen Partaidetza eta Gizarte Etxeen Sailak proposaturik, Tokiko Gobernu Batzarrak hornidura-kontratu hauek esleitzea erabaki du: kafetegia, sukaldaritza-lantegia eta edoskitze aretorako ekipamendua; ahots eta datu komunikaziorako zuntz optikoko bi lotura hornitu eta instalatzea, eta Zabalganeko gizarte etxerako altzariak eta tresnak hornitu, muntatu eta instalatzeko hiru sorta.

Kontratazio Mahaiak proposaturik, Tokiko Gobernu Batzarrak Nashitel SL enpresari esleitu dio  Zabalganeko gizarte etxeko kafetegia, sukaldaritza-lantegia eta edoskitze aretorako ekipamendua jartzeko kontratua, 53.216 euroan. Kontratua sinatzen denetik bi hilabeteko epean entregatu beharko da ekipamendua.

Ahots eta datu komunikaziorako zerbitzua emateko zuntz optikoko bi lotura hornitu eta instalatzeko kontratua Elecnor enpresari esleitu dio, 35.425,17 euroan eta gauzatzeko hiru hilabeteko epea jarrita.

Bestetik, altzariak eta tresnak hornitu, muntatu eta instalatzeko 2. eta 6. sortak Dinos SAri esleitu dizkio, eta 3.a, Metalundia SLri.

  1. sorta (mahaiak) 51.571,62 euroan esleitu da. 3. sorta (liburutegiko altzariak), 67.644,26 euroan. 6. sorta (zenbait tresna), azkenik, 50.904,64 euroan. Sinatzen denetik bi hilabete izango dituzte ekipamenduak entregatu, muntatu eta instalatzeko.

Azken asteetan Kontratazio Mahaiak esleitu gabe utzi ditu ekipamendu eta hornidura-kontratu batzuk; Partaidetza Sailak enpresei dei egingo die horiek esleitzeko, eta horrek ez du inolako atzerapenik eragingo aurreikusitako epemugari dagokionez.

Share

Aurrekoak »