Prentsa Oharren banner

Nekazaritza Eremuko Kontseiluak lehen bilkura egingo du bihar

Gasteizko Nekazaritza Eremuko Kontseilua bihar hasiko da funtzionatzen, 17.30ean, Elorriagako juntetxean, hots, ACOVI-udalerriko kontzejuen elkartearen egoitzan. Bertako ekitaldi-aretoan egingo da kontseilu berriaren lehen osoko bilkura, gai-zerrendan bi puntu dituztela: parte hartzeko organoa eratzea eta batzorde iraunkorreko kideak izendatzea.

Kontseilu berriaren helburua da Gasteizko Udalak eta administrazio batzarrek “maila bereko” erlazio izatea, Nekazaritza Eremuaren zinegotzi Iñaki Prusillak azaldu duenez: “kontaktu zuzena eta etengabea izatea”. Kontseilua kontsulta eta informazio organoa izango da nekazaritza eremuarekin zerikusia duten gaiei buruzko udal politiketarako. Administrazio batzarretako lehendakariek, udaleko talde politiko bakoitzeko zinegotzi batek eta ACOVIren zuzendaritza batzarrak osatuko dute kontseiluaren osoko bilkura.

Kontseiluak ekimen, iradokizun eta proposamenak aurkeztu ahal izango ditu, udal sail, erakunde eta sozietateek azter ditzaten. Orobat, azterketa, programa eta proiektuak gauzatzen lagunduko du. Kontseiluaren ohiko osoko bilkura urteko bigarren hiruhilekoan egingo da; batzorde iraunkorrak, berriz, hiru hilean behin egingo ditu ohiko bilkurak. Horretaz gain, urtean behin osoko bilkura berezia egingo da udal aurrekontuen proiektuaz.

 

Share