Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  8 maiatza 2017 17:00

Prentsaurrekoa. Kontratazioan egonkortasuna sustatzeko laguntzak aurkeztea

Parte hartzaileak. Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosa

Eguna. Asteartea, maiatzak 9

Ordua. 10:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

————————

Prentsaurrekoa. Gurasoen aurkako indarkeria egoeretan garaiz esku hartzeko programa

Parte hartzaileak. Gizarte Politiken zinegotzi Peio López de Munain

Eguna. Asteartea, maiatzak 9

Ordua. 11:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

——————————

Prentsaurrekoa. LGTB fobiaren  aurkako Nazioarteko Eguneko ekitaldiak aurkeztea

Parte hartzaileak. Berdintasun zinegotzi Jaione Agirre; eta Irabaziko bozeramile Oskar Fernández

Eguna. Asteartea, maiatzak 9

Ordua. 12:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

——————————–

Kultura Plana egiteari buruzko jardunaldi irekia

Parte hartzaileak. Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto; Cultura y Buenas Prácticas en España foroko zuzendari Pilar Gonzalo; Emun Aholkularitza heeritarren partaidetzako kontsultore Mikeldi Zebrio; eta Dinamoako koordinatzaile Xabier Gantzarain

Eguna. Asteartea, maiatzak 9

Ordua. 18:00

Tokia. Montehermoso Kulturunea

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:31

Lehen edizioan arrakasta lortu zuelarik, ohikoaz bestelako zinemari buruzko programa bi ziklotan banatuko da: bata udaberrian eta bestea udazkenean egingo dira

Montehermosok ohikoaz bestelako zinemari buruzko “Zinema Gaur” programaren bigarren edizioa hartuko du, bi zatitan —udaberria eta udazkena— banatuta. Gainera, lehen zatia emakumeari  eskainiko zaio.

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok eta zikloaren koordinatzaile Garbiñe Ortega aurkeztu dute prentsaren aurrean.

Zinema Gaur aukera paregabea da hala ohikoa ez den zinema gustuko dutenentzat nola zinema oro har gustuko dutelarik hori ezagutzeko jakin-mina dutenentzat. Hori dela eta, bigarren edizioan eginahalak egin eta apustua bikoiztu dugu, zinemarekiko grina partekatzeko espazio gisa sendotu dadin”.

Aurten hainbat berritasun sartu dira: batetik, zikloa urtean bi zatitan banatuta egingo da, lehena udaberrian eta bigarrena udazkenean. Udaberriko zatiak maiatzaren 8tik ekainaren 26ra arte iraungo du. Bestetik, udaberriko zatian emakumeari erreparatuko zaio bereziki.

Zinema Gaur programak hiru ardatz izaten jarraituko du: lehenak  Ortegak aukeratutako filmen proiekzioak hartzen ditu barne; oraingoan, emakume iberoamerikarrek —Mexiko, Argentina edo Txilekoek— egindako film garaikideak, narratiba ausartak, askotariko gaiak eta estilo oso pertsonalak eskainiko  dira.

Film hauek dira:

  • María (y los demás). Nely Reguera. Espainia. 2016. Proiekzioa: maiatzaren 8an.
  • Bellas de Noche. María José Cuvas. Mexiko. 2016. Proiekzioa: maiatzaren 15ean.
  • El futuro perfecto. Nele Wohlatz. Argentina. 2016. Proiekzioa: maiatzaren 22an.
  • Los niños. Maite Alberdi. Txile 2016. Proiekzioa: ekainaren 5ean.
  • Las lindas. Melisa Liebenthal. Argentina. 2016. Proiekzioa: ekainaren 12an.
  • Casa Roshell. Camila J. Donoso. Txile, Mexiko. 2017. Proiekzioa: ekainaren 19an.

C/I/N/E/C/O/L/L/A/G/E programa ere egingo da ardatz horren barruan: pieza laburrek osatutako proiekzioa da, Gloria Vilchesek komisariatu eta aurkeztua. Emanaldi guztiak Ortuño aretoan izango dira, 19:30etik aurrera.

Bigarren ardatza ikastaro eta lantegiek osatzen dute. Bi izango dira: batetik, “Errealitatearen tolesturak, zinema garaikidearen fantasiazko joerak” izenburua duen zinema espazioa, Maider Oleagak gidatutakoa; zinemazaleak elkartzeko gunea izango da, zinema fantastikoaren etiketaren pean zinema garaikidean joera bat markatzen duten bideetako batzuk aztertzeko. Ekainaren 7an, 14an eta 21ean (asteazkenak) egingo da, 19:00etatik 22:00etara.

Bestetik, “Perla finak eta oso xeheak” izeneko collage lantegia, Gloria Vilchesen ardurapean. Helduentzako lantegia da, paper moztu eta itsasgarriarekin eginiko eskuzko collagea praktikatzeko, artista klasiko eta garaikideen obra esanguratsuenen azterketatik abiatuz.  Ekainaren 24an eta 25ean eskainiko da, 10:00etatik 14:00etara.

 

Lantegietan izena emateko epea zabalik dago; 945 161830 telefonora deituz edo info.montehermoso@vitoria-gasteis.org helbidera idatziz egin daiteke.

Hirugarren ardatzean hiru motatako ekitaldi bereziak ditugu. Hasteko, “Things Said Once / Cosas dichas una vez”  performancea, Esperanza Colladok zuzendua;  zinemari buruzko arte adierazpena eta laudorioa da, zinemaren historiaren eta oraingo ardura kolektiboaren aitorpenetik egindakoa. Maiatzaren 29an egingo da, 19:30ean.

Bigarren, ” Zinema esperientzia gisa: gainezkatzeak eta hedapenak” hitzaldia, Esperanza Collado artista eta ikertzaileak emango duena, arte plastikoek, performance-arteek eta zinemak elkarrekin izan ditzaketen harremanetan sakontzeko. Maiatzaren 30erako antolatu da, 19:30ean hasita.

Azkenik, beste berritasun bat: proiekzioaren osteko guatekea. Udari ongietorria emateko, eta “Zinema da dantzarako pista” izenburuaz, proiekzioa eta dantzaldia egingo dira Falerina lorategian: Mariano Cohn eta Gaston Duprat-en Living stars (Argentina, 2013) dokumentala eskainiko da, zeinak idazkari, administratzaile, haginlari eta abarren bizitzaz hitz egin eta dantzara gonbidatzen baitu. Ekainaren 22an izango da, 20:30ean.

Lehen edizioan, zinema espazioak % 70eko parte-hartzea izan zuen, lantegiak, % 100ekoa (8 pertsona itxarote-zerrendan geratu ziren), proiekzioek 45-60ko asistentzia izan zuten, eta performance-ak, 57koa.

Ziur gaude berriro ere arrakasta lortuko duela. Iazko asistentzia-datuak hain onak izanik, aurten bikoiztu egin dugu apustua, Montehermosok ikus-entzunezkoen alde egin dezan saiatu nahi baitugu”, amaitu du Cantok.

Falerina lorategia

Bestetik, Falerina lorategian jarduerak antolatzen hasi dira, Kultura Sailaren asmoa baita Montehermosoko kafetegiaren emakida eta horren kudeaketa bereiztea. Besteak beste, Poetak maiatzean eta Zinema Gaur ekitaldiak hartuko ditu.

Programazioa bi oinarri kontuan hartuta osatu da: jarduerak adin orotakoei zuzenduak eta askotarikoak izatea (astegunetan zein asteburuetan) eta gehien bat eguerdian eta arratsaldean egitea, auzokoen atsedena errespetatzeko —hain zuzen ere, aurreko urteetako jarduerek kexak eragin dituzte—.

Maiatzetik urrira bitartean, hainbat jarduera hartuko ditu Falerinan jarritako agertokiak: poesia errezitaldiak, kaleko ikuskizunak, magia, kontzertuak, jaietako jarduerak, eta Kaldearekin, Magialdiarekin eta Erdi Aroko azokarekin lotutakoak. Orobat, akuarela lantegiak, swing, lindy hop eta txalaparta klaseak, proiekzioak eta abar eskainiko  dira.  Musika ere izango da, jakina: eguerdiko kontzertuak, hiriko konboak, eta Luis Aranburu musika eskolak lehen aldiz antolatutako Udaband musika udalekuen amaierako kontzertua, uztailean.

Dossier Zinema Gaur

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:58

Ekainaren 11ra arte, faunan eta naturan inspiratuta dauden fantasiazko izakiz betetako kartelak egongo dira ikusgai

Salburuko hezeguneak interpretatzeko Ataria zentroak  “Collage ilustratuak” erakusketa jarriko du ikusgai, bihartik hasita ekainaren 11ra arte. Gasteizko Udalak antolatu du  Iñaki González Elorz (Fortun) marrazkilari eta ilustratzaile gipuzkoarraren erakusketa, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren bitartez.

Guztira 43 kartelek (DIN-A3 neurrikoak) osatzen dute erakusketa, zeinean egileak faunan eta naturan inspiratuta dauden fantasiazko izakiz betetako unibertso partikularra islatzen baitu. Iñaki Gonzálezek, gainera, irudigintza musikarekiko grinarekin nahasten du. “Proposamen irudimentsua da, kalitate handikoa, eta ziur gaude Atarira hurbiltzen direnek gustuko izango dutela”, azaldu dute zentroko kideek. “Collage ilustratuak” egitean literatura, komikia, zinema eta musika izan ditu inspirazio iturri Iñaki Gonzálezek; lan horiek gaur egungo musikarien diskoen azaletan eta karteletan agertu dira. Salburuko hezeguneko soinuak eta biztanleak oinarritzat hartzen dituzten lan esklusiboak ere sortu ditu erakusketarako.

Egile gipuzkoarrak bitarteko digitalak eta eskulana batzen ditu collageak sortzeko. Liburuetako antzinako irudiak (copyright askea dutenak) hartu eta moldatu egiten ditu, ebakiz, itxuraldatuz, itsatziz… Ondoren, ilustrazioak sortzen ditu, gainetik marraztuz. Azkenik, laminak eskuz seriegrafiatzen ditu, ale-kopuru mugatua eginez. Berriki, Iñaki Gonzálezek Donostian, Irunen eta Tolosan erakutsi ditu bere lanak.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:33

 

Gaur bilduko da baliabide hori sortzeko prozesuaren talde eragilea 

Gaur arratsaldean jarriko da abian Gasteizko Emakumeen Etxea nolakoa izango den zehaztu eta erabakitzeko partaidetza-prozesua. Izan ere, baliabide hori sortzeko prozesuaren talde eragilea gaur arratsaldean bilduko da; prozesuaren faseak aurkeztu, jarduera-esparrua azaldu eta parte hartzeko prozesuaren oinarriak ezarriko dira.

Talde eragilea izango da erreferentea lan-prozesuan, eta etengabe ebaluatuko da lana. Mugimendu feministako eta emakume taldeetako ordezkariek eta Berdintasun Zerbitzuak osatuko dute.

“Prozesuak emakume guztien oinarrizko premiak eta interes estrategikoak bildu behar ditu, eta parte-hartzaileek elkarrekin ikasteko eta ahalduntzeko prozesutzat jotzen dugu. Eraikuntza kolektiboaren bidez eztabaidatu eta  erabaki nahi dugu”, nabarmendu du Berdintasuneko zinegotzi Jaione Aguirrek.

Udalak proiektua definitzeko partaidetza foroa sustatu eta kokapen posible bat —Etxanobetarren etxea— mahai gainean jarri du, Emakumeen Etxea agintaldi honetan gauzatu dadin. Datozen hilabeteetan zehaztuko da Gasteizko Emakumeen Etxearen eredua, eta urte bukaerarako proposamena ixtea espero da.

Share