Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  11 maiatza 2017 17:00

Gorka Urtaran alkatearen prentsaurrekoa

Gobernu-batzordearen ondoren, Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Udalaren gaur egungo gaiak hizpide izango ditu.

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Ostirala, maiatzak 12

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share
Kategoriak: Oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:15

Gasteizko Udalak jakinarazten du segurtasun arrazoiak direla kausa zenbait zuhaitz kendu dituela Lakuabizkarreko parketik, Zorrostea kalearen inguruan. Izan ere, zuhaitz horiek Red Eléctrica de España-ren jabetzako goi tentsioko elektrizitate-linea baten azpian zeuden, eta ez zuten betetzen segurtasun araudia. Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Saileko teknikarien arabera, zuhaitzek lineak ukitzeko benetako arriskua zegoen, eta horrek arrisku-egoerak sor zitzakeen. Galera hori arintzeko, Udalak zuhaixkak landatuko ditu inguru horretan, udazkenean. Baxuagoak direnez, zuhaixkak bateragarriak izango dira elektrizitate-lineekin, eta seguruak herritarrentzat.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:56

 

 

 

 

 

 

 

 

Gorka Urtaran alkateak inauguratu du gaur goizean Arabako Abokatuen I. Biltzar Juridikoa,  zeina Arabako Abokatuen Elkargoak antolatu baitu, besteak beste, Abokatuen Kontseilu Nagusiaren babesarekin.

Hauek izan dira buru ekitaldian: Espainiako Abokatuen Kontseilu Nagusiko lehendakari Victoria Ortega, Justizia Auzitegi Nagusiko lehendakari Juan Luis Ibarra, Justizia Auzitegi Nagusiko goi mailako fiskal Mª del Carmen Adán, Arabako Abokatuen Elkargoko dekano Javier Pascual, eta Lan eta Justizia sailburu Mª Jesús Carmen San José.

Bi egunez, Gasteizen bildutako 170 parte-hartzaileek jurisdikzio ezberdinekin (zibila, penala, administratiboa, merkataritzakoa eta lanekoa) lotutako gaurkotasun-gaiak landuko dituzte biltzarrean.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:06

Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren zinegotzi Peio López de Munainek ASAFIMA-Fibromialgia eta Neke Kronikoaren Sindromearen Arabako Elkarteko kideei lagundu die bihar Fibromialgiaren eta Neke Kronikoko Sindromearen Mundu Eguna dela eta 18:00etatik aurrera Letren Fakultateko areto nagusian egitekoak diren jardueren aurkezpenean.

Elkarteko lehendakari Yolanda Garcíak eta gizarte langile Edurne Sanzek azaldu dituzte xehetasunak. Konexioak sortzen izenburuarekin, adierazpen bat irakurriko da, eta patologia horiek jasaten dituzten pertsonekin diharduten profesionalen mahai-ingurua egingo da, beren esperientziak partekatu ditzaten, “denok denontzako baliabidea garelakoan”.

 “Diagnostikatuta dauden pertsonen, familien, osasun eta gizarte arloko profesionalen eta erakundeen arteko lankidetzak ahalbidetzen du gaixotasun askoren diagnosian eta tratamenduan aurrera egitea. Lankidetza horrek ematen dio bultzada gizarte eta osasun arloko elkarte askori beren lana egiten jarraitzerik izan dezaten”, gogorarazi du Peio López de Munainek.

 Horrexegatik, Udalak hainbat hitzarmen sinatu ditu Gasteizko gizarte eta osasun kolektiboekin, beren programak garatu ditzaten. ASAFIMAri dagokionez, Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailak 23.760 euro emango dizkio fibromialgiak eta neke kronikoaren sindromeak jotako pertsonei eta haien familiei zuzendutako arreta, aholku eta esku-hartze programa bat garatzeko.

Ostirala, maiatzak 12

Letren Fakultateko areto nagusia

18:00 – 20:00

 “Konexio berriak sortzen”

 Mahai-ingurua:

  • Edurne Sanz González de Belandia. ASAFIMAko gizarte-langilea.
  • Juan Ramón de Dios Jiménez de Aberasturi dk. Arabako Unibertsitate Ospitaleko Erreumatologia Zerbitzua.
  • Enrique Bárez dk. Arabako Unibertsitate Ospitaleko Minaren Unitateko burua.
  • Clemente del Palacio dk. Medikua eta osteopata. Mindfulness masterra Zaragozako Unibertsitatean.
  • Virginia Gasión. Psikoterapeuta eta INSSko lehen mailako arretako ikerketa taldeko kide Aragoin.
Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:50

Gogorarazi du agintaldi honetan bide penala  zein zibila baliatu dituela legez kontrako okupazioen kontra, zeinak gehien bat aurreko agintaldian onartu baitziren

Udal gobernuak guztiz ukatu du Udalak ez duela ezer egiten udal etxebizitzen legez kanpoko okupazioaren kontra salatzeko PPk esandakoa.  Udalak gogorarazi du agintaldi honetan bide penala  zein zibila baliatu dituela legez kontrako okupazioen kontra, zeinak gehien bat aurreko agintaldian onartu baitzituen orain horiek kritikatzen dituen zinegotziak.

Udal gobernuak egiazko funtsik ez duten diskurtsoak aintzat ez hartzeko eskatu du. “Ez da egia okupen mugimendua kontroletik kanpo dagoela, ez eta 21 Zabalguneak ez duela ezer egiten ere. Hirian etxebizitza gehien okupatzea (Errekaleorren) onartu duena gaur eskuak burura daramatzan zinegotzia bera da. Gobernu honek eskura zituen legezko neurri guztiak hartu ditu, eta ezer egin ez dela esaten duen horrek badaki. Gogor jokatu dugu, eta hala egiten jarraituko dugu. Gobernu hau behar dena egiten ari da, eta erne dago. Irmo jokatuko dugu interes orokorra eta udalaren ondarea defendatzeko garaian”, adierazi du 21 Zabalguneko kide Álvaro Iturritxak.

Olarizu hiribideko okupazioak —Miguel Garnica Hirigintzako zinegotzi zela egindakoak— bide penalean zein zibilean salatu dira, eta legez kontrako okupak ere kanporatu dituzte, duela urtebete 21 Zabalguneko kontseiluak erabaki zuenari jarraituz.

Alde Zaharrean ere kasuak ezagutu bezain laster esku hartu zen, eta azken okupazioak bide penalean salatu.

Errekaleorren kasuan, agintaldi honetan abiarazi da aurreko agintaldian sortutako arazoa konpontzeko prozedura, orain arte ez baita horren kontra jokatu.

Nolanahi ere, udalaren zerbitzu juridikoei agindu zaie erabil daitezkeen bide judizial guztiak baliatzeko etxebizitzen legez kontrako okupazioei aurre egiteko.

“Gaur PPk “jakin” du haien Hirigintza Sailaren arduradun zirenean hasi ziren okupazioak existitzen direla. Ez da serioa, eta agerian uzten du PPk ez duela inolako borondaterik hiriko arazoak konpontzen laguntzeko. Ez dute egia esaten, bai baitakite 21 Zabalguneak, zeinean talde politiko guztiek hartzen baitute parte, orain salatzen dituzten okupazioen kontra jardun duela”, gogorarazi du Álvaro Iturritxak.

 

 

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   10:39

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Maiatzaren 13an, larunbata, 11:00etatik 14:00etara Maurice Ravel lorategietan, (Hegoalde gizarte etxearen ondoan) udaberriko jaiaren azken edizioa egingo da.

Jaialdiaren ezaugarriak partaidetza eta izaera soziala dira eta programak hainbat jarduera izango ditu: dantza eta musika erakustaldiak, kirol jarduerak, tirolina, Gargantua, puzgarriak, haurrentzako lantegiak, txosna eta postu solidarioak. Bildutako dirua Caritas elkarteak aurkeztu duen proiektuari emango zaio. “Kamerungo erdialdean dagoen Nkoolndongoko osasun barrutian Ama eta haurra ospitalea eraikitzeko eta hornitzeko proiektua.”

Adurtza-San Kristobaleko Udaberriko Jaia duela 35 urte baino gehiago jaio zen. Auzoetako zenbait familiarekin hasi zen bertako azpiegiturak hobetzeko asmoz. Denbora pasa ahala, parte hartzeko jaia ere bihurtu da ─auzoko elkarteen artean prestatzen baita─, baita integratzailea eta solidarioa ere.

Antolatzaileak: Hegoaldeko Sarea (Hegoalde gizarte etxea, Olarizuko kontseilua, Cáritas, C.D. San Ignacio, Hogar Alavés, Adurtza lanerako zentroa, Forum 50-70, Amigos de Felisa, San Kristobaleko adinekoentzako zentro soziokulturala, Anawin, Olarizu osasun zentroa, Federico Baraibar institutua, Itaka Escolapios, Kokuk elkartea eta Gizarteratu lantegiak)

Kirol eta gizarte topaketa

Hegoaldeko Udaberriko jaiaren inguruan topaketa egiten da, auzoko edo hiriko taldeen arteko bizikidetasun espazioa sortzeko asmoz, kirol jardueraren bitartez.

Antolatzaileak: Hegoaldeko gizarte eta kirol sarea: Udalaren Kirol Zerbitzua, Kale Heziketako Udal programa, C.D. San Ignacio, KOKUK elkartea.

Laguntzaileak: Adurtza pilota kluba, San Ignacio judo kluba, Arabako petanka federazioa, San Kristobaleko adinekoentzako zentro soziokulturala.

Ordutegia: Maiatzak 19, ostirala, San Ignacion, 17:30etik 19:30era bitartean.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   10:35

Lakuako gizarte etxeak ariketa gela izango du 2017-2018 ikasturtean, bertako aretoak berrantolatu baitira. Berez, Kirol Zerbitzuak bazuen hori egiteko asmoa aspalditik, baina ezin zuen, espazio faltagatik. Bestetik, herritar batek eskaera egin zuen, gizarte etxean bertan erregistratutako eskabide baten bidez zein Sindikoarengana joz.

Herritarrak argudiatzen zuen medikuaren aginduz ariketa egin behar zuela, eta Ibaiondora joan behar zuela, baina bertako ariketa gela gehienetan gainezka zegoela; beraz, Lakuako gizarte etxean beste gela bat jartzeko eskatzen zuen, bere etxetik hurbilago egoteaz gain “ni bezalako askori” emango baitie zerbitzu.

Gizarte etxe batean ariketa gela sortzeko irizpide hauek hartzen dira kontuan:

  • Soberako espazioak edo beste erabilerarik ez dutenak edukitzea.
  • Oinarrizko makinek batera funtzionatzeko gutxieneko azalera edukitzea.
  • Gutxieneko aireztapena izatea.
  • Aldagelak izatea.
  • Aretoa egokitzeko eta materialez eta makinez hornitzeko baliabide ekonomikoak edukitzea.

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok azaldu duenez, “Lakuari dagokionez, Zerbitzuak aspalditik zuen ariketa gela jartzeko asmoa, baina ez zuen lekurik. Aretoen erabilera birmoldatu ondoren, eskatutako ekipamendua izango duen gela sortzea erabaki zen; irailerako prest izatea espero da, beraz, 2017-2018 ikasturtean erabili ahalko da. Kointzidentzia izan bada ere, pozik egon behar dugu Udalarekin komunikatzeko bideetatik jakinarazi den premia bati erantzun diogulako”.

Areto horien helburu nagusia ez da medikuaren aginduzko errehabilitazioa, ariketa fisiko moderatu eta erregularra egiteko aukera ematea baizik; aurreikusi den ekipamendua hiriko beste gizarte etxeetan eta kiroldegietan dagoenaren antzekoa izango da.

Zabalganeko gizarte etxeak ere izango du ariketa gela bat inauguratzen denean. Sindikoak 2517/17 dosierrean egoki jokatu dela aitortu du.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   10:16

Enpresaburu gazteek zein gaik kezkatzen dituzten azaldu diete Gorka Urtaran eta Nerea Melgosari

Gasteizko alkate Gorka Urtaran eta Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosa  Ajebask  enpresari gazteen elkartearekin bildu dira gaur, talde horrentzat interesgarri izan daitezkeen udal proiektuen berri eman, sinergiak sortu eta estrategiak koordinatzeko xedez. Elkarteko hogeita hamar kidek hartu dute parte bileran; zein gaik kezkatzen dituzten eta zein izan daitezkeen irtenbideak azaldu dute.

Alkateak eta zinegotziak Urtaranen gobernuaren lan-ildo estrategikoak —orokorrak eta bereziki ekonomiari dagozkionak— aurkeztu dizkiete. Udala iraunkortasunaren hiru arloetan —ez soilik ingurumenaren ikuspegitik, baita ikuspegi sozial eta ekonomikotik ere— garatzen ari den jardueren adibideak azaldu dizkiete, eta Nerea Melgosak gidatzen duen sailak enpresen alorrerako bideratzen dituen ekintzak aipatu dituzte: mintegietatik hasita ekintzaileei laguntzeko planera, prestakuntza eta Itun Berdea barne.

Alkateak Gasteiz industria-hiria dela azpimarratu du, eta horrek garrantzia handia duela etorkizunari eta krisiaren irteerari begira. “Industriaren indarrak domino eragina du, hau da, industria hobetuz gero, gainerako sektoreek ere hobera egiten dute”, esan du. Hori dela kausa, Udala arlo ekonomikoan egiten ari den ahaleginak industriara eta merkataritzara bideratzen dira, beste sektore batzuk ahaztu gabe, eraikuntzarena, esaterako, zeina berpizten ari baita.

Gorka Urtaranek ehun ekonomikoarekin eta gainerako administrazioekin lankidetzan aritzeko borondate irmoa adierazi du, jarduera eta enplegua berreskuratzeko, enplegua egonkorra eta kalitatekoa izatekotan. Izan ere, haren agintaldiko ia bi urte igaro direlarik enplegu tasak eta Gizarte Segurantzaren kotizatzaileen tasak hazi egin dira. “Enpresarik gabe ez dago ekonomia-jarduerarik, ez dago garapenik, eta ez dago etorkizunik”, azpimarratu du alkateak.

Enpresaburuek hainbat gairi buruzko kezkak azaldu dituzte: EJZren hobariak; Zabalgunea birgaitu, biziberritu eta berpizteko ‘masterplan centro’ deritzona; auzoen eta erdialdearen arteko mugikortasuna; ingurumen estrategiak, eta abar.

 

 

 

Share