Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  5 maiatza 2017 11:24

Eskalatzeko ekipamenduak 150.000 euroko kostua izango du, eta gizarte etxean erabilera aukera berriak ahalbidetuko ditu

Isabel Martinez zinegotziak gidatzen duen Partaidetza eta Gizarte Etxeen Sailak proposatuta, Tokiko Gobernu Batzarrak Salburuko gizarte etxerako rokodromoa hornitu eta instalatzeko kontratazio dosierra onetsi du gaur, 150.000 euroan.

Rokodromoa instalatuta, gobernuak auzoak behar zuen konpromisoa betetzen du, eta auzokoek gizarte etxean eskalada kirolean jarduteko aukera izango dute” esan du Martínezek. Haren esanetan, albiste “oso ona” da, “auzoak ekipamendu hori eskatzen baitzuen; izan ere, hasierako proiektuan jasota egon arren aurreko gobernuak ukatu egin zien”. “Kontuan izan behar da Salburuko gizarte etxeak gabezia ugari zituela entregatu zenean, lanak presaka egin zirelako eta beheranzko esleipenen bidez; horrek gerora ezin konta ahaleko adabaki jarri behar izatea ekarri du, eta gobernu hau arrakastaz ari da konpontzen”, erantsi du Martínezek.

Nabarmentzekoa da hasierako partidaren aurrekontuari 50.000 euro gehitu zaizkiola, 2018rako konpromiso-kreditu baten bidez. Azaroaren 15etik otsailaren 15era arte gauzatu beharko da lana.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:00

Gizarte Politiken Sailak proposaturik, Tokiko Gobernu Batzarrak bertako elkarteekin 8 hitzarmen formalizatzea onetsi du gaurko bilkuran; 150.000 euro baino zertxobait  gehiago emango die gizarte edo gizarte-osasunaren alorrean proiektuak garatzen jarraitzerik izan dezaten.

Diru gehien jasoko duen hitzarmena “Prestaturik” atzerriko profesionalen elkartearekikoa da, gizarterik baztertuta geratzeko arriskua dutelarik udalaren gizarte zerbitzuetan arreta ematen zaien pertsonen gizarte-inklusiorako jarduerak egiteko.

AFA ARABA-Alzheimer eta bestelako buruko gaitzak dituztenen senitartekoen eta lagunen elkarteak 31.990 € jasoko ditu Udalarengandik, Alzheimerra eta beste buruko gaixotasun batzuk dituzten pertsonak zaintzen dituztenei hezkuntza eta psikologia arloetako  aholkularitza emateko, “haien bizi-kalitatea hobetzeko eta zaintzen dituzten pertsonen gainbehera progresiboari egokitzeko egin behar dituzten aldaketei aurre egiten laguntzeko“, azaldu du Gizarte Politiken zinegotzi Peio López de Munainek.

Orobat, ASAFIMA- Fibromialgia eta Neke Kronikoaren Arabako Elkarteari emango dio laguntza; gaixoei —populazioaren % 2-3— arreta eta aholku emateko eta haiekin esku-hartzeko programa bat garatzeko balioko du.  Udalak 23.760 euroko ekarpena egingo dio hitzarmenari.

Bestetik, gobernuak ontzat jo du ADSIS fundazioarekiko hitzarmena, zeina askatasunik gabe dauden pertsonekin egiten baitu lan, Bestalde programaren bitartez.

Programa —11.180 € jasoko du— San Prudentzio egoitzako adinekoekin egiten da: gizarteratze prozesuan dauden presoek zenbait jarduera egiten dute haiekin batera, pertsonen arteko harremanak eta partaidetza sustatzearren.

Elkarte hauek ere jasoko du udal-finantzaketa beren proiektuetarako:

  • AGLEk 10.970 € jasoko du gaixotasun kronikoak, degeneratiboak, tumoreak eta gaixotasun terminalak dituztenen familiei laguntzeko programa egiteko.
  • Gurutze Gorriak 6.142 € jasoko ditu adinekoen egoitzetan esku-hartzeko programa burutzeko.
  • AAE-Arabako Epilepsia Elkarteak 4.030 € jasoko ditu gaixoei arreta, laguntza eta sostengu psikologikoa emateko.
  • ASAMMA-Bularretako Minbizia edo Ginekologikoa duten Emakumeen Elkarteak 2.800 euro jasoko ditu eragindakoei eta senitartekoei zuzendutako emozio-errekuperaziorako programa garatzeko.
Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   09:31

Itzaleko kultura agenteek, hala nola Pilar Gonzalo, Mikeldi Zeberio eta Xabier Gantzarainek, ekarpenak egingo dizkiote planari lantzen hasi aurretik

Behin planaren diagnostiko fasea bukatuta, aurki hasiko da plan estrategikoaren diseinu fasea. Horren aurretik, Kultura, Hezkuntza eta Kirol Sailak jardunaldi irekia antolatu du, herritarrei oro har eta kultur eragileei bereziki zuzendua, ikuspuntu berriak eta desberdinak jasotzeko asmoz, diseinu faserako baliagarriak izango direlakoan eta fase batetik bestera igarotzeko zubi gisa. Maiatzaren 9an (asteartea) izango da, 18:00etatik 20:30era, Montehermoso kulturunean.

Kanpoko hiru pertsona gonbidatu dituzte, bigarren fasean landuko diren gaietan adituak:

  • Pilar Gonzalo, Kultura eta Praktika Onen Espainiako Foroko zuzendaria, eta Reina Sofia Museoko langilea. “Kultur eragileak, udal politikak eta gerra… sideralak” hitzaldia emango du.
  • Mikeldi Zeberio, herritarren partaidetza arloko aholkularia Emun Aholkularitzan. “Ko-gestioa: elkarlana politika publikoetan” izango du hizpide.
  • Xabier Gantzarain, Dinamoa ekimeneko koordinatzailea eta kultur eta arte kritikaria Berria eta Argian.  “Kultura da araua” gaia jorratuko du.

Jardunaldiak hasiera emango dio plan estrategikoaren diseinuari.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   09:26

Lehen edizioan lortutako arrakasta ikusirik, berriro antolatu da Montehermoson ohikoaz bestelako zinemari buruzko programa, udaberrian eta udazkenean ziklo bana egiteko asmoz

Montehermosok ohikoaz bestelako zinemari buruzko “Zinema Gaur” programaren bigarren edizioa hartuko du. Filmen proiekzioen, performance-en, lantegien eta ikastaroen bitartez beste zinema horrekiko interesa eta jakin-mina piztu nahi ditu.

Garbiñe Ortegak —sektorean  itzala lortu duen gasteiztarra— koordinatu du programa. Lehen edizioan arrakasta lortu zuelarik, oraingo berritasun nagusia da zikloa bitan banatuko dela, udaberrian eta udazkenean jarduera-multzo bana egiteko asmoz.

Udaberrikoa maiatzaren 8an hasiko da, 19:30ean, Nely Regueraren “María (y los demás)” filmarekin. Mariak ez du amarik, eta beti zaindu ditu aita eta anai-arrebak. Arduratsua eta kontrolatzailea, beti izan da familiako zutabea eta horretaz harro sentitzen da. Horrexegatik, aitak bere erizain sinpatikoarekin, Cachitarekin, ezkonduko dela esaten dionean, Mariak mundua erortzen zaiola sentitzen du.

Zinema Gaur zikloaren udaberriko atalak maiatzaren 8tik ekainaren 26ra arte iraungo du. Programak proiekzioak, lantegiak eta beste jarduera batzuk barne hartzen ditu, eta astelehenean bertan aurkeztuko da prentsaurrekoan, gainerako berritasunekin batera.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   09:24

DOSSIER Asi Baila Vitoria Gasteiz 2017

Jarduera horren bidez, “Jose Uruñuela” udal dantza kontserbatorioak Dantzaren Nazioarteko Eguna ospatuko du

Igandean, maiatzak 7, “Gasteiz dantzan” ekitaldiaren XVI. edizioa egingo da Espainia plazan, 12:00etatik 14:30era. “Jose Uruñuela” udal dantza kontserbatorioak antolatu du ekitaldia, apirilaren 29an ospatu zen Dantzaren Nazioarteko Eguna dela eta.

Aurten, bederatzi taldek hartuko dute parte “Gasteiz dantzan” jardueran, eta espezialitate eta estilo ezberdinetako koreografiak eta fusioak dantzatuko dituzte: dantza klasikoa, euskal dantzak, Errioxako dantza erregionala, dantza garaikidea, flamenkoa, folklore kolonbiarra, dantza arabiarra, izaera dantza, country line dance, urbanoa, India eta Bollywoodekoa, Ekialdeko dantza, eta abar.

“Gasteiz dantzan” ekitaldiak Gasteizko zein inguruko dantza taldeak eta eskolak biltzea du helburutzat, bertan lantzen diren estiloak eta espezialitateak erakutsiz herritarrak dantzara hurbilarazteko, eta bereziki, “ikusle berriak, horrelako ikuskizunetara joan ohi ez direnak“.

Gazteentzako barra klasikoa osatzen duten ariketak Iker Murillok eta Vitali Safronkinek diseinatu dituzte, zeinak Lausanneko Béjart Balletean aritu baitziren eta, gaur egun, Uniqart dantza konpainiako zuzendari artistikoa eta koreografoa baitira.  “Jose Uruñuela” kontserbatorioko ikasleek dantzatuko dituzte.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   09:23

Publikoari irekitako topaketan “En busca del futuro perdido” dokumentala ikusi ahalko da, eta protagonistek mahai-ingurua egingo dute

Maiatzaren  9an izango da, 19:30ean, Europa jauregiko María de Maeztu aretoan

 

Datorren astean, Atapuercako indusketen zuzendarikide ospetsu eta Asturiasko Printzea sariaren irabazle Eudald Carbonellek, Luis Quevedo komunikatzaileak eta domina olinpiko baten irabazle Tania Lamarcak bideo-foroa egingo dute Europa jauregian.

Zehazki, “En busca del futuro perdido” dokumentala emango dute maiatzaren 9an, 19:30ean, María de Maeztu aretoan. Ondoren, protagonistek mahai-ingurua egingo dute. Sarrera doakoa da.

Duela hiru urte, Atapuercako indusketen zuzendarikide Eudald Carbonell arkeologoak eta Luis Quevedo zientzia-komunikatzaileak  “En busca del primer europeo” dokumentala egin zuten, zeinak hainbat sari lortu baititu nazioartean.  Oraingoan, proposamen berria dakarte Gasteizera, “eboluzioaren ikuspuntutik gizarteak aurre egin behar dion krisialdiaz hausnarketa sortzeko. Hots, espeziearen pentsamendu sozial eta kritikoaz hitz egiteko, kolapsoa —historian aurretik ere gertatutakoa— eragozteko. Herritar orori zuzendutako jarduera da, baina bereziki gazteentzat onuragarria izango dela uste dugu”, esan dute antolatzaileek.

Dokumentala “road movie” bat da: bat-batean osatutako esploratzaile talde bat Afrikako berotik hotz borealera, Turkiako ilgora emankorretik maien oihan zeharkaezinera joango da, antzinako gizarteek utzitako aztarnen bila, zibilizazio ororen oinarrizko mekanismoak ulertzen lagungarri izango baitira: zerk eragin zuen kultura eta merkataritza loratzea eta zerk  ekarri zuen horien kolapsoa. Eudald Carbonell arkeologo ospetsua eta Luis Quevedo kazetari eta zientzia-komunikatzailea buru direla, bidaiak kultura eboluzioa giza espeziearen aurrerapen bereziaren motorra izan dela erakutsi nahi du, duela 150.000 urte ia desagertzeko zorian izan zenetik planeta osoa konkistatzeraino.

 

 

Share

« Hurrengoak