Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  26 maiatza 2017 18:52

Euskarazko modalitatean Unai Zugazua eta Aitor Salegi izan dira irabazleak eta, gaztelaniazko modalitatean,  Markel Varona eta Ane Hernández.

Gaur arratsaldean eman dira, Goiuri jauregian, 2017ko Gazte Hitzak sariak. Euskarazko modalitatean Unai Zugazua eta Aitor Salegi izan dira irabazleak eta, gaztelaniazko modalitatean, Markel Varona eta Ane Hernández.

Sariak Espido Freire eta Bernardo Atxaga idazleek banatu dituzte. Sariek gazteen sormena sustatzea dute xede, hainbat adierazpen-hizkuntzarekin –artea, literatur, argazkigintza, musika, dantza, eta abar – esperimentatzeko eta sortzeko programak baliatuta.

Sariak heziketarekin lotuta daude: 300 eta 100 euroren txartelak, liburuak eskuratzeko, eta hiru hilabetez narrazio bat landu edo hobetzeko tutoretza pertsonalizatua, Bernardo Atxagaren (euskaraz) eta Espido Freireren (gaztelaniaz) eskutik.

“Programa honen balioa, gazteek beren kontakizunez ekarritako kultura kapitalaz gain, bi belaunaldien arteko bizikidetza eta harremanean datza, batak esperientzia handiagoa eta besteak freskotasun handiagoa izanik zaletasun bat partekatzen baitute: emozioz eta begirada pertsonalez betetako istorioak kontatu eta idazteko zaletasuna”, nabarmendu du Gazteriako zinegotzi Iñaki Prusillak. Era berean, hezkuntza bitartekarien lana eskertu du, erabakigarria izan baita parte-hartzaileak erakartzeko.

EUSKERAZKO MODALITATEAN, 14-18 URTEKO KATEGORIAN

Irabazlea UNAI ZUGAZUA GONZÁLEZ
Ohorezko aipamena ARATZ FERNÁNDEZ DE PINEDO

 

EUSKERAZKO MODALITATEAN, 19-25 URTEKO KATEGORIAN

Irabazlea AITOR SALEGI MARTIJA
Ohorezko aipamena MIREN URIARTE CRESPO

GAZTELANIAZKO MODALITATEA / KATEGORIA:  14-18 URTE

Irabazleak MARKEL VARONA ALANGUA
Ohorezko aipamena LUCÍA RAMIRO HERNÁNDEZ


GAZTELANIAZKO MODALITATEA / KATEGORIA: 19-25 urte

Irabazleak ANE HERNÁNDEZ
Ohorezko aipamena IXONE SANTAMARÍA

 

SEMIFINALISTAK

AINTZANE RODRIGUEZ
MAIALEN GARCÍA
MAITANE HERNANDO
LAURA ABRAIN
MADDI MUÑOZ
MAITANE VICENTE
ANIA TATO
MAIALEN MENDIGUTXIA
SARA AGUIRRE

Share
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   17:00

Prentsaurrekoa. ‘Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz’ aurrekontu partizipatiboen prozesua aurkeztea

Parte hartzaileak. Gizarte Etxeen eta Parte Hartzearen zinegotzi Isabel Martínez

Eguna. Astelehena, maiatzak 29

Ordua. 10:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   15:30

Ostirala, maiatzak 26

  • Gazteria zinegotzi Iñaki Prusilla Gazte Hitzak lehiaketako sari banaketan izango da 18:00etan, Goiuri jauregian.

 

Larunbata, maiatzak 27

  • Alkate Gorka Urtaran, alkateorde Peio Lopez de Munain, eta zinegotzi Nerea Melgosa eta Estibaliz Canto Futbol Errege Kopako finalaren aldez aurretiko ekitaldietan izango dira; ‘Araba Hiria’ fanzonearen inaugurazioarekin batera hasiko dira 10:30ean.
  • Partaidetzaren eta Gizarte Etxeen zinegotzi Isabel Martinezek parte hartuko du Herritartasunerako Eskolaren 2016/17 ikasturtearen amaiera ekitaldian, 10:30ean, Europa jauregian.
Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:19

Bi zona izango ditu parkeak: bata konbentzionala eta bestea naturalizatua

Gasteiz Hobetuz partaidetza-prozesuko parte da proiektua

120.000 euro inbertituko ditu Urtaranen gobernuak Borinbizkarrean jarriko den joko-eremua diseinatu, hornitu eta instalatzen. Ozeano Barearen kaleko 13.etik 19.era bitarteko etxeen atzeko aldean dagoen espazio bikoitza hartuko du, eta bi zona izango ditu: bata konbentzionala eta bestea naturalizatua. Borinbizkarra Zabalganarekin lotzen duen oinezkoentzako pasabiderako sarbideetako batek bereizten ditu bi sektore horiek. Aterpe gisa ere erabili ahal izango da hori euria egiten duen egunetan. Gaur goizeko bileran onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak lan horiei ekiteko kontratazio-dosierra, eta bi hilabeteko epea izango da horiek gauzatzeko. Gasteiz Hobetuz partaidetza-prozesuko parte da proiektua.

Iñaki Prusillak zuzentzen duen Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Sailak landu duen baldintza-agiriaren arabera, lehen zonak, konbentzionalenak, 500 metro koadro izango ditu, eta gutxienez 250 metro koadro segurtasun-materialez zolatuta egongo da. Gainera, zona horren parte bat pasabide batez estalita egongo da, eguraldi txarra egiten duelarik ere erabiltzerik izango dela bermatzeko. Bigarren zonak, naturalizatuenak, 825 metro koadro izango ditu. Gasteizko hiri-azpiegitura berdearen estrategiaren ildotik —berdeguneak, parkeak eta jolas-lekuak ber naturalizatzea lortu nahi baita horren bitartez—, aire zabaleko espazioek eta naturak berak eskaintzen dituzten abantailak gozatzeko aukera izango dute haurrek. Inguru horretan ez da zoladurarik jarriko; landare-lurra bakarrik. “Espazio libreagoa, irudimentsuagoa, eraikitzailea, zentzumenezkoa eta kooperatiboa bultzatuko da”, nabarmendu du Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Saileko zinegotzi Iñaki Prusillak.

Jolaserako erabiliko diren egitura, eraikuntza eta elementuei naturaren ahalik eta kutsurik handiena emango zaie eta hiri-baso batean integratuta egongo dira. Enborrak, harria, lurra, hondarra, sokak, birziklatutako materialak eta beste erabiliko dira horretarako. Gainera, banku eta aulkiak, paperontziak, iturri bat eta bizikletak aparkatzekoak jarri beharko ditu bertan enpresa esleipendunak.  Argiteria eta ureztatze-sarea ere hobetuko dira.

Diseinu praktiko, iraunkor, dibertigarri, seguru eta originaleko proiektuak aurkeztu beharko dituzte enpresek. Oro har, 12 urtera arteko haurrentzat egokiak izan beharko dute jolastokiek, baina orobat izango da bereziki ezintasun motriza edo psikikoa duten harurrentzat diseinatutakorik ere.

“Borinbizkarrean joko-eremu bat sortzeko enkargua egin dugu, zona hori sustatzeko asmoz, eta orobat bermatzeko haurren jarduera ludikoen garapena, jendetasuna eta dibertsioa sustatuz, eta horien ikaskuntza. Kasu honetan, gainera, era berezian egingo dugu. Joko konbentzionalen zonarekin batera, beste espazio naturalizatuago bat izango da, haurrek jolasten diren inguruneaz goza dezatela nahi baitugu, ingurune hori  garai batean nolako zen irudikatuz edo. Zonako auzo-elkarteekin landu da proiektua, eta Gasteiz Hobetuz prozesuan hartutako konpromisoetako bat zen. Auzotarrek esana baitziguten sektore horretan jolasteko eta aire zabalean gozatzeko zonen falta igartzen zutela. Egokitutako jolastokiak eta eremu estali bat ere eskatzen zuten, eta bi eskari horiei erantzuten diegu proiektu honekin”.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:18

2006az geroztik dihardute elkarlanean Udalak eta Aldundiak, hirian eta lurraldean Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia garatzen. Lau urteko iraupena izango duen lankidetza-hitzarmen orokorra sinatuko dute orain berriro, ildo hori jorratzen jarraitzeko, eta 80.000 euroko ekarpena egingo du Udalak.   Hala onartu du gaur goizena Urtaranen gobernuak, Tokiko Gobernu Batzarraren goizeko bileran. “Gasteiz Euskadiko hiriburua da, eta euskararen hiriburua ere izan behar du”, nabarmendu du Iñaki Prusilla euskara-zinegotziak.

Euskararen ikaskuntza eta erabilera bultzatzeko kanpainen maila teknikoan eta ekonomikoan parte hartuko dute bi erakundeek, euskararen  presentzia gizartearen arlo guztietan areagotzeko asmoz: komunikazio- eta sentsibilizazio-kanpainak; enpresei, merkatariei eta ostalariei zuzendutako kanpainak, eta kirolaren eta aisialdiaren esparrura nahiz lehentasunezkotzat jotzen den beste edozeinetara zuzenduak.

Gainera, merkataritza- eta ostalaritza-establezimenduei kanpoko errotulazioa aldatzeko eta barruko idazkietan ere euskara erabiltzeko diru-laguntzak emateko deialdia onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak, 6000 euroko zuzkidurarekin. 2007az geroztik lan egiten du Udalak esparru horretan, kanpoko errotulazioa aldatzeko diru-laguntzak emanez, baita webguneak euskaraz ere jartzeko egokitzapen eta itzulpenak egiteko eta Bikain eta Bai Euskarari entitateen gisakoen diagnostiko eta ebaluazioen gastuei aurre egiteko ere.

 

Gazteen hamar proiektuetarako laguntza

Bestalde, aurten hirian gazteentzako proiektuak martxan jartzeko laguntzen deialdia ebatzi du Udalak.

24.925 euro bideratuko dira hamar kolektiboren proposamenetara. Programa hauetarako emango du laguntza Udalak: ‘Festival de diseño y creatividad made in Gasteiz’, Sokak antolatua; ‘Relaciones afectivas sanas entre jóvenes: desmontando prejuicios’, Azalea Africa elkartearena; Jimmy Jazzen Gazte Talent lehiaketa; ‘Boluntariotza Hedatuz’ ekimena, Ai Laket!!-ena; Gazteen Berriak gazteen aldizkariaren sustapena; gazteen boluntariotza sustatzeko proiektua, Carmelitas elkartearena; Ajebask; Asociación Africanista Manuel Iradier elkartea, eta Aspace.

 

 

 

Share
Kategoriak: Fotonotizia  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:03

 

Gaur goizean 09:45ean abiatu dira Gasteizko autobus geltokitik zerbitzu erregularra sendotzeko lehenengo hiru garraioak, bihar Deportivo Alavés taldearen eta Bartzelona Futbol Clubaren arteko Errege Koparen azken futbol partida izango delako. Gaur, egunean zehar garraioa 26 autobusekin indartzeko aurreikuspena dago, eta bihar, berriz, beste 46 autobusek indartuko dituzte zerbitzuak linea erregularretan eta bidaia agentzietan. Bihar, larunbata izanda, 06:20tik 07:30era izango da Madrilera ateratzeko frekuentziarik handieneko unea. Antolakuntza honek eragingo du geltoki berriaren historian jarduera handieneko larunbat bat izatea, aurreikusten denez.

Horrexegatik, Gasteizko udalak aholku egiten die bidaiariei aurretik denbora nahikoa hartuta joan daitezen aurreikusten den autobusaren irteera-ordurako, ahal dela irteerarako markatutako ordua baino 15-20 minutu lehenago. Beste aholku bat da denboraz sartzea autobusetara, egin beharreko irteera-operazioak arintasunez egiteko. Lurpeko aparkalekuan 300 plazarako lekua badago ere, gomendagarria da geltokira iristeko ibilgailu pribatua ahal dela ez erabiltzea.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:50

Tokiko Gobernu Batzarrak Gasteizko gizarte eta osasun arloko 17 kolektiborekiko hitzarmena onetsi du gaur egindako bilkuran, udal-finantzaketari esker beren proiektuak garatzerik izan dezaten. Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailak ia 270.000 euro emango ditu elkarte hauek bere lana gauzatu dezaten.

Lan bikaina egiten dute, erakundeak batzutan iristerik ez duten lekuetara iristen dira eta, horregatik, udalaren laguntza behar dute, elkartekideei eta horien senitartekoei zerbitzuak eskaintzeko” adierazi du Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren zinegotzi Peio López de Munainek.

Gaur onetsitako hitzarmenen artean, IRSE elkarteak jasoko du laguntza ekonomikorik handiena, 51.284 euro, ahuldade egoeran dauden pertsonen gizarteratzea errazteko jarduera-programa gauzatzea xede.

Bestalde, Jeiki Fundazioak 43.597 euroko udal laguntza jasoko du nerabe, gazte eta gurasoei drogen mendekotasunaren alorrean zerbitzua eskaintzen dien Hazgarri programa gauzatzeko.

 

Horietaz gain, honako gizarte kolektiboekiko hitzarmenak onetsi dira:

ASAJER (29.300 €), ume, nerabe eta gazteei zorizko joko eta teknologia berrien inguruko “On line zurekin” aholkularitza zerbitzua eskaintzeko

ARENE (27.420 €), gaixotasun neuromuskularrak dituzten pertsonei zuzendutako Osasun programa gauzatzeko.

ACABE (16.450 €), jateko jokabidearekin zerikusia duten nahasmenduak eragindakoei eta horien familiei laguntzeko lantegiak egiteko.

AECC (13.890 €), gasteiztarren minbizia prebenitzeko programak garatzeko.

ATECE (11.290 €), hartutako kalte zerebrala dutenei zuzendutako fisioterapia programa bat egiteko.

APDEMA (11.230 €), adimen urritasuna duten pertsonen eta beren senideen bizi-kalitatea hobetzeko familia zentroan programa gauzatzeko.

ASPACE (11.230 €), garun paralisia duten pertsonei fisioterapiako laguntza emateko.

DOWN ARABA-ISABEL ORBE (10.000 €), Down sindromea duten pertsonei zuzendutako “zahartze osasuntsua” proiektua gauzatzeko.

ADA (9.500 €), diabetea dutenekin banakako eta taldeko arretako programa gauzatzeko.

ADELPRISE (8.220 €), hartutako kalte zerebrala dutenei zuzendutako fisioterapia programa bat egiteko.

CORAZON SIN FRONTERAS (7.100 €), gaixotasun kardiobaskularren prebentziorako programa gauzatzeko.

ASPANAFOA (5.599 €), minbizia duten seme-alaba adingabeentzat laguntza programa gauzatzeko.

ADELES (3.750 €), lupus gaixotasuna dutenei laguntza fisioterapeutikoa emateko programa gauzatzeko.

ANADAHI (3.750 €), arreta eza, hiperaktibitatea eta oldarkortasuna dutenei arreta eta laguntza emateko programa bat egiteko.

ARESBI (3.750 €), arantza bifidorako arreta, laguntza psikologikoa,  sentsibilizazio eta informaziorako programak gauzatzeko.

 

Babesgabetuen jantokia

Halaber, 100.000 euro bideratu ditu Babesgabetuen Andre Mariaren gizarte ekintzarako, 2016an gizarte jantokiak izandako defizita konpentsatzeko.

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:18

Gasteizko Udaleko Udalbatzak Francisco Vitoria domina Europako Batzordeko lehendakari ohi Jacques Delorsi ematea  onetsi du gaur goizean. Gasteizko Nazioarteko Zuzenbideari eta Nazioarteko Harremanei buruzko Ikastaroetako batzorde zientifikoak egindako proposamenari jarraituz eman zaio domina; aurten uztailaren 10etik 14ra arte egingo dira ikastaroak.

Giza eskubideak aldezten eta demokraziaren balioak, bakea eta nazioarteko elkartasuna sustatzen nazioarte mailan nabarmendu diren pertsona fisiko nahiz erakundeen merezimendurik gailenei gorazarre egitea xede duen ohorezko saria da “Francisco de Vitoria” domina, zeinen bitartez orobat saritu ahal izango baitira nazioarteko eskubideei buruzko ikerkuntzan nabarmendu diren eta horien irakaskuntzan nahiz horien inguruko doktrinaren esparruan bidea urratu duten pertsonak ere.

Ildo horretatik, Delors figura gakotzat jo da Europan azken hamarkadetan izandako aurrerapen nagusiak ulertzeko, hala nola barne merkatua, moneta bakarra, kohesio-politikak, garraio-sare handiak, europar herritartasunaren estatusa, Erasmus programa, Batasuna mediterraneora zabaltzea, edo Alemaniaren bateratzea, besteak beste.

Hauek dira azken urteetan “Francisco de Vitoria” domina jaso duten erakunde nabarmenenak: 2015ean, Giza Eskubideen Amerikarteko Auzitegia; 2013an, UNICEF-Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtsa, eta 2011n, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordea.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   10:49

Gasteizko Udalak 2.399 leku eskaintzen ditu oporretarako jarduera-programa ezberdinetan. Hartara, parte-hartzaileek aisialdiaz era osasungarrian gozatzeko aukera dute, aisialdi eta denbora libreko hainbat jardueraren bidez: txangoak, lantegiak, bisita gidatuak, ingurunearen ezagutza, etab. Hain zuzen ere, maiatzaren 18an hasi zen hutsik dauden lekuetarako izena emateko epea, ekainaren 4ra arte.

Oporretarako lekuak esleitzeko prozesua apirilean hasi zen, zozketarako izena emateko fasearekin. Guztira 4.425 pertsonak eskatu zuten lekua. Formalizazio fasean, esleitutako leku guztietatik 1.777 bete ziren.

Bestetik, programak antolatzen dituzten sail eta zerbitzuek, askotariko gizarte, familia eta banako egoerak kontuan hartuz, lekuak erreserbatzen dituzte hezkuntza premia bereziak edo behar sozialak dituzten pertsonentzat, bai eta genero-indarkeriarekin lotutako egoeretan daudenentzat ere.

Maiatzaren 18an hasi zen hutsik dauden lekuetarako izena emateko epea, ekainaren 4ra arte. Hezkuntza premia bereziak dituzten pertsonentzako erreserbak ere maiatzaren 29ra arte iraungo du. Web-orrian jarduera bakoitzaren ondoan agertzen den “ikus gehiago” atalean zehazten da hori.

Hezkuntza premia bereziak dituzten pertsonentzat gordetako leku horiek betetzen ez badira, edonork eskatu ahalko ditu, maiatzaren 29ko 00:00etatik aurrera.

DATU ESANGURATSUAK (maiatzaren 26an)

  • Leku kopurua, guztira: 2.399
  • Hasierako eskatzaileak: 4.425
  • Aurkeztutako eskabideak: 13.260
  • Zozketan esleitutako lekuak: 2.399
  • Formalizatutako lekuak: 1.777
  • Hutsik geratutako lekuak, maiatzaren 15ean: 622
  • Hutsik dauden lekuak, maiatzaren 26an:
    • Leku arruntak: 50 leku huts
    • Hezkuntza behar bereziak dituztenentzako lekuak: 81 leku huts

 

Share
Kategoriak: Erakunde Adierazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   10:28

Udalbatzak babesten du sareak bultzatzen duen programa arma nuklearrak 2020an eliminatzeko, hau da, Hiroshimako eta Nagasakiko bonbardaketa nuklearren 75. urtemugan

 

MAYORS FOR PEACE SAREARI ATXIKIMENDUA ADIERAZTEKO ERAKUNDE ADIERAZPENA

Arma Nuklearrak Erabat Abolitzeko Hirien arteko Elkartasuna Sustatzeko Programa berria proposatu zuen, 1982an, Hiroshimako alkateak, New Yorkeko Nazio Batuen Erakundeko egoitzan. Harrez geroztik, Hiroshimako eta Nagasakiko alkateek mundu osoko alkateei eskatu diete haiekin bat egin dezaten programa horren alde.  Halaxe jaio zen, hain zuzen, Mayors for Peace sarea (Alkateok bakearen alde). Ekimen hori 1990etik dago erregistratuta Nazio Batuen Erakundean, eta 1991n aholkularitza-estatus berezia eman zioten Nazio Batuen Erakundeko Ekonomia eta Gizarte Kontseiluan.
Gaur egun, mundu osoko 161 herrialdetako 7.000 udalek baino gehiagok adierazi dute babesten dutela Mayors for Peace sareak bultzatzen duen programa arma nuklearrak 2020an eliminatzeko, hau da, Hiroshimako eta Nagasakiko bonbardaketa nuklearren 75. urtemugan. Espainiako estatuko 300 udalerri inguru atxikita daude Sareari.

Munduak gainditu beharreko erronkak direla eta, bakea lortzeko erantzukizuna duten eragile guztien aliantza behar da. Eta halaxe dela onartzen du Garapen Jasangarriko Helburuen 2030 Agendak, zehazkiago 16. helburuaren bidez, zeina garapen jasangarria lortzeko gizarte baketsuak sustatzeari buruzkoa baita.

Hirien jarduera politikoak berezkoa dauka nazioarteko eragile eta elkarbizitza baketsuaren bermatzaile gisa hiriek betetzen duten eginkizuna. Siriako gatazka eta errefuxiatuen krisia edo terrorismoaren eta biolentziaren forma berrietatik ondorioztatutako mehatxuak, esate baterako, ezin dira udal-ikuspuntutik eta ekarpenetik kanpo geratu.

Testuinguru horretan, tokiko gobernuek eginkizun erabakigarria dute eragile nagusiak diren aldetik, eta ez soilik gatazken prebentzioaren eszenatokian, non gero eta garrantzi handiagoa duten estatuekin batera; izan ere, gatazken ondoren hiriak berreraikitzeko egin beharreko lanetan eta bake-kulturaren inguruko heziketa‑lanean ere badute zer eginik.

Tokiko gobernuak herritarren eskaeren eta premien bideratzaile zilegiak dira, demokratikoki aukeratu dituzten herritarrengandik gertu daudelako.  Gainera, tokiko kudeaketan duten esperientziari esker, udal-arloko eguneroko gertakizunen alde guztiak ezagutu ditzakete zehatz-mehatz.  Horrenbestez, bizikidetza baketsua sustatzen eragiteko duten gaitasunarengatik, hain zuzen, beren estatus espezifikoa dute, estatuek eta gizarte zibilak betetzen dutenaren osagarria dena.

Tokiko gobernuek modu askotan lagundu dezakete bakea eraikitzen, eta, ildo horretan, Hirien Diplomaziak haien zati garrantzitsu bat hartzen du. Hala, bada, Eskualdetako Lantaldeak honela definitu zuen Hirien Diplomazia: “tresna honen bidez, tokiko gobernuek eta haien organoek hau guztia sustatu dezakete mundu osoan: kohesio soziala, ingurumen jasangarria, krisiaren prebentzioa, gatazken konponketa, bai eta gatazken ondoren egin beharreko berreraikitze-lana ere; hori guztia ingurune egonkorra lortzeko helburuz, non herritarrek bakean bizi ahal izango baitira elkarrekin, giro demokratiko, aurrerakoi eta oparoan” [DOUE C 120/01, 28.5.2009].

Orobat, ezin ukatuzkoa da gaur egun hiriek garrantzi handiko eginkizuna betetzen dutela nazioarteko lankidetza-arloan. Administrazio horiek beren herritarren izenean erantzukizuna dutela sentitzen dute, eta munduko beste leku batzuen garapen demokratikoan laguntzearen abantailez jabetuta, parte hartzen dute nazioarteko lankidetza-proiektuetan eta beste herrialde batzuetako administrazioekin esperientziak trukatzen.

Tokiko gobernuek sarearen bidez egiten duten lana ezinbestekoa da nazioarteko eremuan duten eginkizuna indartzeko eta herritarren premiei erantzuna emateko. Hala, bakearen aldeko alkateen sarearen barruan parte hartzeak aukera ematen die bake-kulturaren arloko baliabideak eta esperientziak partekatzeko mundu osoko beste hiri, entitate eta antolakundeekin, eta, aldi berean, nazioarteko eremuetan humanitatean eragina duten gai handiei buruz iritzia emateko.

Uste osoa dugu, aipatutako guztiarengatik, tokiko gobernuek garapenerako eta bakea eraikitzeko nazioarteko agendan laguntzeko erantzukizuna dutela.

Kontuan hartuta arma nuklearrek pertsonen eta planetaren segurtasuna arriskuan jartzen dutela, premiazkoa da suntsipen masiboko armok debekatzeko itun unibertsala egitea.

Mayors for Peace sareak mundu baketsua eta arma nuklearrik gabea lotzeko lan egiten duenez, Udaleko Osoko Bilkurak jarraian azaltzen diren akordioak hartzen ditu:

 

  1. Mayors for Peace sarearen helburuen alde agertzen gara, bat eginez arma nuklearrak erabat desagerrarazteko helburuarekin.
  2. Mayors for Peace nazioarteko sareari atzikitzeko behar diren tramite guztiak egingo ditugu.
  3. Mayors for Peace sarea ezagutaraztea bultzatuko dugu, eta herritarrak suntsipen masiboko armen mehatxuaz sentikortzen lagunduko.
  4. Mayors for Peace sareak Hiroshiman duen Nazioarteko Idazkaritzari akordio hauen berri emango diogu, bai eta Garnollers hiriari, Espainiako Estatuko Bakearen aldeko Alkateak sareko nagusia den aldetik.

 

Share

Aurrekoak »