Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  23 maiatza 2017 17:00

Prentsaurrekoa. Kaldearte, Kaleko Arteen Nazioarteko Erakustaldia aurkeztea

Parte hartzaileak. Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto; Karrikan taldeko Aritz Lopez eta Eva Guerrero; eta artista Carmen San Esteban, jaialdirako berariazko pieza baten egilea

Eguna. Asteazkena, maiatzak 24

Ordua. 10:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

————————–

Prentsaurrekoa. Tuvisako autobus berriak aurkeztea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; eta Tuvisako presidente Itziar Gonzalo

Eguna. Asteazkena, maiatzak 24

Ordua. 12:00

Tokia. Andre Maria Zuriaren plaza

—————————

Harrera ekitaldia New Yorkeko ikasleei

Udalak harrera egingo die New Yorkeko College of Environmental Science & Forestry ikastetxeko ikasleei; Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak antolatu eta Gasteizen egin den Paisaia eta Azpiegitura Berdearen inguruko Nazioarteko Tailerrean parte hartu dute.

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Asteazkena, maiatzak 24

Ordua. 19:30

Tokia. Udaletxeko harrera aretoa

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   16:37

Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren zinegotzi Peio López de Munainek gaur esan duenez, Gasteizko Udala “udal solidarioa da Gasteizen bizi direnekin zein iragaitzezkoekin. Ez du inor hiritik kanporatzen. Solidarioak gara”.

López de Munainek baieztatu du CMAS udal ostatuak iragaitzazkoak hartzen jarraitzen duela, eta baduela lekurik “pertsona horiei ostatu emateko gure hirian agertzen diren unetik beretik”. Orain 6 pertsona daude udal baliabide horretan.

Gizarte Politiken zinegotziak ukatu egin du pertsona horiek Gasteiztik kanporatzen direla, Irabaziko bozeramaile Oscar Fernándezek esan duen bezala. “Balioespen bat egiten digu, eta horren arabera zer den onena aholkatzen diegu: jatorrizko herrira itzuli ala Gasteizen geratu. Kasu batzuetan hobe dute jatorrizko herrira itzuli, han badituztelako eskubide batzuk, eta bertan ematen baitizkiete arreta eta laguntzak; hemen gizarte laguntza hori ezin dute jaso denbora tarte bat igaro arte, ezarritako epeak bete arte. Horrelakoetan laguntza ekonomiko txiki bat ematen diegu, bidaiarako. Dena dela, pertsona oro libre da gelditu ala joan erabakitzeko.”

Gizarte larrialdiko egoeretan, esaterako ohiko etxebizitza genero indarkeriaren ondorioz utzi duten pertsona edo familien kasuan, edo adingabeak beren kargura badituzte, “gizarte zerbitzuek lehentasuna ematen diete, udal prestazioen ordenantzak aurreikusten dituen salbuespenei esker”, azaldu du López de Munainek, eta ezarritako protokoloa betetzen ari dela erantsi du.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:15

 

 

 

 

 

Garai bateko Goya gasolindegiak apainketa berria du gaurtik aurrera, hiriaren erakargarri nagusiei buruzkoa. Udalak hiriko eraikin esanguratsu horren irudia hobetu nahi izan du, Gasteizera datozen turisten garraiorako geltoki nagusietako batetik metro gutxira baitago.

Florida parkearen ondoko eraikinaren itxura hobetzeko lan horiek Udalak duen proiektuaren atarikoa dira: garai bateko gasolindegian turismo bulego berria jartzea, jarduera osagarriak ere jarrita, eta “green” eta helmuga iraunkorraren zigilua ikurtzat hartuta.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:00

 

 

 

 

 

 

 

Nagore de los Ríosek eta Alberto Ortiz de Záratek “Gobernu irekia eta gardentasuna” izango dute hizpide maiatzaren 27an, Europa jauregian

Evaluación HEI Escuela Abierta de la Ciudadanía

Nagore de los Ríosek eta Alberto Ortiz de Záratek Irekia —gobernu irekia eta gardentasuna sustatzeko tresna— sortu zuten, eta Patxi López lehendakari zela Eusko Jaurlaritzaren Open Data ataria sustatu. Haiek emango diote amaiera  Herritartasunerako Eskolari, “Gobernu irekia eta gardentasuna” hitzaldiarekin; maiatzaren 27an (larunbata) izango da, 10:30etik 14:00etara.

Alberto Ortiz de Zárate aholkularia, hizlaria eta irakaslea da zenbait alorretan: gobernu irekia, Open Data, berrikuntza publikoa, gobernu elektornikoa eta abar. Eusko Jaurlaritzako Herritarren Arretarako zuzendaria izan zen eta eginkizun garrantzitsua bete zuen gobernu irekiaren politikan.  2010. urtean Open Data Euskadi inauguratu zuen, datu publiko irekien lehen atari ez-anglosaxoia.

Nagore de los Ríos komunikazioan, gobernuan eta datu irekietan aditua da, eta hainbat eta hainbat erakunderi laguntza eskaini die politika irekien inguruko aholkuak emanez. Helburu nagusitzat herritarrak, ekintzaileak, enpresak, bezeroak, kontsumitzaileak, kazetariak, gizarte zibila eta gainerako erakundeak parte hartzera bultzatzea izan du une oro.

Eskolaren lehen ikasturtearen ondorioen aurkezpena

Amaierako ekitaldiaren barruan, ikasturtearen barruko dinamika eta jardueretan gure udalerriko herritarren partaidetzaz egindako hobetzeko proposamenak eta 2016/17 ikasturteari buruzko ondorioak aurkeztuko dira.  Ondorio eta proposamen horiek 2017/18 programa prestatzeko eta eraikitzeko oinarria izango dira.

Isabel Martínezek arloko batzordean aurkeztu ditu datu horiek, eta lehen edizioaren arrakasta azpimarratu du. Orotara 579 pertsonak hartu dute parte jardueretan, ponentzietan grabatutako bideoak 1.021 aldiz ikusi dira, streaming bidez 149 konexio egin dira, eta eskolaren web-orriak 1.500 bisitatik gora izan ditu. Batez besteko asebetetze-maila 10etik 7,5ekoa izan da.

Martínezen arabera, “datu onak dira funtzionamendu lehen urterako. Urtetik urtera programa sendotuz eta hobetuz joan behar dugu. Programa sortzean hau zen gure helburua: herritarrei irekitako topaketarako eta prestakuntzarako espazioa sortzea, parte hartzeko kultura hobetzen laguntzeko, demokrazia sendotzeko eta komunitateko erantzunkidetasuna sustatzeko, informazio, prestakuntza eta eztabaida saioen bitartez, eta lortu dugu”.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:07

Gasteiz bazkide fundatzaile den Euskadiko turismo-bulegoen sareak (Itourbaskek) bideratutako promozio-ekintzen barruan sartzen da jarduera

Hiria turismo-helmuga gisa promozionatzen ari da Gasteizko Udala Iparraldeko enpresa eta agenteen topaketa batean. Gaur, egun osoz, jardunaldi bat dute turismoaren sektoreko hainbat profesionalek Donibane Garazitik gertu dagoen Chateau de Laàs-en. Hiriaren promozio turistikoa egingo du bertan Euskadiko hiriburuak, gero eta turista gehiago baitatozkigu inguru horretatik, hurbiltasuna dela medio, Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak nabarmendu duenez.

Gasteizko turismo-bulegoa bazkide fundatzaile den Euskadiko turismo-bulegoen sareak (Itourbaskek) bideratutako promozio-ekintzen barruan sartzen da jarduera profesional hori.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:05

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Hezkuntzaren aldeko Munduko Kanpainaren barruan antolatu da “Hezkuntzaren alde, hitza eskatzen dut” ekitaldia

Niño Jesús, San Viator eta San Prudencio ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 5. mailako 8 ikasgelatako ikasle eta irakasleek ekitaldi bat egin dute gaur, eta, hainbat eskari medio, “hezkuntza inklusiboa, bidezkoa eta kalitatezkoa” galdatu dute, “eta ikasteko aukerak susta daitezela, guztientzat, bizitza osoan”. Hezkuntzaren aldeko Munduko Kanpainaren haritik antolatu da “Hezkuntzaren alde, hitza eskatzen dut” ekitaldia Gasteizen, Udalak garapenerako hainbat urterako hezkuntza-proiektuetarako deialdiaren barruan finantzatu duen Ikastetxetik Auzora proiektuaren bitartez.

Ikasleekin batera, ekitaldian parte hartu dute Jaione Aguirre eta Carlos Zapatero zinegotziek, Itunpeko Ikastetxeetako Guraso Elkarteen Arabako Federazioaren (FAPACNE) ordezkariek eta Serso, Medicus Mundi Araba, Cáritas eta Berakah-eko gizarte-eragileek.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:59

 

 

 

 

 

“Santiagok interes handia du European Green Capital batek, Gasteizek, mugikortasun iraunkorraren alorrean dituen estrategiak eta azpiegitura berdearen proiektua ezagutzeko”, azaldu du Iñaki Prusillak

Gasteizko Udaleko Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak lankidetza-hitzarmen bat sinatu du gaur goizean Santiago-Txileko Udalarekin, “esperientziak trukatu, prestakuntza eta asistentzia lanak egin eta elkarrekin ikerketa proiektuak egiteko”, azaldu du IGIko lehendakari eta Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Iñaki Prusillak. Gasteizko zinegotziak eta Santiago-Txileko Udaleko Ingurumen zuzendari Fernando Vallejok sinatu dute hitzarmena. Gorka Urtaran alkateak Txileko ordezkaria agurtu du udaletxean, ekitaldiaren aurretik.

IGIk zein Santiago-Txileko Udalak ingurumenarekin lotutako alderdi guztiak sustatzeko xedea dute, bereziki natur ingurunea babesten eta kontserbatzen lagunduz. Gainera, bi erakundeek beste administrazio eta entitate batzuekin batera dihardute hainbat proiektutan. Gasteizko Udalaren eta Santiago-Txileko Udalaren helburuak eta lan egiteko modua bat datozenez, eta osagarriak direnez, interesgarritzat jo dute ingurumena eta iraunkortasuna babesteko jardunbide eta ekimen berritzaileak garatzeko zenbait lankidetza-ekimen sustatzen jarraitzea.  Azken urteetan, Santiagoko teknikariak hainbat aldiz etorri dira Gasteizera. IGIko langileak ere joan dira Amerikako herrialdera. “Santiagon masa intelektual indartsua dute, batez ere unibertsitatean, trukeetan egiaztatu ahal izan dugunez. Eta interes handia dute European Green Capital batek, Gasteizek, mugikortasun iraunkorraren alorrean eta azpiegitura berdearen garapenean dituen estrategiak ezagutzeko”, azpimarratu du Iñaki Prusillak.

Gaur udaletxean sinatutako hitzarmenak lankidetzarako esparru orokorra ezarriko da ezagutzak eta esperientziak trukatzeko, elkarri laguntza eta asistentzia emateko, eta elkarrekin proiektuak garatzeko. “Horretarako, bi erakundeetako langileen arteko elkarlana sustatuko da, lan horiek batera garatze aldera, beti ere helburu zientifiko-teknikoekin. Bilera zientifikoak, prestakuntza-programak eta irakaskuntza-jarduerak egingo  dira. Materiala paperean  edo formatu digitalean argitaratzen ere elkarlanean arituko gara, eta datu-bankuak partekatuko ditugu”, azaldu du Iñaki Prusillak.

Hauek dira proiektu nabarmengarrienak: ingurumenarekin eta iraunkortasunarekin lotutako esperientziak eta jardunbide egokiak partekatzea; talde teknikoen prestakuntza sustatzea; hiriko arazoak konpontzeko irtenbide berritzaileak diseinatu eta aplikatzea, eta lan horietatik lortutako emaitzak ezagutaraztea.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:34

 

 

 

 

 

Udalaren adinekoentzako jantokien erabiltzaileen % 88k dio zerbitzu horrek beren bizimodua hobetu duela. Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailak erabiltzen dituzten adinengan jantokiek duten eragina ezagutzeko azterlanaren emaitzetako bat da hori. Izan  ere, 302 pertsona elkarrizketatu dira zerbitzuak hainbat alorretan duen eragina ezagutzeko: ekonomia, harremanak, gizartea, arlo pertsonala, familia eta osasuna.

“Jatea ez da jarduera biologiko hutsa. Beste gizarte zein kultur alderdi asko barne hartzen ditu, eta horiek eragin positiboa dute adinekoengan. Hori dela eta, bertara doazenen nutrizio beharrak asetzeaz gain, jantokiek adinekoen mendekotasuna prebenitzeko, autonomia sustatzeko eta ingurunean mantentzeko balio dute”, azaldu du Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren zinegotzi Peio López de Munainek.

 

Inkestak 39 galdera zituen, eta sei ondorio nagusi atera dira erantzunetatik:

 

  • Jantokia baliatuz, erabiltzaileek otorduak etxean eginda baino gutxiago gastatzen dute.
  • Jantokiak beste batzuekin erlazionatzeko balio du.
  • Jantokiari esker, adinekoentzako zentroetako eta hiriko jarduerez hobeto informatuta daude.
  • Erabiltzaileek “ilusio eta motibazio handiagoa”
  • Erabiltzaileek diote “jantokia ona dela beren osasunarentzat”.
  • Jantokira doazenen familiak“lasaiago”

 

Azterlana bost ataletan banatu  da:

 

EKONOMIA ARLOA. Inkestatuen % 85ek uste du jantokian jatea (4,11 €) etxean otorduak egitea baino merkeagoa dela, eta kalitate-prezio erlazioa egokia dela.

 

HARREMANEN ARLOA. Jantokietara joan aurretik gizarte harremanik ez zutenen % 70ek orain badute erlaziorik.

 

López de Munainen esanetan, “erabiltzaileek gehien nabarmentzen duten alderdia da. Gehien-gehienak bakarrik bizi dira, eta jantokira joateak beste batzuekin batera bazkaldu eta hitz egiteko aukera ematen die. Horregatik ez balitz, pertsona horietako askok ez lukete norekin  erlazionatu egunero”.

 

GIZARTE ARLOA. Jantokietara bertaratzen direnek erabil ditzaketen programa, zerbitzu eta jardueren informazioa jasotzen dute.

 

Adinekoentzako zentro soziokulturaletako jarduerak eta zerbitzuak ezagutzen ez zituztenen % 67k orain badu horien berri. Berdin gertatzen da hiriko jarduerak ezagutzen ez zituzten pertsonen % 41en kasuan.

ARLO PERTSONALA. Erabiltzaileen % 95ek jantokian entretenimendua topatzen dute, eta “kezka gutxiago” izaten laguntzen die.

% 67ren ustez, etxetik irteteko motibazioa da.

% 35 arreta handiagoa duela sentitzen du.

 

FAMILIA. Familien % 75ek ontzat jotzen du adinekoak jantokira joatea.

 

“Adinekoentzat ez ezik, familientzat  ere onuragarria da jantokia. Adineko askok autonomo izaten jarraitu nahi dute, eta betiko ingurunean jarraitu. Badakite seme-alabentzat zaila dela eguneroko zereginak eta jarduerak betetzea eta haiei arreta ematea, beraz, jantokia eta antzeko zerbitzuak izatea lasaigarria da bi alderdientzat”, esan du Peio López de Munainek.

OSASUN ARLOA. Erabiltzaileen % 81ek uste du hartzen duen dietak eragin onuragarria duela bere osasunean.

Bakarrik bizi direnetako askok ez du janari orekatu eta askotarikoak prestatzeko gogorik, eta jantokiak gabezia hori berdintzen du.

Azkenik, “Nola sentituko zinateke edo nola eragingo lizuke jantoki zerbitzua kenduz gero?” galdetuta, % 41ek “gaizki edo oso gaizki” erantzun zuen, beren osasunarentzat “oso kaltegarria” izango litzatekeelako, “bakardadea, tristezia, babes-gabezia” sentituko luketelako, eta lagunak galduko lituzketelako.

Gaur egun, Adinekoen Zerbitzuak 616 leku eskaintzen ditu 12 jantokitan banatuta; izan ere, 2017ko lehen hilabeteetan Lakua-Arriagako eta Olarizuko jantokiak ireki ziren, eta Koroatzeko eta San Prudentzioko zentroetakoak handitu.

2016an, jantokiek 872 pertsonari eman zieten zerbitzu: % 58 gizonak eta % 42 emakumeak; batez besteko adina 81 urte izan zen.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   10:28

Vitoria-Gasteizko Udalak gaitzespen irmoa adierazi nahi du, atzo gauean Manchester Arenan eskainitako kontzertu batean izandako atentatu basatiaren aurrean; izan ere, bertan izandako sarraskiak hildako ugari eragin ditu.  Udalak erabateko irmotasunez gaitzesten du indarkeria terroristaren basakeria. Era berean, dolumina eta elkartasuna helarazi nahi dizkie biktimen senideei, eta espero du zauritutako pertsona guztiak ahalik eta lasterren sendatzea.

Vitoria-Gasteiz Udaletik besarkada solidario bat eta hurbiltasun sentimendurik zintzoena bidali nahi diegu Manchesterreko hiriari eta britainiar herritarrei, une latz hauetan.

Share