Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  12 maiatza 2017 17:00

Prentsaurrekoa. Arabako Pintxoaren IV. Astea aurkeztea

Parte hartzaileak. Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosa; Enpleguaren Sustapen, Merkataritza eta Turismo diputatu Cristina González; Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Ostalaritza zuzendari Maider Etxeberria; SEA Merkataritzako presidente Antonia García; Amstel-Heineken Españako ordezkari Miquel Rudolf Hans de Geus; Arabako Pintxoaren IV. Astearen antolatzaile Rubén González

Eguna. Astelehena, maiatzak 15

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

——————————-

Prentsaurrekoa. IV. ‘Jazz Uhinak hirian barrena’ Diskoa aurkeztea

Parte hartzaileak. Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto; Carmelo Lezana (El Corte Ingles); Kepa Koldo Ortiz de Urbina (Laboral Kutxa); Iñigo Gutiérrez (Salvamento Marítimo Humanitario); eta Joseba Cabezas (Jazz Uhinak hirian barrena ekimeneko zuzendaria)

Eguna. Astelehena, maiatzak 15

Ordua. 11:30

Tokia. El Corte Ingléseko kafetegia

——————————–

San Isidro Eguneko harrera-ekitaldia

San Isidro Eguna dela eta, Udalak harrera egingo die tokiko administrazio batzarretako ordezkariei

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Astelehena, maiatzak 15

Ordua. 13:00

Tokia. Udaletxeko harrera-aretoa

Share
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   15:30

Ostirala, maiatzak 12

  • Lehen alkateorde Peio Lopez de Munain, Berdintasun zinegotzi Jaione Aguirre eta Tokiko Administrazio zinegotzi Carlos Zapatero Autonomi Elkargoen XXXII. Jaialdian izango dira 20:00etan, Centro Gallegon.
  • Gizarte Politiken zinegotzi Peio Lopez de Munainek parte hartuko du Fibromialgiaren eta Neke Kronikoaren Sindromearen Munduko Egunean  ASAFIMAren jardunaldiaren hasieran  18:00etan, Letren Fakultateko areto nagusian.
  • Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto ’50 bekatu kapital’ 10:30ean, Arte eta Lanbide Eskolan.

 

Igandea, maiatzak 14

  • Alkate Gorka Urtaran Martin Fiz  Maratoian parte hartuko du boluntario gisa; alkateak maratoi erdian doan lehen emakumeari lagunduko dio bizikletan. Bestalde, Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto sari banaketan izango da 12:45etik aurrera Plaza Berrian.
  • Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosa Deportivo Alavesek etxean jokatuko duen azken partida ikusten izango da 16:00etan.

 

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:21

 

 

 

 

 

 

 

Gorka Urtaranek azaldu du sustatzaile pribatuekin ari direla lanean aternatiba iraunkorragoa eta seguruagoa eskaini ahal izateko

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek iragarri duenez, Udalak beirazko botilak erabiltzea debekatuko du Andre Maria Zuriaren jaietan, Zeledonen jaitsieran eta igoeran. “Urtero ikusten dugu nola beirazko botilak, edalontziak eta beste erabiltzeak zauri larriak eragiten dizkien pertsona ugariri. Gainera, hondakin-kopuru izugarria sortzen da, eta garbitu arren, horrek kalte egin diezaieke ekortzeko makinei, botilen hondarren gainetik igarotzean. Erabaki hau hiritarrek eskatzen zutela uste dut”, azaldu du Gorka Urtaranek. “Oso momentu garrantzitsua da gasteiztarrontzat Zeledonen jaitsiera eta garai berrietara egokitu behar dugula uste dut, bere biziraupena bermatzeko eta gainera segurtasun osoz egiteko”.

Hori guztia kontuan izanik, Gasteizko alkateak beirazko elementu oro erabiltzea debekatzeko dekretu bat sinatu du gaur goizean, jaian parte hartzen duten pertsonen segurtasuna bermatzearren. Debekuak Andre Maria Zuriaren plaza eta ingurua hartzen ditu barne: Plaza Berria, Loma Jeneralaren plaza, Posta kalea, Posta kalea, Arkupeak eta Hedegile, Zapatari, Errementari eta Diputazio kaleen sarrerak. Herritarren Segurtasunaren Sailak behar diren neurriak hartuko ditu araudi berria betearazteko. Betetzen ez bada zigorrak ezarriko dira, Gorka Urtaranek adierazi duenez.

Bestetik, eremu pribatuan egun horretarako beiraren ordezkoaren bila ari diren ekimenak ezagutzen dituela esan du alkateak. Udala ideia horien sustatzaileekin ari da lanean irtenbide egokiaren bila, herritarrak Zeledonen jaitsieran eta igoeran plazan beirarik ez sartzera bultzatzeko asmoz. “Ez zait gustatzen debekua alternatibarik gabe. Eta lantzen ari den ideia oso duina izan daitekela uste dut. Nire ustez ,gaur egun cavak edo apardunek egiten duten zerbitzu berdina egin dezake plazara gerturatzen diren pertsonentzat”, esan du Gorka Urtaran alkateak.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:09

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Igandean, maiatzak 14, arratsaldeko zazpietan, Arteko taldearen “Aukerak” lana estreinatuko da Arriagako gizarte etxean, AuzoEszena programaren barruan.

“Aukerak” antzezlanean gehien bat alderdi fisikoa lantzen da. Agertokian, bi lagun, elementu zenbait, musika eta, noizean behin, hitzak. Bakoitzak esperientzia eta sentipen ezberdinak izango ditu bizitzako egoeren aurrean, haien nortasunaren arabera.

Lana euskaraz izango da, 16 urtetik gorakoentzat, eta ordu eta erdi inguru irauten du. Sarrera 5 euro da; gizarte etxeetan eta kirol instalazioetan eros daiteke.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:05

5 milioi euro inbertituko ditu Gasteizko Udalak hurrengo lau urteetan udalerriko 63 herrietan garbiketa egiteko, etxe eta dendetako hondakinak jaso eta garraiatzeko, eta bio-hondakinak kudeatzeko. Gaur goizean onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak Gasteizko menpeko toki-erakundeei zerbitzua emango dieten lan horiek kontratatzeko dosierra, egungo garbiketa-zerbitzuaren aldean hobekuntza nabarmenak eginik.

Bi multzotan banatuta dago kontratua. Garbiketa-lanak eta etxe eta dendetako hondakinak jaso eta garraiatzeko lanak hartzen ditu lehen multzoak. Arlo horretan, menpeko toki-erakundeetako bide publikoak, natur inguruneak eta lorategiak behar bezain garbi egotea da Gasteizko Udalaren helburua. Bigarren multzoan, berriz, bio-hondakinak ingurumen-irizpideekin kudeatzea lortu nahi da, irizpide modernoago eta iraunkorragoekin, Europako egungo politiken ildotik. Hain zuzen ere, koordinazioa, prestakuntza, sentsibilizazioa eta aholkularitza baliatuko ditu Udalak, herritarrek hondakinak egokiro bereizten jakin dezaten, bereziki aintzat harturik frakzio organikoa, eta konposta egiteko sistema komunitarioak nahiz banakoak zabalduz.

Garbiketa ahalik eta modurik eraginkorrenean egin dadila lortu nahi da Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Sailak eta Nekazaritza Eremuaren Zerbitzuak landu duten baldintza-agiriaren bitartez, garbiketa-zerbitzuaren maiztasunak, bitartekoak eta ibilbideak egokituz, une oro higiene-egoera egokia berma dadin. Izan ere, orain arte ez zegoen garbiketa-talde polibalenteak sortuko direla da kontratu berriaren berrikuntzarik nabarmenetako bat; bi pertsonek osatuko dituzte, eta hainbat baliabide izango dituzte: poltsak, bi jasogailu edo pala, gurdiak, sasiak garbitzeko makinak, haize-makina, hustubideak garbitzeko burruntzalia, pintaketak kentzeko tresnak, material xurgatzailea eta babes-tresnak. Kaleen garbiketa egingo dute talde horiek, paperontziak hustuko, lorategiak garbituko, hondakin handiak jasoko, hostoak erretiratu eta hustubideak garbituko, besteak beste. Orain arte, une desberdinetan eskaintzen ziren zerbitzu batzuk eta besteak.

Hondakinen bilketaren arloan ere egin da berrikuntzarik, atzeko kargako edukiontzi txikien ordez apurka-apurka 3200 litroko alboko kargako edukiontziak jarriko baitira, dagoeneko hirian funtzionatzen dutenak bezalakoak, zeinek efizientzia hobea eskaintzen baitute, zerbitzua kudeatzen duen enpresak horiek husteko orduan. Urteko plan bat aurkeztu beharko dute lehiakideek, eta zerbitzuak eta maiztasunak zehaztu, zein astean behingoak edo hamabostean behingoak izango baitira, menpeko toki-erakundearen premien arabera. Hautatzen den enpresak, gainera, makina berriak erosi beharko ditu, hala nola alboko karga duen hondakin-biltzaile berri bat, urez garbitzeko ekipo misto bat eta lau garbiketa-talde polibalente, besteak beste.

Hondakin organikoen tratamenduaren arloan ere politika berriak aplikatuko dira, aurreratuagoak eta ingurumenari dagokionez iraunkorrak. Zabor horren tratamendua orain arte bezala guztia batera egin ordez, herriz herri egingo den tratamendurantz joko da. Horrela, konpostatzeko lekuak jarriko dira nahikoa tamaina duten herrietan, konpost-ontzi batekin, eta inausketa-hondarrak biltzeko leku bat. Herri txikiagoetan, berriz, banako konpost-ontziak instalatzeko aukera eskainiko da, eta aholkularitza pertsonalizatua, etxez etxe.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:03

Txosten batek ziurtatzen duenez, Udalak publizitate aktiboarekin eta informazio publikorako sarbidearekin lotutako betebeharren % 92,3 bete zituen 2016an

Adierazleak onak izan arren, Udala Gardentasun Plan Operatiboa lantzen ari da, ahal den guztia hobetzeko

Gardentasunaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuak egindako txosten baten arabera, Gasteizko Udalak indarreko legeek ezarritako betebeharrak betetzen ditu publizitate aktiboari dagokionez. Txostenak azaltzen du zein neurritan bete diren 2016an gardentasunarekin lotutako betebeharrak Gasteizko Udalean osotasunean, erakunde autonomoetan eta udal enpresetan. Udalaren Gardentasun Kontseiluak ematen duen irizpenetik sortutako jarduera-ildoak gehituko zaizkio txostenari.

Zenbakietan, Udalak betebeharren % 92,3 betetzen ditu, hots, adierazitako 52 itemetako 48. Dena dela, item horietako batzuk (9) badute hobetzekorik, batez ere informazioaren argitasun eta erraztasunarekin eta aurrekontu-informazioan gehien bat ikusizko baliabideak eta grafikoak erabiltzearekin zerikusia dutenetan.   Udalaren web-orriak oro har, eta gardentasun-atariak bereziki, legeetan jasotako 48 itemi buruzko datuak eta informazioak eskaintzen ditu, eta aldian aldian eguneratzen.

“Gardentasuna berez ez da helburu bat, prozesu bat baizik, etengabe berrikusi, ebaluatu eta hobetzera behartzen duena. Prozesuak antolakunde osoari eragiten dio, eta ez du atzerabiderik. Horixe da gure konpromisoa, etengabeko ebaluazioa, udal gobernu honentzat estrategikoa den arlo batean hobetzeko eta aurrera egiteko”, nabarmendu du alkateak.

Open Data atariaren bultzada

2016ko udan datu irekien (open data) udal ataria jarri zen abian, zeinean ehun datu-multzotik gora eta datu horiekin lotutako bostehun artxibo sartu baitziren. Gasteizko Udalak  eguneroko jardunean gardenagoa izateko egin duen apustu irmoaren ondorioa da hori ere, herritarrei zerbitzu emateko lanean sortzen diren datuak formatu ireki eta berrerabilgarrietan eskaintzen baitira.

Hala ere, txostenak adierazten du udalaren web-inguruneak —domeinu nagusi bakarra du (www.vitoria-gasteiz.org) eta horren azpian zenbait azpidomeinu, gardentasunarena bera (www.vitoria-gasteiz.org/gardentasuna)— informazioaren arkitektura hobeto lantzea eskatuko lukeela, legeak agintzen duen informaziorako sarbidea zuzenagoa, argiagoa eta egituratuagoa izan dadin. Horrekin lotuta bi bide jorratzen ari dira. Batetik, Gardentasun Plan Operatiboa lantzen ari da, eta horren barruan, antolakundean gardentasunaren benetako kultura ezartzeko xedea duten zenbait proiektu. Bestetik, web-nabigazioaren egitura birdiseinatzen ari da, gardentasun-ataria birdefinitzearren: beste eduki batzuekin lotura handiagoa izan dezan lortu nahi da, denak barne biltzen dituen gobernu irekiaren berariazko fitxa bat egokituz.

 Erakunde autonomoak eta udal enpresak, gardentasunaren bidean

Sailak, erakunde autonomoak eta udal enpresak ahalegin handia egiten ari dira legeek agindutakoa betetzeko zer argitaratu behar duten identifikatzearren, baina prozedurak eta prozesuak garatu behar dira herritarrentzako datu eta informazio interesgarriak lortu beharra barneratu eta automatizatu ahal izateko, eta testu argi eta errazen zein ikusizko formatuen eta grafikoen bitartez eskaintzeko.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:58

Datozen bi urtetarako, Ekoargi Instalaciones Eléctricas eta ELCA Montajes Eléctricos enpresak kontratatu ditu Gasteizko Udalak udalerriko argiteria publikoa mantendu, onik zaindu, konpondu eta hobetzeaz arduratu daitezen. Izan ere, Tokiko Gobernu Batzarrak gaur goizean onetsi du kontratu horren esleipena. Guztira 832.000 euroko aurrekontua dauka Udalak hurrengo bi urtetarako.

Kanpoko enpresek beren bitarteko propioak (mekaniko, material eta pertsonalak) baliatuko dituzte udal taldeei laguntzeko egunero sortu ohi diren mantentze-lanetan, bai eta prebentzio-lanetan ere. “Helburua da berehala erantzuteko gaitasuna izatea kexa edo egoera berezirik sortuz gero, konponketak azkarrago egin ahal izatea, premiazkoak izanik geroko uzterik ez duten mantentze-lanak egitea eta bitarteko lagungarri handiagoak eduki ahal izatea. Azken batean, mantentze zerbitzua hobetzea”, azaldu du Iñaki Prusilla ingurugiro zinegotziak.

Besteak beste, lan hauek izan daitezke: lurreko instalazioak ikuskatzea, instalazio elektrikoen segurtasuna bermatzeko; Gasteizko argiteria publikoaren egoera gauez ikuskatzea, zein farola dagoen itzalita eta zein diren alderdi ilunak jakiteko; kutxatilak eta kanalizazio elektrikoak ikuskatzea; buxadurak edo hondoratutako kutxatilak konpontzea, eta koadroetako maniobra xaflak ordeztea, aldian aldiko berrazterketetarako. Energia eraginkortasunarekin lotutako lanak ere egingo dituzte: pizteko ekipoak aldatzea, eraginkortasun handiagoa eta kontsumo txikiagoa duten lanparak jartzea, led teknologiara egokitzea, ordutegiak erregulatzea, eta koadro elektrikoak kudeatzea.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:57

Tokiko Gobernu Batzarrak aurrekontua aldatzeko zenbait proiektu onetsi ditu —orotara 102.400 euro—, enpleguaren eta ekonomiaren dinamizazioaren alorreko ekimen berriak finantzatzeko. Kopuru handiena SEA-Arabako Enpresarien Elkartearekin proiektu bat abian jartzera bideratuko da, elkarte horrek jasotzen dituen enplegu-eskaerei erantzuteko zailtasunak dituzten pertsonei (ia 400) prestakuntza emateko. Enpresak sustatzeko eta sormen-industriei laguntzeko ekimenak ere badira.

Empleo Araba programaren baitan Gasteizko Udalak eta SEAk batera garatuko duten proiektuaren bidez, prestakuntza emango zaie gaur egun programan sartzeko eskabidea bidaltzen dutelarik SEAk erregistratzen dituen enplegu-eskaerei egokitzeko beren profil profesionala hobetu beharra dutenei. Egoera horretan 373 pertsona identifikatu dira, eta prestakuntza jardueren multzo bat  diseinatu da haientzat, logistikarekin edo fabrikazio mekanikoarekin lotutako ikastaroetatik hasita coaching eta banakako orientabideetaraino, eta 45 urtetik gorako langabeei arreta berezia emanez. Horretarako hitzarmen bat azkentzen ari da, eta Udalak 72.400 euro jarriko ditu.

Bestetik, Tokiko Gobernu Batzarrak 20.000 euroko aurrekontu-aldakuntza onetsi du Arte eta Diseinuko goi-mailako eskolarekin hitzarmen berria egiteko. Aldundiak eta Vital fundazioak ere ekimenean parte hartzea aurreikusi da. Horren bitartez, Diseinu Eskolaren ikasturte amaierarekin batera zenbait ekintza antolatuko dira, ikasleak diseinuaren eta ilustrazioaren eremuan diharduten enpresekin harremanetan jartzeko xedez. Udalak 20.000 euroko ekarpena egingo du. Prestakuntza arautuaren eta sormen-industrien arteko hurbilketa Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren Sailaren ildo estrategikoetako bat da.

Orobat, 10.000 euroko aurrekontu-aldakuntza aurreikusi da Udalak Merkataritza eta Industria Ganberarekin duen hitzarmenari gehitzeko, Arabako enpresak nazioartekotzeko bekak emateko programa abian jartzearren.

“Gure erronka estrategikoetako bat enpleguaren eta garapen ekonomikoaren aldeko apustua da, eta gaur aurrekontuan gehitu ditugun ekintzen bidez lan-ildo hori sendotzen dugu funtsezkoak diren alorretan, hots, prestakuntzan eta sektore emergenteetan. Agintaldiaren hasieratik 3.000 langabe gutxiago zenbatu dira Gasteizen. Zenbateko onak dira, enplegu egonkorra eta kalitatekoa sortzeko ekimen berriak bilatzera animatzen gaituztenak”, adierazi du Gorka Urtaran alkateak.

Araberri eta Gaia elkarte ekologistarekiko hitzarmenak

2017ko aurrekontuan enpleguarekin eta dinamizazio ekonomikorekin lotutako ekimen horiek gehitzeaz aparte, Tokiko Gobernu Batzarrak beste bi aurrekontu-aldakuntza onetsi ditu, Udalak egindako bi hitzarmen finantzatzeko: bata Araberri saskibaloi taldeari laguntzeko (50.000 euro) eta bestea Gaia elkarte ekologistari (3.200 euro orain dagoen hitzarmenari gehitzeko).

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:55

 

 

Urtaranen gobernuak Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren berrikuspena aktibatu du, aholkularitza eta idazketa Trion-Usandizaga-Ekain aldi baterako enpresa-elkarteari esleituta

Udalak 960.000 euro erabiliko ditu Gasteizko etorkizunerako hiri plangintzaren ildo nagusiak ezartzeko  

Urtaranen gobernuak Hiri Antolamenduko Plan Orokorra berrikusteko aholkularitza eta idazketa kontratua Trion-Usandizaga, Arquitectura y Urbanismo-Ekain aldi baterako enpresa-elkarteari esleitzea onetsi du. Udalak 960.000 euro inbertituko ditu planeamenduko tresna horretan, zeina duela 13 urtetik ez baita berritu. 

Hori gauzatzeko epea 30 hilabetekoa izango da. Udalerriko planeamendu berriak “lortu nahi dugun hiri iraunkorraren ereduaren” behar berriei erantzungo die.  “Hiria asko aldatu da indarrean dagoen plana onartu zenetik. Planeamendu hark hirigintza desarrollistaren ereduari jarraitzen dio; Gasteizek gaur egun dituen beharrak, ordea, birgaitzearekin, hiri biziberritzearekin eta ekonomia berpiztearekin dute zerikusia“, nabarmendu du Gorka Urtaran alkateak.

HAPO berria idazteko lanak ez dira zerotik hasiko. Izan ere, Urtaranen gobernuak beharrezko ziren bi prozesu garatu ditu aurretik eta aldi berean. Batetik, indarrean dagoen planeko alderdi zehatz batzuk berrikusi eta eguneratzea, Plan Orokorraren ponentzia politikoak aldian behin egindako bileretan; bestetik, zenbait alorretako adituekin egindako partaidetza-prozesua, “Gasteiz Berrasmatu” programaren bitartez.

Sortzen den bide-orriak zehaztuko du “etorkizuneko Gasteizen eredua, ziklo amaiera batean gaudela kontuan hartuz, aldaketa handiak gertatzen ari baitira populazioaren egituran, hiri dinamikan, hirigintzaren alorreko legedian berean eta, bereziki, guztiok gure seme-alabentzat nahiko genukeen hiriaren eredu sozial eta ekonomikoari buruzko kontzientzia kolektiboan”, azpimarratu du alkateak.

Onetsitako kontratuak alderdi hauek barne hartzen ditu: HAPOaren aurrerapena, behin betiko onespena, eta prozesu osoaren ingurumen-ebaluazio estrategikoa.

Agintaldiaren hasieran hitz eman zuen Urtaranen gobernuak HAPOaren berrikuspenaren buruan jarriko zela, tresna berri hori 2019rako prest edukitzeko. “Etorkizuneko Gasteizen hirigintza-plangintzaren ildo nagusiak ezartzea lehentasunezkoa da gobernu honentzat. Tresna hori eguneratu beharra dago, gaurkoz ez baitie erantzuten lortu nahi dugun giza eskalako hiri-ereduaren beharrizanei. Aurreko agintaldian mantso joan zen Plan Orokorra; orain, berriz, udal gobernuak prozesua azkartu nahi izan du, zeinean gainerako udal taldeen laguntza ezinbestekoa izaten ari baita, eta hala izaten jarraituko baitu aurrerantzean” nabarmendu du Gorka Urtaranek.

Plan Orokorra udalerriak eta hiriak antolatzeko tresna da. Horren bidez erabakitzen da udalerria nolakoa izango den, helburu edo estrategia jakin batzuetan oinarrituz. Oraingoan, helburua argia da: hiria barrurantz haztea, eta amaitutzat ematea lurzorua justifikaziorik gabe kontsumitzea, aldagai soziologiko eta iraunkorrak aintzat hartuz. Izan ere, planeamenduak zehazten du zein izango diren hiriaren ardatzak, zein lursailetan jarriko diren erabilera nagusiak, non kokatuko diren etxebizitzak, industriak, ekipamenduak, azpiegiturak… Orobat, birgaitu beharreko eremuak zein diren zehaztuko du.

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:53

Gasteizko Udalak, Energiaren Euskal Erakundearekin lankidetzan, industria sektoreko enpresariei bereziki zuzendutako jardunaldi teknikoa antolatu du maiatzaren 17rako, erakunde publikoek energia murrizteko eta iturri berriztagarrietatik datorren energia kontsumitzeko eskaintzen dituzten laguntza-programak ezagutzera emateko. Europa jauregian izango den jardunaldi horretan, orobat ezagutuko dira Udalak 2015ean abian jarri zuen “Karbono maila txikiko ekonomia kostuak aurreztea” programan izandako aurrerapenak eta arlo horretan hainbat enpresek izandako esperientzia praktikoak.

“Orain enpresek badakite energia-gastua zaintzea ingurumenerako ona izateaz gain, ekonomikoki errentagarria dela. Erakundeak erabat konprometituta gaude energia-eraginkortasunarekin eta energia berriztagarrien erabilerarekin. Eta helburu hori lortzeko industriaren eskutik joan beharra dugu, funtsezko zeregina baitu karbono-aztarna murrizteko. Hori dela eta, oso lagungarriak dira datorren asterako aurreikusi dugun jardunaldia bezalakoak” adierazi du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak.

Beatriz Lagartos energia arloko aholkulariak emango dio hasiera jardunaldi teknikoari, eta Gasteizko Udalak enpresen alorrean energia aurrezteko programen inguruko hitzaldia emango du. Ondoren, lau enpresak energia aurrezteko programa horiek nola aplikatu dituzten eta lortu dituzten abantailen berri emango dute modu praktikoan. Enpresa horiek industria automatismo, makinaria eta soldadura arlokoak dira.

Azkenik, Energiaren Euskal Erakundeko Industria Arloko arduradun Luis de Velascok industrietan energia-eraginkortasunaren eta energia berriztagarrien inguruko jarduerak egiteko dauden laguntza ekonomikoak aurkeztuko ditu.

Informazio gehiago: Karbono maila txikiko ekonomiari buruzko jardunaldi teknikoa

Share

Aurrekoak »