Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  9 maiatza 2017 17:00

Prentsaurrekoa. 2017ko Bidezko Merkataritza Mundu Egunera begira antolatu den programazioaren aurkezpena

Parte hartzaileak. Nazioarteko Lankidetza zinegotzi Jaione Agirre; SETEM Hegoa Haizeako prestakuntza teknikari Ainhoa Bilbao; eta Bide Bidean proiektuaren arduradun Amara Solís

Eguna. Asteazkena, maiatzak 10

Ordua.  10:00etan.

Tokia. Udaletxearen prentsa aretoa.

 

  • Eta ondoren, 10:30etan, Urrezko Zeledonen plazan argazkilarientzako egingo den kale ekintzak izango dira.
Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:20

Udal gobernuak adierazi du ekonomia jardueren gaineko zergaren ordenantza fiskala aldatzea ezinbesteko urratsa dela enpresei hobariak aplikatu ahal izateko, hau da, aurten zerga ordaintzen hasten diren eta 1 eta 2 milioi euro artean fakturatzen duten enpresei egingo zaizkienak aplikatzeko. Udalak horri buruzko kontsulta juridikoa egin zion Aldundiari bere garaian, eta garbi geratu zen EJZren ordenantza aldatu beharra dagoela hobari horiek ezarri ahal izateko; aurten % 75ekoa, 2018an % 50ekoa eta 2019an % 25ekoa lirateke.

“Foru Arauak nahiko garbi adierazten du ezin direla hobariak aplikatu Udalaren ordenantza fiskala aldatu gabe. Ez dago beste interpretaziorik egiterik. Beharrezkoa ez balitz, ez genukeen egingo EJZren ordenantza aldatzeko proposamena, joan den ostiralean osoko bilkuran eztabaidatu genuena. Enpresek argi izan behar dute hobariak aplikatzerik ez badugu PPk eta Bilduk gobernu-taldearen proposamenaren kontra bozkatu zutelako dela. Haiek dira ezezko botoak tokiko ekonomian eta enplegu-sorkuntzaren sustapenean izan ditzakeen ondorioen erantzuleak. Gobernu-taldeak ahal izan duen guztia egin du hobariak martxan ez jartzeak ehun ekonomikoan duen kaltea eragozteko”, abiarazi du Ogasuneko zinegotzi Itziar Gonzalok.

Gonzalok gogorarazi du gobernu-taldeak Ogasun Batzordean zein osoko bilkuran egin zuen hobari-proposamenak hitzez hitz jasotzen  duela Ekonomia Jardueren gaineko Zergaren Foru Arauak xedatutakoa.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:17

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Eusko Legebiltzarrean Europaren Eguna dela eta antolatutako ekitaldietan hartu du parte. Legebiltzarreko lehendakari Bakartxo Tejeria, Eurobasqueko lehendakari José María González Zorrilla, eta Legebiltzarreko Mahaiko zenbait kiderekin batera, Eurobasqueren 2016ko Kazetaritza Saria Iñigo Bullaini emateko ekitaldian izan da; Zuzenbideko doktorea eta gai europar eta konstituzionaletan aditua da saritua. Hain zuzen ere, aurten bete da Europar Batasunaren jatorri izan ziren Erromako Itunen 60. urteurrena.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:58

Udalaren Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailak programa berritzaile bat jarri du abian, gurasoen aurkako indarkeria egoeretan —seme-alabek gurasoekin indarkeria erabiltzen dutenean— garaiz esku hartzeko. Horrelako gertaerak gutxitu nahi dira, seme-alaben aurrean gurasoen agintea berrezarri, eta batzuei zein besteei tresnak eta trebetasunak eskaini egoera horiek kontrolatzeko, desagertu arte.

Udaltzaingoaren datuen arabera, 2016an 9 salaketa jaso zituzten horrelako gertaerekin lotuta; 2015ean eta 2014an 17 izan ziren, eta 2013an, 7. Indarkeria fisiko hutsari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoan egindako azken azterketak (2011koa) ohartarazten zuen nerabeen % 13k aitortzen zuela inoiz gurasoen kontra indarkeria fisiko larria edo arina erabili izana.

Gurasoen aurkako indarkeria psikologikoa, ekonomikoa edo fisikoa izan daiteke, eta gurasoen gaineko kontrola, agintea eta nagusitasuna lortzeko erabiltzen da; besteak beste, mehatxuak, gutxiespena, irainak, gauzak kentzea, etxetik alde egitea eta abar izan daitezke horren isla. “Izurri ezkutua da, zenbatzen zaila, gurasoek seme-alabak salatzeko lotsa eta beldurra baitute; portaera horiek luzaro iraun dezakete, eta gero eta larriagoak izan, familian kanpotik esku hartzen ez bada”, azaldu du Gizarte Politiken zinegotzi Peio López de Munainek.

Arazo horri aurre egiteko, Gizarte Politiken Saileko Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzuak gurasoen aurkako indarkeriari buruzko programa bat diseinatu du, babes gabezia arin edo moderatuko egoeran dauden  12 eta 17 urte bitarteko seme-alabak dituzten familiei zuzendua, familia horietan gertatzen baita gehien bat.

Banakoekin eta taldearekin esku hartuz, helburu hauek lortu nahi dira: “arazoa identifikatzea, horren neurriaz ohartaraztea eta familiako kideei egoera emozionalki  kudeatu eta konpontzeko trebetasunak ematea”, azaldu du López de Munainek.

Programak 6 hilabete irauten du, astean ordu eta erdiko saioak eginez. Programa berritzailea denez, familiekin lanean hastean zein bukatzean ebaluazioa egingo da, bai eta programa bukatu eta sei hilabeteren buruan ere .

Eragile hauek aktiboki parte hartuko dute lana aurrera eramateko:

  • Gizarte eragileak: funtsezko zeregina dute gurasoen aurkako indarkeria kasuak detektatzeko.
  • Udalaren gizarte-zerbitzuak: familiak hartu, egoera balioetsi eta Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzuari proposamena egiteaz arduratzen dira.
  • Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzua: programa kudeatu eta esku-hartzea koordinatzen du.
  • Hiru psikologo: familiekin lan egiteko.
  • EHUko talde bat: programaren eboluzioa eta familiengan duen eragina jarraituko du.

“Gorantz doan familia arazo baten aurrean gaude, azken urteetan gizarte alarma piztu baitu; ziur aski hedabideetan eta salaketa judizialetan presentzia handiagoa duelako. Orain arte pentsa zitekeen sortu bezala desagertuko zela, esku hartu beharrik gabe. Baina ez da horrela. Denborak erakutsi du beharrezkoa dela inplikatuta dauden alderdi guztiekin esku hartzea egoerari aurre egiteko”, amaitu du Peio López de Munain zinegotziak.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:50

Auzoko leku esanguratsuetan barrena bisita gidatua eginez, aniztasuneko bizikidetzaren aukerak eta zailtasunak ezagutarazi nahi dizkie Udalak herritarrei

Henri Belin dokumentalistak Pariseko aldirietako arazoak azalduko ditu, kultura arteko ikuspuntu batetik, hitzaldi-solasaldi batean

Maiatzaren 13an, larunbata, Janeren ibilaldien bigarren edizioa egingo da; Bizikidetza eta Aniztasun Zerbitzuak antolatu du ekintza, “Elkarrekin bizitzen ikasi” programaren barruan. Zabalgana auzoaren ondoren, oraingoan Koroatze auzoan zehar ibiltzea proposatzen da, bertan bizi edo lan egiten duten elkarte eta pertsonekin batera.

Ibilaldia 11:00etan hasiko da, Aldabeko gizarte etxean, eta zenbait geldialdi egingo dira auzoko leku esanguratsuetan. “Inguru horretan bizi direnen eskutik aniztasuneko bizikidetzarako aukerak eta zailtasunak ezagutzea da helburua. Ikuspuntuak partekatzea eta hiri inklusibo baten alde lan egitea”, nabarmendu du Bizikidetza  eta Aniztasun zinegotzi Nerea Melgosak.

Bukatzeko, 18:00etan topaketa egingo da Aldabeko gizarte etxeko elkartze aretoan.  Henri Belin dokumentalista eta irakasle frantziarrak Pariseko aldirietako arazoak azalduko ditu, kultura arteko ikuspuntu batetik, eta ondoren publikoarekiko solasaldia izango da.

 

Ibilbidea

1.- Irteera Aldabeko gizarte etxetik: “Janeren ibilaldiak” ekimenari buruzko azalpen laburra; Aldabeko gizarte etxearen jatorriaren, funtzionamenduaren eta zerbitzuen aurkezpena.

2.- Koroatzeko adinekoentzako zentro soziokulturala: bertako bi erabiltzailek zentroa, zerbitzuak, batzordeak eta abar aurkeztuko dituzte.

3.- Santo Domingo plaza – Ultramarinos Urzelay denda – Meskita:

Plazaren diseinuaren eta erabiltzeko zailtasunen azterketa. Tea hartuko da Urzelay dendan, oraingo dendariekin eta aurreko jabearekin. Ibn Battuta musulmanen elkarteko kide batzuk ere hurbilduko dira. Ondoren, Larrugile kaleko meskita bisitatuko da.

4.- Kutxa kalea:  CEAR, auzo elkartea, Koroatzearen eliza, Errota Anitza. Elizaren bisita, eraikinaren arkitektura eta gizarte balioaren azterketa eta kulturartekotasunaren aldeko elkarteen mintzaldiak.

5. Aldabe plaza: Baratza aretoaren bisita, eta inguruko beste kultura ekimen batzuen aurkezpena (Traspasos, Tarima, Su Alai…).

6. Landazuri ikastola: jatorriari buruzko azalpen laburra, eta oraingo egoera.

7.Poliklinikaren aurreko plazatxoa: ibilbide seguruen ekimena azalduko da.

8.- Ferretería Alegría: auzoko denda tradizional baten eboluzioa ezagutzeko bisita.

Ibilaldia 14:30ean bukatuko da, Andagoia plazan, pintxo dastatze batez.

18:00etan, Henri Belinek hitzaldi-solasaldia eskainiko du, Parisen hirigintza eta kulturartekotasunaren alorrean garatutako esperientziaz.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:44

 

 

 

 

 

 

 

 

Maiatzaren 17an erakunde-adierazpen bat onartuko du Udalbatzak, Gasteizen “lesbiana, gai, transexual, bisexual eta intersexualei egindako erasoak zigorrik gabe utz ez daitezen”.

Udalak lantegiak, hitzaldiak eta antzerkia antolatu ditu datorren maiatzaren 17an Lesbo-Gai-Transfobia eta Bifobiaren kontrako Nazioarteko Eguna dela eta.  Berdintasunerako zinegotzi Jaione Aguirrek eta Irabazi udal taldeko bozeramaile Oscar Fernándezek aurkeztu dituzte jarduerak prentsaurrekoan. Horien helburua da “dibertsitate afektibo eta sexuala zein genero-identitate anitzak ospatzen dituen hiria aldarrikatzea, heterosexualitatea araua ez den hiria, lesbiana, gai, transexual, bisexual eta intersexualei (LGTBI) egindako erasoak zigorrik gabe uzten ez diren hiria”, nabarmendu du Jaione Aguirrek.

1990eko maiatzaren 17an, Osasunaren Mundu Erakundeak gaixotasun mentalen zerrendatik kendu zuen homosexualitatea, sexu-joera eta -identitatea gure gizarteen berezko aniztasunaren baitako zati gisa onartuak izaten has zitezen. “LGTBfobiari amaiera ematea ez da bakarrik pertsona jakin batzuek darabilten indarkeria desagerraraztea, horren berme den gizarte eta kultura sistema osoa ere eraldatu behar da. Gasteizko Udala LGTBI politiketan aitzindari izatea nahi dugu, eta xede horrekin partida bat sartu genuen aurrekontu-hitzarmenean, maiatzaren 25ean politika publikoei buruzko jardunaldia egiteko; hartara, alorrean lanean urteak daramatzaten beste udal batzuei entzun eta haien jardunbide egokiak gurera ekarri ahalko ditugu”, azpimarratu du Irabaziren bozeramaileak.

Ildo horretatik, gaurtik hasita, maiatzak 9, errealitate hori sakonago ezagutzeko zenbait jarduera egingo dira hirian. Gaur bertan, 19:00etan, Nuria Gregori Flor antropologoak “Intersexualitateen diskurtsoak gizarte-egituran: gorputz-narrazioak, aniztasuna eta gizarte-aldaketa” izango du hizpide.

Maiatzaren 10ean (asteazkena), 16:30etik 20:30era,  lantegi bat egingo da, intersexualitateekin lotutako hainbat alderdiri buruz: terminologiak, aurrekari historiko eta sozialak, historian zehar medikuntzak emandako tratua eta tratamendua, iruditeriak eta estereotipoak.

Maiatzaren 17an, Udalbatzak dibertsitate afektibo eta sexualaren aldeko erakunde-adierazpena plazaratuko du.

Maiatzaren 25ean, azkenik, genero- eta identitate-aniztasunarekin lotutako arreta ematen duten udalen esperientziei buruzko mahai-ingurua egingo da. Hauek hartuko dute parte: Meritxell Sáez i Sellarès, Bartzelonako Udalaren LGTBI politikaren koordinatzailea; Nieves Salobral Martín, Madrileko Udalaren TLGBQI osasun komunitarioko programaren aholkularia, eta Vanesa Eguiluz González, Iruñeko Udalaren Berdintasunerako teknikaria.

Jardunaldia amaitzeko, dantza, musika eta antzerkia nahasten dituen Limbo lana eskainiko da Goiuri jauregian.

 

PROGRAMA

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:24

Denboraldia irailaren 17an bukatuko da Mendizorrotzean, eta irailaren 3an, Gamarran

Maiatzaren 26an (ostirala) hasiko da udako denboraldia Mendizorrotzeko eta Gamarrako udal kirol esparruetan. Udako zerbitzuak irailaren 17ra arte egongo dira irekita Mendizorrotzean, eta irailaren 3ra arte Gamarran.

Kanpoko igerilekuez gain –hilabete hauetako erakargarri nagusia– Udalak doako jarduera irekiak zein kirol ikastaroak eskainiko ditu. Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok nabarmendu duenez, udako kanpainan “Udalak kirol eta aisialdiko instalazioak eskaintzen dizkie herritarrei, gure hiriaren beharrak eta itxaropenak betetzen laguntzeko. Azken urteetan jende gehien bertaratu zen bigarren denboraldia izan zen iazkoa, eta eguraldiak laguntzen badu, aurten ere jende ugari etorriko da, instalazioen kalitateari eta erabilera arduratsu eta osasungarria egiten duten herritarrei esker”.

65 urtetik gorakoek eta % 65eko edo hortik gorako mailako ezintasuna dutenek % 50eko murrizketa izango dute 15 eguneko eta hilabeteko paseetan. Ordutegi orokorra 08:00etatik 22:00etara izango da bi esparruetan.

Informazio gehiago: 20170509 Dossier Campaña Verano 2017

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:06

 

 

 

 

 

 

 

  • “Iaz egindako lehen esperientziak erakutsi digu laguntza horiek tresna egokia direla enplegu egonkorra eta kalitatekoa sortzeko”, adierazi du Nerea Melgosak.

Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak kontratazioan egonkortasuna sustatzeko laguntzen bigarren deialdia aurkeztu du; horien bidez, aldi baterako kontratuak kontratu mugagabe bihurtzeko laguntza ekonomikoa emango du Gasteizko Udalak. Orotara 400.000 euroko aurrekontua esleitu zaie  45 urtetik gorakoentzat enplegu egonkorra sortzeko diru-laguntzei. Enpresa bakoitzak gehienez bi laguntza jaso ahalko du —gizarteratze-enpresen kasuan, hiru— eta sortutako enplegu mugagabeak gutxienez 18 hilabete iraun beharko du.

“Iazko lehen esperientziak erakutsi digu aldi baterako kontratuak kontratu mugagabe bihurtzeko laguntza horiek tresna egokia direla enplegu egonkorra eta kalitatekoa sortzeko, horixe baita gure gobernuaren lehentasunetako bat, eta lehentasunezko ildoa alkatearen estrategia ekonomikoan. Deialdi honetan, egonkortasuna lortzeko laguntza handiena behar duen taldeari erreparatu nahi diogu bereziki: 45 urtetik gorakoak. Izan ere, aldi baterako kontratua bukatzeak luzaroan langabezian izateko arriskua dakar haientzat. Egonkortasunerako laguntzek arrisku hori eragozteko pizgarria izan nahi dute”, esan du Nerea Melgosak, eta gogoratu du Gasteizen langabezian dauden pertsonen % 45,8 direla 45 urtetik gorakoak.

Kontratu bakoitzeko gehienez 7.000 euroko laguntza emango da. Lanaldi osoko  kontratuak zein lanaldi partzialekoak bihurtu ahalko dira mugagabe; azken kasuan, gutxienez lanaldiaren % 50ekoak izan beharko dute. Enpresa onuradunek batez besteko plantillari eutsi beharko diote kontratua mugagabe bihurtu aurreko sei hilabete lehenagotik eta horren ondoko sei hilabeteak igaro arte, gutxienez.

Eskabideak balioesteko kontratatutako pertsonek bi ezaugarri hauek betetzea lehenetsiko da: 55 urtetik gorakoak  izatea eta emakumeak izatea. Lanaldi osorako kontratu mugagabeak ere lehenetsiko dira lanaldi partzialekoen aldean.

Kontratazioan egonkortasuna sustatzeko laguntzetarako eskabideak aurkezteko epea deialdiaren iragarkia ALHAOn argitaratzen den egunaren biharamunean hasiko da, eta irailaren 30ean bukatuko. Laguntzak eskatzeko epe horren barruan bihurtu beharko dira aldi baterako kontratuak mugagabe.

Kontratazioan egonkortasuna sustatzeko laguntzetarako lehen deialdian aldi baterako 58 kontratu  bihurtu ziren mugagabe; 52 mikroenpresa eta enpresa txikitan egin ziren, zeinek batez beste 17 pertsonako plantilla baitzuten. Diruz lagundutako kontratuen % 59 emakumeei egin zitzaizkien, eta % 36, 55 urtetik gorakoei. Orotara 322 enpresak eskatu zituzten laguntza ekonomikoak.

DOSSIER AYUDAS ESTABILIDAD CONTRATACION 2017

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   10:12

 

 

 

 

 

 

 

Udalaren Liburutegi Sareak solasaldi berri bat antolatu du “Idazleekin solasean” izeneko zikloaren barruan. Euskaraz idatzitako literaturaren inguruan jardutea da ziklo horren xedea, eta horretarako idazleak liburutegietara etortzen dira haien lanaz hitz egitera. Karmele Jaio idazle gasteiztarrak koordinatzen du programa, eta kasuan kasuko idazlearekin solasaldi horiek dinamizatzen ditu, beti ere literaturaren eta irakurketak sortzen duen plazeraren inguruan.

Hurrengo hitzordua Kattalin Miner idazlearekin izango da, Pilarreko gizarte etxeko liburutegian, maiatzaren  10an, 19:00etan. Sarrera librea da.

Feminismotik eta bazterretatik ikusten du mundua Kattalin Minerrek. Kazetaria da, eta hainbat hedabidetan kolaborazioak egiten ditu. Halaber, mugimendu feministako aktibismoagatik ezaguna da. Bere artikuluetan sarri jorratzen ditu feminismoa, familia eredua, patriarkatua edo homo/heterosexualitatea bezalako gaiak.

Kattalinek lehenengo eleberria du  Nola heldu naiz ni honaino izenekoa, Igartza sariari esker idatzi zuena. Eleberriak Jezabel protagonistaren  bizitza erakusten digu. Eroso bizi da Jezabel, baina jende guztiak bezala, egunero-egunero erabakiak hartzen ditu, batzuk handiak eta beste batzuk ez hainbeste. Handi zein txiki, guztiak dira garrantzizkoak. Eta ustez txiki dirudien erabaki batek bizitza aldatuko dio. Eta hasiko da sentitzen liburuko azaleko arraina bezala, kafean igerian, lekuz kanpo, beraz.

Literaturaz, idazteaz, bizitzaz ariko dira Karmele Jaio eta Kattalin Miner tartarrean.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   10:11

 Udalaren Liburutegi Sareak solasaldi berri bat antolatu du “Idazleekin solasean” izeneko zikloaren barruan. Euskaraz idatzitako literaturaren inguruan jardutea da ziklo horren xedea, eta horretarako idazleak liburutegietara etortzen dira haien lanaz hitz egitera. Karmele Jaio idazle gasteiztarrak koordinatzen du programa, eta kasuan kasuko idazlearekin solasaldi horiek dinamizatzen ditu, beti ere literaturaren eta irakurketak sortzen duen plazeraren inguruan.

 Hurrengo hitzordua Kattalin Miner idazlearekin izango da, Pilarreko gizarte etxeko liburutegian, maiatzaren  10an, 19:00etan. Sarrera librea da.

Feminismotik eta bazterretatik ikusten du mundua Kattalin Minerrek. Kazetaria da, eta hainbat hedabidetan kolaborazioak egiten ditu. Halaber, mugimendu feministako aktibismoagatik ezaguna da. Bere artikuluetan sarri jorratzen ditu feminismoa, familia eredua, patriarkatua edo homo/heterosexualitatea bezalako gaiak.

 Kattalinek lehenengo eleberria du  Nola heldu naiz ni honaino izenekoa, Igartza sariari esker idatzi zuena. Eleberriak Jezabel protagonistaren  bizitza erakusten digu. Eroso bizi da Jezabel, baina jende guztiak bezala, egunero-egunero erabakiak hartzen ditu, batzuk handiak eta beste batzuk ez hainbeste. Handi zein txiki, guztiak dira garrantzizkoak. Eta ustez txiki dirudien erabaki batek bizitza aldatuko dio. Eta hasiko da sentitzen liburuko azaleko arraina bezala, kafean igerian, lekuz kanpo, beraz.

 Literaturaz, idazteaz, bizitzaz ariko dira Karmele Jaio eta Kattalin Miner tartarrean.

Share