Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  25 maiatza 2017 17:00

Prentsaurrekoa. Dantza Jaialdia aurkeztea

Parte hartzaileak. Jose Uruñuela Udal Dantza Kontserbatorioko zuzendari Carmen Tercero; Jose Uruñuela Udal Dantza Kontserbatorioko dantza garaikideko irakasle Arantzazu Susunaga; eta Uniqart Dance Companyko dantzari eta koreografo Vitali Safronkine

Eguna. Ostirala, maiatzak 26

Ordua. 12:00

Tokia. Teatro Principal Antzokia

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:57

 

 

 

 

 

Irabazten duten 4 gazteek bi idazleen tutoretza pertsonalizatua jasoko dute beren kontakizun bat landu edo hobetzeko, hiru hilabetez

90 gazte aurkeztu dira Gazteria Zerbitzuak antolatutako lehiaketara, zeinaren helburua baita Gasteizko gazteen sorkuntza sustatu eta ikusaraztea

Espido Freirek eta Bernardo Atxagak amaiera emango diote bihar Gazte Hitzak 2017 lehiaketari, zeina bigarren urtez jarraian antolatu baitu Gasteizko Udaleko Gazteria Zerbitzuak. Bi idazleek prentsaurrekoa eman dute gaur, iazko lehiaketaren bi irabazleekin eta Gazteriako zinegotzi Iñaki Prusillarekin batera.

Gasteizko Udalaren Gazteria Zerbitzuaren funtsezko helburuetako bat da gure hiriko gazteen sormena sustatzea. Ildo horretan, Gazteria zerbitzuak hainbat adierazpen-hizkuntzarekin esperimentatzeko eta sortzeko aukerak eskaintzen ditu: artea, literatur, argazkigintza, musika, dantza, eta abar.  Erronka hori argi eta garbi jasota dago Udalaren IV. Gazte Planean, 4. lerroaren erronkan: “Gazteak, hiriko agente aktibo eta sortzaileak”.

Testuinguru horretan sortu zen “Gazte Hitzak” programa, hau da, 14-25 urteko gazteentzako Ipuin eta Kontakizun Laburren Lehiaketa, eta programa horren bitartez gazteen kontaketa-sorkuntzarako gune bat sustatu nahi izan da.

“Gazte Hitzak” 2016ko azaroan jarri zen martxan. Bi modalitate (euskara eta gaztelania) eta bakoitzaren barruan bi kategoria ezarri ziren: 14-18 urte eta 19-25 urte. Bigarren edizioak oso emaitza pozgarriak izan ditu.  90 gazte aurkeztu dira.  Kontakizunek askotariko gaiak eta bizipenak islatzen dituzte.

Aurkeztutako 90 kontakizunetako % 73 14 eta 18 urte bitartekoenak ziren, eta gainerako % 27a, 19 eta 25 urte bitartekoenak. Ipuinen % 63 gaztelaniaz idatzita zegoen eta % 37 euskaraz. Nabarmendu beharra dago parte hartzaileen % 77 emakumeak izan direla.

Bihar, maiatzak 26, Goiuri jauregian, 2017ko Gazte Hitzak sari banaketaren ekitaldia egingo da, 18:00etan.

Ekitaldi hori Espido Freirek eta Bernardo Atxagak (Gazte Hitzak lehiaketaren epaimahaikideak) aurkeztuko dute, eta 18 aurre-hautatuen artetik hautatutako 4 irabazleen eta 4 ohorezko aipuen izenak jakinaraziko dituzte.

Sariak heziketarekin lotuta egongo dira: 300 eta 100 euroren txartelak, liburuak eskuratzeko, eta hiru hilabetez narrazio bat landu edo hobetzeko tutoretza pertsonalizatua, Bernardo Atxagaren (euskaraz) eta Espido Freireren (gaztelaniaz) eskutik. Gainera, irabazi duten 4 kontakizunak biltzen dituen kutxa-katalogoa banatuko da. Horrela, gazteen literatur-ekoizpenaren balioa azpimarratu eta bistaratu nahi da.

Sariak banatu ondoren, saritutako kontakizunen zati bat zuzenean irakurriko dute iazle gazteek.

“Programa honen balioa, gazteek beren kontakizunez ekarritako kultura kapitalaz gain, bi belaunaldien arteko bizikidetza eta harremanean datza, batak esperientzia handiagoa eta besteak freskotasun handiagoa izanik zaletasun bat partekatzen baitute: emozioz eta begirada pertsonalez betetako istorioak kontatu eta idazteko zaletasuna”, nabarmendu du Gazteriako zinegotzi Iñaki Prusillak. Era berean, hezkuntza bitartekarien lana eskertu du, erabakigarria izan baita parte-hartzaileak erakartzeko.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:28

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Gorka Urtaran alkatea izan da buru ekitaldian, zeinak amaiera eman baitio ia 20.000 ikaslek egindako lanari

 21 Eskola Agendan parte hartu duten 20 ikastetxetako 19.600 ikasleen ordezkaritza batek ikasturte honetan egindako lana Goiuri jauregian aurkezteko aukera izan du. Aurten hondakinak eta birziklatzea aztertu dituzte bereziki. Gaurko jardunaldian, diagnostikoaren emaitzak azaltzeaz gain, beren ikuspuntuak, proposamenak eta iradokizunak aurkeztu ahal izan dizkiote Udalbatzari.

Gorka Urtaran alkateak inauguratu du saioa. Hilabete hauetan “egindako lana” eskertu du, hondakin gutxiago sortzea eta horiek banatu eta egoki biltzea “Gasteizek datozen urteetan aurre egin beharko dien ingurumen erronka garrantzitsuak baitira”. Horrekin lotuta, alkateak erantsi du: “haurrak gero eta kontzienteago zarete hondakinak banatzeak, edukiontzia egokietara botatzeak eta pixkanaka birziklatze-tasa igotzeak duten garrantziaz“. Gogoratu du, halaber, “gasteiztar bakoitzak egunean kilo bat zabor sortzen” duela, eta birziklatze-tasa % 26 ingurukoa dela. “Datu hori handitzea lortu behar dugu”, azaldu du, eta “gutako bakoitzak” duen erantzukizuna azpimarratu. “Birziklatze onena etxean hasten da, gozokien hondakinak paper-ontzira botatzen ditugunean, edo zaborra ontzi egokietan sartzen”, zehaztu du. “Badakit askotan egiten duzuela, baina guztiok barneratu behar ditugu ohitura horiek, hiria garbi egon dadin”.
Ikasleek, berriz, beren hausnarketa, konpromiso eta eskaerak aurkeztu dituzte. Besteak beste, neurri hauek proposatu dituzte hondakinen kopurua gutxitzeko: beharrezko dena baino ez erostea, era guztietako materialak partekatu eta berrerabiltzea, hamaiketakoa ontzi berrerabilgarrietan eramatea, Gasteizen edukiontzi egokituak instalatzen jarraitzea, paperontzi gehiago jartzea, hondakin organikoen bilketa erraztea, Udaletik sentsibilizatzeko kanpainak sustatzea, eta garbiketa zerbitzuko kamioien bilketa maiztasuna handitzea.

Dosierra eransten da.Txostena

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:37

Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailak adinekoei aholkularitza juridikoa doanemateko zerbitzua sortu du, Arabako Abokatuen Elkargoarekiko lankidetzan. Arloko zinegotzi Peio López de Munainek eta Arabako abokatuen dekano Javier García Pascualek aurkeztu dute zerbitzu berria gaur goizean; bi  erakundeen arteko lankidetza-hitzarmenaren emaitza den zerbitzua 60 urtetik gorakoei, familia zaintzaileei eta haiekin diharduten gizarte zerbitzuetako profesionalei zuzentzen zaie.

“Arazo juridikoek ezinegon handia, zalantzak eta ziurgabetasuna sortzen dizkiete adinekoei, arazo gaindiezina bihurtzeraino. Gai juridikoen konplexutasunaren aurrean amore emateak kalte egiten dio haien bizi-kalitateari, beren buruaren kontzeptu txarragoa izatera baitaramatza, eta horrek depresiora eta isolamendura”, azaldu du López de Munainek.

Egoera horiek saihesteko, adinekoen eskubideak aldezteko eta informazio eta aholkularitza egokia jaso dezaten bermatzeko, Arabako abokatuek eskubide juridikoei buruzko informazioa eta aholkularitza emango diete, auzi judizialen aurretik orientabideak emango dizkiete eta, izioko abokatu bat izendatzea beharrezkoa balitz, Arabako Abokatuen Elkargoko Orientabide Juridikoak emateko Zerbitzura bideratuko lituzkete.

Askotariko gaiak kontsultatu ahalko dira:

  • Zuzenbide zibila: oinordetzak, salerosketak, mendekotasuna…
  • Gizarte Segurantza: pentsioak, diru-laguntzak…
  • Zigor zuzenbidea: tratu txarrak, utzikeria, tratu desegokia…
  • Administrazio zuzenbidea: isunak, erreklamazioak…
  • Zuzenbide fiskala: zergak, aitorpenak…
  • Etxebizitza: kaleratzeak, traba arkitektonikoak…

 

Arabako abokatuen dekano Javier García Pascualek nabarmendu duenez, zerbitzu horren bidez “ahuldade berezia duten pertsonei laguntzen diegu, egoera bidegabeak eta hirugarrenen abusuak eragozteko“. 75 abokatuk baino gehiagok eman dute izena aholkularitza zerbitzua  emateko, eta  “planteatzen diguten zalantza bakoitzerako asistentzia zehatza eta espezializatua eskaintzeko; horregatik, legelariek esperientzia eta prestakuntza baldintza jakin batzuk betetzen dituzte”.

Banakoentzako arretaz gain, hainbat gairi buruzko hitzaldiak ematea aurreikusi da: etxebizitza eta kaleratzeak, tratu txarrak eta utzikeria, oinordetzak, erretiro-pentsioak, kontsumo-erreklamazioak, etab.

“Horrekin guztiarekin lortuko dugu adinekoen eskubideak maila teoriko batean ez geratzea, benetan gauzatzea baizik, eta bide batez, haien autonomia bultzatuko dugu. Alegia, haien bizitzaz eta ekonomia eta lege arazoez arduratzen jarraitzea, eta kontu horien besteren esku, senideak gehienetan, utzi behar ez izatea”, azpimarratu du López de Munainek.

 

Adinekoentzako aholkularitza juridikoa maiatzaren 25etik (osteguna) emango da, Arabako Abokatuen Elkargoaren egoitzan, Frai Francisco Vitoria ibilbideko 4.enean, ostegunetan, 16.30tik 18:30era, eta ostiraletan, 10:00etatik 12:00etara.

Aldez aurretik hitzordua eskatu beharko da, 945 23 10 50 telefonora deituz, edo colegio@icaalava.org helbidera idatziz.

Asesoria Juridica Personas Mayores

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:16

  • Luzapenerako lizitazioari eman zaio hasiera, 10,5 milioi euroko aurrekontua du eta lanak burutzeko epea, gehienez, 21 hilekoa izango da.
  • Ibilbidea 1,4 kilometro luzatuko da eta lau geltoki berri izango ditu: Florida, Las Trianas, Hegoalde eta Unibertsitatea.
  • Vitoria-Gasteiz hirirako Mugikortasun elektrikoko Sistema integratuaren aldeko apustu bateratua berretsi da.

Vitoria-Gasteizko hego tranbia unibertsitate-gunera luzatzeko lanak datorren udazkenean abiatuko dira, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak gaur goizean iragarri duenaren arabera. Tranbiaren ibilbideak 1,4 kilometro gehiago izango ditu, egun dituen 8 kilometro ingururi gehituta, eta lau geltoki berri egingo dira: Florida, Las Trianas, Hegoalde eta Unibertsitatea, egun dituen 21 geltokiei gehituta. Ibilbidea diseinatzerakoan, kontuan hartu dira etorkizunean linea Salburua auzorantz luzatzeko aukerak, Florida geralekutik abiatuta. Izan ere, luzapen horretan maniobrak egiteko bide bat egingo da, Salburua auzorantz.

Tranbia-tokian gaur goizean egindako ekitaldian parte hartu dute, baita ere, Gorka Urtaran Vitoria-Gasteizko alkateak, Ramiro González Arabako ahaldun nagusiak, Antonio Aiz Azpiegitura eta Garraio sailburuordeak eta ETSko eta Euskotreneko zuzendari nagusiek. Tapia sailburuak adierazi du pasa den astelehenean eman ziola hasiera Euskal Trenbide Sareko kontratazio-mahaiak Vitoria-Gasteizko hego tranbia luzatzeko lizitazioari eta, beraz, laster argitaratuko dela aldizkari ofizialetan. Baldintza-agirien arabera, 10,5 milioi euroko aurrekontua izango du (obra zibila) eta, gehienez, lanek 21 hilabete iraungo dute. Kopuru horren bi heren Eusko Jaurlaritzak ordainduko ditu eta gainerako herena Udalak eta Arabako Foru Aldundiak ordainduko dute, zati beretan banatuta. Aurreikusitako epeen arabera, udan esleituko dira lanak eta udazkenean has daitezke.

Luzatze-lanen abiapuntua egungo sarearen loturak mugatu du, linearen amaieran izango da, Angulema geltokian. Hortik abiatuta, egungo galtzadaren bitartez, Florida kalean barna luzatuko da, ezkerrerantz bira txiki bat emanda. Ondoren, eskuinerantz egin eta Adifen tren-lubakia gurutzatuko du, Las Trianas zubiaren bitartez –hori ere luzatu egingo da− eta Castro Urdiales kalean barna jarraituko du, Nieves Cano kaletik pasa eta Martínez Aragón kalean amaitzeko.

Tapia pozik agertu da, “azkenean” Vitoria-Gasteizko tranbia handituko baita, “erakundeek lortu nahi izan dugun” zerbait izan da eta “herritarren gehiengoak eskatu du, zerbitzuaren erabilera-datuek berretsi moduan: 7,7 milioi erabiltzaile izan zituen pasa den urtean, eta etengabe hazi da kopurua tranbia ipini zenetik”.

Tapiak gogorarazi duenez, “Eusko Jaurlaritza Vitoria-Gasteizerako Mugikortasun elektrikoko sistema berri batean ari da lanean, tranbia izango da ardatz integratzailea, eta garraiobide ezberdinen arteko intermodalitatea indartuko da, informazioaren kudeaketa hobetu, teknologia gehiago eta hobea eman eta CO2 isuriak murriztuko dira”. Sailburuak nabarmendu du garraiobide ezberdinek “hitz egin eta elkarri eragitearen” garrantzia, horrek adimena, kalitatea eta segurtasuna emango liekeelako erabiltzaileei eta garraioko profesionalei.

Bere aldetik, Ramiro González Arabako ahaldun nagusiak azpimarratu du Arabako Foru Aldundiak proiektu honetan duen konpromiso politiko eta ekonomikoa. “Erakunde honek kostuaren %17,5 ordainduko du eta, hala, tranbia luzatzeari laguntzeaz gain, Vitoria-Gasteizko mugikortasuna hobetzen lagunduko dugu”. Horri dagokionez, “honakoa erakundeen arteko lankidetzaren adibidea da, hau da bidea”, gehitu du. “Ahaleginak batuta indartsuagoak gara eta herritarrek zerbitzu hobeak izan ditzakete eskura”.

Gorka Urtaran Vitoria-Gasteizko alkateak nabarmendu du beharrezkoa dela datozen urteetan Arabako hiriburuaren moduko XXI. mendeko hiri moderno batek mugikortasun-sistema integralerantz egiteko aukera emango duten ekimenak sustatzea. Eredu horrek iraunkorra eta osasuntsua behar du izan, garraio publikoa eta, bereziki, elektrikoa sustatu behar da eta, horretarako, ibilgailu eraginkorrak, publikoak, isuri gutxikoak eta gure hiri-ereduarekin bat datozenak behar dira.

Ildo horretatik, hego tranbia sarearen funtsezko ardatzetako bat izango da, Ipar-Hego lotura posible egiteko aukera emango duelako. Gorka Urtaranen hitzetan “etorkizuneko Vitoria-Gasteiz hirirantz urratsak ematen jarraitzeko aukera paregabea dugu honakoa. Asmo handiko proiektua dugu, zerbitzua emango baitie Adurtza eta San Cristóbal auzoei, eta 20.000 erabiltzaile inguru izan ditzake”.

Arako hiriburuko joan-etorrien bi heren oinez edo bizikletaz egiten dira hirian, baina alkateak adierazi duen moduan, “ildo horri tiraka jarraitu behar dugu, garraio publikoaren aldeko neurriak sustatu behar ditugu. TUVISAren hiri-autobusak berritzen jarraitu behar dugu, tranbia hegoalde eta ekialderantz luzatu, Zabalganara tren arina luzatzea diseinatu eta periferiako linean autobus elektriko adimenduna ezartzeko ahaleginean sakondu behar dugu”.

Geltoki berriak

Geltoki mota ezberdinak hautatu dira aurreikusitako geltokietan, hiri-espazioan txertatzen diren moduaren arabera. Florida eta Hegoaldeko geldiuneek nasa erdialdean izango dute eta Las Trianas eta Unibertsitatekoek albo batean. Erabaki horrek helburu bikoitza du, alde batetik, erabiltzaile mota orori dagokion zerbitzua eskaintzea, arkitektura-oztoporik gabe, eta, bestetik, geltoki bakoitza eremuari dagokion hiri-ingurunearekin bat etortzea.

Geltokietan, eguraldi txarra dela eta erabiltzaileak babesteko, eserlekuen gainean markesinak jartzea aurreikusi da eta makina automatikoak egongo dira garraio-txartelak erosteko. Nasara kaletik sartuko da zuzenean edo, espaloiaren eta nasaren arteko kota dela eta behar izanez gero, arrapalak jarriko dira goratasun-diferentzia gainditzeko; nasaren muturretan kokatuko dira. Arrapala horiek, betiere, gehienez %6ko aldapa izango dute, mugikortasun murriztua duten pertsonak igaro ahal izateko.

Arantxa Tapiak obra-lanen ondorioak pairatuko dituztenei “egoera ulertzea eta pazientzia” eskatu die. “Ibilbideak hiriko bideak bete-betean hartuko dituenez, eragozpenak sortuko ditu halabeharrez. Hala ere, eragozpen horiek ahalik eta txikienak izaten saiatuko gara”.

Tranbiaren aldeko apustua

Orain artean, Vitoria-Gasteizko tranbian 116 milioi euro inbertitu dira, Ibaiondo eta Abetxuko bi adarrak barne. Horietatik 83 milioi obra-lanetara bideratu dira, horren %66 Eusko Jaurlaritzak finantzatu du eta gainerako portzentajea zati beretan ordaindu dute Arabako Foru Aldundiak eta Vitoria-Gasteizko Udalak. Kopuru horri gehitu behar zaizkio 33 milioi, material mugikorrari dagozkionak; hori, bere osotasunean, Eusko Jaurlaritzak ordaindu du.

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:04

Herritarren Segurtasunaren Sailarekin koordinatutako kanpaina da, helduek umeak bistatik galdu ez ditzaten

Mendizorrotzeko eta Gamarrako kirol esparruek bihar irekiko dituzte igerilekuak udako denboraldirako; Gamarrakoa irailaren irailaren 3ra egongo da irekita, eta Mendizorrotzekoa, 17ra arte. Hori dela eta, Kirol Zerbitzuko zinegotzi Estíbaliz Cantok eta Herritarren Segurtasuneko zinegotzi Carlos Zapaterok “Busti zaitez, begiratu iezaiozu, zaindu ezazu”  kanpaina koordinatu dute, arriskuak prebenitzeko eta igerilekuan une oro umeak bistatik galdu ez ditzaten.

Zortzi aholku erraz dira, Gasteizko igerilekuetan bainatzea dibertigarria izateaz gain segurua izan dadin guztiontzat, eta bereziki kalteberenetzat”, esan du Kirol Zerbitzuko arduradun Estíbaliz Cantok.

Ez begirik kendu, zure erantzukizuna da” gogorazteaz gain, zortzi aholku ematen dira: ur barruan eta kanpoan etengabe begiratzea, elkarrekin bainatzea, jolas seguruak, digestioa egitea edo eguzkitik babestea, eta igeri egiten ikastea. Kartelak eta eskuorriak banatuko dira kirol esparruetan.

Kirol jarduerak eta igerileku estaliak ixtea

Bestetik, Kirol Zerbitzuak gogorarazten du ekainaren 14ra arte eman daitekeela izena udako kirol jardueretako 7.353 leku eta 374 ikastaroetarako. Gizarte etxe eta kiroldegietan, Mendizorrotzeko kirol esparruan, Gamarrako parkean, herritarrei laguntzeko bulegoetan, 010 telefonoan eta udalaren web-orrian eman daiteke izena.

Bestetik, ohi bezala, igerileku estalietako batzuk itxi egingo dira garbitu, mantendu eta konpontzeko. Kirol Zerbitzuak egutegiaren berri eman du.

Actividades deportivas-euskera

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:48

Gaur egingo da itxiera-ekitaldia, Goiuri jauregian; beste hiri batzuetan sexu aniztasunaren alde egindako esperientziei buruzko mahai-ingurua eta antzezlan bat antolatu dira

 

Gasteizko ekimena sendotzen ari da, 60 jardueratik gora programatu baitira, talde feministekin eta berdintasunaren alde diharduten elkarteekin batera

 

Emakumeen Berdintasunerako eta Jabekuntzarako Eskolak aurtengo ikasturtea amaituko du gaur arratsaldean. Balantzea “oso positiboa da, eta era guztietako gero eta emakume gehiago biltzeko eta eskolaren irisgarritasuna hobetzeko asmoa dugu. 2011n sortu zenetik, Eskola haziz joan da, pertsona zein talde ezberdinek egindako proposamenak programazioan txertatuz, partaidetzan eta elkarlanean oinarritutako programa osatzeko”, nabarmendu du Berdintasunerako zinegotzi Jaione Aguirrek, zeinak talde feministen eta berdintasunaren alde diharduten elkarteen inplikazioa txalotu baitu. “Antolatutako jardueretako asko berariaz eskatu ziren. Eskola ez zatekeen berdin izango haien ekarpenik gabe”, azaldu du.

Aurten, Gasteizko Emakumeen Berdintasunerako eta Jabekuntzarako Eskolak 60 jarduera baino gehiago eskaini ditu: 10 hitzaldi, 7 zine-forum, 3 irakurketa-talde eta 41 ikastaro eta lantegi, askotariko gaiak eta formatuak zituztenak; horietako askotan leku guztiak bete dira. Lehenengo aldiz, ikasturtean egindako hitzaldiak zeinu hizkuntzan eta azpidatzita eskaini dira, gorren erabiltzerik izan dezaten.

Eskolak hirian duen eragina handitzen jarraitzen du, urtez urte parte hartzen duen publiko fidela (% 50 inguru) sendotu baita, eta bada parte-hartzaile berririk ere.

Jaione Aguirrek gogoratu du Emakumeen Etxea sortzeko partaidetza-prozesua egiten ari dela; horrek jarraipena emango dio Eskolari, eta Gasteizko emakumeen ahalduntze kolektiborako estrategia indartuko du.

Aurten, eskolaren itxierak Maiatzaren 17a dela eta (Lesbo-Gay-Transfobiaren kontrako Nazioarteko Eguna) antolatutako jarduerekin bat egin du, “dibertsitate afektibo eta sexuala zein genero-identitate anitzak ospatzen dituen hiria aldarrikatzeko, eta LGTBI pertsonen kontrako diskriminazioa, estigmatizazioa eta indarkeriari aurre egiteko“, azaldu du Berdintasunerako zinegotziak.

Horrekin lotuta, Goiuri jauregian beste hiri batzuetan sexu aniztasunean arreta emateko esperientziei buruzko mahai-ingurua egingo da 18:00etan, eta  “Limbo” lanaren zati bat antzeztuko da.

Share
Kategoriak: Fotonotizia  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:28

 

 

 

 

 

Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Iñaki Prusilla FOARSE-Enpresen Gizarte Erantzukizunerako Arabako Foroaren XI. Biltzarra irekitzeko ekitaldian izan da gaur, Europa jauregian. Prusillak nabarmendu duenez, “enpresak ulertzen ari dira, batez ere azken krisi ekonomikoaren ondoren, ezin direla kokatuta dauden lekutik bereiz bizi, enplegatzen dituzten edo produktuak edo zerbitzuak eskaintzen dizkieten pertsonengandik aparte, eta horregatik hartu du hainbesteko garrantzia enpresen gizarte erantzukizunak azken urteetan”.

FOARSEren XI. Biltzarraren barruan, ASLEko kudeatzaile Josetxo Hernández enpresen gizarte erantzukizuna kudeaketa aurreratuaren eta lehiakortasunaren funtsezko elementua izateaz mintzatuko da. Euskadin alorrean lider diren hiru enpresak (Mutualia, Tubacex eta Michelin) mahai-inguru batean hartuko dute parte, beren esperientziak eta alor horretan egindako azken aurrerapenak azaltzeko.  Azkenik, Euskadiko Etika Klusterreko lehendakari José Ignacio Besgak elkarte hori aurkeztuko du.

Share