Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  10 maiatza 2017 17:00

Prentsaurrekoa. Fibromialgiari eta Neke Kronikoaren Sindromeari buruzko jardunaldia aurkeztea

Parte hartzaileak. Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren zinegotzi Peio Lopez de Munain; Asafimako presidente Yolanda García Perea; eta Asafimako gizarte-langile Edurne Sanz de Belandia

Eguna. Osteguna, maiatzak 11

Ordua. 11:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:33

Pilar Gonzalo, Mikeldi Zeberio eta Xabier Gantzarain adituek eragileekin eztabaidatu eta haien ekarpenak jaso dituzte, eta horren emaitza hirian kulturaren egoera zein den aztertzeko diagnostikoaren txostenean jasoko da

Gaur kultur politikei eta eragileekiko lankidetzari buruzko  jardunaldi irekia egin da Montehermoso kulturunean,  eta horren bidez amaiera eman zaio Kulturaren Plan Estrategikoa lantzeko lehen faseari; azarorako prest izatea aurreikusi da.

Jardunaldian aditu hauek hartu dute parte: Pilar Gonzalo, Kultura eta Praktika Onen Espainiako Foroko zuzendaria, eta Reina Sofia Museoko langilea,  zeinak “Kultur eragileak, udal politikak eta gerra… sideralak” izan baitu hizpide; Mikeldi Zeberio, herritarren partaidetza arloko aholkularia Emun Aholkularitzan, zeina “Ko-gestioa: elkarlana politika publikoetan” gaiaz aritu baita, eta Xabier Gantzarain, Dinamoa ekimeneko koordinatzailea eta kultur eta arte kritikaria Berria eta Argian, zeinak “Kultura da araua” gaia jorratu baitu.

Hizlariak aurkezterakoan, Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Canto irmo agertu da: “Kulturaren Plan Estrategikoa gauzatzeko apustu argia dago. Gasteizko txoko guztiei kultura darie, baina planak loturak, estrategia eta plangintza eskainiko die eragile publiko zein pribatuei, era antolatuan, zentzuz eta kalitate handiagoz jokatu ahal izateko”. Eta gehitu du: “planaren lanketa irekia izango da fase guztietan, agenteak baitira lanketaren benetako subjektuak, eta kudeaketaren protagonistak”.

Otsailean eta martxoan garatu da diagnostiko-fasea, sektorekako bost bilera (literatura, arte eszenikoak, ikus-entzunezkoak, arte plastikoak eta musika) eta gaikako beste bi eginez.  Orain, talde eragilea ekarpenak egiten ari da diagnostikoaren zirriborroari gehitzeko. Gaur adituek egindako ekarpenak ere sartuko dira.

Bigarren fasean plana bera taxutuko da. Horretarako, hiru saio ireki egingo dira, maiatzaren 22an, ekainaren 5ean eta ekainaren 19an, backcasting metodoa baliatuz, hau da, 2030eko Gasteiz irudikatuko da, eta hortik hasierako datara atzera itzuli. Ondoren, herritarrek ekarpenak egin ahalko dituzte internetez.

Gero, emaitzen fasea egingo da, irailetik urrira bitartean, agenteen arteko adostasuna lortzeko, eta azkenik, plana baliozkotu eta zabaltzeko fasea. 2018ko urtarrilean jarriko da indarrean plana, eta hasteko Kulturaren Tokiko Kontseilua eratuko da.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   10:27

 

 

 

 

 

 

 

Maiatzaren 13an, larunbata, Bidezko Merkataritzaren Mundu Eguna ospatuko da Florida parkean

Arabako bidezko merkataritzako antolakundeek dei egiten dute bidegabekeriaren eta desberdintasunaren aurka errebelde agertzera

 

Dosierra: Dossier Prensa DMCJ 2017

Programa: tripDMCJ2017

“Errebeldeak gara kausarekin. Bidezko merkataritza gara, eta zu?” goiburua hartuta, Vitoria-Gasteiz, Alegría-Dulantzi, Laudio eta Agurainen bidezko merkataritzako produktuen kontsumoak gizartearen zein ingurumenaren aldetik dakartzan onurez sentsibilizatuko da. Pintxoaren Ibilbidea eta birziklatzeko lantegia dira hilaren 13an, larunbata, antolatuko diren jardueratako batzuk, alegia, Bidezko Merkataritzaren Mundu Egunean. Egun horretan, Florida parkea erdigunetzat hartuta, bidezko merkataritzako antolakundeek deialdia egingo diote Arabako gizarteari desberdintasunaren aurka errebelde agertzeko, eta aldarrikatuko dute alternatiba komertzial honek modu erabakigarrian laguntzen duela bai justizia globalean, bai Agenda 2030 deiturikoa betetzea lortzen.

Vitoria-Gasteizko berritasun nagusia izango da jarduerak kokagune berri batean egongo direla, Florida parkean. Han, goizean hasita, haurrentzako lantegiak, txokolate-jana, zunba-topaketa –Laín Lópezekin–, eta batukada egongo dira. Arratsaldean, toki berean egingo dira jarduerak, graffiti-lantegi bat eta arropa birziklatzeko beste bat –TrucaRec-en eskutik– nabarmendu behar direlarik (azken horretarako, hemen eman behar da izena: formacion.euskadi@setem.org). Trinomio Global-en clown-ikuskizuna eta swing-kontzertu bat, Castigators taldearekin, izango dira egunaren amaierako ekitaldiak. Dena dela, produktuen salmenta eta dastaketa une oro eskainiko dira parkean.

Eguerdian ez da beharrezkoa izango etxera alde egitea, Gasteizko 17 establezimenduk tradizio bihurtutako Pintxoaren Ibilbidean parte hartuko baitute. Lokal bakoitzak pintxo bat prestatuko du Mundu Egunerako, bidezko merkataritzako produktu goxoak erabilita. Horrez gain, egunean zehar gonbidapena egingo zaie herritarrei desberdintasun eta bazterketa globalaren aurka errebelde ager daitezen, sare sozialetako #RebélateConCausa kanpainan parte hartuz; han, bidezko merkataritzaren mugimendutik mundu hobe bat lortzen nola laguntzen duten azaldu ahalko dute.

Jarduera guztiak ez dira izango 13an bertan. Gaur, maiatzak 10, Pez Limbo taldeak bigarren aldiz antzeztuko du “El gran mercado” lana («Merkatu handia»), Iparralde gizarte-etxeko Beñat Etxepare antzokian. Bidezko merkataritzaren jaiak igande goizean ere jarraituko du, Salburuko auzoan. Maiatzaren 19an, ostirala, Alegría-Dulantzik lekukoa hartuko du, eta maiatzaren 21ean lekuko hori Laudiora iritsiko da, eta uztailaren 1ean, Agurainera.

Hona hemen egun hau antolatzen parte hartutakoak: Setem Hego Haizea, Medicus Mundi Araba, Oxfam Intermón, Serso, Fundación Corazonistas, Manos Unidas eta Bide Bidean; Vitoria-Gasteizko Udalaren laguntzarekin.

Bidezko merkataritza eta Agenda 2030

Bidezko Merkataritzaren Mundu Eguna ospatzeko eguna da, baina sistema salatzeko eguna ere, sistema horretan populazioaren % 1 aberastasun globalaren erdiaren baino gehiagoren jabe delako, % 80k ozta-ozta aberastasun horren % 6 daukanean. Posible da errealitate hori amaitzea, beharrezko neurriak hartzen baldin badira.

Pobrezia gainditzeko helburuz, Nazio Batuetan garapen jasangarriko helburuak (GJH) onartu ziren, xede zehatzak dituzten 17 erronka, 2030 baino lehen bete beharrekoak. Halakoetan sartzen dira elikadura-segurtasuna, lan duina, genero-berdintasuna, ekoizpen eta kontsumo jasangarriak edo ingurumenaren zaintza, beste alderdi batzuen artean. Bidezko merkataritzak, antolakunde guztiek bete beharreko bere 10 oinarrizko printzipioen bidez, era argian laguntzen du “Agenda 2030” deiturikoan ezarritako xedeak lortzen, eta, hortaz, herrien garapenean eta ingurumenaren babesean ere bai.

Bidezko merkataritzak baditu zenbait irizpide oinarritzat, hala nola lan-baldintza duin eta seguruak, bai soldata egoki bat, bai, ekoizpenaren trukean, bidezko prezio bat ordaintzea, eta haurren lan-esplotaziorik ez dagoela ziurtatzea. Horrez gain, haren merkataritza-praktikek antolakunde ekoizleak errespetatzen dituzte, eta ez dira saiatzen irabaziak maximizatzen halakoen kaltetan. Kudeaketaren gardentasuna eta langileek erabakiak hartzen parte hartzea dira alternatiba komertzial honek dituen beste printzipio batzuk. Horrela, bidezko merkataritzak era aktiboan laguntzen du pobrezia gutxitzen, elikadura-segurtasuna lortzen, lan duina sustatzen, herrialdeetan zein herrialdeen artean desberdintasuna murrizten, eta bidezkoak, baketsuak eta inklusiboak diren gizarteak bultzatzen.

Bidezko merkataritzaren beste oinarrizko printzipio bat genero-berdintasuna bermatzea da, emakumeentzat bidezko ordainsariak bultzatuz (gizonezko lankideen soldata bera lan berak egitearen truke) eta erabakiak hartzeko organoetan egon daitezen sustatuz.

Bestalde, ekoizte-prozesuetan ingurumena zaintzeko beharra ezartzen du bidezko merkataritzak, energia-kontsumoa murrizten duten praktiken bidez jardunez, energia berriztagarriak erabiliz edo hondakinen inpaktua minimizatuz.

Bidezko merkataritzaren mugimendua 60ko hamarkadan hasi zen, eta egun 2000 antolakundetik gora dauzka, nekazarienak, artisauenak, eta elikagai-ekoizleenak, Latinoamerika, Afrika eta Asiako 75 herrialdetan, haietan 2 milioi pertsonak baino gehiagok lan egiten dutela. Sare horretan 500 antolakunde inportatzaile daude, eta 4000 denda espezializatu baino gehiago Europan bakarrik, bidezko merkataritzaren 10 printzipioak betetzen direla ziurtatzen duten nazioarteko erakundeez gain.

 

Espainian, 2015ean, bidezko merkataritzako kontsumoa 35 milioi eurokoa izan zen, aurreko urtean baino bi milioi euro handiagoa. Salmentetan, elikagaiak % 93 dira, artisau-lanak, bestalde, % 5, eta kosmetika naturalaren arlokoak, % 2. Kontsumoak gora egin arren, Espainia azken postuan dago oraindik, Europako beste herrialde batzuekin konparatuta; izan ere, beste herrialde batzuetan, bidezko merkataritzan biztanleko eta urteko egiten den kontsumoa 16 aldiz handiagoa da.

Argibide gehiago eta elkarrizketak:

Ion Ander Areses:

945 288 031 – 635 204 471

ionander.areses@medicusmundi.es

Share